Ifar aldeko orduak


Oroimena eta desira



" Ez diren gauzak ederrenak dira"
Martin Lezeta

Bi narrazio moeta dago, narrazio ona eta narrazio jasangaitza. Jasangaitzak onaren antzerako gai, egitura edo lengoaia ukan dezake. Baina narrazio onak narrazio jasangaitzak ez duen zerbait du, inglesez it deritzana, horixe halegia.
Tristea da euskal literaturaren historia eta antologietan idazle eta obra beti errepikatu eta ezagunena artean horixe falta duten hainbeste autore eta testu erreparatzea. Baina arean tristeagoa da gure historiagile eta kritikoak gure literatura mendreko leku amankomunak finkatzen eta eternizatzen besterik ez ikustea, historiaren eginbidea historia oroitzea, errekuperatzea, asmatzea, eta kritikaren betebeharrik propioena ezezaguna errebelatzea denean.
Halabaina oraintsu, literaturaren horixe maite duten irakurleek bozkarioz jasoko duten liburu bat argitaratu da. historiagile eta kritikoek muzin egiten badiote ere, ez du axola. Liburua hau da:
Martin Lezeta, Oroimena eta desira, Hendaia, Bazterretik editoriala, 1991.

Ehunda berrogei orrialdeko narrazio liburua da eta, duela hirurogei urte izkiriatu zen arren, orain arte ezezagun edo bederen argitara eman gabe egondu da. Baina narrazio liburua komentatu orduko, liburua bezain inoratua izan den idazlea aitatu nahi nuke.
Martin Lezetak inglesez euskaraz baino gehiago izkiriatu zuen, eta aldizkarietan sakabanaturiko testu gehiago liburu baino, halaere liburu hori ezagutzen zaio euskaraz eta beste lau inglesez. Martin Lezeta, eta bere biografia nimino bat entseia dezagun, 1900 urtean eta jaiotze agiriaren arauera, Igorretako Libano baserrian sortu zen. Pundu honi buruz, halaere, badira iritzi desberdinak, Ermun, Ondarrun, Irisarrin, Bianan eta beste inon sortu zela ere esaten da. eta horrek Thomas Heywood poetaren lerro famatuak oroit erazten ditu:
" zazpi ziudade burrukatzen dira orain
Homerogatik,
eta bizi izan zen artean ez zuen etxerik
ez gordelekurik…"


Martin Lezetak amaren abizena zuen, Irene Lezeta bait zuen ama. Zenbaiten ustez, eta bere aita ilunari buruzko esamesak eta kontraeritziak ere ugariak dira, Sabino Aranaren sasi semea izan zen. Baina horren frogarik ez da azaldu eta, dena dela, odol lokarri balizkoaz aparte ez dirudi elkar ezagutu zutenik.
1904ean Irene Lezeta Bilbora etorria zen merkatari ingles batekin ezkondu zen eta, hurrengo urtean, hirurak Southampton hirira joan ziren bizitzera. Han egin zituen Martinek lehen ikasketak, eta ikastetxean lagun izan zituen Robert Graves eta Elizabeth Bowen haur jolasetarako. Ikastetxe ingleseko gogortasun umelean, amak irakatsitako bizkai kutsuko euskara ez zuen ahaztu. Gainera udaldiak amamaren etxean pasatzen zituen, Bilbon.
Ikastetxe ingleseko zurruntasunera ez bide zen egundo egokitu. Hirulau bider ihes egin zuen eta, finean, bota egin zuten. Etxea ere utziko zuen. Alde eginik edo egotzirik, eta horrela hasi zen oso gaztetatik Martin Lezetaren bizimodu erraria. 1917 urtean Dublinen Bazko eguneko insurrekzioan parte hartzen aurkitzen dugu. Presondegitik irtendakoan, 1919az geroztik Londresen aldizkari literaio lehendabizi dadaista eta gero surrealista argitaratzen kausitzen dugu.Ezaguna denez, 1919ko martxoan Andrè Breton, Louis Aragon, Philippe Soupalt eta bestek Littèrature aldizkaria fundatu zuten, Tristan Tzarak sortutako Dada mogimenduaren organo legez, eta dadaismoa surrealismo bihurtuko zuten. Sasoi haretan sarritan eriden genezake Parisen, eta surrealismoarekiko harremanetan Parisera egin bidaietan Martin Lezetak ifarraldeko euskaldun ugari ezagutu zuen, eta hegoaldeko pintore batzu ere bai, eta hain zuzen Failure aldizkarian, hauxe bait da berak Londresen argitara ematen zuen koadernoaren izena, lengoaia eta sorterri ahantziarekiko enkontru hau Undiscovered country delako artikuluan kondatuko zuen.
1920an bere lehen nobela argitaratu zen, inglesez. Nobela, To become naturalized, makabroa kalifika daiteke eta mende hasieran errelato makabroa goi mailara altzatu zuen autore anglosaxoi andanaren - H.H Munro, Lord Dunsany, Walter de la Mare, Arthur Machen, May Sinclair, John Metcalfe, L.P Hartley, Henry James, Edith Warthon, H.P Lovecraft eta abar - tradizioan erantsi daiteke, gatazkaren eta heriotzaren halabeharra ardatz filosofikotzat hartu eta, hauxe da Martin Lezetaren aportazioa, kutsu surrealistako umore beltza azaltzeko. " Oilarrek" dio nobelako pertsonaietarik batek " ez dute burruka beren aberriagatik egiten, ez beren jainko sinesteagatik, ez beren amodioagatik, ez beren xitoen etorkizunagatik, baizik eta bentzutuak ez izateko, eta ez dute sekula amore emango".


Martin Lezetaren bigarren liburua ere inglesez idatzi zen, baina ordurako Euskal Herrira itzulia zen eta liburuan bisitaldi horretan eginiko bidaia bat kondatzen da. The basque border line titulatzen da eta Hondarribia Hendaiatik abiatu eta Bidasoan barrena, eta Frantzia- Espainia muga mendietan gora Auñamendiraino autoreak eginiko bidaia du gaia. Lekuan lekuko erudizio historiko sozialez kargaturik eta lengoaia lirikoz blai, erro kulturalen bilaketa eta identidade nazionalari buruzko gogoeta ederra da.


1923an, mugako bere bidaia egiten ari zelarik, Espainian Miguel Primo de Riverak diktadura ezarri zuenean, Martin Lezetak bizitzera Euskal Herrira itzultzea deliberatu zuen. Barakaldo hautatuko zuen bizilekutzat, eta 1925eko apirilean heldu zen. Ordurako bazituen kontaktoak zirkulu komunistekin eta euskal nazionalistekin. Eta berehala - horretan aitzindaria izan zen - euskal errepublika independiente eta sobietikoaren aldeko agiriak izkiriatu zituen. Ez zen konprenitua izan, komunistek irlandar erotzat begiratzen zuten eta jeltzaleek errusiar lekuz okertutzat.
1927an Euskal Herriari buruzko bere bigarren erreportaia handia argitaratu zen, hau ere Londresen: The three banks, hiru bazterrak. Durangotik behera Ibaizabalen urak jarraituaz Bilbon barrena eginiko bidaia kondatzen da. Pasarte seinalagarriak daude entseguan, batez ere ezker eta eskuin aldeko urbanismo eta bizimodu desberdinen analisia eginez doanean, Portugalete eta Getxo arteko zubi kolgantea aitzakitzat hartzen denean esate baterako, euskal industriagintzaren historia eginez, Bristolgo zubiarekin konparatuaz, alde batetik bestera pasatzen den jendearen erretratuak jasoaz. Euskal gizartearen ikerketa gutik ukan dute historian eta klase gatazkan hain sakon eta hain argi eta hain poetikoki sartzeko ahalmena.


Ordurako Inglaterran poema liburu bat ere argitaratua zen, 1925ean, Martin Lezetaren izenpean: A voyage out and home. Obra honek The Criterion aldizkarian laudoriozko erreseina merezi ukan zuen, baina liburua gaur egun ezin da inon aurkitu, ezta Londreseko bibliotekarik beteenetan ere.
To become naturalized argitaratu zenetik hamaika urtetara, 1931ko urtarrilean Martin Lezeta eritasun benereos maluskaturik internatu zuten eta, luzaroan arrastaturiko eritasuna medio, Bermeoko eritetxean koma sifilitiko zerebralez hil zen, Eibarren Errepublika proklamatzen den egun berean.


Euskal egunkari eta aldizkarietako orrialde literarioetan ez zuen aipamenik merezi . Sasoiko idazleak, erreseinagile nekrofiloak eta eresia poetak beste ezertan zeuden nonbait. Eta ez zuten Martin Lezeta historiaren liburuko hostoetara esistitu izan ez balitz baino gehiago sartu.


Horregatik, orain, de profundis atera behar dugu Martin Lezeta, fikziozko pertsonaia bailitzen, bere euskal narrazioen liburua ere imajinarioa bailitzen. Baina orijinalak hor daude, eta Mikel Albisuk apailaturiko edizioa ere hor dago, Bazterretik editorialaren inprentan hiru mila bider multiplikatua.
Oroimena eta desira, Marin Lezetak euskaraz izkiriatu zuen liburu bakarra, 1929 urtean argitaratu zen lehendabizikoz , editorialaren aipamenik gabe, baina ale oso guti zabaldu ziren dirudienez.
Titulua, T.S Elioten The Waste land edo Lur Eremuaren hasieratik jasotakoa da:
"… mixing memory and desire…"
eta hamar narrazio ezberdinez osatzen da. Duela guti euskal kritiko batek izkiriatu du ipuin liburuei gai eta egitura batasuna eskatu behar zaiela, aurreritzi absurdoa ezarriaz. Martin Lezetak libururako narrazio gaiz eta egituraz apropos desberdinak moldatu zituelarik ipuinen batasuna bere idazkerak eta, modurik definitiboenean, irakurketak eginen zutela ondo zekien.
Lehen narrazioan, iragan mendearen azken laurdenean Londreseko taberna batean Karl Marx, Arthur Rimbaud eta Jose Maria Iparragirre elkartzen dira. Hiruren herbeste den hirian, gau tabernako mahaiaren inguruan eseri eta solasean ari diren hiru arrotzen arteko solasa, giltz dramatiko guti batzukin, naturaltasun eta emozio sakonez jaso zuen Martin Lezetak.
Bigarren narrazioan, Karl Liebknecht iraultzaileari 1914eko otsailaren 20an Frankfurt hiriko auzitegian egin zitzaion epaiketa kondatzen da. Auziaren kronika da, atezainaren abotsaren arauera, deklarazioak zatika besterik entzuten ez dituen atezainaren bertsioa. Eten eta elipsiak auzi zati adituak bezain garrantzitsuak dira eta bukaera oso ona lortu da atezainak, jakinminez, zaingoa utzi eta iraultzaileak epaileei " … eta orain kondena nazazue!" oihukatzen dienean sala barrura sartu delarik.
Hirugarren ipuina da denetan surrealistena. Saguzarrei buruzko tratatua deritza, hasieran haurrek zigarroa ahoan sarturik martirizaturiko saguzarra deskribatzen da, hortik aurrera animalia arraro horren izakera eta bizikeraz gogoeta ilun, irregular eta urduriak entseiatzeko. Hau ere kutsu surrealistako, laugarrena liburuko ipuinik azartatuenetakoa da. Batbatean, koloreak desagertu egin dira. Horrela kausitzen gara ipuin hasieran - in media res - eta kolorerik gabeko mundu horretan koloreak errekuperatzeko egiten den ahalegin astiroa, astuna, harrigarria kondatzen da. Surrealista dela esan badugu ere, narrazioa lirikoa eta epikoa ere badela esan behar da.
Bostagarren ipuinak dedikatoria biziki errealista du ipuin fantastikoa izateko: " Miguel Primo de Riveraren diktadurapean Espainiako gartzeletan higatzen diren ene lagun Jose Ramon Madariaga euskal nazionalistari, Ixidro Murgizu komunistari eta Apolinar Ostalaza anarkistari". Zehazki deskribatzen da gartzelako situazioa. Lagun presoen egoera, beren egonarria, beren duintasuna, beren gorputzen jasatzen dituzten aldaketa fisiologikoak. Eta narrazioa, modurik sotilenean, errealismotik miresgarria bihurtzen da, aldaketa fisiologikook direla eta, presoei denboraren indarrez beso eta saihetsen artean menbrana mehe bat sortzen zaiela esaten denean. Eta are miresgarriagoa da menbranaren zabaltze eta indartzea kondatzen denean, harik eta presoak apurka apurka hegaldatzen hasten diren arte. Harresietako begiraleak tiroka hasiko zaizkie, banan bana hegaldatu eta ihes dozen presoei tiroka. Baten batzu erori egiten dira, arrano zaurituak legez, baina gehienak bakak baino gorago igan eta ifaralderantza doazen pundu tipiak bihurtuko dira.
Seigarren atala amodioari buruzko pasarte laburrez osatzen da. Amodioa dela eta kalean jasotako solasak, konkretuki Lemoako tren estazioan entzun eta transkribituriko elkarrizketa zatiak. Amodio gertaeren, perspektiba moralen eta kondaeren kontrasteagatik, testua harrigarriro irakurtzen da.
Hurrengoa polizoi istorioa da. Afrikar mutil bat polizoi sartu da Casablancatik Southamptonera larrosak garraiatzen dituen untzian. Polizoia larrosen anhidrido karbonikoaz pozoindurik zerraldo ailegatuko da portura. Narradoreak, kontrapundua trebeki antolatuaz, mutilaren gogoa eta baforako kapitainaren ardurak parekatzen ditu, mutilak untzira ezkutuan igotze deliberatzen duenetik kapitainak deskarga lanetan mutilaren gorpua aurkitzen duen arte.
Zortzigarren narrazioa gutun apokrifoz osatzen da. Thornton Wilderen influentziapean idatzi zela esanen nuke, Martin Lezeta 1931 urtean hil zela ez bageneki. Bitxia izan zitekeen Pedro de Axular eta William Shakespeare arteko korrespondentzia hori, baina autoreak ez du enpresa zail hori astiarekin eta kemenarekin hartzen jakin eta finean dena ideia interesgarririk gabeko asmaketan geratu da.
It edo zera falta du bederatzigarren atalak ere. Futbol ekipo baten jokoa deskribatzen da, jokalari bakoitzaren ahaleginean eta ekipo osoaren funtzionamenduan zentzu filosofikoa bilatu nahirik. Baina entsegua ez da borobildu eta, konparazioa zilegi balitz, baloi ziztatua bezala geratu da.
Liburuko azken narrazioa beste liburu baten komentarioa da, agian apokrifoa. Hor, dudarik gabe, balizko oroimenarekin batera desirak isladatzen dira. Literatura desira betetzeko egiten da, eta desiraren hutsuneak oroimenaz estaltzen dira, baina zuloa, zuritasuna, eskasia, zuloa, literaturak bete dezakeena baino arras zabalagoa eta sakonagoa da.
Orduan ia dena isuri, erori, galdu egiten da. Adierazgarria da, horretaz, Martin Lezetaren Oroimena eta desira liburuko azken narrazioa hamar ipuineko beste liburu baten komentarioa delarik, aipatzen den azken ipuina bere ere hamar narraziodun beste liburu baten erreseina izatea…










[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]

Joseba Sarrionandia

bihotz bakartien kluba