Hitzen ondoeza
Irakurleari
abisua
Liburu hau 1990 aldean hasi zen idazten, berez hasi zen hazten, hitzak bakoitzak
bere kargarekin, bere ezinegonarekin, bere ondoezarekin hasi zirelarik ailegatzen.
Berehala ohartu nintzen hitzek " oskola" deitu daitekeen azal bereziki gogor
bat dutela gainean, intxaurren antzekoak balira bezala.
Hiru urte geroago, ordura arte bildutako gehienak galdu nituen, baina laster
hitzak berriro hasi ziren etortzen, galdutakoetarik batzu, eta beste batzu,
heuren errakuntza eta ondoezean liburu honetara biltzeko beharra balute bezala.
Ni bai, beharrak bultzatu nau. Banuen beharra gauza batzu esateko, baina, batez
ere, badut beharra hitzak haintzat hartzeko, munduko gauzak oraindik izenda
daitezkeela sinesteko. Eta horixe da liburu honetako ilusio nagusia: mintzairak
oraindik balio duela eta munduko gauzak hobetu daitezkeela. Zeozer diogunean
zer diogun gogoan hartu eta ber pentsatuz bakarrik gaindi dezakegu hitzen, mintzairen
eta lengoaiaren higadura eta akidura, eta lengoaia hobetuz bakarrik itxaron
dezakegu, komunikazio onuragarriaren bidez, gizarte erlazioen hobekuntza.
Buruz et bihotzez idatzi dut. Buruz ez dut harrotzerik, François Villonek esaten
zuen bezala " ne tout fol ne tout sage" ari izan bat naiz, edo beharbada inozoago,
argi baino. Bihotzari dagokionez ere aitortu behar dut ene okerra, " eu caminho
torcido" Joao Vagalumek esango lukeenez, bihotzaren pisuak ezkerralderuntz okertuta.
Ene teman, dena dela, ez dut estimatzen organo hori gabe ekiten duen jendearen
zuzentasuna.
Liburuari dagokionez - bere identifikazioaz kezkatuko denarentzat- aitor dezadan
hiztegia dela, baina ez dela hiztegia, ipuin laburrak dituela baina ez dela
ipuin liburua, saio ttipi ugariz osatzen dela, eta aforismoz, eta munduaren
lau partetako ene auzokoen aipuek hornitzen dutela. Beraz, eman dezagun, nobela
luzea dela.
Jokoa hau da: oskolak banan bana apurtu beharko dira barrua errekistatzeko,
egia erdia edo gezur t`erdia, gezur erdia edo egia t`erdia gordetzen duten.
Erdiesan ugari izango da, beste batzutan gehiesanak, eta mezu batzu eskegita
utziko dira, ohiko bizimoduan gauza asko eskegita uzten den moduan. Izan ere,
liburua ez da gogoetena, baizik aurregogoetena. Aurregogoetak atxakiak dira,
irakurleak gogoetan egin dezan.
Agian kexu izango zara hitz lauz, erraz eta beti zuzenki idatzi ez dudalako,
hitzak irakurtzeaz gainera ber pentsatzeko zeregin hau eman dizudalako. Arrazoia
duzu, baina nik neure inteligentzia haintzat hartuz eta batez ere urbanismo
arauak errespetatuz egin dut beste era honetan. Eta exenplo batekin konparatzeak
balio badu, sortaldeko ipuin zahar bat ekarriko dizut gogora.
Ipuin kondalaria bere ipuina amaitzen ari zen, entzuleak inguruan zituela.
Ipuina amaitu zuenean denak isilik geratu ziren, bakoitza bere gogoetarekin,
zeozeren zain bezala. Halako batean, entzuleetako batek esan zuen:
- Ipuin ederra kontatu duzu, baina ez diguzu ipuinaren esanahia azaldu.
Ipuin kondalariak erantzun zuen:
- Zer irudituko litzaizuke norbaitek intxaur bat eskaintzen badizu eta, intxaur
hori, mastekatuta, ahotik eskura ematen badizu…
- Mastekatua ez!- erantzun zuen entzule batek.
- Eta nik nahiago dut oskolik kendu gabe hartu -esan zuen beste batek- , bakoitzak
bere oskola apur dezala.
- Oskola apurtu, umeentzat bakarrik.
- Eta maiteminduentzat…
Kondalariak erabaki zuen:
- Mastekatu inoiz ez orduan. Oskola kenduta umeentzat, eta maiteminduentzat
bakarrik. Besteentzat oskol eta guzi…
Liburua bera oso gustora dago, iadanik, orriarte hau, intxaur saskia edo txalupa
bailitzen aurrean irekita duzunean.
Ondoko hitz hauek gure tribuaren hizkera sendatzeko edo indartzeko balio badute,
ondo. Baian gure tribuaren hizkera hobetzea ez ba dakarte, orduan, aspaldiko
gure ondoez orokor hau gehi dezatela.
Joseba Sarrionandia
1997ko udaberrian
Errusiar mendiak
Gerla hotzaren sasoian mundu guzian zabaldu ziren haurren izu-dibertsiorako,
trenbide amildegiok. Mendebaldean " errusiar mendi" deitzen ziren artean, Errusian
" amerikar mendi" deitzen ziren.
España
Espainiar gobernuak dio España desegitea eta espainolak banatzea ez duela ametituko.
Baina guk Euskal Herriaren independentzia proposatzen dugu, ez espainolak baizik
eta euskaldunak garelako.
Gu gora behera hortxe geratuko da España. Bizi bedi Espainia, eta espainol guziek
jarrai dezatela nahi badute baturik…
Esportazioa
Herri hura hain da pobrea ze, bi produkto besterik ez ditu esportatzeko: ilusioa
eta desilusioa.
Heresia
Durangoko Heresiari buruzko XVgarren mendeko kronika zaharretan errepikatu egiten
da herese haiek gizartea irauli nahi zutela, eta ekarri nahi zuten gizartearen
hitzautua hau zela: " ondasunen eta gorputzen komunismoa".
Durangarrak Pierre Joseph Proudhon baino lehenago ohartuko ziren beraz jabegoa
lapurreta hutsa dela. Humanismoaren ikuspegitik apur bat harrigarriagoa egiten
dena beste ideia da, gorputzen komunismoarena. Gorputzak, kronista zaharrentzat,
emakume gorputzak ziren. Eta gorputzen jabego komunalak ematen du aditzera emakumea
ez zela bere buruaren jabe, gurasoen edo senarraren propietate zela eta, beraz,
propietate pribatu izatetik propietate komunala izatera pasatzen zela.
Ene aukerazko arbasoak gogoratu ditut, Karl Marx gaztea zenaren liburu bat,
1844ko Eskuizkribu Ekonomiko eta Filosofikoak, zabaldu eta propietate pribatu
eta propietate komunalari buruzko argudio interesgarriak kausitzea. Uste dut
onuragarria dela Karl Marx kinkenioan behin bederen irakurtzea. Testu horretan
Karl Marxek antzinako komunismoa, propietate pribatua besterik gabe propietate
komunal bihurtzea kritikatzen zeun. Eta ondasunen partea hobeto konprenitzeko,
emakumea haintzat hartuz esaten zuen, emakumea aldaketa horrekin ezkontzaren
lokarrietatik prostituzio orokorrera pasatuko zela.
Ondasunen alorrean berdin, dio Karl Marxek, propietate pribatua besterik gabe
komunala bihurtuz, jabea izaki abstrakto bat izango da, pertsona konkretoekin
erlaziorik gabe. Pertsonak lan-komunitatea izanen dira, soldata berdintasun
eta guzi, eta nagusi abstrakto hori kapitalista unibertsal bat izanen da. Horrela
ezin da esan propietate pribatua gaindituko denik, propietate pribatuz gabetuko
da jendea, kapitalista abstrakto bat bihurtzeko denaren jabe. Laster bekaizkeriak,
gutiziak eta partikularrak egingo dira nagusi.
Bekaizkeriaz, gutiziaz eta urjentzia partikularrez ongarriztutako komunismoari
Karl Marxek " komunismo gordina" deitzen zion.
Poesia benetakoa
W.H Auden poetak kondatu zuen, idazten hasi zenean poesia " ona" egiten entseiatzen
zela.
Gero, poema onak ez ezik, " egiazkoak" egiten saiatu zen. Edertasun eta intelijentziaren
kriterioekin batera, egiaren kriterioa haintzat hartuz.
Baina geroago ez zen konformatzen poema onak eta egiazkoak egitearekin. " Benetakoak"
nahi zituen zentzu sakonagoan, bere bizitzarekiko fidelak.
Poesiaren abotsa
Poesia errezitalak ez du zentzurik. Bertsolaritza entzutekoa da, bertsolariak
kantaria behar du izan. Baina poesia modernoa irakurtzekoa da, abotsa irakurleak
jarri behar duelako.
[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]
Joseba Sarrionandia