Han izanik hona naiz



Eskaintza

Joserrari, liburu honen proiektua paperontzira botatzeko aholkua eman zidalako. Mikeli. Lehen borradorearen hiru orri hartu eta, enplegu eman ondoren, komuneko zulo zirimolara bota zituelako.
Maiteri, eskuizkribua irakurtzen seko loak harturik geratu eta, zurrunka, buruarekin baietz baietz lez adierazi zidalako.
Aitorri, lehen makinaizkribuaren lerro bat ere irakurri gabe ene nobela berria " oso interesgarria" zela eta elaberriak egiten jarraitzeko animoak eman zizkidalako.
Iņakiri, irakurtzeko utzi nion kopia, mozkortu eta, tabernan galdu zuela damuturik eta ia negarrez aitortu zidalako.
Izkiriatzea berehala uzten ez banuen utzi eginen ninduela esan zidan ene neskalagunari. Liburua bukatutzat berehala abandonatu arren, iadanik han ez zegoena eta berriro aurkitu ez dudana.
Ene ipuinak, azterketa konplexuen arauera, nominalistak suertatzen direla eta liburua papagorri bailitzen kainoikatuko duela abisatu zidan kritikoari.
Beraz, liburu hau izkiriatzen lagundu didatenei.



Gauzak
Jose Luis Zumetari

Bilboko estazioan trena hartu eta, bagoian elkarrekin suertatu ziren guardasol beltza eta maleta urdina, bata eskuin aldeko leihoan Basaurirantz begira zihoan eta besteak ezkerraldeko leihotik Galdakaoko gainak ikusmiratzen zituen.
Solasik egin gabe egondu ziren luzaroan, trena mantso eta eroso zihoala. Baina halako batean guardasolak maletari jakinguraz galdetu zion:

Nora zoaz?

Durangora

Handik denborara, ia Lemoa parean zihoazela, maletak galdetu zuen:

Eta zu?

Donostiara

Guardasolaren erantzuna hausnartzen maletak bere golkorako pentsatu zuen:

Tren erdia Durangora eta beste erdia Donostiara, hau bai hau progresoa!




Biltzarra

Biltzarrean bildu ginen. Mundua geroago eta okerrago dihoala, gizartea justiziarik eta askatasunik gabe antolaturik dagoela, inguru naturala geroago eta hondatzenago, eta inoiz denok hobeto bizitzeko esperantzak ahitzen ari direla, eta biltzarrean bildu ginen, konponbideen bilaketan guk ere munduko biztanle lez derrigorrez parte hartu behar genuelakoan.
Biltzarrean azterketa zuhurrak, eztabaida sakonak eta proposamen egokiak egin ziren. Akordio pila bat hartu genuen eta, nork zer egin beharko zuen erabakitzen ari ginela, ustekabean, erozaina heldu zen, jolas denbora bukatua zela, eta banan bana bakoitza bere gelara sartu ginduen.




Belle au bois dormant


Ehun urteko loaldiaren ondoren, basoko loegile ederrari esnatzeko ordua heldu zitzaion. Printze urdina ailegatu zen, eta mosua eman zion.
Basoko loegile ederrak lotan jarraitu zuen.
Printzeak beset musu bat eman zion, belarrira xuxurlatuz:
" Esna zaitez, maitea!"
Baina basoko loegile ederra ez zen esnatu. Eta printzeak hirugarren mosua eman zion, esanez:
" Nahiko lo egin duzu, jaiki"
Orduan, basoko loegile ederrak, eskolarako gogorik ez duten neskamutikoen gisan, ohantzean buelta emanda ahozkatu zuen:
" Ez hadi gogaikarria izan, orain logaleak niagok eta emak bakea"






[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]

Joseba Sarrionandia

bihotz bakartien kluba