Ez gara gure baitakoak
Ikuilu erdilunera sartu ginen eta han bazen esnebehi zuri gorri bat, munduaren
mapa bezalakoa, erditzear, eta albaiteruak behi betearen atzekaldetik besoa
besagaineraino sartzen zuen zulo ilun, malgu, lohian barrura, han sakonean zegoen
gorputz mendrea argitara tiratzeko, bizira ekartzeko.
Eta gure hiritar begiek harriturik, ia izuturik begiratu zuten erditzea. Handik,
bizi berriaren imajina ikaragarriaz soraio irtenda, haurrek " basahateak!" oihukatu
ziguten ortzea seinalatuaz, baina guk soegin orduko hegaztiak iraganik zeuden
arrastorik batere utzi gabe…
Eta hirira sartu ginen, argi letrero koloretsuzko gauean, kafeteria desolatuan
eseritzera, eta clochard bat eseri zen gure alboan pernod botila batekin, erresistentziako
himno bat xuxurlatzen, eta gabardina boltsilotik Europako mapa tipi bat atera
eta hatzaz letrarik gabeko leku bat erakusten zuen.
Ia goizaldean, etxera itzultzean, sorterriko egunkaria zabaldu eta Joxe Migel
Barandiaran zaharraren esaldi hau irakurri dugu:
" Ez gea geure baitakoak…"
Ez dugu betirako etxerik, ez dugu sosegurik, eta horrela gabiltza munduan, osasunik
gabeko mundu honetako zurubi luzeetan gora eta behera. Humanoa bere baitakoa
ez den animalia da, bere baitakoa ez izatearen kontzientzia osoa duena, eta
horregatik ari da bere baitaren bila desasoseguz eta kultur ondoezean barrena.
Eta sarritan kaier gorrien aurrean eseritzen gara, ipuin kondalaria suaren alboan
eseritzen zen bezala, ilunbeak lekoratzeko, galdutakoa oroitzeko, gezur esanaz
egia xerkatzeko, giza fatuaren loria miseriez solas egiteko…
Gure kaier gorrietako miniaturak literatura diren edo ez jakiteko, erretorika
zaharra errepasatzean aurkitzen dugu antigualean idazterakoan anplificatio eta
brevitas artean aukeratzen zela. Bigarren bide edo estarta honetatik datoz ondorengo
asmakizunak, datzibaoak, haur ipuinen per-bertsioak, moebius zintak, penny dreadfuls,
ametsak, laburmetraiak, gogoeta solteak eta beste botoi galduak.
Zergatik tipiak? Bilatzea maite duenari tipitasunak bilaketaren atsegina ugaltzen
diolako, edo autorea lan luzerako nagia delako, edo lana hasita bihar etzi huts
egitearen bildurrez luzarorako engaiatzen ez delako, edota gauza tipietan handietan
bezainbeste sekretu kabitzen delako.
Eta zertarako izkiriatu ditudan? Munduaren osasunaren bila egin nituen, hara
hemen ene anbizio barregarria. Se tu.
Ni honez gero akabatu naiz eta, irakurle sotilak edo ni baino betokerragoak
imajina bitza bere gisara.
1989, irailean
Paisaia intimoa
Portu zaharra, eta uhainen artean, portua baino zaharragoa dirudien bafora portura
arribatzen. Aidean hiruzpalau kaio biraka.
Neu naiz bidaia luzearen ondoren portura sartzen ari den bafora, neu naiz, uhainak,
neu naiz portua, neu naiz hirulau kaio horietatik bakoitza.
Eta nasan ni naizena leku desberdinetatik soegiten duena naiz. Eta enetaz erreparatzen
ez duena ere banaiz.
Eta agian, ez naiz ene baitakoa.
Aberrigabea
Joseba Irazuri
Aberrigabea, belaunak azaldu zitueneko lekuetara ez da egundo itzuliko, nahinon
bizi delarik arrotz bizi da, oroiminez eta perfekzio gogoz. ( eta Soinujolearen
semea?) ( eta Ruper Ordorikaren " mundu guztia arrotza da ene herrian?)
Bere baitan daraman herrialdea inguruan adierazten zaion probintzia baino ederragoa
eta duintsuagoa da.
Horregatik bizi da errorik gabe eta konformitaterik gabe, aide legez eta hutsune
gisa besterik gorpuzten ez den beste mundu bat mundurako asmatzen.
Futbol jokalaria
Kondizio fisiko eta tekniko oso onak zituen futbolean jokatzeko, futbol zelaietako
izar berria izan zitekeen.
Baina, baloia zangoetara heltzen zitzaion bakoitzean, zein ekipotako zen ahaztutzen
zuen.
Obra aldaketa
Mikel Albisuri
Obra labur harek ez zuen arrakasta handirik izan, fama gutiko autorearena zelako,
gaia interesgarria ez zelako, argumentua ondo antolaturik ez zegoelako edo aktuazioa
aproposa ez zelako, eta teatro taldekoek obraz aldatzea deliberatu zuten.
Eta errealitatea zeritzan obra luzeago bat antzeztera pasatu ziren, nahiz eta
honen autorea guziz ezezaguna izan, eta gaia ez interesgarriagoa, ez argumendua
antolatuagoa, ez aktorean lana egokiagoa.
Naufragioak
Nork ez du emozio sakonen bat bizi ukan zueneko lekura itzultzea maite…
Naufrago ohia itzuli egin da naufragioaren lekura, uhain gaitzen itsaso haretara.
Eta oraingoan ito egin da.
Haurra portuan
Untzia itsasorantza abiatu da. nasan, adio luzaroan egin dutenen begiek oraindik
ere itsasoruntz soegiten dute.
Eta haurrak, eri erakusleaz geroago eta hurrinago doan untzia seinalatuaz galdetu
du:
" Ama, untzi beti eta tipiagoa da eta, zer gertatzen da barruan doan jendearekin?
".
Distantziak
Dagoeneko frogatu da puntu biren arteko distantziarik laburrena lerro zuzena
dela.
Oraindik iketzear dagoena bestea da, pundu biren arteko distantziarik luzeena
zein den.
Sasoiari begira
Ruper Ordorikari
Ifar haizeak hegoaize bihurtzea, edo hegoa ifar haize, euri seinalea. Kaioak
lehorreruntz sartzea, euri seinalea. Goizeko ortzemugaren gorritasuna, arratserako
euri seinalea. Armiarmek beren amaraunak suntsitu eta jatea, euri seinalea.
Zura hanturik, ateal eta leihoak zabaltze edo zarratze zaila, euri seinalea.
Haizea aldatu egin da, baina kaioak itsasoan ari dira, goizean oskorria egin
du, baina armiarma bere sarea hedatzen ari da, eta gure etxeko ateak eta leihoak
errez zabaltzen dira, herstea apur bat zailagoa da, baina horixe gertatzen da
beti.
Eta ataurrean eseri naiz, zurezko aulki apal honetatik begira. Seinaleen antigualeko
jakintza gaur egun nahiko baldarturik dugu. Eta, bidenabar, zer dela eta eginen
dio euriak jaramonik aburu finkorik ez duen jendeari…
[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]
Joseba Sarrionandia