Gartzelako poemak


Autobusa bideko jatetxe batean gelditu zenean, Otxarkoaga eta Berangoko ama birekin suertatu nintzen mahaian afaritarako.
Senitartekoen autobusak gauez egiten du Puertotik Euskalerrira eta orduan ez nekien lortutako Baimen bereziaren barruan agindutakoa baino minutu bi gehiago, adixkideei buruz, liburuez edo zineaz berbetan jarduteagatik Joseba berriz zigor zeldetara zigortu behar zutenik. Artean 83an ginen.
Ordurarte bezala gerora ere etengabea izan da Joseba Sarrionandiaren emaitza. Halere urteak iragan dira garai haietaz eta orohar gartzelari buruzko poema liburua osatzeko erabakia hartu duenerako. Gartzelako Poemak honetan ematen direnetatik erdia edo orain arteko beste liburu eta argitarapenetan topatzen ahal badira ere, egilearen ukitu berriekin datoz eta gaiaren inguruan luzatzen diren poema argitara berriekin batera eman nahi izan ditu, lehenengoz.

" Mezua deitzen den horren aurrean zalantza handiak ditut jeneralean" esan du Joseba Sarrionandiak eta liburu honetan inplikatu egin da halako osotasun tematiko bat hautatuz, akaso beste edozein baino gaitzago zaion gartzelako honen inguruan. Batzuetan egoeraren interpretazioraino ere helduz, oihartzun literarioez beterikako poemak dira hauek. Autoreak urteotan erdietsi duen berezko berba eta imajinariarekin liburu honen lekukotasunak, testigantzak, idazlearen menera jarri dira bere ahotsa emanez poemak hurbiltasun ia fisikoaz eta askotan modu arrunt gordinean luzatzen digun munduari. Bere ahotsa emanez preso egon denaren idazlearen munduari.
Baina ez zaigu hargatik komeni ahaztea egileak beti edukitzen duela obra helburutzat, sartu bide diren bitarteko guztiak onerako dituela baldin eta xede horrekin bat egiten badute.
Gartzelako Poemak hau, hurrinetik ailegatu den liburu hau, Joseba Sarrionandiaren biografiaren aldi ezagunenetik hurbilen duguna da. Hain hurbil gutako askorengandik non urteotako literaturan bereizi ezina bilakatu den hartaz ari den: kartzela, oinazea, heriotza… Non dago honi buruzko urrezko metafora?
Josebaren testuak, hain gustoko dituen baforen antzera, euren kasa nabigatzen dira ebti, galarrenaren ikara barik, irakurleari desio duen ur ildoa utziaz.

Ruper Ordorika



Preso egon denaren gogoa

Preso egon denaren gogoa
gartzelara itzultzen da beti.
Kalean juje, fiskal eta
abokatuekin gurutzatzen da,
eta poliziek, identifikatu ez arren,
beste inori baino gehiago
begiratzen diote, bere pausua
sosegatua ez delako
edo sosegatuegia delako.
Bere bihotz barruan
betirako kondenatu bat dago.

(1986)


Tortura egunak

Espainiar poliziek Euskal Herrian
behelaino zatiak ere preso hartzen dituzte
infernuaren hamaikagarren zirkuluan gatibatzeko.
Edozer gauzarekin harrapatu duten mutilak
lagun torturaturen baten azalpena oroitzen du,
beste batek ez daki zergatik detenitu duten ere,
eta inork ez du ateetan barrura daramatelarik
heldu den sofrimenduaz kalkulo egokirik egiten.
Zer da hormaren kontra zapaltzen nauen oinaze hau?
galdetuko dio gero mutilak bere buruari.
Zer da harrilako hutsune hau? Eta erantzuna
koloren ubelaren metafisikari buruzko tratatua
izanen da, mintzaira hil batetan, borrero itzalen artean.
Honela guti gora behera: odolak aurpegia borratuko dizu,
hegazti itsuek inguratuko zaituzte, haragiak
abandonatuko zaitu eta hargin enanoek zeure
gorputz adreiluz errautsezko katedralea eraikiko dute,
eta zure bizitza zeure fikzioa izanen da
eternitatearen aspektoa den egun bakoitzean.
Materialismo dialektikoaren klasikoetan ez zen argitzen
torturan gizakia, modurik indibidualenean,
munduaren epilogoa bihurtzen dela.






Galtzetan gordetzeko koblak

Artizarra ostantzean lehena da argitzen
saguzahar zaharrena oraintxe da esnatzen
teila gorri horma grisa ixilean laztantzen
zoko beltzen hegaztiak gau berria ehuntzen.

Hemen gautza ezin irten errautsen gaztelutik
gaua sare erraldoia gugana abaildurik
azpian nau gatibatzen tristurari loturik
hemen natza hau zer denentz adierazi ezinik

Hau izuen gordeleku eta belar hitsena
hau malkoen katedrala gizaseme hutsena
hau eremu bezperage biharamun motzena
hemen datza gorpu bizi herri bat izan zena

Hanitz lore sortzen omen hurruneko bizira
gartzelara sartu oro heldua da hobira
saguzahar ehunleen urkabeen hegira
zelan kulunkatzen garen bi begiez begira

Argi gabe ari nauzu giltzapean koblaka
oinazea bisitari gogoaren zainetan
zaindariak paper bila ari dira zeldetan
erdu eta to zuretzat gorde itzazu galtzetan


XI. Gutuna

Hitzik gabeko gutuna izkiriatu nahiko nizueke,
Zuen nahirik tipiena bete.
Gehiena esanda dago eta zer lotsagarria den
errepikan hastea
batez ere hitzek esan nahi dutena geroago
eta gutiago diotenean;
alemanerazko hitz ikaragarriak ere
ez omen dira erabat zehatzak.

Polizia, bankero, ugazaba eta apezak
" terrorista" esaten dizuete,
eta are barregarriagoa da bestaldeko jendea
" heroe" deitzen,
zuei, estatuen harri gatibutza inola
ametitzen ez duzuenoi,
libertatearen aldeko burrukan libertatea
galdu duzuen giza zatioi.

Hemen eguna odolustutzen ari da
ortzemugan
zauri sakon bat bezala, nork daki
sendagarria den.
Guk beti bezala jarraitzen dugu,lore
eta polbora artean,
metafora eta logistikaren artean, Karl Marx
eta andere biluziaren artean.
Gauzak bakoitzak bere zailtasuna,
batzutan mosu bat ematea
etsaiaren kuartel jeneralean lehegailua
jartzea baino zailagoa da.
Zuen askatasuna behar dugu, gauza zailak
elkarrekin egiten jarraitzeko.
Gure herriaren gorputz galdua bilatzea,
esate baterako.
Zuen askatasuna behar dugu, libre gaudenok
libreak izateko,
giza jendeak berez haragian itsatsiak dituen
katea luze eta ilunekin
libre izan gaitezkeen nehurrian
behintzat.

(1991)


Biluzteko orduan

Ohe bazterrean besarkatu ginenean
maitasun poema bat eskatu zidan.
Izterrak ene giltzurrinen inguruan
hestutu zituenean
maitasun poema bat eskatu zidan,
berriro.
Zer egin? Poeta ofizioa ez da erreza,
Rainer Maria Rilkek
poesia odolezko izerdia dela
esaten zuen.
Zertarako ekarri izua eta ikara
izara artera…
Larruak ematen duenarekin aski da,
eta dena dela
larrua jotzeko ez da derrigorrez giro hain
poetikorik behar.
Biluzten bagara errezagoa da.


Tiro hotsak

Tiro hotsak eta harrizko isiltasuna.
Ezertaz ohartu gabe doaz hodeiak.

Polizia espainol bat espaloian ahuzpez.
Zer tinta moeta da saihetseko gorri hori?

Leihotik andere bat begira:
Ez diat hire arnasagatik negar egingo
harik eta gure semea etxera bueltatu arte.

Gorputza harri gainean odolustuko da,
isilean, hodei berrien babesik gabe.

Gero kalean kaskilo bat gertuko da,
seme galduaren gela baino hutsagoa.


Poesia hilda dago baina ez naiz ni izan

Poesia hilda dago baina ez naiz ni izan
Ene hatz mamien markak aurkituko dituzue igual
gorpuaren gainean,
ni badaezpadan inguratu naiz, hilotza
oraindik hil gabe zegoelakoan.
Eskuak gainean harrapatu nauzue baina
berbizten entseatu nintzelako.
Ni heldu naizenerako ez zuen iada konorterik,
Azken hatsetan zegoen.

Batzutan ene oinetara etortzen zen jolastera.
Nik ez nuen poeta izan nahi.
Nork esan dizue ikusi ninduela? Ni hemendik
paseatzen nenbilen.
Ez dakit nork hil duen, hurreratu naizenean
jendez inguratuta zegoen, hila.
Poeta omen direnetako poetaren batek
itoko zuen akaso.

Ez nazazue preso hartu, ni ez naiz izan,
eta ez zaizkit gartzelak gustatzen.
Zelan ehortziko duzue, gainera, poesia ez da
gereziondo ataut horretan kabitzen,
ekar itzazue eunkari batzu gutienez
tapatzeko…
Lelo lirelo bai lelo, lelo zarai leroba
Talaieroaren gogoeta

Itsasoaz bestaldera joan ziren eta
ez dira egundo itzuliko.
Izurdeek gidatu lekuraino baino
ez ziren ailegatu.
Itsasoak bere sare larrietan
gatibatu ditu.
Eta inoiz itzuliko balira ere, iadanik,
ez dira joan zirenak izango.















[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]

Joseba Sarrionandia

bihotz bakartien kluba