Atabala
eta euria
Eguzkiak ortze urdinean nabegatzen
" Denbora, gure bürien gainian
dabilalarik bethi bederakatzen dütü
gure ürrahats güziak, bethi gure biziaren
jarraikian dabila, eztakigülarik zertan
den ari, ezetare zer dian egingei"
Eguzkiak, ortze urdinean nabegatzen, suzko untzi bat dirudi, eta bere bidaian
munduko muino eta magalak berotu eta edertu egiten ditu, arratsaldean. Harrietan
eta enborretan goroldioa hazten da, urre dirdirarekin, eta fruituen azalak ere
horaildu eta gorritu egiten dira zintzilik. Haizeak hots xumea egiten du ibarreko
arbola eta dorreetan, aide gardenean errusinolak beren kantuen mataza soltatzen
ari direla. Intsektuak ere ari dira, baina sekretuan, horbelaren azpian, ia
beste mundu batetan, isilaren isilez.
Presebal, zaldun eta heroea, erromes itsu batekin suertatu da bidean, eta elkarrekin
doaz bidean, ibarrean barrena, belar fin eta kamomilek ozta ozta estaltzen ez
duten estartan aurrera. Presebal gaztea bere zaldi gorriaren gainean doa, ezkuta
eta lantzarekin. Erromes itsua oinez, eta ortuzik, bere oin biluzien lagun urritzezko
makila bat daramala.
Sagastira heldu direlarik, halako sagar onduen usaina dago aidean, eta gerizpe
aldiska batzu. Eguzki errainuak hostoen artetik sartzen dira fruitu iada doratuen
azaleraino.
- Aizu, zalduna -esan dio erromes itsuak Presebali- sagar bat jan nahi nuke,
hartuko al didazu onduren bat arbolatik?
Presebalek zaldi gainetik jetsi gabe hartu nahi du, arrama apaletik zintzilik
dauden sagar berdeagoetarik bat.
- Biguna izan behar da ene ahorako, otoi - diotso erromesak- ia ez bait dut
haginik.
Orduan Presebal, bere zalditik jetsi, ugalak erromesari eman, eta arbolara igo
behar da, arbolaren gainekaldeko sagara humoak hartzera.
Astiro ari da enborrean gora igotzen, harmadura astuna dela eta, baian iada
bigarren arramara iritsi da. Batbatean, animalia zuri bat ikusi du hurrin, kainaberen
artetik belatzera irtetzen.
Berenbegiak, zaldunarenak eta unikornioarenak, gurutzatu direneko unean animalia
ihes abiatu da belatzetan barrena. Presebal ere, une unean, bere arramatik salto
egin eta korrika doa, ez bere zaldiari ez erromes itsuari begiratu gabe. Ia
ezin da, doazen arinaren arinez, ez bata ez bestea ikusi, Presebal habailez
jaurtiriko harria bada, unikornioa argi errainu zuria legez doa arineketan.
Presebalek, liburuko heroeak, leiendako animalia ikusiez gero ez du hura harrapatzeaz
beste xederik. Unikornioka atzeruntz begiratzen du aldizka, eta gelditu egiten
da batzutan., Presebal hurbil dakion apropos, baina hura harrapatuko duen ehiztaririk
ez dago.
Erreka, biek, igerian zeharkatu dute, lizardia iragan dute eta, mendian gora,
hareztia. Gero, Presebal, estropozu egin eta lurrera erori da, ahiturik, arnasarik
gabe, izerdi hotzetan blai eta gogoa lainoz beterik.
Dontzeila bat agertu da zaldi gainean. Presebalek, konortea itzuli zaionean,
ozta ozta antzematen du emakume haren figura bere begi lausoetan. Torneoren
batean burrukatu eta , lantza sahiets artean sarturik, eriturik balego bezala
sentitzen da. dontzeila jeitsi egin da bere zaldiaren gainetik, bere oin bigunez
belar bustia zapalduaz.
- Gauerako ostaturik ez duzu? - galdetu dio lehunki zaldun eroriari.
Presebalek ez du hitzik esan ahal, altzatzeko ahalegina egin du ukondoen gainean,
baina berriro erori da, konortea ere berriro galdurik.
Gero, ohantze bigunean etzanik esnatu da, eta ohe alboan, berari begira, lehenxeago
erdi ametsetan zalditik jeitsi den dontzeila dago. Presebalek begiratu egin
du bere ingurua, su bazterra, eta dontzeilaren begiak ere begiratu ditu.
- Non gaude?- galdetu du ahoa ia ireki gabe.
Eta dontzeilaren begietan halako samurtasun bat irakurri du, usapal lumen oroitgarri.
Orduan, ez daki zer egin, begiak berriz hertsi ala erabat esnatu, bitarte horretan
hainbeste anparo eta sosegu ukanik.
- Duela egun batzu bildu zintudan malkarrean - entzun zuen dontzeilaren abots
eztia.
Esnatu eta, indarturik, ohetik ihalgitzeko indarrak bildu dituenean, leihoraino
heldu da. Atx urdin eta ezezagunak ikusiko ditu ortzemugan, eta bere etxetik
haraino oihan berde eta zabala.
- Ez dago beste etxerik herrialde guzian- esan dio dontzeilak-. Hiru neba eta
neu bakarrik bizi gara hemen.
Dorretxea, altua eta zaharra, harri izugarriz eginik dago. Sugelandarak bizi
dira harrien arteko zirrikituetan.
- Unikornioari segika etorri zara? - galdetu diote Presebali dontzeilaren nebek.
- Bai, baina ezin izan dut harrapatu.
Heurak ere, dontzeilaren hiru nabak, unikornioaren bila ari direla diote. Unikornioa
harrapatzeko etorri zirela, aspaldian, beren gurasoen hurrineko etxetik herrialde
honetara, munduaren mendebaldeko gaztelu honetara.
- Gurekin geratu nahi duzu?- galdetu diote.
Gauean, Presebalek bere besoetan hartu du dontzeila, lehenago bere begietan
hartu duen bezala, eta izara artean laztantzen du, lehengao bere begietako zurian
laztandu duen bezala.
Geroz, egun zuri eta luzeetan, Presebal eta dontzeilaren hiru nebak oihaneko
zokorik ilunenetan izkutatzen dira unikornioaren haiduru; oihanaren bihotzean,
oihanak bihotzik baldun badu lekurik ilunenean duelakoan.
Esperoan daudela, okilak enbor azalak zulatzen ditu, suge gorriren baten mogimendua
somatzen da belar garaien artean, edo oreinen bat iragaiten da noizean behin
bere urrats urduri eta librez, ezelako babesik gabe. Errekaren zurrumurru apal
eta gardena ere beti aditzen da, eta hostoen, hosto guzien haizearekiko dantza.
Baina unikornioa, ez da entzuten, ez da ageri.
Iluntzera orduko, gaztelurantza itzultzen dira laurak, sekula ukitu gabeko belarrak
zapalduaz, lantzak eskuan eta isilik. Azken orenean, beti ibiltzen da gabirauren
bat aidean, zergaitengana jausteko gertu. Orduan, zakurra soltatu eta erbiren
bat harrapatzen dute, etxera eramateko.
Gaztelu atarian larrutuko du Presebalek, iada gauez, eta gero sutan erreko du
dontzeilak. Bosten artean afalduko dute erbikia, sutondo inguruan.
Eta afalondoan, su lama malguei begira, neguko ipuinak kondatuko dituzte.
Noizean behin, ustekabean, unikornia ikustea erdiesten dute. Muinoren batetara
egon eta, begiei eskuaz gerizpe eginaz, hurrinera begiratzean, han, belardiren
batetan bazkatzen ari da, agian, baina gezia bezain arin desagertzen da, iheska
jolastu nahi ez badu. Jolasa nahi duenean, berriz, unikornio begi urdin hura
agertu gordeka ibiltzen da, han hemenka, zuhaitz eta sasien ostetik.
Gazteluaren ingurura ere hurbildu da inoiz. Hango estartatik edo harantzagoko
muinotik gazteluko leihoari begira egon da unikornioa, bere zetazko begiradarekin.
Dontzeilak ikusi du, leihotik, eta, animalia zuriaren bildurrez, langatu egin
ditu gazteluko ate guziak, eta ez da gero belatzen bukata zabaltzera joaten
ausartu. Ilunabarrean, gizonak itzuli direnerako unikornioa desagertu egin da.
Bere oinatzak, belarretan, lokatzetan edo elurtzan beti desegiten dira gauean.
Presebal eta dontzeilaren amodiotik haur bat sortzeko sasoia da. dontzeila,
ama berri, erdi minetan dagoela, bele beltz eta lodi bat pausatu da dorreko
almenetan, fatuaren seinale gisa. Presebalek harri borobil bat hautatu du lurrean
bere habailarentzat, jaurti du eta erori egin da belea, sama gorriturik eta
ahalmenik gabe. Bitartean, gaztelu barruan, haur osasuntsu bat jaio da, negarrez;
begiak urdinak ditu mundua begiratzeko. Gero, Presebalek, haurra besoetan hartu
eta leihora eramanen du gauzak ezagut ditzan.
Han hurrin, ahuntz zuriaren gisako animalia bat dago, adar bakarra bekokian,
ahuntza bano miresgarriagoa edo, beste moduan esateko, irrealagoa. Bere begitartean,
hurrinetik ere, halako malenkonia bat igartzen da, gaztelurantza, gazteluko
harrien artean bere oroimenaren gaia balego bezala.
Haurrak oinez ikasten du gaztelu atarian. Xitei segika jolasten da. bere inguruko
enparauetaz ohartu gabe.
- Gure arreba begiratzeko etortzen da unikornioa- esan du dontzeilaren nebetarik
batek-, argi dago geure arrebak erakartzen duela.
- Alferrik gabiltza orain arte bezala, unikornioa harrapatzeko ez dago modu
bat besterik, eta denok dakigu zein den.
Oihanaren bihotz bihotzean, dontzeila lizar enborrera lotu dute bere hiru nebek.
Nebak, gero, sasien ostean izkutatu dira Presebalekin eta haurrarekin.
Aidean ez da brisarak hostoetan eragiten duen doinua eta papagorrien aldizkako
kantutxoa besterik entzuten, orduak doazen artean.
Harik eta animalia lirain hura iritsi. Ahuntz zuri baten modukoa, unikornioa,
adar bakarra bekokian, bere zurda haizeak altzatzen duela. Urduri dator, erdizka
inozentziaz , erdizka ausardiaz, erdizak antsiaz. Bere begi urdinak aldeetara
begira, bere urratsak geroago eta mantsoago datoz lizar azpian eseritako dontzeilarengana.
Unikornio bakarti eta maiteminduak dagoeneko emana du bere bihotz; berak ez
daki galdua duela.
Dontzeilaren magalean makurtu da unikornioa, dontzeilaren belaunetan imini du
bere adarra, eta zurrumurru gozoa egin, hitz amoltsuak esan edo eskatzen dituenaren
gisan, eta begiak hertsi ditu malenkoniaz, edo lotsaz, edo atseginez. Dontzeilak,
bildurra galdu eta, animaliaren lepoan pasatzen ditu hatzamarrak, eta lehunki
ferekatzen du animalia lirainaren adarra, lisu eta luzea. Eta unikornioa geldirik
geratu da, arnasa soseguaz hartuaz; amodioa sosegurik sakonena besterik ez balitz
bezala.
Orduan, gezi gorri bat irten da sasien bestaldetik, unikornio zuriaren sabela
zauritzera, gero beste gezi bat hankara, eta beste bat bularrera, eta beste
gezi ugari. Unikornioaren ilea busti egin da, baina ez odolez, urez busti da.
Eta ez da mogitu, gorputzez eta gogoz beste mundu batetan balego bezala, bere
adarra dontzeilaren esku amoltsuetan dagoen artean ez da mogitu izpurrik ere.
Gero, amodio eta kexa begiradarekin, zerraldo erori da.
Ura dario unikornio hilaren zaurietatik. Dontzeila negarrez hasi da eta haurtxoari
ere, sasitzatik irten eta besoak zabalik amagana doalarik, malko tantak agertu
zaizkio begi urdinetan.
Izpilu hautsi baten gisan erortzen da euria, munduaren mendebaldeko lurraldeetara.
Gazteluan, hiru nebek larrutu egin dute unikornioa, eta eztiardauz mozkortzen
dira, ehiza onaren ondorengo eta, batez ere, gudu zahar irabaziaren bozkarioarekin.
Egun, unikornio errea afalduko dute.
Dontzeilak, dontzeila izandako andere triste harek,alderantziz, ihes joan nahi
du. Presebalek beren haurra besoetan hartu, gazteluaz lekora irten eta badoaz
hirurak, zaparradaren azpian.
Berehala, oinaztargi batek, suzko munstro legez, jo du gazteluaren almena, eta
erori dira harriak; gaztelu osoa erori da harririk harri gainean geratu gabe,
barruko guzia zapalduaz. Eta euria, alde guzietarik gain behera, ehundaka zatitan
apurturiko ispilua da.
Presebalek lurra bere oinen azpian biguntzen ari dela igartzen du. Bere anderearen
alboan, bere semetxoa aldean, aldatz gora doa heroea, bere urrats labanetan
aurrera. Eta euri lodiak erreka bihurtzen ditu belatzak. Eta Presebalek gau
beltzean, ispilu umel eta ilunean, korrika egin behar du aldatzean gora, ibarrean
barrena, eta korrika ezin denean igerian doa, uholdeak guziak daramatzala.
Finean, eraman nahi dituen, gauza guziak eraman nahi dituen euri uholdean. Presebalek
zuhaitz enbor bat oratu du. Ozta ozta hartu du eskuan, ezin gehiagoan lagundu
dio bere andere akituari enborrean gora igotzen, baina Presebal ere igo egin
da, beren haurtxoa aldean, goiko arramaraino. Baina uholdea goraka dator, enborrean
gora igotzen da urgaina, dena erauntziaz, dena eramanaz, dena ispilu ilun eta
izugarri batentzat irentsiaz.
Dontzeilak Presebalen besoa oratu du, aztoraturik luzatzen dizkio hatzak heroeari,
baina geroago eta hurrinagotik, batbatean, urak bait darama. Galdu egin da anderea
uholdearen sabelean. Presebalek besoak luzatu dituenerako, haurra ere irristatu
da, eta heroeak ez du hatzeman ahal izango. Uholdearen ispiluan galduko du guzia.
Presebal bakarrik geratu da, ez daki uretara jausi la arrama eutsi, eta negar
egiten du. Luzaroan dago arbola gainean negar zotinka, akiturik, erdi lo. Atertu
egin du, jetsi egin dira urak, eta Presebal amets aurpegiarekin dago arbola
gainean.
- Zer, ez al zara jetsi behar?- esan du agure itsuak arbola azpitik. Duela hamar
minutu hor goian zaudela.
Presebalek ireki egin ditu begiak, alkondara ertzaz lehortu, eta itsuaz gogoratu
da. sagar bat hartu du, humoa, gorria, eta beheruntz dator.
Agure itsuari emn dio sagarra, ugalak hartu, zaldi gainera igo eta badoaz biak,
beren arratsalde oskarbiko bidean.
[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]
Joseba Sarrionandia