Ainhoari gutunak


Ainhoa

Orain duela denbora asko, goiz batez hiru mutil ezezagun iritsi ginen zuen etxera eta zure gurasoek gau bakar batetarako, astetarako edo urte beterako geldituko ginen galdetu gabe eman ziguten ostatua. Eta han zeunden zu, haur tipi zoruan eseri bat, oinez ez zenekiela. Eta guk besoetan hartu zintugun.

Zure izena, Ainhoa, ene ezpainetan osatzen delarik, gogora etortzen zait egun hura, eta hurrengo egun luzeak. Poliziek beren sirenekin zeharkatzen zuten ziudadea, egunik eta gau, alderik alde, beren sirena urdin, bildurgarriekin. Zure gurasoek eta guk lantzean behin gortinen ertzetik kaleruntz soegiten genuen eta, poliziek gu zein etxetan gorderik geunden asmatuez gero zer gertatuko zen pentsatuaz, urduri geratzen ginen zeuri begira. Han zeunden zu, solairuan eseria, munduaz ezjakina, egun horretako kazeta zeure hatzamar tipiez zimurtu eta hausten. Edo gure gordelekuaren, gure menturaren misterioa konprenituaz bezala, lauzangotan hurreratu eta zutik jartzen zinen,, dandai, pausurik eman ezinik, lehenengo zangoa aurreratzean erortzeko.
Barre eginez besoetan hartzen zintugun eta,poliziek etxea inguratu eta harrapatuko gintuela bildurra gorputzetik ateratzen genuenean, zeurekin jolasten ginen, zure erretolika arraroa entelegatzen saiatzen ginen, zure amak prestaturiko eltzekotik koilara tipiaz jana ematen genizun eta, lotarako orduan, zure sehaska ahalik eta leunen eragiten genuen.
Egunsentiro, argia gortina ertzetatik sartzen zen, ezti hari legez, zure aurpegi biguna laztantzera. Eta zu, Ainhoa, zeu baino zerbait gehiago zinen, zu korazarik gabeko kumea harrizko eta burdinezko mundu arre honetan, zu, haragi zati maitagarria, halako tesoro eder eta babesgabe bat zinen gure herriko alanbrada paisaian.
Eta egunetik egunera pausuak ematen erakutsi genizun, zango bat aurreratzean erortzeke sostengatzen. Gutariko baten eskuetarik bestearen besoetara etortzen zinen, bi, hiru, lau, gero bost urrats eginik. Eta gu harrotu egiten ginen. " Geurekin ikasi du Ainhoak oinez ibiltzen", esaten genien zure gurasoei. Eta zazpi pausu ere eman zenituen eta, orduan, gure beharrik gabe hasi zinen, aulkiaren kontra zutitu eta armairuaren alboraino, eta gelatik sukaldera, eta sukaldetik salara ere galtzen zinen sarritan.

Zure aita eta ama kanpora joanez gero, gu zurekin bakarrik geratzen ginenean, " Ainhoa ixilik!" esaten genizun abots apalez, eta leiho parera hurbildu gabe, eta argiak amataturik egoten ginen. Batzuetan dena konprenitzen zenuela zirudien.
Elkarrekin luzaroan bizi ondoren, etxea utzi genuenean hor geratu zitzaigun maitasun atal bat, eguzki hurrin bat bezain handia. Eta oroiminez gogoratzen zaitut, Ainhoa, eta boztuko nintzateke ene izkribu honek zu gorpuztu eta bizi eraziko bazintu, baina papera, tinta, ene tresneria guzi hau mehea eta ahula da. Eta zu ez zatoz, hor zaude nonbait ia ezezaguna, euskal herriko neskamutilen artean.

Eta beste haur askorekin konfunditzen zaitut, gure herriaren aldeko burrukan, poliziengandik ihes dabiltzan euskal militanteei etxea eman dietan familietako haurrei Ainhoa esaten diet. Aita edo ama presondegi hurrinen batetan zergatik daukaten apenas ulertzen duen haurrari; edota izeba edo neba aspaldian non dagoen ez dakienari Ainhoa deitzen diot. Espainiar eta frantziar gobernuen legeak eta larderia euria bezain ohizko eta naturalak balira bezala jasatzen dituzten haurrek Ainhoa dute izena. Egunkarira, irratira, telebistara edo leihotik kalera begira, begiak zabal zabalik lehor eta arreak dituzten haurrak Ainhoa dira.

Gure gerlako haurrari izkiriatu nahi diot.


13.gutuna. Gartzelan esnatzea

Sarritan esnatzeko trantzean geratzen naiz, preso ala libre esnatu naizen ohartu orduko. Gartzelan, batzutan, libre nengoelakoan iratzartzen nintzen, harik eta ametsetik landa presondegiaren ezagugarri latzak erreparatu arte. Orain, berriz, kartzela urte iraganen larderiagatik, gatibu larritasuna sendituaz…
Latza da, Ainhoa, gartzelan esnatzea. Edozein ametsetatik iratzarri eta, goiznabarra barroteen artetik bere kolore grisez sartzen zaizu zeldara, funtzionarioa bere giltz mordoarekin atez ate iragaiten da, inor falta ez dela errepasatzen eta, agian, edukazio urbanoaren arauak konplituaz " Buenos dias" esaten dizu erdara horretan.

Baina bai zera, presoarentzat ez dira onak, sarritan egun direnik ere ezin esan. Zelda zarratu haien itzalpean iragan behar direlarik, gartzela egunek gau amaitezinen antza dute.
Halabaina, Ainhoa, munduaren beste parte honetan esnatu naiz, eta egunkaria erosteko kalera irtetzeko askatasunarekin. Eta zer zaila den euskaldunentzat gartzela norbere erreferentziatik apartatzea. Egunkarian, euskal presoak berriro barreiatu, berriz ere - hurrin zeudenak- hurrindu dituztela irakurri dut, eta gobernuak hestutu egin nahi dituela, amore eman dezaten. Baina ito arte hestutuko ditu eta euskal presoek ez dute amore emanen, suntsituko ditu eta euskal erresistentziak jarraituko du.

Gure presoak hor daude beti, denbora beren leihopetik iragaiten da itsasontzi geldo bat bezala, eta ez dute etsiko, ez bi, ez bost, ez hamaika urtetan, galarrenan eskifaiak etsitzen ez duen bezala, porturaino eusteko. Esamesak beren zeldetara iristen dira: espainiar gobernuak edo bankeroek fanatiko edo terrorista direla esaten dute, iraultzaileek emankor eta heroe direla. Baina gure presoek badakite ez direla ez terrorista ez heroe, giza tamainuko euskal neska mutilak direla soilik. Eta giza tamainuan duintasun asko kabitzen da.







[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]

Joseba Sarrionandia

bihotz bakartien kluba