ITZALITAKO ARGI BAKOITZEKO Berandu heldu zen senarra
ohera. Loak hartu zuen hordi eta guzti. Eskuen gainean itzarturik, ausartu egin zen anderea. Esan zion gazteegi hil zitzaiola maitasuna, laztan ezak arroztu ziola ezkonaurreko bihotza, damorriak umeltzen zuela euri egunetan, barauez asetzen ikasi zuela, debeiatu zela luzeegi bizitzeaz egunak goizetan zahartzen zitzaizkionetik. Esan zion ezetz, ahanztura azkar hedatzen ari zen gaitza zela zapiek aurkako ahaleginak egiten bazituzten ere. Esan zion ezetz, ez zuela gehiago bere emakumea izan nahi eraztunari sinesgaitz egingo bazitzaion ere. Esan zion ezetz eta balizak jantzi zituen oinetan, soineko gorria beldurretan, zulatu zuen ihes-txartela eta birak eman zizkion munduari, jipoitutako promesa bakoitzeko bat, mesanotxean itzalitako argi bakoitzeko bat.
|