MUNDUA EZ DA NAHIKOA Sartu eta erantzi ondamua. Sekretua esaten diozu edozeri. Beti zabiz trenez, bidaiez, loreez, ilargiaz, izarrez, lainoez, erlojuez, denboraz. Sarritan esaten duzu ez duzula artilezko ilerik laztantzeko, ez duzula irakurtzea merezi duen ezer idazten. Neu ere bakarrik hartzen nau goizak gehienetan, taberna zulo honetara biltzen garenoi legez. Arrakalak ditugu zainen ordez, gezurrak esan eta tristura eztitzen diogu
elkarri. Arnasa hartzeko modu sinetsezina dugu, sukar iraunkorra, ispiluekin batera hautsitako
banidadea. Badakizu, gure minak ez du urrearen baliorik baina horrek ez digu gustura horditzea
eragozten. Hara, zu sartu aurretik gizon bat joan da pozarren maleta batean bala gehien gorde dituena dela
ospatuz, sariarekin loreak eta izenak erosiko ei ditu hilarriek goserik izan ez dezaten. Bihotzak betiko utzi duela pentsatu dut, mundua ez dela nahikoa behar dugun maitasunerako.
|