EGURREZKO TRENA Peruri Trenik hartu behar badut izan dadila egurrezkoa. Izan dezala aurrean soka laburra eta koloreak, bidazti bakoitzeko bat, adibidez gorria, adibidez berdea, adibidez horia, adibidez morea. Agurtu ditzala lurrunak estazioak, igo daitezela elefante tronpa luzeak leihoak zabaldu eta abisua eman dezaten bagoazela alfonbraren ortzimugarantz, irrist egiten duen itsasoa hasten den lekurantz. Trenik hartu behar badut izan dadila egurrezkoa. Jakin dezala makinistak non galdu duen ilargiak irria, kanta dezala hartzak Itziarren semea mututu zenekoa, dantza dezatela pailazoek lehenengo hanka bat gero bestea, luza dadila arratsaldea itsas-zaldi, dortoka eta olagarroek bainontzia hoztu arte. Trenik hartu behar badut izan dadila zulakoa.
|