Carusok atzekoz aurrera ematen ditu filmak edo eskumatik ezkerrera edo goitik behera. Aktoreek amaieratik hasten dituzte
elkarrizketak, berpiztu eta desagertu egiten dira, euria hodeietara itzultzen da kea zigarrokinetara legez. Zinema kritikaria dislexikoa bezain herrena da. Bere laburmetraiak oso aproposak dira olatuen gainean ikusteko. Antonio Tardiniren lehen teoriak fisika modernoa, etxekoandreen egunerokoa eta jostailugintza irauliko ditu, erlatiboa da dena. Bigarren teoriak ahuntzek espazioan lor dezaketen gehiegizko abiadura du oinarri, sexua da dena. Hirugarrenaren truke estatu kolpea, elektrodoak eta herritarren arbuioa jaso ditu, berdinak gara denak. Bada taxi gidaria izateari utzi, albistegietako aurkezle ospetsu egin eta arrats gorrietako isiltasuna bere izena bezainbat maite duen anderea, Soledad. Borrokatzeko nagi den boxeolariak Maria maite
du, eta honek, saiatu arren, ezin du pianoa atzamarrik gabe jo. Edgar Wesley trenak ekarri du txaloak jaso eta frantsesez hitz egitera. Poeta izan asmo duenak urtean behin errezitatzen ditu txakurra ur eske etorri zitzaionekoak. Gaitzik larriena euriaren pisua da haizeak zer daroan ez dakitenen lurraldean,
|