IZANGO DIRA FRUITUAK

 

Goienetxeko Tomas odol-arrastoa segika zeukala herriratu zen amesgaiztoari hasiera eman zion goiz hartan, isurtzeari alper-alperrik eutsi nahian, eta Plaza Nagusiaren erdian hil zen, Don Jesus medikuaren ahalegin desesperatuei muzin eginez, «Tomas, Tomas, ene Tomas» oihukatzen zion bere emaztea abandonatuz. Altxatu zen Don Jesus, negar malkotan, eta koadroa pelikulan heroia hiltzen denekoa zen, emakume gajo bat gizon hilari laztanka, Don Satur apaiza bere erretoliketan eta herria inguruan, koro isila. Gaizkilea, doilorra, nonbait garaile.

        Hiletak eta ehorzketa bukatutakoan baieztatu zuen Don Jesusek ahoz aho zebilena, hankatartea txikituta zeukala Tomasek, erauzita, garbi asko zegoen piztiaren batek eraso egin ziola, non eta hor hortzakatuz.

        Eta hurrengo hiru asteek herritar bana lapurtu zuten, Zubiaurreko Ramon, Makazkueko Antton eta Pagoetxeko Ramiro, eta hau izan zen etsaiaren nolakoa apur bat argitu zuena, azkeneko momentuetan «azeria, azeria» errepikatuz itzali baitzen.

        Herria ez zen herri. Margarita Intxaurza, Ateagakoa, zera esanez azaldu zen, ia itsu zeuden, ia ez al zuten ikusten azeri batek gizonei koska HOR egitea Jainkoaren zigorra zela derrigor, Ramon eta Ramiro putero ezagunak zirela eta zeruko juezak jakingo zuela beste bien bekatuen berri, animalia Jaunaren morroi leiala zen. Garrasi batean erantzun zioten Tomas eta Anttonen alargunek, isiltzeko Jainkoagatik, beraien gizonak gizaseme maitagarriak izan zirela, eta ia noiztik zeukan Zeruarekin hainbesteko tratua, bera, elizara behin ere azaltzen ez zena, mutxurdin erdi sorgina. «Putero»en alargunek, berriz,. hitzik ez, ederki ezagutzen baitzituzten hildakoen ibilerak. Herrian erabat zabalduta zegoen zerbaitengatiko zigorraren ustea. Orduan aditu zen plazan, hor zegoelako nolabaiteko biltzar iraunkorra, Sistiagako Joxek bota zuena, azeriak piztia bilakatutako pertsona behar zuela, gogoratzeko ipuin famatu hura, herrian jipoitutako umearena, basurde bilakatu zena, emakume baten arimak gidatzen zuela haren jokabidea, gizonekiko gorroto itzelak bultzaturik, eta horrela erraz entenditzen zirela animaliak egindakoak, mendekua zen, mendekua, bizi zelarik gizonek sufriarazitako emakume edo neskatila batena. Denoi orduan izen bat etorri zitzaien gogora, Karmen Torrekuakoa, herriak bizitako azkenaurreko tragedian protagonista. Karmen orbelaren gainean aurkitu zuten goiz batean, izter zuriak errekasto gorriek margotuta. Ondoan hiltzaileak erabilitako arma, neskaren atxurra.

        Eta hainbeste hitzaldiren ondoren herriko «Adimena»k ekin zion, Don Satur apaiza eta Don Jesus medikua, jakina. Hitz gutxitan, horrela labur liteke interbentzioa:

        «Herritar maiteok, tragedia handi bat bizitzen ari gara eta sufrimenduak edo esplikazio bat aurkitu beharrak eragindako xelebrekeria asko entzuten dira, Jainkoak bidalitako zigorra ote den, piztia bihurtutako pertsonaren mendekua ote den eta antzekoak. Gure onera etor gaitezen, horrelako sineskerien garaiak aspaldian pasa ziren eta gaur egun bestelako arrazoiak, egiazko arrazoiak, Adimena eta Zientziaren bideetatik bilatu behar dira eta bila daitezke. Pairatzen ari garena zera da, ohizko jokaeratik kanpo dagoen piztia baten okerkeriak eta ez besterik. Herrian, kontura zaitezte, azeri asko harrapatzen da eta gu bion ustez Naturak apur bat argi gehiago emandako azeri baten borrokaren aurrean gara, bere etsaiak menderatzen ikasi duena. Entziklopedietan ikusi ahal izan dugunez kontrarioaren "genitalei" erasotzea ez da gauza bitxia animalien artean eta gogoan edukiko duzue, noski, Doña Petraren pekinesa eta Don Pedroren mastinaren artean gertatutakoa».

        Doña Petrak pekines petral mutur zapaleko bat zuen, aurrean suertatzen zen edozeini zaunka egiten ziona, batik bat Don Pedroren mastinari, hau hogei aldiz handiagoa izanik, eta egun batean nazkatu egin zen Goliath eta David txikitu nahi izan zuen, baina honek, bizpahiru astinaldi sufritu eta gero krausk heldu zion potroetatik, gorputz guztia zintzilik, eta Goliath lokatzezko erraldoi gertatu zen berriz ere, intzirika hil egin baitzen akain horretaz askatu ezinik, lotsa-lotsa eginda, gainera.

        «Beraz, garbi asko dago egin behar duguna, inguruko eskopeta guztiak bildu eta azeri malapartatu horren larrua iturrian zintzilikatu. Etzi iruditzen zaigu egun egokia, bihar jendea etor dadin deiak eginda».

        Eta halaxe erabaki zen.

        Gizakiok gure modukoen artean paseatzen gara eta barruko zoko horretan aldamenekoa baino gehiago izateko esperantza gordetzen. Denoi gustatuko litzaiguke nabarmentzea, balentriaren bat burutzea, inbidia eragitea lagun hurkoaren bihotzetan, eta Benjamin Erkiagak bere burua ikusten zuen herrian heroi, azeri famatua akatzeak ezertan ere apartekoa ez zen bere bizitzari behar zuen bultzada emango zion, maitagarri eta miresgarri bihurtuz denon eta batez ere hark zekien horren begiko eta oheko. Beraz, piztiari utzitako azken eguneko egunsentiarekin abiatu zen Benjamin baso aldera, bi kanoitako eskopeta, munizio ugari, labana handia eta gauean egindako larru gogorrezko tangaz.

        Zenbait tokitara sartzerakoan potroak atean uztea komeni dela dio Herri-Jakintzak, eta besterik ez zuen nahi gure ehiztariak, udazkeneroko hosto-euritan ari zen basoari hurbiltzerakoan. Ez zen, ez, arbolen beldur, ez prexixamente.

        Ordubete. Ordubete eta bi koneju zintzilik. Eskopeta blai eginda zegoen izerdiz, Benjamin odol-arrastoa utziz zihoan, belarri-handiak jarioka, eta bihotzeko danbadaz baita Ameriketako azeriak ere esnatuko zituela iruditzen zitzaion, Tomas ikusten zuen balantzaka, hankatarteari helduz, eta hortzak edozein pagotan gorde zitezkeen, bera noiz irenduko ametsetan.

        Zast piztu zitzaion ideia, konejuak argiune batean pausatu eta sastraka artean ezkutatu zen, giza-adimena nagusituko zela esanez bere buruari, ia sinestarazten zion.

        Berehalaxe plazaratu zen lehenengo konbidatua, erbinude bat, hara eta hona begiratu ondoren zuzenean okela bila jo zuena. Benja agertu eta «aaah!» oihukatu zion, ez zedin harentzat ez zenaz jabe. Gizonaren ezkerraldean bi begik zizt egin zuten eta azeri eder sendo batek egin zien kosk ehiztariaren ar-ezaugarriei, honek botatako tiro bakarraren ildoaren zentimetro bat azpitik. Benjaminek indarrak bildu eta larruzko tangarekin borrokan ari zen burua kulataz kolpatu zuen. Mailuak iltzea jotzen duenean gertatzen dena gertatu zen, hortzek ras zeharkatu zuten eta Benjamini Siberia bihurtu zitzaion bihotza.

        Hostoak ikusi zituen aurrena, haizeak erorarazitakoak, eta burua altxatuz hilotz bat, akabo piztia, baina ezin garaile sentitu, zakila osorik bazuen ere koskorrik ez ziolako utzi hortzakatuz hil zen animaliak. Potro poltsa bazuen, hor eta hemen urratua, baina betegarririk ez. Ez zuen oinazerik sentitzen, sentsazio erabat xelebre bat baizik, sasoia lapurtu baliote bezala, pilak bukatzen ari zaizkion jostailuaren antzera, eta potroak galdu zituela esanez itzultzerik ez zeukala erabaki zuen.

        Hainbeste gauza gertatu eta hamarretakorako denborarik ez. Eseri zen atzera eta aranak jaten hasi. Doña Clara de Aristimuño gogoratu zuen, herriko sasidukesa, eta nola gauza ezaguna zen ezkerreko titia gomazkoa zeukala, minbiziak jotakoa kendu ziotelako.

        Hamabiak jotzen zituen kanpandorreak, halere inork ez zuen begirik altxatu erloju zaharraren aldera, Benjamin zurbil baina alai bat, azeri bat lepo gainean zeramala, plazara iristen ari zelako. «Bai, bai, hauxe da, dudarik gabe, neri ere betiko tokira egin zidan eraso» esaten zion bizkarrekoak, musuak eta besarkadak eman eta eman ari zitzaion jendeari. Bere gurasoak ondo kostata urreratu eta amak musuka jaten zuen bitartean, aitak, belarri zokora:

        — Ondo al hago?

        — Bai aita, oso ondo.

        — Badakik zer esan nahi dudan, ni aitona egiteko moduan al hago?

        — Bai, lasai, atzamarkada txiki batzuk besterik ez dauzkat, neuk garbitu eta desinfektatu ditut.

        Laster zabaldu zuen aitak seme maitea gizon osoa zetorreneko berria, herrian bere ezpalekoak bezalakorik behin ez zela sortu aldarrikatuz. Benjak, berriz, ezetz, inongo mediku beharrik ez zeukala errepikatzen zuen Anixeto zaharrak animalia larrutzen zuen bitartean. Laster zegoen gudakina iturrian ikusgarri, haragiak zakurrek jan zituzten eta berehala ekin zioten itzaltzeari azeri potrojalearen istorioak piztutako argiek, herria betiko arretasunera bihurtzen zelarik. Bazen, ordea, izen bat letra handitan, eta bazen ere, edo hobeto esanda ez zen, gatazkaren ondorena, gazte baten aringarri.

        Hanka puntetan egin zuen ohetik komunerainoko bidea eta segituan lanean hasi, blood, sweat and tears-ez betetako eginbeharra, potrodun bihurtu potrogabea. Ikustekoa da bi aran, jostorratza eta haria hartuta zernolako birgeriak egin daitezkeen.

                Udazkena zuhaitzak hostogabetzera dedikatzen da eta horretan ari zen. Benjamin eta Luisa orbelaren gainean paseatzen ziren, hitz goxoak errepikatuz elkarri, segituan desagertzen ziren bidexkak irekiz. Zera pentsatu zuen Luisak, maitasuna ere erraza dela agertzen eta ezkutatzen. Poeta arima zuen eta halako tentelkeriak bururatzen zitzaizkion.

        Eskutik heltzea, musuak aurpegian, musuak ahoan, gerritik gorako miaketa, oso normal zihoan prozesua, baina atal interesanteenetara abiatzeko garaia ikaragarri atzeratzen zen Luisaren ustez, Benjaminen eskuek ez zuten inoiz sabeleko muga zeharkatzen. Luisak ez zuen berak hasi nahi, nahiago zuen mutilari jarraitzea, baina epe bat eman zion bere buruari, Benjaminek basoan ez esandako zerbait utzi zuen susmoa areagotzen ari zitzaiolako.

        Bukatu ziren epe guztiak. Egun hartan, titi-jolasean ordu erdia pasa eta gero erabakitakoari ekin zion Luisak, eta botoiak soltatu zizkion Benjamini. Segituan igarri zion honi beldurra aurpegian, eta susmoa egia bihurtuko zen arantzak izate osoa ziztatu zion... ...ordura arteko irribarre zabalenaz loratu zen Luisa, eduki beharreko guztia han zegoen, eta maitearen eskuei erantzun ohi zaien moduan, gainera. Benjak, berriz, trantze gogor batetik irten berriaren espresioa zuen. Musuka eraso zion neskak, «nere lotsati maitea», «nire gizona, nire gizona», arratsaldea sagardo botila bana hustuz bukatu zuten, lasaitu ederra hartuta biek, kantu eta irri.

        Zoragarri zegoen basoa. Hego-haizeak hosto ihartuak harrotu eta dagoeneko neguaren beldur zen eguzkiak hurrengo udaberriaren esperantzatan bidaltzen zituen izpiak. Ingurua hori-marroi malenkoniatsua zen. Bikotea eskutik helduta barruratu eta musualdien arteko metroak gero eta urriago, saioa bortitzago. Goroldioak hartutako txoko batean egokitu eta elkarren bila abiatu ziren hemendik eta handik, razzia amorratuak eginez, konkistatutako plazez jabetuz, nagusi eta morroi, haragi eta izerdi. Bat egin zuten momentuan Luisak begiak ireki eta eguzkiak mindu egin zituen. Adar artean ezkutatu ziren aireratutako antsiak, Luisak ezerezaren gainean bailitzan heltzen zion eta Benjamini mundu honetatik bazihoan sentsazioa erne zitzaion. Bi lehergailu berdek eztanda egin zuten, mutilaren azken bizi-hondarrak neskarengana jo zuen eta honek jaso, garrasika beragatik eta biongatik.

        Izu eta nazkaz begiratu zion Luisak lotura-gunea lardatzen zuen oreari, Benjaminen hankartea putzu bat zen, eta neska negar eta oihutan galdu zen taldeburu zetorren Don Jesus medikuak lasaigarri bat zaineratu zion arte.

        Bizitzan alde batetik bestera gabiltza, Luisak kilometro mordoa zeukan eginda, bakardadean, baina halere ez zion antzematen suertatu zitzaion patuari. Herriko heroia maite izan zuen, maitagarri zelako, eta elkar maitez hil zitzaion momentu hura astindu ezinik zebilen, bere Benjamin joan egin zen, joan, eta Luisak haren umea hazten zuen sabelean. Ez zen inoiz basoan sartzen, han gordetakoak negarra eragiten baitzion, soro eta baratze artean paseatzen zen barrukoarekin solasean, eta herritarrek pena handiz begiratzen zioten «gajoari kraskatu egin zitzaion bihotza» esanez. Luisa errukarria.

        Igaro ziren neguko hotzak eta udaberriko esperantzak eta ume eder batez erditu zen Luisa udararen hasieran. Germinal deitu zion.

        Umearen jaiotza haize freskoa gertatu zen Luisaren infernurako, bizitzeko gogo berriak suspertu zuen zeharo eta herri osoa izan zen ama gaztearen alaitasunaren lekuko, egun guztia kalean pasatzen zuelako, haurraz harro-harro. Germinalen munduratzea, gainera, bost lagun eraman zituen istorio trastearen bukaera eta komunitatearen aurrerantz jarraitzeko ahaleginaren ikur bihurtu zen zenbaiten bihotzetan. Eutsi egiten zion bizitzak.

        Manuela Beitia, Luisaren ama, zeruagatik gaizki esaka atera zen dagoeneko udazken-ezaugarriez janzten hasia zen kalera eta inguratu zuen jendeak zera ulertu ahal izan zuen orro batean botatako esplikazioetan, goiz hartan bederatziak aldera igo zela Luisa eta umearen gelara eta alaba deabruak arima lapurtu balio bezala kausitu zuela, izkina batean kuzkur-kuzkur eginda makakorroka. Seaskan umerik ez, egundoko kuxidadea, konpota bota balute bezala, eta erdian hezurtxo bat, honi bai, honi ondo igarri zion, aran-hezurra zen.

 

 

© Joxean Sagastizabal

 

 

"Joxean Sagastizabal: Inguratuta gatxeuden" orrialde nagusia