Elur-ekaitza

 

        Batzuetan basa-piztia baten moduan egiten du orro,

        Bestetan, negar egiten du haur baten moduan.

 

        Historia guzti honen abiapuntua, Aksinia guztijakitunaren esanetan, Xalometievoko Paltxikov enperadorea agronomoaren alabaz maitemindu zela izan omen zen. Amodio hura sutsua zen eta gizon gizarajoaren bihotzak etsi egiten omen zuen. Gratxovka hirira joan eta traje bat egiteko agindu zuen. Arrakasta handia izan zuen traje hark eta ezin da baztertu bada praken arrastoak zoritxar honen etorkizunaren erabakitzaileak izan zirela. Agronomoaren alaba haren emazte izateko prest agertu zen.

        Ni, ospitaleko eta Untel gobernamenduaren X sektoreko medikua nintzenari zegokidanez, lihoaren trangalarekin hanka harrapatu zuen neskari egin nion anputazioaren ondotik; hain ospetsua egin nintzen hortxe ibili nintzela hartu nuen izenaren pean ez erortzeko. Egunero ehun nekazari hasi zitzaizkidan etortzen kontsultara elur-lera bideetatik barrena.

        Bazkaltzeari utzi nion. Latza da aritmetika zientzia. Kontu egin dezagun nire ehun gaixo bakoitzarekin bost minutuz egoten naizela... bost! Bostehun minutuz, hau da zortzi ordu eta hogei minutuz. Ilaran jarrita, pentsa. Horretaz gainera, ospitalizaturiko hogeita hamar lagunez osatutako zerbitzu bat banuen. Eta operazioak egin behar izaten nituen ere.

        Hitz batean esateko, gaueko bederatzietan ospitaletik itzultzean, ez nuen ez jan, ez edan, ez lo egiteko gogorik ere. Ez nuen ezertarako gogorik, erditzeko zegoen norbait etortzen ez bazitzaidan behintzat. Bi astetan eraman ninduten eta bost bider, gauez, elur-lera bideetatik barrena.

        Hezetasun nahasi bat azaldu zitzaidan begietan, goitik beherako zimur bat har baten moduan jarri zitzaidanean sudurraren hasieran. Gauez, hodei nahasi batean gaizki egindako operazioak ikusten nituen, bilutsik zeuden saihetsak eta eskuak odolez beteta nituela, orduan bada esnatu nintzen, izerdi patsetan eta pixka bat izoztuta estufaren berotasuna izanda ere.

        Bisitaldia, pausu arinez egiten nuen, atzetik arrastaka ekartzen nituela erizaina, erizaintsa eta bi emagin. Arnas neketsu eta sukarraren eraginez hitzak dioen bezala kixkaltzen zuen gaixo baten bazterrean geratzen nintzenean, nire garuna estutzen nuen eduki guztia ateratzearren. Nire behatzek azal lehor eta distiratsua ukitzen zuten, begininiak aztertzen nizkion, alboak kolpatzen nituen, bihotzaren barne-barnean entzuten nuen ezkutuko astindura, pentsamendu bakarra neukan barruan: «Nola salbatuko ote nuen. Eta beste hori, nola? Eta beste hura! Denak!»

        Atergabeko borroka zen huraxe. Goizero hasten zen, elurraren argi zurbiletan, argi-lanpara distiratsuaren laranja koloreko argi fortearen pean bukatzeraino.

        «Nola amaituko ote du honek? Interesgarria litzateke jakitea, esaten nion nire buruari gauero, elur-lerek jarraituko dute etortzen ziur aski urtarrilean, otsailean eta martxoan ere».

        Gratxovkara idatzi nuen, gizabidez adieraziz X sektorerako beste mediku bat jartzekoak zirela.

        Elur-leraz joan zen eskutitza, elurraren ozeano leunetik barrena, hemendik berrogei kilometroetara. Hiru egun beranduago iritsi zen eskutitza: horixe baietz..., horixe baietz..., nola ez bada... baina oraingoz... inor ez dago libre une honetan... ziotelarik.

        Eskutitzaren bukaeran, zenbait kunplimendu bidaltzen zizkidaten nire lanari buruzkoak eta aurrerantzean arrakasta izateko opatzen.

        Haserreturik nengoela jarraitu nuen zuloak tapatzen, dipteriaren aurkako sueroa ipintzen, zornazorro handi-handiak irekitzen, igeltsuak ipintzen...

        Asteartean ez ziren ehun lagun etorri, ehun eta hamaika baizik. Kontsulta gaueko bederatzietan amaitu nuen. Loak hartu ninduen hurrengo egunean, asteazkenean zenbat etorriko ote ziren asmatzeko ahaleginetan nengoela. Bederatziehun zeudela egin nuen amets.

        Zuritasun harrigarri batez agertu zen nire gelako leihotik goiza. Begiak zabaldu nituen, zerk esnatu ninduen ulertu ere gabe. Ondoren konturatu nintzen zer zen: norbait ate joka hain zuzen ere.

        — Sendagile jauna! (Pelagie Ivanovnaren ahotsa zen hura) Esnaturik al zaude?

        — Beno, esan nuen marmarka erdi-lotan.

        — Ospitalera joateko presaka ez ibiltzeko esatera etorri natzaizu. Bi lagun besterik ez baitaude.

        — Baina! Txantxetan ari al zara?

        — Benetan! Ekaitzarengatik da sendagile hori, ekaitzarengatik esan zuen berriro hark sarrailako zulotik barrena. Hortz kareatuak dira begiratu beharrekoak, Demian Loukitxek aterako ditu.

        — Ez da posible...

        Ohe azpiraino ere egin nuen salto, zergatik ongi jakin gabe. Eguna ondo joango zela agerian zegoen. Bisita eta gero, denbora guztia geletatik barrena ibiltzen pasa nuen (medikuarentzat jarritako bizi-lekua lau gelek osatzen zuten eta jaungoikoak daki zergatik bi etxe-bizitzek: hiru gela goikoan, sukaldea eta beste hiru behekoan) operako doinuak kantatzen, erretzen, danborra jotzen baldosetan... Baina, baldosen atzean, inoiz ikusi ez nuen gauza gertatzen zen, zera: ez zen ez zeru, ez lurrik ageri. Buelta eta jiraka ari zen hura, zuri-zuri, alde guztietatik, deabruren bat irinarekin jolasean arituko balitz bezala.

        Eguerdian, Aksiniari (medikuaren sukaldari eta garbitzaile moduan lan egiten zuen berak) hiru ontzi eta marmita batean ura irakiten jartzeko agindu nion. Bazen hilabete bat ez nintzela garbitu. Aksiniak upatxo handi-handi bat ateratzen lagundu zidan. Sukaldean lurrean ipini genuen guk upatxoa. (X delako hartan ez zegoen eztabaidatzerik bainua hartzearena. Ospitalean besterik ez baitzegoen egiterik, ez zeuden batere ondo gainera).

        Eguerdiko ordu biak aldera, kanpoan, lasaitu egin ziren korapilatzerakoan sarearen tarteak, eta nik neuk upatxoan jarraitu nuen bilutsik, burua xaboiez beteta nuelarik.

        — Honexek, honexek egiten du on... marruskatzen nuen gogoz, bizkarretik barrena ur bero-beroa botatzen nuela, horrelaxe, ederki dago! Gero bada, afaltzera joango gara, eta ondoren lo egitera. Eta asper-asper egiteraino egiten badut lo, biharamunean, ehun eta berrogeita hamar lagun ere etor daitezke. Berririk bai Aksinia?

        Aksinia ate atzean zegoen bainu-operazioa amaitzearen zain.

        — Xalometievo jabegoaren enplegatua ezkondu egiten omen da, erantzun zuen berak.

        — Ez da posible! Onartu al du?

        — Benetan! Hain maitemindurik dago..., Kantatu zuen Aksiniak, ontziteri-hotsen artean.

        — Polita al da bada andregaia?

        — Lehen mailako edertasuna bai huraxe! Ilegorria, liraina...

        — Beno, aska ezan bada!

        Une hartantxe kolpe handi bat eman zioten ateari. Ilunkiro, uraz igurtzi eta belarriz zorroztu nuen.

        — Sendagilea bainua hartzen ari da... esan zuen Aksiniak doinu kantariaz.

        — Mar... mar... mar..., marmarkatu zuen azpitik ahots batek.

        — Karta bat dago zuretzat, sendagile hori! Txiokatu zuen Aksiniak sarrailaren zulotik.

        Bildu-bildu eginda upatxotik atera nintzen patuari biraoka eta bustixea zegoen estalkia kendu nion eskuetatik Aksiniari.

        «Ez da pentsatu ere! Ez naiz hemendik mugituko. Gizona bainaiz, gauza guztien gainetik! nion nire buruarekiko, ez oso ziur, karta upatxoan irekitzen nuen bitartean.»

        Lagun agurgarri hori (harridurazko puntu ikaragarri bat) Mesed (ezabaturik) Berehala etor zaitezen eskatzen dizut arren. Buruan kolpe bat hartzearen ondorioz odoljarioa izan du sudurraren zulot (ezabaturik) eta ahotik.

        Kontua galduta dago. (Ezinean nago ni) Berehala etor zaitezela eskatzen dizut. Zaldiak primerakoak dira. Pultsu txarra dauka. Alkanforra badago. (Irakurtezineko sinadura) Sendagilea.

        «Ez dut nik egia esateko bizitzan zorterik», pentsatu nuen tristuraz, egurra estufan distiratzen ikusten nuela.

        — Gizona al da eskutitz hau ekarri duena? - Hala da bai.

        — Sar dadila!

        Sartu egin zen, eta Antzinako Erromatar bat ikusten nuela iruditu zitzaidan, belarriak estaltzen zizkion txanoaren gainean eramaten zuen kasko eder hura zela-eta. Zamar batean bilduta zegoen; haizelaster hotz batek eraso ninduen.

        — Zergatik daramazu kaskoa? galdetu nion, erdi-garbituta neukan gorputza toalla batez ezkutatzen nuelarik.

        — Barberoa nauzu Xalometievon. Su-hiltzaile talde bat dugu bertan..., erantzun zuen Erromatarrak.

        — Geure agronomoaren gonbidatu bat. Sendagile gaztea bera. Zorigaitz bat iritsi zaigu, benetako zorigaitza...

        — Nor da emakume hori?

        — Enplegatuaren andregaia.

        Aksiniari, atearen atzetik, hasperenak egin zion ihes.

        — Zer da gertatu dena?

        Aksiniaren gorputza atean itsasten entzun zen.

        — Atzo, ezkongaien eguna zen, eta ezkongaien ondotik enplegatuak elur-leran bira bat eman nahi izan zion. Zaldi trostari bat lotu, eser arazi eta etxaurre aldera zuzendu da. Baina, bat-batean abiatu egin da trostaria eta andregaia irauli egin da, hankaz gora. Eta erori egin da. Hainbesterainoko zorigaitza da, azaltzerik ere ez dagoela... Begiak itsatsita egon gatzaizkio enplegatuari, bere burua zintzilikatuko ote duen beldurrez. Erotu egin baita.

        — Bainua hartzen ari naiz, esan nuen ahots kexatiaz, zergatik ez duzue hona ekarri?

        Eta hau esanaz burua busti nuen, eta xaboia upatxotik barrena irristatu zen.

        — Ez nuen pentsatu ere egingo, zor dizudan begiramenagatik ez balitz, sendagile hori, esan zuen berak gartsuki, eskuak errukiz lotuz, ez da posible. Nexka hil egingo da.

        — Esango al didazu mesedez nola joango garen? Eta ekaitza zer!

        — Baretu egin da. Benetan jauna, erabat lasaitu. Zaldi ederrak dira haiek, azkar lotutakoak. Ordu batean izango gara bertan...

        Etsipenezko intziri baten ondotik, upatxotik atera nintzen. Amorrazioz, bi baldekada ur bota nituen gainera, ondoren belauniko estufaren ahoan askotan sartu nuen burua, pixka bat bederen lehortzeko. «Neumonia bat harrapatuko dut, zalantzarik ez, neumonia zaratatsu bat, halako irteeraren ondotik! Baina, gauza guztien gainetik, zer da nexka honekin egingo dudana? Mediku honek, bere kartak azaltzen du nik baino esperientzia gutxiago daukala. Nik ez dakit ezertxo ere, baina sei hilabetetan hartu dut praktika pixka bat, berak berriz ezta hori ere. Argi dago unibertsitatetik atera berria dela. Eta ni esperientziaduntzat nauka...»

        Nire pentsamenduetan sartuta nengoela, ez nintzen konturatu ere egin jantzita nengoela dagoeneko. Operazio huraxe ez zen errazenetariko bat, ez horixe! Hara: praka batzuk eta brusa bat, feltrozko botak, brusaren gainetik larruzko txamarra bat, beroki bat eta ardi-larru bat gainetik, larruzko txano bat, poltsa bat alkanforra, morfina, adrenalina, matxarda hemostatikoak, gasa esterilizatua, xiringa bat, sonda bat, errebolber bat, zigarroak, poxpoluak, erloju bat eta estetoskopio batekin.

        Hori ez zitzaidan bat ere harrigarria iruditu ilunabarra bazegoen ere; eguna bazihoan jadanik geuk azkeneko etxea pasatzen genuenean. Elurra bazirudien ez zuela hain gogor ari. Zeharka, zentzu bakar batean, nire eskubiko masailaren gainera. Su-hiltzaileak, mendi baten moduan jarrita, lehendabiziko zaldiaren atzealdea estaltzen zidan. Modu onean zihoazen egia esateko zaldiak, oldartu egin ziren, eta elur-lera, gurtarrastoetan hasi zen erortzen. Bota egin nintzen barrura, berehala beroan sartuta, neumonia zaratatsua, behin-behineko ebakiren bat eta garunean hezur-printzaren bat sartzea nexkari etorri zitzaizkidan gogora...

        — Hauek al dira su-hiltzaileen zaldiak? galdetu nuen nik ardi-larruzko lepotik barrena.

        — Bai horixe... esan zuen hortz artean elur-lerazainak atzera jiratu gabe.

        — Zer da bada sendagileak egin diona?

        — Berak... beno bo ... sexu-gaitzak dira hain zuzen ere berak ikasi dituenak, bo ... bo ...

        «Bo... bo...», egin zuen orro ekaitzak basotxoan, albotik egin zuen ziztu ondoren, eta haizebolada bat izan zen... Kulunkatu... kulunkatu egiten ninduten... Sandounovskien, Moskun aurkitu nintzen arte. Orduan, ardi-larruarekin, arropa gordelekuan nengoen izerdi patsetan. Suziri bat piztu zen gero, hotza sar zitekeen, begiak zabaldu nituen eta kasko gorrimin bat ikusi nuen distiratzen, suteren bat izango zela iruditu zitzaidan... Esnatu egin nintzen gero eta iritsiak ginela ohartu nintzen. Itxuraz Nikolas Lehenaren garaiko etxe baten harmailaren aurrean nengoen. Iluntasun sakon-sakonak inguruan. Su-hiltzaileak ongi-etorria ematera etorri zitzaizkidan, eta emakume bat euren buru gainean ari zen dantzan. Nire ardi-larruko tartetik erlojua atera eta zera ikusi nuen: Bostak zirela. Ez genuen beraz ordu betez bidaia egin, bi ordu t' erdiz baizik.

        — Emaizkidazu zaldiak berehala, esan nuen nik.

        — Zeure aginduetara, erantzun zuen lerazainak.

        Erdi lotan, blai blai eginda larruzko nire atorran konpresa batean bezalaxe iritsi nintzen sartzeko lekura. Lanpara baten argiak distiratzen zuen alboan, margoturiko lurraren gainera erortzen zen argi-printza bat. Orduantxe izan zen, ile argia, erasoturiko begirada, zuela gutxi plantxatuak zeuzkan prakekin agertu zenean gazte bat. Orin beltzezko korbata zeharka zeukan jarrita, alkandoraurrea konkor baten moduan nabarmentzen zen, baina haren jaka hutsik gabe zegoen, berria zirudien, eta zimurdurak metalikoak bailiran.

        Gizonak zeru aldera luzatu zituen besoak, nire ardi-larruari eutsi, neri astindu bat eman, nire aurka estutu eta ondoko oihutxoak hasi zen botatzen:

        — Ene... sendagile        hori... mugi... hiltzear dago nexka. Neu nauzu hiltzailea.

        Begiratu bat bota zuen albora, latz eta ilunak ziren begiak zabaldu eta zera aldarrikatu zion ez dakit nik nori:

        — Hiltzaile bat duzue hementxe, neu.

        Negarrez hasi zen gero, zeuzkan ile pizarrak heldu, indarrarekin tiratu eta benetan ile-mordoxkak ateratzen zituela behatzotan korapilatuz, ohartu nintzen.

        — Aski, esan nion besoak estutuz.

        Norbaitek arrastaka eraman zuen. Zenbait emakume presaka atera ziren.

        Neraman larrua kendu zidaten eta festarako tapiztxoei jarraituz ohe zuri baten ondoraino eraman ninduten. Sendagile gazte bat bere aulkitik altxatuta ondora etorri zitzaidan. Begi kezkatuak, babesik gabekoak zeuzkan. Une batean, ni bera bezain gaztea nintzela ikusi zuenean, harridura nabarmendu zen haren begiradan. Azken finean, aurpegi bereko bi erretratu ematen genuen, eta adin berekoak gainera. Baina gero, ni ikusteak poz handia eman ziola nabaritzen zitzaion.

        — Bai kontentu nagoela... ene lagun hori... hara... ikusi, pultsua ahultzen ari zait. Egia esateko benerologoa nauzu. Zu etorri izanak kontentu jartzen nau oso...

        Mahai gainean, gasa puska baten gainean xiringa bat zegoen, laranja kolorezko olioz beteriko anpulu batzuk ere. Norbaitek itxi berria zuen atetik heltzen zitzaizkigun enplegatuaren negarrak, zuriz jantzitako emakume baten irudia azaldu zen atzetik. Iluntasunean murgilduta zegoen gela, trapu berde batez estali zuten lanpararen bazterra. Itzal berdexka hartan murtxikatutako paperezko aurpegi bat zegoen burukoan atsedenean. Ile-mordoxketan zintzilik zeuden ile argiak, nahastuta erabat. Sudur zorrotzekoa zen eta sudur-zuloak odolez gorritutako kotoi batez estaliak zeuzkan.

        — Pultsua..., marmarkatu zuen medikuak.

        Bizirik gabeko besoari eutsi nion, ohizko keinu batez ipini nizkion behatzak eta zirgit egin nuen. Neure behatzen azpian, kolpetxoka, dardarka sentitu nuen, biziki, ondoren denak burrunbatu zuen, estalkiaren azpian kuzkurtu egin zen haren gorputza, jelatuta bezalaxe, erlaxatu egin zen gero. Eta azken itxaropenezko printzak alde egin zidan behatzen artetik.

        — Hilda dago, esan nion sendagileari belarrira.

        Urdin koloreko ileak zeuzkan irudi txuria, ondo luzaturiko estalkiaren gainera erori zen, haren kontra itsatsi eta dardarka hasi.

        — Poliki, poliki esan nion belarrira zuriz jantzitako emakumeari, medikuak keinu mingarri batez ate aldera begiak okertzen zituenean.

        — Gaixorik jartzen nau, esan zuen ahopetik.

        Denek batera erabaki genuen orduan zer zen egin behar genuena, zera: ama, gelan negar egiten utzi, inori ezer ez esan eta beste gela batera eraman enplegatua.

        Bertan, zera esan nion:

        — Ez badiguzu injekzioa jartzen uzten, ezingo dugu lanik egin. Traba egiten diguzu eta lana egitea galarazten!

        Bere adostasuna adierazi zuen berak orduan; leunkiro negar eginez kendu zuen jaka; bere ezkongai aroko alkandoraren besoa bildu genion eta morfina-xiringa bat ipini. Medikua hilaren bazterrera joan zen diotenez zaintzeko asmoarekin, ni berriz enplegatuarekin geratu nintzen. Morfinak, uste genuena baino lehenago izan zuen eragina. Ordu laurden bat beranduago, intziriak eta negarrak gero eta apalagoak egiten ziren, koherentziarik gabekoak, eta enplegatua loak hartzen hasi zen. Ondoren, bere aurpegi atsekabetua beso gainean jarrita hartu zuen lo. Famili arteko istilua, negarrak, zurrumurruak, oihu itogarriak, ez zuen ezertxo ere entzuten hark.

        — Hara, lagun maite hori, arriskutsua izango da inora abiatzea. Galtzeko arriskuan zaude, esaten zidan medikuak ahopetik, gera zaitez sarreran, pasa ezazu bertan gaua...

        — Ez, ezin dut. Joan beharra daukat nola edo hala. Hitza eman didate berehala ekarriko nautela.

        — Ekarriko zaituzte bai hala da, baina pentsa ezazu ondo...

        — Tifusaiderekin dauzkat hiru kasu utzi ezin ditudanak. Gaur gauean joan beharra daukat haiek ikustera.

        — Baina, nik jakinaren gainean jartzen dizut...

        Urarekin nahastu zuen alkohola edatera behartu ninduen eta sarreran bertan jan nuen urdai-azpiko zatitxo bat. Sabela berotu zitzaidan atzera eta tristura pixka bat nagusitu bihotzean. Azkenekoz joan nintzen gelara, hildakoari begiratu, enplegatua ikustera pasa, medikuari morfina anpulu bat utzi eta ondo babestuta eskaileratatik barrena jaitsi nintzen.

        Bertan, ekaitza ziztuka at, zen, zaldiak burumakur elurrak astindu egiten baitzien. Kolokan zegoen zuzi bat.

        — Eta bidea ezagutzen al duzu? galdetu nuen nik ahoa babesean jarriz.

        — Horretarako bai, erantzun zuen lerazainak triste (berak ez zeraman kaskorik), baina geratu egin behar zenuen...

        Eta haren larruzko txanoaren belarrietan ere nabari zitekeen ez abiatzeko irrikitzen zegoela.

        — Geratu beharra daukagu, erantsi zuen bigarrenez, zuzi bizi bat eskuan zuela, kanpoan ez dago eguraldi onik.

        — Hamabi kilometro... hasi nintzen marmarka ilunkiro, iritsiko gara bertara. Larri dauden gaixoak dauzkat nik eta...

        Leratxoan sartu nintzen ni.

        Onartu beharra daukat ez erantsi izana, zoritxarra nagusitzen zen eta zer eginik ez neukan eta alferrikakoa nintzen etxe hartan geratzeko pentsamendua eramangaitza egiten zitzaidala.

        Lerazainak, itxaropen gehiagorik gabe bere aulkiaren gainean erortzen utzi zuen bere burua, berriz ere zutik jarri, astindu bat eman, eta etxaurrea pasa genuen azkar. Zuzia desagertu egin zen, desagertzen bezala hala itzalita la. Baina, geroxeago beste gauza batean jarri genuen interesa. Zailtasunez bira ematen nuela, konturatu nintzen ez bakarrik zuzia ez zegoela hain nabarmen, baizik eta Xalometievo, bere etxe eta guzti amets batean bezalaxe desagertu egin zela. Horrexek harrituta utzi ninduen modu txarrean.

        «Tira, motel...» pentsatu edo marruskatu nuen. Une batez atera nuen sudurra, baina berehala sartu, hain eguraldi txarra zegoen eta. Mundu guztia zentzu guztietara zabaltzen zen pilota bat bezalakoxea izanik.

        Itzultzea bururatu zitzaidan. Baina uko egin nion hari, gehiago sartu nintzen belartzimeletan elur-leraren barnean, txalupa batean egongo banintz bezalaxe nengoela, kuxkurtu eta begiak itxi nituen. Berehalaxe agertu ziren berriro lanpara gaineko zapi berdea eta aurpegi zuzia. Halako batean dena argitu zen, zera: «Kaskezurraren haserako haustura bat da... halaxe da, bai, bai... halaxe da!». Egin nuen diagnostikoa zuzena zela ziur egotea zoragarria iruditu zitzaidan. Jakintsuaren trazak hauexek. Halaxe da bai, baina zertarako? Une honetan horrek ez du ezertarako balio eta lehen ere horrek ez zuen ezertarako balioko. Zer egingo nuen nik haustura honekin! Hau zorigaitzeko etorkizuna hau! Bai zentzugabekoa eta ikaragarria dela hemen bizitzea! Zer gertatuko ote da orain agronomoaren etxean? Pentsatze hutsa ere tristea da benetan! Nire zorteaz errukitzen hasi nintzen gero. Zein bizitza zaila dudan nik! Une honetan lotan dago jendea, estufak bero-bero daude eta nik ezin izan dut berriz ere garbitu. Ekaitzak eraman egiten nau orri bat izango banintz bezala. Hara, nire etxera iristera noa eta agian nonbaitera eramango naute berriro. Neumonia bat harrapatu eta hementxe bertan hilko naiz... «Nire buruaz erruki izan eta gero iluntasunean murgildu nintzen, zenbat denboraz ez dakidala. Ez nintzen berriz ere bainuetan aurkitu oraingo honetan, hotzak bainengoen. Gero eta handiagoa zen hotza» .

        Begiak zabaldu nituenean, bizkar beltz-beltz bat ikusi nuen; ez ginela mugitzen konturatu nintzen arte, geratuta baikeunden.

        — Iritsi al gara? galdetu nuen nik, oraindik artegatsu ziren begiak zabal-zabal eginez.

        Lerazaina, beltz-beltz, tristuraz beteriko mugimendu bat izan eta berehala jaitsi zen; zentzu guztietan bira ematera behartzen ziotela iruditu zitzaidan, eta zera adierazi zuen begiramen arrastorik gabe:

        — Iritsi gara... Entzun beharko litzateke zer den zuri esan... Zer nolako itxura daukan! Hemen geratuko gara gu eta zaldiak ere...

        — Ez genuen bidea galduko?

        Bizkarra jelatu egin zitzaidan.

        Esango al didazu zein bide? erantzun zuen lerazainak ahots nahigabetu batez. Une honetan, mundu guztia da bidea. Alferrik hilko gara... Badira lau ordu bidean gaudela, norabide jakinik gabe... Atseden apur bat...

        Lau ordu. Kezkatzen hasi nintzen, erlojua tapatu nuen, poxpoluak atera nituen. Zertarako? Ez zuten ezertarako balio, ez zen poxpolu bakar bat ere pizten. Poxpolu bat igurtzi eta piztu egiten zen, baina sugarra berehala desagertu egiten zen.

        — Lau ordu inguru esan dizut, bota zuen lerazainak doinu ilun batez, zer egingo dugu orain?

        — Non ote gaude gu orain?

        Hain leloa zen bota nuen galdera, lerazainari alferrikakoa iruditu zitzaiola erantzutea. Alde guztietara mugitzen zen, baina zenbaitetan, geldirik zegoela iruditzen zitzaidan eta neu nintzela elur-lera mugitzen zuena. Barrutik atera eta berehala konturatu nintzen lurretik hurbil belaunetarainoko elurra neukala. Azkeneko zaldia sabeleraino sartu zen elur-muino batean. Kuma, emakume burusoil bati ileak bezalaxe zintzilikatzen zitzaion.

        — Bakar-bakarrik gelditu al dira?

        — Halaxe da bai, leher eginda daude animali horiek...

        Halako batean zenbait kontakizun etorri zitzaizkidan gogora eta ez dakit nik zergatik, Leon Tolstoi nuen gogokoena hain zuzen ere.

        «Kontentu aurkitzen zen oso Iasnaia Polianan, pentsatzen nuen, baina egia esateko ez omen zuten hildakoen albora eraman...»

        Su-hiltzailea eta ni neugatik ere erruki sentimendu bat izan nuen. Gero berriz ere borrokaldi basati bat sufritu nuen. Bular barnean itotzen zitzaidan hala ere.

        — Koldarkeri hutsa da... marruskatu nuen hortz artean.

        Energia sutsu bat ernatu zen orduan nigan.

        — Entzun nire lagun horrek, esan nuen nik, hotzak jelatzen ari zitzaizkidala sentitzen nuelarik, ez dago norbera etsipenak irabazten utzi beharrik, gainerakoan hementxe geratuko gara benetan. Geratu dira pixka batean, hartu dute atsedena, jarraitu beharra dago beraz. Aurrera, eutsi aurreko zaldiaren aho sokei, nik neuk gidatuko dut. Abiatu beharra dago, lurperatuak izango baikara gainerakoan.

        Larruzko txanoaren belarriak etsiak hartuta bezalaxe zeuden, baina hala eta guztiz ere, lerazainak aurrera jarraitzen zuen. Herrenka, erorka harrapatu nuen lehendabiziko zaldia. Gure enborrak luzera etengabea zuela iruditu zitzaidan. Lerazainaren irudia ilun ageri zen nire begietan, ekaitzaren elur-bustia erortzen zitzaidan begietara.

        — Aida, aida! bota zuen intzirika lerazainak.

        — Aida! Aida! oihukatu nuen, uhalei zart egin araziz.

        Enborrak dardar egin zuen leunkiro, trabatzen hasi zen. Elur-lera uhinen gainean bezalaxe kulunkatzen zen. Lerazainak, oso handia batzuetan, txiki-txikia bestetan, aurrera egiteko ahaleginak egiten zituen.

        Ordu laurden inguruan jarraitu genuen guk horrela. Elur-leraren intziriak erregularragoak bihurtzen zirela sumatu nuen azkenean. Alaitasuna ernatu zen nigan zaldiaren atzeko kaskoak agertzen ikusi nituenean.

        — Ez da sakona, hara bidea! oihukatu nuen.

        — Iso... iso..., erantzun zuen lerazainak.

        Arrastaka hurbildu zen niregana, eta kolpe bakar batez, handiagoa bilakatu zen.

        — Bidea ematen du honek, bota zuen pozik su-hiltzaileak, ahotsak txorrotxio bat zuelarik. Ez al gara galduko berriro... agian...

        Bakoitza bere lekura itzuli zen berriro. Kemen handiagoarekin zihoazen zaldiak. Kuzkurtuta bezala zegoen elur-ekaitza, apaltzen hasia zela iruditu zitzaidan. Baina gainean, alboetara, ez zegoen ezertxo ere, ilar-txiki txar hura izan ezik. Ez neukan hain zuzen ere erietxea aurkitzeko itxaropenik. Iristeko gogoa neukan, nora, ez zuen axolarik. Jendea bizi den tokiren batera eramango du ziur aski bide honek.

        Zaldiek lorrei zakarkiro tira egin eta pausua arindu egin zuten. Poztu egin nintzen ni, arrazoia oraindik ere jakin gabe.

        — Etxeren bat harrapatuko ote zuten? Galdetu nuen nik.

        Lerazainak ez zidan erantzun. Elur-leran zutituz horizontea miatzen hasi nintzen. Hots arraro bat, tristuraz eta gaiztakeriaz beterikoa nonbait sartu zen ilunpetan, baina berehala isildu zen. Zergatik ez dakit baina sentsazio atsegin bat izan nuen eta berriz ere ikusi nuen enplegatua bere ahots apalez negar egiteko tankeran burua besoetan jarrita zuela. Halako batean, eskuinetara puntu ilun bat topatu nuen, handitzerakoan katu beltz baten itxura hartzen zuena.

        Gehiago handitu zen gero eta hurbildu egin zen. Su-hiltzailea berehala hurbildu zen niregana, matelezurra dardarka ikusi nion, eta zera galdetu zuen:

        — Ikusi al duzu, sendagile horrek?...

        Zaldietako bat eskubi aldera bota zen, bestea ezker aldera; une batean su-hiltzaileak nire belaun gainera bota zuen pisu guztia, harridurazko oihu bat egin, zutik jarri berriro, eusteko leku bat topatu eta uhalei tira egin zien. Dardarizo bat izan nuen gorputzean zehar zenbait alditan. Behin nire onera etorrita, eskua bularrean ipini nuen, pistola baztertu, bigarren kargadorea ahaztu izana madarikatzen nuelarik. Baina azken finean ez banuen bertan gaua pasa nahi, zergatik ez nuen ekarri suziririk? Egunkarian, guri, niri eta zoritxarreko su-hiltzaile horri, zegokigun txosten bat ikusi nuen pentsamenduetan.

        Katua handitu egin zen, txakur bihurtuz eta elur-leratik ez oso urrun ibili zen inguruan. Jiratuta, gure atzean hurbil samar lau hanketako beste piztia bat ikusi nuen. Zin egin dezaket belarri zorrotzak zituela eta elur-leraren atzetik errez mugi zitekeela, solairu baten gainean bezalaxe. Haren lasterketan bazen mehatxati eta ozarra zen gauzarik. Zakur-talde bakar bat ala bi? pentsatu nuen, eta «zakur-talde» hitza irakiten zegoen ur zurrusta bat larru gainean botea iruditu zitzaidan, hanketako behatzetatik joan egin zitzaidan jela.

        — Helduiozu zerbaiti eta eutsi zaldiei, tirako dut nik, esan nuen nik ohizkoa ez nuen ahots batez, ezezagun batena baizik.

        Lerazainak, erantzun bezala harridurazko hots bat egin eta burua sorbalden artean sartzearekin aski izan zuen. Nire begien aurrean distiratu zuen zerbaitek eta hots egiten zuen inor gorra uzteko moduan. Bigarren aldiz gero eta hirugarrenez ere. Ez naiz gogoratzen zenbat denboratan egon ahal izan nintzen elur-lera barruan botea hala. Zaldien bufada sarkor eta sakona entzun nuen, nire errebolberra estutu nuen, zerbaiten kontra jotzen nuen buruarekin, barrutik altxatzen ahalegintzen nintzen beldurra akabatzen, bilutsik zegoen gorputz bat sentituko nuela bular gainean iruditzen zitzaidan. Hesteak pentsamenduan deseginak ikusten nituen...

        Orduan zera esaten hasi zen lerazaina oihuka:

        — Ene, ene... ene... hara hor... hara hor... Jauna... Zoaz, zoaz...

        Ardi-larru pisu honen muturrera iritsi nintzen, eta besoak libre neuzkala altxa nintzen. Ez atzean, ez alboetan ez zegoen animali beltzik.

        Elur-malutatxo dexente erortzen ziren, eta estalki fin horretan ñir-ñir egiten zuen begirik zoragarrienak, milen artean ere ezagutuko nuen begiak, une hartantxe ere ezagutzen nuena, zerak: nire ospitaleko farolak. Ore ilun bat altxatzen zen haren atzean. «Jauregi bat baino nahiko ederragoa» pentsatu nuen eta, halako batean estasiak hartuta bitan gehiago bota nuen errebolberrarekin su-hiltzailea atze aldera, otsoak desagertu ziren leku hartara.

        Su-hiltzailea, medikuaren etxe harrigarriaren bi pisuak elkartzen zituen eskaileraren erdian zegoen, ni eskailera horren gainean, eta Aksinia, behean ardi larruz jantzita.

        — Urrea ematen baldin badidate ere, hasi zen gurtzaina esaka, ez dut egingo...

        Ez zuen esaldia bukatu, gesaldutako alkohola edan zuen zurrutada bakar batez, marmar egin zuen zarataz, Aksinia aldera jiratu eta zera erantsi zuen bere gorpuzkerak ematen zion adina besoak zabalduz: «Hau bezain handia...»

        — Hilda al dago? Ez al dute salbatu: «Hau bezain handia...»

        — Halaxe da bai, hilda dago, erantzun nuen indiferentziaz.

        Ordu laurden bat beranduago isilik zegoen dena. Behean, argia piztuta zegoen. Ni goian geratzen nintzen bakarrik. Barre dardarti batek hartu ninduen, ez dakit nik zergatik: askatu egin nuen alkandora, berriz ere lotu gero, liburuen apalera hurbildu nintzen, kirurgiazko ale bat hartu nuen kaskezurraren hasierako hausturei buruzko zer edo zer begiratzeko asmoz, eta berriz ere utzi egin nuen liburua.

        Behin arropa kenduta, mantaren azpian murgildu nintzenean, hozkirri bat izan nuen une batez, desagertu egin zen gero eta berotasuna sumatu muen gorputz guztian zehar.

        — Urrea ematen badidate ere, esan nuen nik marmarka erdi lotan, ez naiz sekulan gehiago joango...

        «Joan egingo zara... bai, joan egingo zara...», egin zuen ziztu ekaitzak trufati. Trumoi-hotsa eginez teilatuan zehar pasa, tximiniatik barrena kantatu gero, ihes egin, zart egin leihoaren atzean eta desagertu egin zen.

        «Joan egingo zara... joan egin-go-zara...» errimatzen zuen dindilikariak gero eta urrutiago, gero eta urrutiago...

        Eta besterik ez. Isiltasuna. Loa.

 

 

 

© Mikhail Bulgakov
© itzulpenarena: Begoņa Lasa

 

 

"Mikhail Bulgakov: Mediku baten oroitzapenak" orrialde nagusia