Altzairuzko zintzurrestea

 

        Honela bada, bakar-bakarrik geratu nintzen. Azaroko iluntasunak eta haren elur-zurrunbiloek inguratzen ninduten. Lurperatuta zegoen etxea, tximiniak orro egiten hasiak ziren. Nire bizitzako hogeita lau urteak hiri izugarri batean igaro nituen eta elur-ekaitzak erromatarren garaian bakarrik orro egiten zuenaren ustetan nengoen. Egia esateko eder baino ederrago egiten du orro. Gauak hemen luze samarrak ziren, pantaila urdindun lanpara leihoaren belztasunean isladatzen zen, nire ezkerretara distiratzen zuen orban honetan begiak ipinita ametsetan ari nintzen. Ametsetan ari nintzen berrogei kilometroetara zegoen hiri harekin. Hara ihes egiteko irrikitzen ari nintzen lanpostu hau uztearren.

        Han bazegoen argindarra, kontseilua eska niezaiekeen lau sendagile, eta bertan gerta zitezkeen gauzak ez lirateke izugarriak izango. Baina ez neukan ihes egiteko inolako aukerarik eta pixkanaka pixkanaka konturatu nintzen ahultasunak irabazten zidala. Ez nituen horretarako egin noski ikasketak medikuntzako fakultatean...

        «... Alabaina, ohizkoa ez zen oheraketa egiteko eramanez gero emakumeren bat? Edota, pentsa, itotako hestesobreren bat, zer egin? Emaizkidazue zuen kontseiluak mesedez. Berrogeita zortzi egun dira fakultatea utzi nuela «Bikain» jarri nindutelarik, alabaina ohorezko ezarketa gauza bat da eta hestesobrearena bestea. Behin bakarrik izan nuen irakaslea itotako hestesobre baten ebakuntza egiten ikusteko aukera. Ebakuntza egiten zuen berak, eta ni anfiteatroan aurkitzen nintzen eserita. Ez besterik ...»

        Sarritan hestesobreaz pentsatzen ari nintzela, izerdi hotza sumatzen nuen bizkarrezurretik barrena. Gauero, tea hartu eta gero ondoko modu honetan geratzen nintzen beti eserita: nire ezkerretara kirurgi-ostetrizia esku-liburuak gainean Doderlein txikia zutela eta eskubietara ebakuntza kirurgiako hamar liburu-ale desberdinak, eskemez beterikoak. Intzirika, erretzen, te beltza hotz-hotza zegoela hartzen aritzen nintzen...

        Loak hartuta nengoen: ederki aski gogoratzen naiz gau hartaz, Azaroaren 29a zen, ateko zarata batek esnatu ninduen. Bost minutu geroxeago prakak jantzi nituen ebakuntza kirurgiako liburu miresgarri hari nire erreguzko begirada kendu ezinik. Patinen karraska bat entzun nuen pasiloan zehar: nire belarriak oso bereziak bilakatzen ziren halako gauzak sumatzeko. Egia esateko hestesobre bat edo zeharkako agerpenen bat baino okerragoa zen Nikolskoieko ospitaleko kontsultara eraman zidaten nexkarena. Zera adierazi zidan ixilka:

        — Ahula da nexka, hiltzen ari da... Jauna, etor zaitez mesedez ospitalera...

        Pasiloa zeharkatu nuela gogoratzen naiz, ospitalearen sarrerako petrolio-argirantz eramana izan nintzela, dizdizka etengabe begiratzen niola, liluraturik bezala. Kontsultako gela piztuta zegoen dagoeneko eta nire laguntzaile guztiak neuzkan zain, jantzita zeudela atorra eta guzti. Hauek, Demian Loukitx erizaina, gaztetxoa baina trebea oso, eta esperientzia handiko bi erizain ziren, Anna Nikolaievna eta Pelagie Ivanovna hain zuzen ere. Ni, duela bi hilabete sendagile eta Nikolskoieko ospitaleko buru izateko izendatua besterik ez nintzen.

        Erizainak handikerazko keinu batez zabal-zabalik jarri zuen atea eta ama agertu zen. Ziztu bizian sartu zen bera, eramaten zituen feltrozko botetan irristatzen zelarik. Fularreko elurra oraindik ez zitzaion urtu. Besoetan, erritmo erregularrean orroka eta txistuka ari zen konkor bat zeraman. Aurpegi asaldatua zeukan, eta negar egiten zuen ixilka. Ardi-larrua eta fularra erantzi eta fardela askatu zituenean, hiru bat urte izango zituen neska txiki bat ikusi nuen. Begiratu egin nion eta une batez ahaztu nituen ebakuntza-kirurgia, bakardadea, unibertsitatean alferrikakoa izan zen jakintza-pilatzea: guztiak ahaztu nituen ausarki, nexkaren edertasunaren aurrean. Zerekin egin konparaketa? Halako haurrek bonboi kaxetan margotzen dituzte bakarrik, honela; ile kizkurra berezkoa dutela, zekale ia soildurikoen koloreko kizkur handiekin, begi urdin ilun ikaragarridunak, panpin-masaildunak. Aingeruak izaten dira hala margotzen dituztenak. Alabaina, hodei arraro bat ipini zitzaion begien barne-barnean, beldurra zela huraxe ohartu nintzen: arnasarik ezin zuen hartu. «Hemendik ordu batera hilko da», pentsatu nuen erabateko ziurtasunez, mina sentitu nuen bihotzean...

        Arnasa hartze bakoitzean neska txikiaren eztarria hondoratu egiten zen, zainak handitu egiten zitzaizkion eta haren arrosa kolorezko aurpegiak more kolorea hartzen zuen. Berehala konturatu nintzen kolore honek zer adierazi nahi zuen. Instanteko ohartu nintzen hura zenaz, zehatz-mehatz egin nion diagnostikoa eta esan beharra dago erizainekin batera egin nuela, esperientzia baitzuten hauek, zera:

        «Croup dipterikoa du nexkak, mintzek eztarria trabatu diote dagoeneko eta, erabat itxita geratuko zaio aurki...»

        — Zenbat denbora darama gaixorik galdetu nuen nik nire laguntzaileen isilune arretatsuaren aurrean.

        — Bosgarren eguna du, bosgarrena bai horixe, esan zuen amak bere begi lehorrez zuzen-zuzen begiratzen ninduela.

        — Croup dipterikoa, esan nion nik erizainari marmarka.

        Eta amari ondoko hau:

        — Zertan ari zara pentsatzen, esaidazu, zertan?

        Une horretantxe atzean ahots negarti bat sumatu nuen, ondoko hau:

        — Bosgarren eguna, sendagile jauna, halaxe da bai, bosgarrena!

        Jiratu egin nintzen eta emakume zahar isil bat ikusi nuen bere aurpegi borobil-borobila fular batean bilduta zuena.

        «Bai ona izango litzatekeela halako emakume zahar onik egongo ez balitz gehiago», pentsatu nuen arriskuren bat hurbiltzen zela tristuraz susmoa izanik.

        — Zu zahar hori isildu zaitez, traba egiten didazu, esan nion.

        Eta amari zera adierazi nion berriz ere:

        — Zertan ari zara pentsatzen bada? Bost egun horietan? Hala al da?

        Bat-batean, ustekabeko keinu batez amak zaharrari nexka eman eta nire aurrean belaunikatu zen.

        — Emaizkiozu tantak, kopetak zorua jotzen zuelarik, bera hiltzen baldin bada, lepotik zintzilika jarriko naiz.

        — Altxa zaitez berehala, erantzun nuen nik, gainerakoan ez dizut gehiago jaramonik egingo.

        Buelo handiko gona zeramalarik azkar-azkar altxa zen ama, zaharrari besoetarik nexka kendu eta kulunkatzen hasi zen. Zaharra errezatzen hasi zen atearen marko aldera jiratuta, neskak berriz, suge batek bezalaxe hartzen zuen arnasa. Zera esan zidan erizainak:

        — Denek igualtxo egiten dute. Hau jendea hau!

        Hitz hauek esatean bibotea alde batera okertu zitzaion.

        — Hil egingo al da bada? galdetu zuen amak, nire ustetan amorrazio ilun batez begiratzen ninduela.

        — Bai, esan nion nik ahotsa bortxatu gabe, baina ziurtasunez.

        Berehala, zaharrak gona azpitik hartuta begiak lehortu zituen. Amak berak bere onetik ateratako ahots batez zera esan zidan oihuka:

        — Emaizkiozu, zerbait egin ezazu! Emaizkiozu tantak!

        Argi eta garbi ikusten nuen zer zen heldu zitzaidana eta tinko aritu nintzaion hari; honela:

        — Esango al didazu zer nolako tantak mesedez? Esaidazu mesedez! Nexka itotzen ari da, txikituta dauka dagoeneko eztarria. Bost egunetan zehar utzi duzu zeure haurra hiltzen hemendik bost kilometroetara. Eta zer nahi duzu nik egitea?

        — Zuk zeuk jakin behar duzu, sendagile jauna; esan zuen zaharrak naturaltasun handiegirik gabeko ahotsaz, nire ezkerreko sorbaldaren gainean negar egiten zuela.

        Gorrotoa hartzen hasi nintzaion berehala.

        — Ixo! esan nion.

        Eta erizainaren aldera jiratuta, nexka hartzeko agindu nion. Amak emaginari eman zion. Neskatila mugitzen hasi zen; itxuraz garrasi egiten saiatzen zen, baina ahotsa ez zitzaion ateratzen jadanik. Amak babestu egin nahi zuen, baina baztertu egin genituen guk. Tximist-lanpararen argipean lortu nuen beraz nexkaren eztarria ikustea. Ordurarte inoiz ez nuen dipteriarik ikusi, azkar ahazten diren ardurarik gabeko kasuak izan ezik. Eztarrian, zurixka zen zer edo zer ikusten zitzaion, apurtuta egongo balitz bezala, eta gargarak egiten ari zena. Nexkak bat-batean haizea bota zuen eta aurpegira txistua bota zidan, ez nuen ordea ez dakit nik zergatik begiengatik inolako beldurrik, nire burutazioek kezkatzen baininduten.

        — Hara esan nuen, nire lasaitasunaz harriturik, ondoko hau dugu egoera: Beranduegi dugu, nexka hiltzear dagoelarik. Alferrik ari zara ez badiozu zera egiten, ebakuntza.

        Zergatik esan ote nuen nik hura? Ni neu ere harrituta ninduen, baina ez neukan esaterik.

        Eta ados azaltzen badira haiek? Pentsamendu honexek nahasten zizkidan barrenak.

        — Nola baina? galdetu zuen amak.

        — Eztarripean ireki behar zaio eta zilarrezko tubo bat ipini arnasa hartu ahal izan dezan; agian orduan salbatuko dugu, adierazi nuen.

        Amak eroek begiratu ohi duten bezala begiratu zidan eta besapean hartu zuen haurra. Zaharra, zera esaten hasi zen berriro:

        — Ezta pentsatu ere! Ez utzi irekitzen! Oker zaude! Eztarria ireki!

        — Alde, zahar hori! esan nion nik higuinez.

        — Presta ezazu alkanforrezko injekzio bat, agindu nion erizainari.

        Xiringa ikusi zuenean, amak ez zuen nexka utzi nahi izan, baina guk ezeren beldurrik ez izateko adierazi genion.

        — Ongi egingo al dio honek? galdetu zuen amak.

        — Ez noski.

        Negarrez hasi zen orduan.

        — Aski da! esan nion nik.

        Erlojua atera eta zera adierazi nuen:

        — Bost minutu ematen dizkizut pentsatzeko. Ados ez baldin bazaude, behin bost minutu horiek pasata, ez dut ezertxo ere jakin nahi.

        — Ezta pentsatu ere! esan zuen amak moztuz.

        — Ez duzu gure oniritzia, erantsi zuen zaharrak.

        — Tira, nahi duzuen bezala, bota nuen nik ahots gor batez, eta zera pentsatu nuen: «Hara, akitua dago dagoeneko! Errazagoa da niretzat. Esan eta proposatu dut egin beharrekoa, emaginek begi batzuk ipini dituzte! Beraiek ez daude ados, salbatuta nago.»

        Pentsamendu hau izan eta berehalaxe, nire ahotsa ez zen batek zera esan zuen nire tokian:

        — Erotu egin al zarete edo? Ez zaudetela ados? Hiltzera behartzen duzue haurra. Esan ezazue baietz. Ez al duzue errukirik?

        — Ez! oihukatu zuen amak berriro.

        Eta zera pentsatzen nuen nire baitarako: «baina zer da egitera noana! Akabatu egingo dut nexka hau». Baina esan nuena erabat bestelakoa izan zen:

        — Tira bada, onartuko al duzue azkar! Onar ezazue bada! Hara, azkazalak urdintzen ari zaizkio.

        — Ez! Ez!

        — Eraman itzazu bada egongelara, eta egon daitezela bertan.

        Guti samar argitutako pasilotik barrena eraman zuten. Haien negarrak eta haurraren arnas txistua entzuten nituen.

        Berehala itzuli zen erizaina:

        — Konforme daude! esan zuen berak.

        Harri eta zur geratu nintzen, halere zera adierazi nuen ahots arrotz batez:

        — Garbi itzazue azkar bisturia, guraizeak, banangailuak eta sonda!

        Pixka bat geroxeago, ziztu bizian zeharkatu nuen pasiloa, eta bertan, orro batez deabru baten moduan astintzen zen elur-ekaitza. Etxera iritsi nintzen eta minutu bakoitza kontatuz, liburu bat hartu nuen, begiradatxo bat bota eta azkenean aurkitu nuen trakeotomiaren eskema bat. Argi eta garbi azaltzen zen dena bertan: eztarria irekita zegoen eta bisturia trakea-arterian zegoen jarrita. Testua irakurtzen hasi nintzen, baina ez nuen ezertxo ere ulertzen, hitzek, horixe gauza arraroa, nire begi aurrean egiten zuten salto. Sekulan ez nuen trakeotomia egiten ikusi. Beranduegi da orain bai! pentsatu nuen, eta atsekabezko begirada bat urdinari boteaz, eskema haren kolore biziei; eginkizun zail, ikaragarri bat iritsi zitzaidanaren sentsazioa izan nuen. Ekaitzari jaramonik egin gabe beraz, ospitalera itzuli nintzen.

        Kontsultako gelan, gona zabaleko itzal bat itsatsi zitzaidan eta zera esan zuen ahots negarti batek:

        — Sendagile jauna, nola irekiko diozu ene txikiari eztarria? Ez al duzu bada pentsatzen? Emakume lelo honek oniritzia eman du, nik berriz ez kitto. Tantak ematea ondo ikusten dut, baina eztarria irekitzen ez dut nik utziko.

        — Eraman ezazue emakume hau hemendik! Oihukatu nuen.

        Eta zera erantsi nuen nire suminaldian:

        — Zeu zara, emakume leloa, zeu! Eta bera da hain zuzen ere azkarra! Eta beste aldetik, inork ez dizu ezertxo ere galdetu! Alde hemendik!

        Emaginak zaharra sendo heldu zuen eta gelatik kanpora bota.

        — Prest dago! esan zuen bat-batean erizainak.

        Ebakuntza-areto txikian sartu ginen eta belo batetik barrena bezalaxe ikusi nituen distiratzen zuten tresnak, itsutzen zuen lanpara, argizarizturiko oihala... Azkenekoz ikusi nuen ama, besoetatik haurra kendu berri ziotena. Ahots marrantatsu batek zera esaten zidala besterik ez nuen entzun:

        — Nire senarra ez dago hemen. Herrian dago. Etorriko da eta zer den egin dudana jakingo du, akabatu egingo nau!

        — Akabatu egingo du, esan zuen berriz zaharrak, beldurrak akabatzen begiratzen ninduela.

        — Etzaiezue sartzen utzi, agindu nuen. Bakar-bakarrik geratu ginen ebakuntza-aretoan ondoko hauek: laguntzaileak, neu, eta Lidka, nexka. Eserita zegoen hau, goitik behera bilutsik mahai gainean eta ixilean egiten zuen negar. Luzeka jarri zuten, eta sendoki eutsiaz, eztarria garbitu zioten eta iodoz igurtzi. Ondoren bisturia hartu nuen, etengabe zera pentsatzen nuelarik: «Baina, zer da egitera noana?». Erabateko patxada zegoen ebakuntza-aretoan. Bisturia hartu eta eztarri zuri eta lodikote hartan goitik beherako ebaki bat egin nuen. Ez zen odol tanta bat ere atera. Bigarren ebaki bat egin nuen bisturiaz bazterturiko larruan azaldu zen arrasto zurian.

        Berriz ere, odol tanta bat ere ez. Pixkanaka, nire atlasa desberdinen eskemaz gogoratzeko ahaleginetan, saiatu nintzen okerturiko sonda batez baliatuta meheegiak ziren ehunak bereizten.

        Orduantxe ebakiaren beheko aldean odol beltza isuri zen, ez dakit nik nondik, zauria gainezkatu berehala eta lepoan zehar irristatu zen. Erizaina tapoiez baliatuz garbitzen hasi zen, hala ere isurtzen zen. Unibertsitatean ikusia nuen guztia gogoratuz, zauriaren ezpainak hurbiltzeko ahaleginak egin nituen, baina alferrik.

        Izerdialdi hotzak izan nituen eta kopeta bustita neukan. Barren-barrendik damutzen nintzen medikuntzako fakultatera joan izanak, galdutako zulo honetan erori izanak. Itxaropen gabeko mugimendu oker batean sartu nituen matxardak itsu-itsuan ebakitik hurbil; zart egin zuten haiek eta berehala utzi Zion odolak isurtzeari. Zauria gasazko tapoiez baliatuta garbitu genuen, bertan zegoen nexka nire begipean, garbi eta erabat ulergaizki. Ez zegoen inon zintzur-arteriaren arrastorik ere eta nire ebakiak ez zeukan inongo eskemaren trazarik. Bi edo hiru minutu igaro ziren eta nik erabat oharkabeko eta lotezinezko modu batez zulatzen nuen zauria, bai bisturia, bai sondarekin, zintzur-arteriaren bila. Bigarren minutuaren azken aldera, nire onetik aterata nengoen ez aurkitzeagatik. Hauxe da azkena, pentsatu nuen. «Zergatik egin dut halakorik? Ebakuntza ez proposatzea aski nuen eta Lidka lasai-lasai hilko zen gela batean, orain berriz eztarria deseginarekin hilko da eta inoiz ezingo diot inori frogatu edozein modutara ere, neuk ezin nuela gauza gehiago larritu...» Txintik esan gabe, emaginak kopeta lehortu zidan. «Bisturia utzi eta zera esan: ez dakit zer egin behar dudan hemendik aurrera» . Pentsamendu horixe izan nuen nik, eta amaren begiak ikusi nituen berriro. Berriz ere altxa nuen bisturia eta helburu jakinik gabe, ebakidura sakon garbi bat egin nuen Lidkaren haragian. Mintzek eman egin zuten eta kolpez, begi aurrean zintzur-arteria izan nuen.

        — Banangailuak! Bota nuen ahots marrantatsuaz.

        Erizainak eman egin zizkidan. Alde batean sartu nuen banangailu bat eta bestean bestea, eta bietako bat erizainari eutsi arazi nion. Orduan, ondoko gauza hauek besterik ez nituen ikusten: zauriaren eraztun txiki grisaxkak. Zintzurra zauritik atera zen, erizaina erotu egin zela bururatu egin zitzaidan niri: zintzurra bere lekutik ateratzen hasi baitzen bat-batean. Nire atzean bi emaginek garrasi bat bota zuten. Begiak altxa nituen eta gertatzen zenaz jabetu nintzen, hauxe: erizainak bero itogarri hartan hain zuzen ere, kontua galtzen ari zela banangailua askatu ere egin gabe, zintzur-arteriatik tiraka ari zen. «Dena dago nire aurka, patua da hain zuzen ere; une honetantxe Lidka ito dugu, halaxe da». Eta lazki zera erantsi nuen nire barrutik: «laster nire etxean, nire buruari tiro bat emango diot...» Orduan, emagin nagusia, itxuraz esperientzia handiduna erizainarengana bota zen harrapakin baten moduan, eta banangailuari eutsi zion zera esaten zuela hortzak estutuz:

        — Jarraitu, sendagile horrek...

        Erizaina zaratatsuki erori zen, kolpea hartu zuen baina ez genion gehiago jaramonik egin. Bisturia sartu nuen zaurian, eta ondoren zilarrezko hodia sartu nuen bertan. Erraz sartu zen hauxe, baina Lidkak mugitu gabe jarraitzen zuen. Haizea ez zen sartu behar zuen bezala sartzen zaurian. Hasperen sakon bat egin eta gelditu egin nintzen: horixe zen egin nezakeen guztia. Norbaiti barkamena eskatzeko beharra neukan, medikuntzako fakultatera halako arintasunaz sartu izanaz damutzekoa ere. Ixiltasuna nagusitzen zen. Lidka urdintzen ari zela ikusten nuen. Dena uzteko eta negar egiteko beharra neukanean, bat-batean, biziki astindu zen, hoditik barrena mukositate maltzur mordo bat bota eta txistuhots batez sartu zen haizea haren eztarritik; ondoren nexka arnasa hartzen eta oihuka hasi zen. Une horretantxe erizaina altxa egin zen, zurbil, izerdi patsetan, eztarria begiratu zuen, baldarkiro, beldurturik, eta niri josten laguntzen saiatu zen.

        Ametsetan bezalaxe, eta begiak estaltzen zizkidan arnasketa-oihaletik barrena ikusten nituen emaginen poz aurpegiak; zera esan zidan haietako batek:

        — Hona hemen ondo burututako ebakuntza bat, jauna!

        Adar joka ari zitzaidala iruditu zitzaidan, eta betilun begirada bat bota nion azpitik. Ondoren, ateak zabal-zabal ireki eta haize-putz fresko bat sartu zen. Oihal batean bilduta eraman zuten Lidka eta berehala ama agertu zen atean. Pizti basatiaren begiak zeuzkan. Zera galdetu zidan:

        — Eta?

        Haren ahotsaren doinua entzunda, izerdia sumatu nuen bizkarretik barrena: orduan hain zuzen ere ulertu nuen zer gertatuko zatekeen Lidka hilik egon izan balitz ebakuntza-mahaian. Alabaina, ahots lasaiaz zera erantzun nion:

        — Lasaitu zaitez. Bizirik dago-eta. Biziko dela espero dut. Baina hodia kentzen ez diogun bitartean, ezingo du hitz egin, beraz ez beldurrik izan.

        Une horretantxe, zaharra agertu zen deabru bat bere kaxatik kanpo egonda bezala, gurutz-zeinuak egin zituen ateko eskutoki aldera, niregana, sabai aldera. Baina, oraingo honetan ez nintzen haserretu. Jiratu egin nintzen eta Lidkari alkanforrezko xiringa bat jarri eta zaintzeko txandak egin zitzaten agindu nuen. Ondoren, etxera itzuli nintzen pasiloa zeharkatuz. Nire gelako argi urdinaz gogoratzen naiz, bertan dagoen Doderleinaz eta sakabanatutako liburuez. Goitik behera jantzita, kanapera hurbiltzen naiz, etzanda jarri eta berehala ez dut ikusten zer den bertan dagoena. Amets bakar bat ere izan gabe egin nuen lo.

        Egun eder batean, Urte Berriaren ondotik, emakume bat sartu zen kontsultako gelan, fardel bat bezalaxe bilduta neskato bat eskutik heldua zeramalarik. Begi distiratsuak zeuzkan emakumeak. Adi-adi begiratu nion eta ezagutu egin nuen.

        — Ene, Lidka da-eta! Zer moduz? - Ederki.

        Lidkaren eztarriak ez zuen bendarik. Lotsatuta zegoen haurra eta beldurrez, hala eta guztiz ere lortu haren kokotxa altxatzea begiratzeko. Haren arrosa koloreko lepoa orbain gorrilun, goitik beherako batez eta beste bi oso fin eta zeharkakoez, puntuak zirela-eta, zegoen markatuta.

        — Primeran dago, esan nuen nik, ez duzue berriro etorri beharrik.

        — Eskerrak ematen dizkizut jauna, eskerrik asko, esan zuen amak.

        Ondoren zera agindu zion Lidkari:

        — Esaiozu eskerrik asko gizonari. Baina Lidkak ez zidan ezer esan nahi.

        Ez nuen bizitza osoan berriz ere ikusi. Ahazten hasi nintzaion. Kontsultei dagokienean gero eta gehiago neuzkan. Halako moduan, egun batean ehun eta hamar lagun ere izan nituela. Goizeko Hamarretan hasten ginen, arratsaldeko zortzietan bukatzen genuen. Duda-mudatan edo erantzi nuen alkandora. Emagin nagusiak zera adierazi zidan:

        — Trakeotomiari esker ditugu hainbeste kontsulta. Ba al dakizu zer esaten duten herrietan zehar? Bada, esaten dute Lidkaren zintzur-arteria txarraren tokian altzairuzko zintzur bat jarri eta atzera josi egin diozula. Herri hartara joaten omen dira Lidka ikusteagatik bereziki. Ospetsua egin zara jauna, nire zorionik beroenak zuretzat.

        — Eta hala bizi al da altzairuzko zintzurra duela? galdetu nuen.

        — Bai, hala bizi da. Zuri dagokizunez, jauna, txalo bero bat! Miresgarria da zer-nolako odol hotzez jokatzen duzun!

        Bai... beno... badakizu, ez naiz sekulan nire onetik ateratzen, esan nuen zergatik ez nekiela, baina neukan nekerako lotsarik ez izateko gauza ere banintzenaren jakinaren gainean, eta beste aldera begiratu besterik ez nuen egin.

        Agur esan nion eta etxera itzuli nintzen. Elur maluta handiz ari zuen elurra, dena estali zuen; piztuta zegoen farola eta nire etxea bakarti, lasai eta harro-harro. Ni berriz, oinez nindoala, gauza bakarra desiratzen nuen, zera: lo egitea.

 

 

 

© Mikhail Bulgakov
© itzulpenarena: Begoņa Lasa

 

 

"Mikhail Bulgakov: Mediku baten oroitzapenak" orrialde nagusia