Oilar bat brodaturik zeukan toalla

 

        Urrutien dauden landako bideetatik barrena bidaia egitea zer den ez dakienak, nekez ulertuko du kontakizuna; hala ere, ez luke ulertu ere egingo. Kontua zertan datzan dakienari dagokionean, ez daukat oroitarazteko gogorik.

        Zera esango nuke bakarrik: Mourievo erietxetik Gratxovka distrito-burura dauden berrogei kilometroak nire gurtzainak eta biok hogeita lau ordutan juxtu-juxtu egin genituela. Zera esango nuke ere harritzeko zehaztasun batez: 1917ko irailaren 16an, eguerdiko ordu bietan, miresgarria den Gratxovka hiri honen irteeran pasa genuen azkeneko estalgunea, eta ahaztezinezko 17. urte honetantxe, irailaren 2an ordu biak eta bost minutuetan aurkitzen nintzen ni Mourievoko erietxearen patioan, zapalduriko, zimelduriko, iraileko zirimiriak bustiriko belarrean zutik. Eta hara zer nolakoa zen nire egoera: hankak gogortu egin zitzaizkidan, eta hauxe, hementxe, patio honetantxe nire eskuliburuari erarik nahasgarrienean begiradatxo bat botatzeraino, saiatzen nintzen, lanarekin baino, gogoratzen ea ba ote zegoen benetan gaixoaldian giharrak gogortzen zaizkizuneko gaitzen bat, edota bart amestu egin ote nuen Gravilovka herrian. Zein du gaixotasun madarikatu honek latinezko izena? Nire gihar bakoitzak jasanezinezko oinazea ematen zidan, haginetako mina izaten denaren antzera. Oinetako behatzek, zertarako hizketan hasi, dagoeneko ez zeukaten mugitzerik botetan, egur puxkak bezalaxe paralizaturik zeudela. Onartu beharra daukat baretasunezko uneetan madarikatu izan ditudala betidanik isilean medikuntza eta unibertsitateko erretoreari zuzendu nion sarrerako eskakizuna. Eta denbora honetan, zerua gabe batetik barrena bezalaxe jaisten zen. Berokia esponja bat bezalaxe puztu zitzaidan. Nire eskuineko eskuko behatzak alferrik ari ziren maletaren kiderrari eusteko ahaleginetan, eta azkenean, arraioa, txistua bota nuen belar bustiaren gainean. Nire behatzek ezin zioten ezeri eutsi, eta berriz ere, hain jantzia nola nengoen medikuntzako nire liburukote ederretan jasotako ezagupen guzti haiekin, berriz ere pentsatu nuen gaitz honexetaz, paralisiaz. Paralisiaz, pentsatu nuen, itxaropena galduta, auskalo zergatik.

        — Z... Zuen bideetan, hasi nintzaien, nire egurrezko ezpainak, erabat urdinduak berriz ere mugituz, bidaiak egi... egiten ohitua egon behar duzu.

        Eta hau esanda, nork daki zergatik, begirada gaizto bat zuzendu nion gurtzainari, nahiz eta berak ez izan bideen egoerarekin zer-ikusirik.

        — Zera, bai... sendagile lagun hori, erantzun zuen gurtzainak, bere bibote txikiaren argipean ezpainak nekez mugitzen zituelarik, badira hamabost urte honelako bidaiak egiten ditudala, eta ez naiz ohitzen sekulan.

        Dardarizoa izan nuen, pisu bakarreko pabiloi baten horma zuri urratuei begirada triste bat bota nien, erizainaren etxeari, kareztatu gabeko hormak zituena, nire etorkizuneko bizi-lekuari alegia, pisu bakarreko etxea, txukuna oso, hilerriak bezalakoxeko leiho misteriotsuetakoa, sakonki hartu nuen bada arnasa. Orduan, latinezko hitzen tokian, nire baitan, gozotasunez beteriko esaldi bat ilunki agertu zitzaidan, izter urdin lodiko tenore lodikote batek kroskekin eta hotzarekin ahunaturiko nire garunean abesten ari zitzaidan.

 

                «... Agur zuri... egoi-tza... sagara-tua...»

 

        Adio, adio denbora luzerako, Bolxoi antzoki, urrezko eta kolore gorrikoa, Mosku, bitrinak... zoritxarrez, adio.

        «Ardi-larru bat jantziko dut hurrengoan... pentsatu nuen etsiak jota, gogortutako nire eskuekin maletaren uhalei tiraka, ni neu... eta hurrengoan berau urrian izango denez... bi ardi-larru ere jantzi ahal izango ditut. Ez bainaiz Gratxovkara hilabete barru baino lehenago joango... egin kontu ... bidean lo egin behar izan dugu ere! Hogei kilometro eta gero, ilunpe beltzetan murgilduta aurkitu ginen... gauean... Grabilovkan lo egin beharra izan genuen... maisuak etxean hartu gintuen... Eta gaur goizean, zazpietan abiatu gara... eta iritsi gara bai... Alajainkoa! ... oinez baino mantsoago. Gurpil bat zulo batean sartzen zaigu, bestea altxa egiten da, maleta nire oinetan, binbili-banbala, gero alde batera erortzen naiz eta gero bestera, sudurra aurrera gero, geroxeago garondoa. Eta ilundu egiten da zerua, gehiago ere ilundu, eta hezurrak jelatu egiten zaizkigu. Sinets ahal nezakeen irail goi atsegin bete-betean, izotza bota zezakeenik landan, negurik gogorrenean bezalaxe? Ba bai, hara! litekeena da. Eta pixkanaka-pixkanaka hiltzen zarenean, gauza bakar eta bera besterik ez da ikusten, zera: eskubitara, konkorturiko zelai bat, kezkaturik erabat, ezkerretara baso txiki kaxkar bat alboetan bost edo sei etxe arrez zaharkituak dituela. Badirudi ez dela katurik ere bizi. Isiltasuna, isiltasuna bazterretan...»

        Eman egin zuen azkenean maleta. Gurtzainak sabela bertan jarri eta bete-betean bota zidan gainera. Uhaletik eutsi nahi izan nuen, baina nire eskuak heltzeari utzi zion eta nire bidai-lagun lodikote eta guzti honengatik nekatua belarretara erori zen zuzen-zuzenean, nire liburu eta katramailu guztiekin, nire oinekin estropezu egiten zuela.

        — Ene, Jaink..., hasi zitzaidan gurtzaina kaka larritan.

        Baina nik ez nuen imintziorik ere egiten: oinak, apropos neuzkan zakar-ontzirako.

        — Ie! Jainkoa lagun! Aditu, gurtzainak oihuka besoak mugituz, oilar batek hegoak astintzen dituen eran. Aditu, sendagilea dakart!

        Orduan, erizainaren etxetxoaren leihoetako iluntasunean, aurpegiak agertu ziren eta leihoetan itsatsi. Kirrika egin zuen ate batek, eta nik belarrean errenka zihoala ikusi nuen gizon bat zulaturiko beroki eta boten tankerako batzuekin.

        Bazter-bazterrean jarri zitzaidan, eta azkar asko altxa zuen txanoa errespetuz, irribarrea egin zidan, ez dakit zergatik, kezkatuta bezala eta marrantaturiko isilpeko ahots batez agurtu ninduen honela:

        — Egunon, sendagile-lagun hori.

        — Nor zaitut? galdetu nion.

        — Egorytx nauzu, aurkeztu zuen bere burua, erietxeko zaintzailea. Zainduko zaitugu, badakizu...

        Berehala heldu zion nire maletari, bizkarrean hartu eta eraman zuen. Kojoka jarraitu nintzaion, nire praketako patriketan portamoneda hartzeko eskua sartzen alperrik ahaleginak egiten nituelarik.

        Gizonak, egia esateko, gutxirekin aski du. Ezer baino lehenago su eder bat da behar duena. Zoko galdu bat den Mourievorako bidean, bururatu zitzaidan ere, gizon errespetagarri batek bezalaxe jokatuko nuela. Nire gazte itxurak eman nituen lehendabiziko urratsetatik mingosten zidan bizitza.

        Bakoitzaren aurrean nire burua aurkeztu behar izaten nuen:

        — Untel sendagilea.

        Eta denek, beharturik bekain bat altxatzen zuten eta zera galdetu:

        Posible al da? Nik oraindik ere ikaslea zinela uste nuen!

        — Ez, bukatu dut, erantzuten nien nik, ilunkiro, nire buruarekiko zera pentsatzen nuelarik: «Betaurrekoak erabiltzen hasi beharra daukat, horixe da egin behar dudana».

        Baina nik ez nuen betaurrekoak erosteko inolako beharrik, oso begi onak neuzkan, eta euren zorroztasunak ez zuen oraindik jasan bizitzako esperientziaren iraina. Atsegintasun zabalez beteriko etengabe egiten zizkidaten irribarreez betaurrekoekin defenda ez nintekeenez, jokaera berezia eramaten ahalegintzen nintzen, errespetua eragingo zuen ustetan. Tamaina eta mentuz hitz egiten saiatzen nintzen, uko egiten nien ahal nuen neurrian mugimendu zakarrak egiteari, korri egiteari, unibertsitatea utzi berri duen hogeita hiru urteetako edonork egiten duen bezala, oinez ibiliaz. Gaur egun urte asko eta gero ikusten dudanez, gauzak ez zitzaizkidan ondo joan.

        Egun hartan, nire barneko jokaera-kodea hautsi nuen. Eserita nengoen, kuzkurtuta, oinetakorik gabe eserita, ez nire gelan, sukaldean baizik, eta su-gurtzaile baten moduan eseri nintzen liluratuta, inspirazioz eta pasioz, suan distiratzen zuten urki-enborrei begira. Nire ezkerretara, ipurdiz gora jarritako upeltxo bat zegoen, eta bertan zeuden nire zapatak jarrita; hauen bazterrean larruturik, lumaturik eta lepoa odoletan zeukan oilar bat; eta oilarretik hurbil haren mila koloreko lumak pilatuta. Ikusten duzue bada, nola nahiz eta gizendu, bizitzak eskatzen dituen zenbait eginkizun-sortari uko egin niela. Egorytxen emaztea zen Aksiniari, sudur fin eta zorrotzekoa bera, sendagilearen sukaldari bezala aritzeko agindu nion. Hona hemen zergatik hil zen oilarra haren eskuetan. Oilar hura, neuk jan beharra neukan. Jende guztia ezagutzera iritsi nintzen. Erizainak, Demian Loukitx zuen izena, Pelagie Ivanovna eta Anna Nikolalevna emaginek. Erietxea bisitatu nuen eta argi eta garbi ikusi nuen jantzia zegoela oso aparailuei zegokienean. Horretaz gainera, betidanik argitasun horrekin berarekin, nahiko lan izan nuen onartzen, nigan noski, inola ere ez nekiela zertarako balio zuten berriak ziruditen aparailu haietako askok. Ez bakarrik eskuartean ez nituela sekulan eduki, baizik eta, halaxe da bai, inoiz ez nituela ikusi ere egin.

        — Kontxo!, marruskatu nuen luzaz, nolabait esateko, aparailu onak dauzkazue oso. Ño!

        — Halaxe da, jauna, azpimarratu zuen Demian Loukitxek... ahots xume batez. Leopold Leopoldovitx zeure aurrekoaren ahaleginei esker izan da. Bera, goizetik arratsera aritzen zen ebaketak egiten.

        Izerdi hotzak gainezkatzen ninduela sentitu nuen eta beirazko armairutxo distiratsuei begiratu nien tristuraz.

        Ondoren gela hutsen bisitaldia egin nuen, ziur nago hauek berrogei bat lagunei egingo lioketela harrera.

        — Leopold Leopoldovitxen garaian, izaten ziren sarritan berrogeita hamar lagun ere, esan zidan Demian Loukitxek atsegin har nezan.

        Anna Nikolaiovnak, ile urdinduak koroian jarrita zeuzkan emakumeak zera esan zidan, ez dakit nik zergatik:

        — Sendagile hori, gaztea ematen duzu oso, hain gaztea... harritzekoa benetan. Ikasle bat dirudizu.

        «Horratx bizarra!» pentsatu nuen, ados daude denak, ene!

        Eta hortz artean marruskatuz zera bota nuen zorrozki:

        — Bada... ez, ni... egia esateko ni... hala da bai... gaztea oso...

        Botikara jaitsi ginen ondoren, lehen begiztapen baten ondotik berehalaxe ohartu nintzen ez zela haririk ere falta. Bi gela ilun samar hauetan belar-usain gogorra zegoen eta apaletan bazegoen denetik. Bazeuden kanpotik ekarritako sendabide patentatuak ere, eta ez dago esan beharrik ere, nik neuk aipatzen ere entzun ez nituenak.

        — Leopold Leopoldovitxek aginduak dira, adierazi zidan prestuki Pelagie Ivanovnak.

        «Miresgarria benetan Leopold hori» pentsatu nuen, Mourievo baketsua utzi zuen Leopold misteriotsu harengan errespetua sentitzen nuelarik.

        Su eder batez gainera, gizonak, nonbaitera moldatzeko beharra ere sentitzen du. Oilarra, denbora asko da jan nuela, lastaira, Egorytxek berriz ere bete eta oihal batez estali egin zidan, lanpara bat zen nire bizi-lekuko gelan argia ematen zuena. Eserita nengoen eta liluraturik bezala begiratzen nion ametsezko Leopolden hirugarren ezaugarriari: armairua liburuez gainezka zegoen. Bakar-bakarrik kirurgiazko esku-liburuen artean, errusieraz eta alemaneraz, lehen begiratu batean hogeita hamar bat ale zenbatu nituen. Eta terapeutika erantsi behar horri! Eta dermatologiazko atlas zoragarriak!

        Arratsaldea erortzen ari zen eta ni ohitura hartzen ari nintzen.

        «Ez dut ezertarako balio, pentsatzen nuen seta mingarri batez, badaukat diploma, hamabost bider atera dut hamarra. Eta konturatu nintzen nire hiri handi hartatik aldegin nahi nuela bigarren mailako mediku bezala aritzekotan. Ez alajaina. Irribarre egiten zuten eta zera esaten haiek: «Ohitura hartuko duzu». Hor zaude hor, orain, ohituko zara harekin. Eta etenen bat ekartzen badidate? Esan, nola moldatuko naiz? Eta batez ere nola sentituko da hura, gaixoa, nire eskuetan etena eta guzti? Beste munduan ohituko da (hozkirri bat sentitzen dut bizkarrezurrean zehar)...

        «Eta apendizitis zornatsu bat? Esan! Eta baserriko haurren croup dipterikoa? Trakeotomia bat egin behar izaten zaienean? Halere, trakeotomiarik gabe ere, ez nintzateke oso pozik sentituko... Zera... Zera... zera oheratzearena! Oheratzearena ahaztua neukan! Agerpen distozikoak. Zer egingo dut bada? Esan! Bai babalorea naizela! Alor hori baztertu beharko nuke. Hona hemen zer den egin behar dena. Gustura aurkituko lukete beste Leopoldoren bat!».

        Ilunabarrean, triste-triste nindoan nire bulegotik barrena bueltatxo bat ematera. Lanpara aldera hurbiltzen nintzela, beronen islada distiratsua nabaritu nuen leihoan eta nire aurpegi zurbila agertzen zen alboetan, landen etengabeko iluntasunean.

        «Dimitri Faltsua dirudit», pentsatzen nuen sarritan, tontoaren moduan, eta mahaian eseri nintzen berriro.

        Bakardadean neure buruari nahigabea ematen aritu nintzaion bi ordu inguruan, nerbioek asmatzen nituen izualdiei gehiago eutsi ezin zieten arte. Lasaitzen hasi nintzen orduan eta zenbait asmo taxutzen ere.

        Tira... Une honetan ez dago haien iritziz kontsulta eskaera handiegirik. Herrietan, lihoa brodatu ohi da, bideak txarrak dira... «Orduan da hain zuzen ere, etenen bat eramango zaituztenean, bota zidan lazki ahots batek garunean, zeren bideak egoera txarrean daudenean, erreuma (gaixotasun xumea hauxe) daukan pertsonarik ez zaizu etorriko, aldiz etenen bat, zaude, arrastaka bada ere ekarriko dute honaino, sendagile lagun hori».

        Ez zen tuntuna ahotsa, ezta? Bota nuen dardarka.

        «Isildu zaitez, esan nion ahotsari, ez derrigorrez etenen bat, Nerbio ahulezia bai ordea! Indartsutzat bere burua daukanak eutsi behar dio heltzen zaionari».

        «Isuria denean ardoa, edan beharra dago», erantzun zuen ahotsak mingarriki.

        Ederki ... farmakopea izango dut beti nirekin... Zerbait agindu behar bada, pentsa daiteke hartaz ederki aski, eskuak garbitu artean. Kodizea zabalik izango da beti, gaixoen erregistroaren gainean. Nik neuk zuzenduko ditut beharrezkoak diren aginduak, baina agindu arruntak, hori bai. Hartzazue esate baterako, 0,5eko hautsetako sodio salizilatoa egunean hiru bider...

        «Sodio bikarbonatoa ere agin daiteke!» erantzun zidan nire barneko hizketa-lagunak, argi eta garbi iseka egiten ari zitzaidala.

        Eta zer dela-eta sosa-bikarbonatoa? Ipekakuana infusioan ere aginduko dut... 1, 80gr. Edota 2gr. Nahi duzun bezala.

        Lanparatik hurbil nire bakardadean, inork ipekakuanarik eskatu ez bazidan ere, berehala hasten nintzen, ahultasunagatik, ziurtatzeko farmakopea begiratzen. Eta begiratzen ari nintzela, ustekabean irakurri nuen bazela «intsipina» delako bat. «Azido kinidiglikolaren sulfatoa» besterik ez zen... Eta ohartzen zara ez duela kininaren zaporerik! Baina zertarako balio du delako intsipina honek? Eta noiz agindu? Hautsa al da? Joan dadila pikutara!

        «Intsipina izan ala ez izan, zer egin behar duzu zeure etenarekin?» ekiten zion setatsu ahotsaren atzean estaltzen zen beldurrak.

        «Bainu batean ipiniko dut gaixoa, erantzun nuen nik defendatzearren, amorrazioz beteta, horixe da, bainu batean. Eta saiatzen ahaleginduko naiz».

        «Itotako eten bat, aingerutxo hori! Ezer pintatzen al dute bainuek horrelakoetan? Itotakoa! aldarrikatzen zuen beldurrak, deabruzko ahots batez, egin behar dena irekitzea da...»

        Eta hartan, amore eman nuen, la negarrez. Iluntasunari erregutu nion orduan, leihotik urrutira: zuk nahi duzun guztia, baina itotako etenik ez.

        Eta zera abestu zuen nekeak:

        «Oheratu zaitez, zorigaiztoko eskulapio hori. Ederki egingo duzu lo, eta argituko du bihar egunak. Lasai, neurasteniko gazte hori ¡Begira! Kanpoan iluntasuna atsedenean dago, izozturiko zelaiak lotan, ez dago etenaren itzal izpirik. Eta argituko du bihar egunak. Moldatuko zara... egin lo... utzi zeure atlasa... hala eta guztiz ere une honetantxe ez duzu ezertxo ere ulertuko. Etenaren estugunea...»

        Ez nintzen konturatu ere egin nola sartu zen nire etxean. Gogoratzen naiz ateko sarrailak zart egin zuela, Aksiniak zertxobait oihukatu zuela. Eta gero, gurdi batek kanpoan kirrinkatu zuen.

        Burusoila, botoirik gabeko ardi-larru motza zeramala, kizkurturiko bizartxoa, erobegiduna.

        Aitaren egin zuen, gero belauniko jarri eta kopetarekin jo zuen lurra.

        Eta dena niregatik.

        «Nireak egin du», pentsatu nuen tristuraz.

        — Ez bada, ez, zertan ari zara? marruskatu nuen, eta bere arre koloreko besotik heldu nion.

        Haren aurpegiak keinu egin zuen eta, hiztotelka bezala moxtutako erantzun hauxe bota zuen marmarka:

        — Sendagile jauna... Jauna... Bakarra,... zeu zaitut bakarra... zeu bakarra! oihukatzen zuen sarritan gizon gazte baten ahots ozenaz, hain ozen ezen lanpararen pantailak dardara egiten zuela. Ene, Nagusi hori... ene...

        Bere nahigabean eskuak igurtzi zituen eta berriro hasi zen kopetarekin lurra jotzen, hautsi nahi balu bezala.

        — Zer dela-eta? Zer dela-eta halako zigorrik? ... Zer egin diot ene Jaungoikoari?

        — Nola? Zer da gertatu dena? oihukatu nuen, aurpegia izozten zitzaidala sumatzen nuelarik.

        Kolpez zutitu zen, bere burua astindu eta zera marruskatu zuen:

        — Sendagile jauna... nahi duzun bezala, dirua emango dizut... har ezazu nahi duzun adina. Lauburuak ekarriko dizkizugu... Bera hiltzen ez den bitartean. Bera hiltzen ez den bitartean. Elbarria geratzea ere, ez dago gaizki. Ez dago gaizki! oihukatu zuen berak sabaiari begira, badugu mantentzeko nahikoa, aski nahikoa! Aksiniaren aurpegi zurbila atearen karratu beltzean nabarmentzen zen. Nahigabeak estali zuen nire bihotza.

        — Nola baina?... Nor da hor? Bota! oihu egin nuen etsipenez.

        Marmar batean isildu eta ezkutuan bezala zera esan zidan begietan barneragaitzeko sakontasunaz:

        — Gramak harrapatu dio...

        — Gramak?.... Gramak? Galdetu nuen berriro. Zer da hori?

        — Lihoa, lihoa brodatzen aritzen dira... Sendagile jauna... argitu zidan Aksiniak, ondoko grama hauxe... lihoa brodatzeko erabiltzen da.

        «Hasi da. Hasi da bai. Ene, zergatik etorri ote naiz?» pentsatu nuen beldurrak akabatzen.

        — Nor?

        — Nire alaba, erantzun zuen marmarka, garrasika hasi zen gero: Egin ezazue zer edo zer!

        Eta berriz ere belauniko jarri zen, eta borobilean moztutako haren ileak begien aurretik pasa zitzaizkion.

        Haren sabelduriko pantailapean, hojalatazkoa, «tximist»-lanpara sutan zegoen adar antzeko bi margotuz, berotasuna zeriolarik. Ebakuntza-mahaiaren gainean, berri usaia zeukan argiztaturiko oihalaren gainean ikusi nuen, eta etena oroimenean itsatsi zitzaidan.

        Haren ile argiak, gorrixka samarrak, mahaitik erortzen ziren, bola nahastu eta lehor bat osatzen zutelarik. Trentza ikaragarri bat zeraman, muturrarekin lurra ukitzen zuena.

        Zartaturiko haren kotoizko gonaren marrazkien gainean odolak ondoko kolore desberdinak hartzen zituen: zikindura gorrilun bat, koipe zikindura bat, zikindura gorrimin bat. «Tximist»-lanpara argitasuna laranja kolorekoa iruditu zitzaidan, bizia, haren aurpegia berriz zuria, lardaskatutako paperezkoa bezala, eta sudurra nabarmena.

        Haren aurpegi zurian, itzali egiten zen, mugitu ere egin gabe, igeltsuzkoa balitz bezala, edertasun bitxienetariko bat. Ez da betidanik aurkitzen, ez da sarritan era halako aurpegirik.

        Ebakuntza-aretoan erabateko isilunea sortu zen hamar minutuz, alabaina, itxitako ateen atzean norbait entzuten zen ahots gor batez oihuka, eta joka, buruarekin joka ari zela oraindik.

        «Erotu egin da, pentsatu nuen, eta erizainek zera eman beharko diote... Zer dela-eta halako edertasuna? Aurpegikera ederra dauka, bai halaxe da, baina... Ama ederra izango zuen... Ederra da bera...»

        — Ederra al da? marruskatu nuen ustekabean.

        — Bai, erantzun zuen leunkiro Pelagie Ivanovnak.

        Hala, keinu zakar batez, gaizkileen moduan Demian Loukitxek neskatoaren gona zartatu zuen goitik behera, eta kolpez nexka bilutsik aurkitu zen. Begirada bat bota nion: ikusten nuenak itxaron nezakeena gainezkatzen zuen. Ez zuen, nolabait esateko, ezkerreko hankarik. Zanpaturiko haren belaunetik aurrera ez zen zatituriko orbain odoltsu bat besterik, gihar gorri txikituak karraskaturik zeuden, eta hezur zuriek, txiki-txiki eginak, alde guztietatik zituzten muturrak. Eskuineko hanka zango aztalaren parean zegoen hautsia, bi hezur muturrek larrua zartatu zuten, kanpora ateratzen zirelarik. Hanka bere hartan zegoen, atzekoz aurrera, gainerako gorputzarekin zer-ikusirik ez balu bezala.

        — Alajaina... esan zuen leunkiro erizainak; eta ez zion ezer gehiagorik erantsi.

        Nire kezkalditik atera nintzen orduan eta pultsua hartzen hasi nintzaion. Haren izozturiko eskuan ez nuen ezertxo ere sumatzen. Segundo batzuk geroxeago sentsazio berezi bat sentitu nuen, juxtu-juxtu igartzen zena. Desagertu egin zen... Gero, geldiune bat izan zen eta izan nuen astirik haren ezpain zuriei eta urdintzen ari ziren sudur-hegalei begiratu bat botatzeko... Zera adierazi nahi nuen jadanik: nereak egin du... Zorionez, atzera egin nuen. Uhin bat pasa zen berriz, hari baten moduan.

        «Hona hemen nola itzaltzen den zatitutako pertsona bat, pentsatu nuen, ez dago ezer egiterik...»

        Orduan, Anna Nikolaievnak, makurtuz, zeta marruskatu zidan belarrira.

        — Zertarako sendagile jauna? Ez sufriarazi. Zertarako beste xiringadarik. Une batetik bestera utziko gaitu-eta... ez duzu zuk salbatuko.

        Begirada ilun eta gaizto bat zuzendu nion hari:

        — Alkanforra mesedez...

        Halako tonuaz, Anna Nikolaievnak aurpegia gorritu egin zitzaion iraina zela-eta-berehala zuzendu zen mantar-mahaitxora eta anpulu bat puskatu zuen.

        Erizaina bera ere ez zen nonbait alkanforrarekin konforme. Hala ere bera izan zen trebetasunez eta arinki xiringa jarri ziona, eta hala laranja kolorezko olioa zabaldu zitzaion bizkarreko larrutik barrena.

        «Hil zaitez. Hil zaitez azkar, pentsatu nuen, hil zaitez. Gainerakoan, zer egin nezake zurekin?»

        — Berehala hilko da, marruskatu zuen erizainak, pentsamendua igarri izan balit bezala.

        Begiak okertu zituen maindire aldera, itxuraz alabaina, iritziz aldatu baitzuen: penagarria izango litzateke odolez zikintzea. Baina segundo batzuk geroxeago estali egin behar izan zuten. Hilotza zirudien arren ez zegoen hilda. Bat-batean, dena argi ikusi nuen gure antzinako anfiteatroaren beirazko sabaiaren azpian bezalaxe.

        — Alkanfor gehiago, bota nuen nik ahots marrantatsuaz.

        Eta berriz ere erizainak menekoiki oliozko xiringa bat prestatu zuen.

        «Posible izango al da bera benetan ez hiltzea? pentsatu nuen, nire onetik aterata, beharrezkoa izango al da...»

        Argi eta garbi ikusi nuen dena eta kolpez, inongo esku-liburu, ez kontseilu ez laguntzarik gabe konturatu nintzen (konturatu izanaren segurantza agerian zegoen) orduantxe bertan, nire bizitzan lehendabizikoz, ebaketa bat egin behar niola hiltzeko zorian zen izaki bati. Eta izaki hori bisturipean hil egingo zen. Ene, bisturipean hil egingo zen bera. Ez zaio odolik geratuko! Hamar kilometroetan zehar isuriko zitzaion bera hanka puskatutik, eta une honetan ere ez dakit ezer sentituko ote duen, entzungo ote duen. Ez baitu ezertxo ere esaten. Ene, zergatik ez da bada hiltzen? esango dit aitak, adorea galduta baitago.

        — Presta ezazue ebaketa, esan nion erizainak nire ahotsaren antza izpirik ere ez zuen ahotsaz.

        Emaginak harrituta begiratu ninduen, baina erizainaren begiek onespenezko keinu bat egin zuten, eta tresnez arduratu zen gero. Eskulabea hartuta, zurrungaka hasi zitzaion...

        Ordu laurden bat pasa zen. Betazal hotza sineskeriazko izuarekin altxatzen nuela dagoeneko itzalia zen begia aztertu nuen. Ezin dut ulertu. Nola iraun dezake oraindik ere bizirik gorputz erdiarekin? Nire txano zuritik iheska, izerdi-tantak irristatzen zitzaizkidan kopetatik barrena etengabe; Pelagie Ivanovnak izerdura gazi hori gasarekin garbitzen zuen. Une hartantxe, gelditzen zitzaion odolaz gainera kafeina zerien ere neskatxaren zainei. Injekziorik jarri behar al zitzaion? Anna Nikolaievnak poliki-poliki pasa zion eskua izterretatik, soluketa fisiologikoa zela medio handituriko konkorretatik barrena. Eta neskatxak bizirik jarraitzen zuen.

        Bisturia hartu nuen, norbaiten antzera egiteko ahaleginetan... (Bizitzan ebaketa bakar batean izana nintzen, unibertsitatean hain zuzen ere). Une hartan patuan jarri nuen itxaropena ez zedin hurrengo ordu erdian hil... «Gelan hil dadila, nik operazioa bukatua daukadanerako...»

        Nire zuhurtzia neukan lagun, erne baitzegoen honen berezitasuna zela-eta. Zaildutako harakin baten trebetasunaz egin nion izterrean ebaki borobil bat ederki aski zorroztutako labainaz. Eta azalak eman egin zuen, odol pixar bat ere isuri gabe. «Odolodiak hasiko al dira odoletan, zer egingo dut nik orduan?» pentsatu nuen hemostasi matxarda pilen aldera begiak keinu gaizto batez okertuz. Emakume-haragi puska handi bat ebaki nuen, odolodietako bat ere (hodi zurixka baten itxura zuen), baina odol tanta bakar bat ere ez zen atera. Hemostasi pintza batekin itxi eta ebakitzen jarraitu nuen. Matxardak sartzen nituen odolodiak izango zirela uste nuen toki guztietan... «Arteria... arteria ... Zein du hark izena, odol ona al du? Ebakuntza aretoak nire anfiteatroaren antza hartu zuen. Hemostasi matxardak grapekin zeuden zintzilikatuta. Izterrari eusten beti, gasarekin gora begira mantentzen zirelarik. Hezur borobil bat hasi nintzen ebakitzen hortz txikiko zerra distiratsu batez. «Zergatik ez ote da bada hiltzen?... Benetan harrigarria... Ene, bai latza duela gizonak bizitza!»

        Eta hezurra puskatu egin zen. Neska gazte baten hanka izan zena Demian Loukitxen eskuetan geratu zen. Haragi-puskak, hezurrak! Guzti hau atzera utzi eta neska gaztea hirutik batean bilduta bezala aurkitzen zen, alde batera botea zuelarik izterrondoa. «Eutsi, eutsi gehixeago... ez hil, pentsatzen nuen irrikaz, eutsi gelaraino bada ere, utzidazu nire bizitzako gertakari izugarri honetatik aldegiten».

        Berehala egin zitzaizkion elkardurak, ondoren nire termokauterioaren trinketeez baliatuta hasi nintzaion azala josten puntu batetik bestera tarteak utziz... Baina gertu egin nintzen, bat-bateko burutazio bat, zera egin... Tarte bat utzia neukan... Gasazko tapoia ipini nuen... Izerdurak begiak itsutzen zizkidan eta estufa batean nengoela iruditzen zitzaidan...

        Idi batek bezalaxe botatzen nuen haizea. Luzaz geratu nintzen begira izter puskatu hari, aurpegi koipetsu hari. Zera galdetu nuen:

        — Bizirik al dago?

        — Bizirik dago, erantzun zidaten erizainak eta Anna Nikolaievnak batera, oihartzun itogarri bat bailiran.

        Igartzen ez zela ia, ezpainak mugituz bakar bakarrik, zera esan zidan erizainak belarrira:

        — Oso gutxi geratzen zaio.

        Isil-Isilik geratu zen ondoren eta zera kontseilatu zidan begiramenez:

        — Hobe izango litzateke agian bigarren hanka ez ukitzea, sendagile hori. Bilduko dugu guk gasarekin... Ez baita gelaraino iritsiko bestela... Konforme? Hobe da ez ebakuntza aretoan hiltzea.

        — Emaidazue igeltsua, ihardetsi nuen ziztuka bezala, indar ezezagun batek eraginda bezala.

        Zuriunez gainezka zegoen zorua, gu izerdi patsetan. Neskak, erdi-hilik, bizigabea zirudien. Eskubiko hankan igeltsua jarrita zuen, eta hausketaren tokian ikus zitekeen irekitako belaunaren gainean sutsuki egin nion ebakia.

        — Bizirik dago, esan zuen erizainak, erabat harrituta ahots marrantatsuaz.

        Altxatzeko ahaleginak egin genituen. Oihalaren gainean izugarrizko hutsunea egin zen; haren gorputzaren hirutik bat ebakuntza-mahaian geratu baitzen.

        Itzalak mugitu ziren ondoren pasilotik barrena, erizainak alde batetik bestera zebiltzan korrika, garrasi zakar bat bota zuen gizon baten irudia ikusten nuen horman albaintzen. Urrutiratu arazi zuten hala ere. Isiltasuna nagusitu zen.

        Ebakuntza aretoan ari nintzen ukalondoetaraino odolez zikindurik neuzkan besoak garbitzen.

        — Mozketa asko egin al zenituen, jauna? galdetu zuen bat-batean Anna Nikolaievnak, ederki aski egin duzu... Leopold berak bezain ederki...

        Haren ahotik «Leopold» hitza «Doyen» hitza izango balitz bezala irteten zen.

        Ikuspasada bat bota men azpitik aurpegiei. Begirada guztietan, bai Demian Loukitxenean eta bai Pelagie Ivanovnanean ere, errespetua eta harridura sumatu nituen.

        — Zera... neuk, jakin ezazue bitan bakarrik egin dudala...

        Zer dela-eta halako ziria sartu? Une honetantxe ezin dut ulertu.

        Dena geratu zen isilik ospitalean, erabat isilik.

        — Neska hiltzen denean, etor zaitezte nire bila, agindu nion ahopetik erizainari.

        Eta ez dakit zergatik baina, «konforme» erantzun beharrean zera erantzun zidan errespetuz:

        — Zure aginduetara sendagile jauna.

        Minutu batzuk geroxeago medikuaren apartamentuko kontsultan aurkitzen nintzen lanpara berdetik hurbil. Isilik zegoen etxea.

        Nire aurpegia isladatzen zen zurbildurik baldosen beltz bortitzean.

        «Ez, nik ez dut Dimitri Iruzurgilearen antzik eta gainera, agian zertxobait zahartuko nintzen... Harako sudur gaineko zimur hau... Atea joko dute... Zera esango dute: «Hilda dago...» Joan egingo naiz orduan eta azkenekoz begiratuko diot... Halaxe da, atea joko dute...»

        Atea jo zuten. Bi hilabete beranduago izan zen. Kanpoan, neguko lehenengo egunetako bat ikusten zer argitzen.

        Hura sartu egin zen; orduantxe izan zen arreta handixeagoz begiratu nion unea. Halaxe da bai, aurpegikera ederra du. Berrogeita bost bat urtekoa. Begiek ñir-ñir egiten diote.

        Gero soineko baten zaratatxoa gero... Bi makulutan saltoka, hanka bakarreko neska gaztea sartu zen, ertzapaindura gorria zuen ederra baino ederragoa zen gona luze batekin.

        Begiratu ninduen eta haren masailek arrosa kolorea hartu zuten.

        — Moskun... Moskun... (Helbidea idazten hasi nintzen bada) Han protesi bat egingo diote, gezurrezko hanka bat ipiniko.

        — Luzaiozu eskua, esan zuen aitak bat-batean nire harridurarako.

        Hainbesteraino txunditu nintzen, ezpainen tokian sudurra besarkatu niola.

        Makuluetan eutsiz pakete bat ireki zuen berak orduan eta bertan bainuko toalla luze bat agertu zen, zuritasun distiratsukoa eta oilar gorri bat brodaturik besterik ez zuena. Bisitetan burukoaren azpian gordetzen zuena da beraz. Halaxe da, halaxe da gogoan daukat, haren mahaitxoaren gainean baria zegoen.

        — Ez dut hartuko, esan nion lazki, buruarekin ezetz eginez.

        Halako aurpegia zuen berak, halaxeko begiak hartu egin nuela...

        Urte askotan egon zen Mourievon nire gelan zintzilikatuta, nirekin egin zituen gero bidaiak. Azkenean, zaharra, erabilia, zulatua zegoela, desagertu egin zen oroigarriak erabiltzen eta desagertzen diren moduan.

 

 

 

© Mikhail Bulgakov
© itzulpenarena: Begoņa Lasa

 

 

"Mikhail Bulgakov: Mediku baten oroitzapenak" orrialde nagusia