12

 

Orain ondo dakit aitak ama maite zuela eta sentitu zuela haren heriotza, eta horixe da ulertzen dudana, beti zaindu baitzuen, ezer txarrik ez gertatzeko. Baita Xiprianoren berriketak erasotzen zionean ere.

        Garai hartan benetan gertatutakoa hauxe baita. Aitak berehala jakin zuen Feliperen tabernako apustu-kontu hura, Xiprianoren asmoak zekizkien moduan. Eta berehala erabaki zuen berarenarekin irteten ez uztea eta behin ere ahaztu ez zezakeen eskarmentua ematea. Horretan behintzat Barriolakoekin zegoen.

        Zain geratzen zen bidartean, Zabaletara eta Barriolara doazen bideek bat egiten duten puntuan eta Xipriano ama Margaritaren atzetik joan zen arratsalde batean, eguzkia gordetzen ari zenean, eskopeta batekin apuntatu zion. Xiprianok ezin izan zion aurpegia ikusi, ordu horretan eguzkia sartzen ari eta eskopetaduna itzalean geratzen baitzen. Jakin zuen gizona zela baina ez zen ausartu hori esatera eta horregatik asmatu zuen kontatutako ipuina, deabruarena, bere ospea jokoan baitzegoen eta panparroiek fama hori gehiago maite dute munduko beste edozein ohorea baino. Ezin zuen esan gizon bat agertu zitzaiola eta gizon horri beldurra ziola, tabernakoek barre egiteaz aparte, Zabaletako Fermin nagusitu zitzaiola ondorio gisa aterako zutelako eta hori inola ere ez. Hori baino lehenago auzotik ihesa.

        Ez zuen aitak begi bistatik galtzen. Xipriano zegoenean zegoela, etxean edo aroztegian, tabernan edo zelaian, inguruan aita jartzen zen adi eta eme, zelatan, oilategiko txitaren Zain dagoen azeriaren moduan. Eta jakina pertsona bat beste baten atzetik badabil azken horren pauta eta ohiturak bereak egiten ditu. Horregatik ez zuen deskuidoan harrapatu arotzak berak ere eskopeta hartu eta plomozko balaz, ez kontatu zuen moduan urtutako San Sebastianen kobreaz, bete zuenean. Xiprianok sumatzen zuen gizon bat zuela bere geriza balitz bezala eta gizona Zabaletako mutua izan zitekeela.

        —Zein bestela?

        Erabaki zuen, panparroiek batzuetan izan ohi dituzten balore une haietako batean, aurre ematea. Bale edo kale.

        Bestea azkarragoa, ordea.

        Bezperan inoiz baino tematsuago egon zen ama Margaritarekiko, honi burukomin galanta jartzeraino. Gau hartan kejaka ari zen, amona sukaldeko izkina batean artilea ardatzean iruten saiatzen ari zenean:

        —Badago gizon bat, latosoagoa, Jesus. Gaur konturatu naiz nirekin zeozer nahi duela eta ez da ixiltzen. Margarita, zuk palazio bat merezi duzu eta ez Zabaletako ukuilua eta Margarita zuk printze bat merezi duzu eta ez duzun senar gixatxar hori. Ni astaina banintz bezala. Burua irakiten jarri didate haren hitz enpalaguek. Emaidazu zerbait, lehertu zorian daukat eta.

        Amonak kamamilo-ura eman zion edatera.

        Biharamunean Xipriano etxepean leiho bat konpontzen ari zenean bisita bat eduki zuen. Izenez deitu zion: Xipriano, etorri hadi nirekin potroak baldin badituk. Begiratu zuen baina ez zuen ezer garbi ikustatu, eguzkia goian zegoen eta aurrean zuena difuminatzen baitzuen, gandua balitz bezala. Baina ahotsa entzungarria izan zen eta denboratxo bat igaro zenean etxetik metro batzuetara, Zabaleta aldera doan bide erpinetik itzal baten modukoa ikusi zuen, eskuaz edo zeinuak egiten zizkiona.

        —Ikusiko dik alu honek. —Eskopeta hartu eta lasterka bizian atera zen atzetik, baina bestearekiko distantziaz gordeaz. Beti atzetik. Arretaz.

        Bidartea gertu zuenean geratu egin zen, bide ondoan dauden pinu batzuen parean. Aurrekoa ez zuen bistarekin galtzen eta ikusi zuen bidean lehenago joan zen gizona eseri egin zela, bidea seinalatu eta mugatzen dituzten harrietako batean.

        —Hauxe duk nirea. —Eskopeta kargatu eta oilarra tenkatu zuen, disparatzeko prest utziaz.

        Hurbildu zitzaion hanka punttetan ia harri gainean lasai zegoen irudiari. Ahoa satisfazioz zuen irekita, girli dariola. Garaipenetik hurbil zegoelakoan. Orduan ziplo erori zen.

        Segada bat. Untxia moduan bertan erori zena. Gizona ez zegoen eserita, txankamalo bat baizik, gizonaren jaka eta prakekin. Gizona ezkutaturik egon zen denbora osoan, bestearen mugimenduak jagoten, ia biluzik, ikuskatua izateko aukera gutxiago emanaz eta arotza baserrira iritsi zenean atzetik irten eta makilazoa eman zion.

        —Hurrengoan etxea erreko diat eta barruan hagoala, andrea bakean uzten ez baduk —esan zion esnatu zenean, aurrean agertuz.

        Ondoren zabaldu zuen Xiprianok deabrua ihesi jarri zuela eta auzoan izan zuen harrerak gehiago haizetu zuen haren urguilua. Eta mengaizoa hartuko zuela erabaki zuen.

        Euliak sagardoaren inguruan ibiltzen diren eran ibiltzen zen Margaritaren inguruan, gero eta ausardia handiagorekin. Auzora jaisten zenean erosketak edo egiteko, nekez, tripa gero eta nabarmenagoa baitzuen, Xiprianok eskutik heltzen zion eta ez zuen libratzen esateko zuen guztia bota arte:

        —Baina nola egon zaitezke gizon txepel horrekin, ardi eta emakumeen artean bereizten ez dakien gizonilo horrekin. Etorri zaitez nirekin eta zuretzat egurrezko paradisu bat eraikiko dut, hementxe bertan. Eta mutua hurbiltzen bada ez larritu. Nire kontua izango da batek gu ez molestatzea.

        Ama Margarita gero eta aspertuago zegoen eta ahulago, semea edukitzeko tenorea arrapaladan hurbiltzen ari zitzaion. Sentitzen zuen barneko bizi indar bat, jipoitzen zuena. Oso haserre zegoen horregatik Xipriano eta auzo haiekin, behatz bera ere mugitzen ez zutelako egoera hari nolabaiteko amaiera emateko. Proba batetako aberea zela iruditzen zitzaion, auzoan zegoenean tabernakoak edaten ari zirena mahaian utzi eta kanpora ateratzen ziren, Zabaletako bigantxa osasunez ondo zebilek eta begiratzen zioten demetako idiei begiratuko lioketen moduan.

        —Gizon nazkante hauek. Denak berdinak. Gaur Xiprianok esan dizkidan hitz freskoak ametitu behar al dira? —esan zion amonari, hau egunero bezala, garai hartan galtzerdiak eta kamisetak eta oinetakoak eta jertse gorria ehuntzen ari zelarik.

        —Txikiarentzat dira.

        Kamamiloa eztiarekin eman zion amonak.

        Handik egun batzuetara eta gauez su hartu zuen

        Xiprianoren etxeak. Txirbil ugari bilduta zegoen beheko sotoan zuen suak jatorria eta horregatik esan zuten auzoan baten batek eraginda zela eta horri Xiprianok berak gaineratu zion deabruak ez ziola treguarik ematen eta hurrengo egunean hartu zuen hirirako bidea, denen parregari, ama Margarita ge, hago aspertu gabe.

        Gertatutakoa auzoan Xiprianoz aparte ez zekien beste inork. Nahiz eta auzo guztiek harrez gero aita behatzez seinalatu eta aitaren egiten zuten aitaren portaera fantasma baten tankerakoa baitzen, isilka beti, inoren aurrean azaldu gabe. Amak ni jaio ninduenean bezala. Gau hura belan pasa zuen gure aitak baina horretaz ere ez zen inor ohartu.

        Maite zuen ama. Baina azkenera arte ez zion barkatu. Amaren ekintzak aldatu zuen haren izaera, ardien artean egoteagatik nahiko petrala eta amari ez barkatzeak ekarri zuen bion arteko disputa.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Intzensua lurrean bezala" orrialde nagusia