Beti usainka
Txingurri sailak dena jota xehetua uzten duten bezela, modu berean inguratzen ziren jende haiek... Lehendabizi, gutxi batzuk; gehiago, eta gehiago, ta gehiago handik denbora gutxira... Azkeneko, begiraka zeuden bi gizon haiek ere tankera ezin emanik gelditu ziren: nun demontre sartu behar ote zituzten hainbeste eta hainbeste kotxe...?
— Hau duk hau pila... —esan zion batak besteari.. .
— Nundik heldu ote dira horiek, motel...?
— Ez duk erreza jakiten. Nonbait guk ez dakigun bilera bat eratua izango ditek horiek...
— Guk ez dakiguna...?
— Itxurak hala dik behintzat...
Urritu beharrean, jendearen uhain lodi hura, hazitzen zihoan... Uraldietan ibai zabala loditzen den antzera, gurbidea zientoka eta zientoka eta milaka kotxez betetzen zihoan, eta denbora gutxi ondoren, den-dena betea utzi zuten: bada soro, zabalak, zuhaitz azpiak, hondartzak, begien aurrean ikusi zezakeen guztia kotxez betea agertzen zen...
— Zer gertatu ote da hemen, motel...?
Esan lezake jendearen arteko mundu zibilizatua urruti zegoela leku hartatik: itsas-ertz bat, hondartza luzea, larrea exkerrera, bidexigorrak jiraka eta biraka mendi gora, lur soilen zapladak, basamortuak ziruditen eremu luzeak... Elkarrizketan zeuden bi gizon haiek ere ezin eman zioten tankera nola aldatuak izan ziren berak eta kotxe pila haiek leku hartara...
— Zer dela eta hasi ote dira honantza...?
— Atarramentu onik ez ditek ekarriko horiek...
Baina, dena dela, inortxori kasorik egin gabe, jende sail hark eta kotxe pila haiek aurrera jarraitzen zuten... Aurrera, beti aurrera... Gurbide edo kamioa bukatzen zen lekuan, kotxeak utzi eta oinez saiatzen ziren... Beste aldetik, mota guzietako jendeak ikus zitezkeen: zuriak, beltzak, horiak, gizasemeak, emakumeak, umeak... Ez zen entzutzen hitz bat bakarrik ere, ezta abesti edo mintzio bat bakarrik... Mutuak izango balitz bezela zihoazen aurrera, beti aurrera, ixilpe lodi haren barrenean eta, noizik behinka, bat-batean, oihu-karraxi haundi bat entzutzen zen: Ama!, Amaaaa...!, Aaamaaaaa...!
Bi gizon haiek, zut-zutik jarrita, itsas aldeko lanbroetara bihurtu zituzten beren begiak. Eta han urrutira, jende multzo ikaragarri hura agortzen hasiko balitz bezela, hurbilegi antzeko jende lokatz ugari hura desegiten hasia zen, eta noizbait entzundako mirari sinisgaitza, gizon olatuen gainean, inguma edo fantasma luze bat ikusten zen, eta orduantxe bertan ataka ireki izan balute bezela jendea barra-barra hasi zen itsaso zabalerarantz eta legun-legun, legor-legor, tutik ere busti gabe beren bidean jarraitzen zuten. ..
— Nora ote dijoaz horiek, motel...
— Etzekiat ba... Etziot tankerarik ere ematen...
Halako batean argi txinpart bat azaldu zen eta hazitzen joan zen eta honen argiduran ikusi zena bi zangar haundi izan ziren, bi-biak zabal-zabalduak, zango zabalak, aztal lodiak, belaun legunak.. .
Eta txingurri-jende sail hura han zihoan, gora eta gora...
— Nora jaunak, nora...?
Babesgabeko jende guzti hura han zihoan, gora eta gora...
— Nora jaunak, nora...?
Babesgabeko jende guzti hura han zihoan, gora eta gora... Nora...? Han zihoazen denok, umezurtz garen denok, gora eta gora, AMAri deiadarka, AMA !, AMAAAA !, AAA-MAAA... !
Eta dena, txingur sail hura dena nonbait desegiten hasi zen, denok desegiten, denok zangar gora, denok belaun gora, denok betirako galdutako sabelaren bila... Eta bi gizon haiek ere, hau ikusirik, txingur-jende sail hartara hurbildu ziren beren atzean hainbeste eta hainbeste kotxe utzirik, hainbeste eremu eta basamortu, hainbeste zuhaitz, mendi, ondar, olatu, zango gora, aztal gora, belaun gora, ehize zakur antzera, usainka, beti usainka...
© Santiago Aizarna
"Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia