Otsoa atarian
— Ni ez naiz irtengo behintzat
— Ezta ni ere...
— Ni ere ez...
Otsoa atarian zegoena ezin uka. Geldi-geldirik, hortz-letaginak zorrotz, ile-kalparra tenteka, beldurgarria iruditzen zitzaigun denoi. Baina beste gauza bat zen beldurgarriena: hara sartu ginenean eguzki eder, bero, sasoikoa utzi genuela eta orain, handik irtetzeko orduan, elurrak mara-mara zurituak zeuzkala bazter guztiak...
— Baina, nola gertatu ote da hau...?
— ...eta inork ere igerri gabe...
— Sinistu ezin modukoa...!
Baina elurra han zegoen, lurrak zurituaz, zuhaitzetik zintzilika, mendi-hegal eta tontorrak zarpiatuz... dena ixil-ixilik zegoelarik, hala ere urruti batetik etorria izango balitz bezela, auli luze, garratz, mindutako baten hotsa entzutzen genuela iruditzen zitzaigun...
Manaxi izan zen zeozertara mugitu zena lehendabizi.
— Dena dela, hemen ezin gaitun egon. Sorgin baten lana dela esango niken nik. Ez al zaudete hortan, neskak...?
Arrazoi puskaren bat ez ote daukanan nionan neronek ere... —mintza zen Prantxixka...
— Sorgin hori gure artekoen bat den nahita nahiez...
Eztabaida hau sortu zuenean Maintonik, elkarri susmar txarrean begiraka gelditu ginen. Nor ote zen ba sorgin hura...?
Lehen pilaka geundenak bakandu egin ginen. Gela ttiki hura, lehentxeago beroa, orain oso hotza iruditzen zitzaigun. Eta bakandu ginenean, hotzagoa oraindik. Hortzak kizki-kazka ezin geldiarazirik geunden. Ilargia, mendi-hegala arrastaka igo eta gero, tontor-tontorrean geldigeldirik galgatua zegoen...
— Jarrai dezagun hemen mugitu ere gabe... Berandutu dela igertzen dutenean gure etxeetan norbait bialduko ahal ziguten... —esan zuen norbaitek.
Aulia, orain, mendi honantz entzun genuela iruditu zitzaigun. Lehen bezain garratza, lehen bezain mindua, lehen bezain goibela baina lehen baina haundiagoa, lehen baino ozenagoa...
— Hemen ditun... —esan genuen den-denok noski, eta lehengo susmar txar guztiak desegindu zirela sumatu genuen. Bakanduak geundenak, txitoak kolkaren azpira biltzen diren antzera, berriz ere bat-besteen besoetara hurbildu ginen.
Kezka, hotza eta dal-daia... Neska sail guztia ikaratuta zegoen. Nor edo nor, negar-zotinka, malkoka ikusten zen...
— Gaua luzea zegon oraindik eta gehiegi eta gehiago lanbrotzen ari den, neskak... —esan zuen norbaitek. Zaila izango den hemen jarraitzea... Hotzez eta beldurrez hilko gaitun...
— Eta zer egin ba bestela...? —erantzun genion gehienok.. .
— Irten beharra zegon. Irten ordu, beste modu batean agertuko ditun gauzak...
— Bai eta, otsoa...?
— Gu denok ikusten gaituenean berak ere ikaratuta iges egingo din...
— Eta horrela ez bada gertatzen...?
— Zerbait egin beharra zeukaneu ba, derrior... Inungo makil edo bastoirik aurkitzen duenak hartu dezala eta ia zertan gelditzen den dena...
Ezin sinisteko modukoa gertatu zena hura ere. Ezer ez zegoen tokitik agertu ziren hainbeste makil, kirten, botila eta zernahi gauza. Tresna horiek denak sendo eta gogor eskuraturik han joan ginen denok otsoarengana. Atea ireki ordu, hegohaize bero eta gozo batek pailakatu gintuen. Eta otsoaren arrastorik ere inun ez... Ezta elurrarenik ere... Lehen hain gainean ikusten genituen mendiak orain oso urrunduak ikusten ziren eta ez zuten inungo itzal gaiztorik botatzen...
— Sorginkeria...! Sorginkeria...! —Karraxi zion Mainttonik. Eta Manaxik.
— Sorginkeria bai... zer ez den sorginkeria...?
Gau hartan, neska sail hartako gehienak otsoarekin egin genuen amets. Eta bere irudi beldurgarria agertu zitzaigun gure ametsetan: hortz-letaginetik aparra zeriola, ile-kalparra tenteka, lepoa luze-luze, aulika... Eta ez ziren palta izan amesgaitz beldurgarriagoak ere... Neskatakoen batek hortz zorrotz haien kozka ere sumatua izan behar zuen... Eta, baita ere, beste bat arrastaka eramana, zugaizpe barrena, otsoaren etzanlekura...
© Santiago Aizarna "Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia