Mamu haundi bat
— Etzakela ukitu...
Aspaldian inork ukitu gabeko mamu haundia zen hura. Mamu berdexka, guri-guria, haizatutakoa izango balitz bezelakoa... Behin batean, bere etzan-lekutik aterata, sekulako hondamendia egina zen... Esaten zutenez, gizontxo batek, nanu batek, katetik tiraka ibilia izan behar zuen zirko batetik bestera. (Denbora asko zen Mattini dena zirkoa iruditzen zitzaiola. Gizon jakintsu batek zionez, ez zuen izan behar oso burutik ondo ez zebilenaren irudimena dena zirko antzera bihurtua ikustea... Baizik eta, zinez sinismen bideak hertsituak zeuzkala... Bai, egia zen: Aspalditik sumatua zeukan eroria sinismenen mundua eta nahigabe luze batera amildua ikusten zuen bere bizia...)
Mamu hura zer zen esateak lanak emango zituen. Irakurri al duzue noizbait nolatan agertzen duen bere mamuetakoren bat H. P. Lovecraftek...? Hemen doakizue, ahal dudan modu onenean itzulita haren deskripzioa: «Gerritik gorakoa gizon itxurezkoa zen, baldin eta bularrak —zakur-atzapar antzeko eskuak atseden eta zelatari zeuzkalarik bere gainean— musker zahar baten antzeko larru latz eta zarpailez estalduak edukirik. Bizkarrean, zaplada horixka eta beltzadunak suge larruaren antza ematen zioten. Baina, gerritik behera askoz ere okerragoa agertzen zen gizon itxura guztia urratzen baitzitzaion amets bideak harturik... Larrua ile zahar trinko eta beltzez betea zeukan eta guri-guri eta trabagarri zintzilik, sabeletik hogei bat erro luze jaiotzen zitzaizkion urdin nabar berdexka kolorekoak urrupaigailu gorriskak muturrean zituztela modu nabarmenean bakanduak eta inoiz eta inun ezezagututako geometri modu baten itxurapean egindakoak. Bere bi aldaka edo ipur-masailetan, oso hondoraino sartuak eta arroxa-kolorezko betile zulo batean, begi antzeko zerbaitsu zeuzkan, eta isatsa eduki behar zuen tokian berriz —ahoa edo eztarria noizbait izan balu bezelakoa— adar antzeko gauza luze eta gorrixka bat. Beso-hankak ile beltzez estalduak izan ez bazituen lehen kondairetako erube haundi haietakoen baten atze-hankak zirela emango zuten, eta horien bukaeran ez zegoen ez atzapar eta ez azkazalik, halako zain soil desberdin eta aterakor batzuk besterik... Arnas egitean, mamu honek isatsa eta garro luze haiek aldizkaka kolorez mudatzen zituen eta lehendabizikoko berdexka itxura hura geroago horixtu egiten zen isats aldean. Ez zen inun ere odol garbirik ikusten: bakar-bakarrik lintzura berdexka hura lurrean lirdinga zikina utziez...!»
Honelakoa zen ukitu ezin zen mamu hura, baina, gehienean behintzat, lotan egoten zen. Inork ez bazion agintzen ez zen mugitzen bereartan zegoen tokitik. Etzanda, bapo janda, antzinako ipuietako haren-suge haundi haietako bat ematen zuen.
— Utzi trankil jaunak... Mintza behar baduzu, ixilka mintzatu... Ez esnarazi mamua, jainkotik...
Beldurgarria benetan egun hura, mamua esnatuta ahoa eta sudur-zulotik sugarrak boteaz mugituko nena... Hau gerta zedin ibiltzen ziren denak ixil antzean, hanka-punttetan, hitz bat bestea baino gehiago altxatu gabe, denak ixilik, denak beldur, denak lotsatan...
Bihotza goibeltzen zitzaien bada aita, anai eta senargaiei bere alaba, arreba edo andregaiek mamuaren apar lintzura besdexka hartan itoko zitzaizkiela jakinik eta hau gerta ez zedin hor ibiltzen ziren beldurrez josiak, batzuk besteei behatza ezpain aurrean jarrita, liiixooooo, liiixooooo, liiixooooo, eta ixiltasunerako txutxu-mutxu hau gogorbizten zitzaien gogoratu hutsarekin noizbait mamu haundi hura esnatzera etorriko zitzaielakoan.. .
Horrengatik ba, Mattini denak esaten ziotena: Etzakela ukitu. . .
— Baina, zergatik ez...?
— Ez al duk ikusten esnatuko dukela...?
— Eta, zer...
— Baina, motel, motel...
Jakina: Ikusia zeukan Mattinek nola dena zirko bat besterik ez zen. Horrengatik, noski, ez zion izugarrizko ajolarik ematen zirko haren zabalerara jetxi eta mamua esnatzeak... Erromatarren denbora haietatik hona, josta-leku bat besterik ez zen izan zirkoa nahiz eta batek baino gehiagok bere bizia han galdu izan, baina Mattinek esaten zuena: dena zirkoa baita, heriotza ere zirkoko jostaketa bat besterik ba ote da ba...?
Eta hau gogoan zeukalarik hor jetxi zen zirko haren zabalerara. Lehendabiziko sumatu zuena halako hotz berexi bat izan zen. Iruditzen zitzaion jendez gainezka zegoela zirkoa pistatik harantza, eta hemen berriz, zirkoko bihotz-erdi biguin honetan, bera eta mamua bi-biok, beste inor gabe... Eta ixiltasun haundi bat denean nola zeruko makinen ardatzen bat gelditu dela ematen duen, honelaxe sumatu zuen Mattinek ere giro-hotz haren egoera geldia...
Halataz ere, Mattinen eskuek ez zeukaten dardairik mamuaren bazterrera inguratu zenean... Zergatik beldurra...? Zergatik dal-daia...? Bere orain arteko bizi laburrean horrelako mamu prankoren ingurura joan beharrean arkitutako umea zen eta bazeukan susmoa hau ere haietakoen antzekoa izango ote zen...
Honela ba, beregana joanez, eskua luzatuz, mamu ikaragarri hura ukitzera ausartu zen... Bere bazterretik pistatik harantz, deiadarrak, negarrak eta antsiak besterik ez zitzaizkion etortzen eta bere inguru guztia honelako zurrumurru beldurgarriz betea sumatzen zuen... Hala ere, inori kasorik egin gabe, han joan zen, han luzatu zuen besoa eta ukitu zuen mamua...
Harrigarria! Bere begiek ikusten zutenak baina hobeto jendearen arnas lasaiak agertu zion han gertatu zena: Mamua, lehen oso-osorik zegoena, puskaka hautsia erori zitzaion bere oinen aurrean... Eta jendea hain txunditua gelditzen zen bitartean, zirkoko pista beldurgarri hartatik kanpora irten zen bakar-bakarrik, kokotzak bularra jotzen ziola...
© Santiago Aizarna "Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia