Arratseko ordu luzea
Denbora askoan egondua naiz hau nola esan ez dakidala, ez baita gauza xamurra beldurgaiez hitz egitea... Orain-oraingoz, ni bizi naizen orduen kurpil-geldian, beldur-lodi, beldur-gizen bat hazitzen eta hazitzen sumatzen dut nire barrenean. Erotasunak joko nauen ere beldur naiz. Goiz-goizetik kontaketari ekin diot eta hamabi mila hirurehun eta berrogeitamalau artera iritsi naiz. Bai, juxtu-juxtu, hamabi mila hirurehun eta berrogeitamalau arte, eta gero, sapaiera joan naiz. Han goi aldean, zintzilik, eguzki mintxo, ergel bat zegoen, eta behe aldean berriz, jende puska bat. Eta jendearen gainean, garbi-garbi, han ikusi dut nire zenbaki hau: 12.354. Ez dakit zer esan nahi duen zenbaki onek... baina han zegoen, jendeen buruaren gainean eta batzuen batzuek goi aldera begirada bat eginda parramurriz gelditzen ziren... Ergel parra zela iruditzen zait hura eta han, gelditu zaie beren arpegian lelo maxkararen antzean...
Bigarrengo eguna
Nire orduetan zailen-zailena gau arratseko ordu luze hori da. Arrats guztia ordu bat-batera bihurtzen zait eta beldur ikaragarri bat sumazen dut. Zer dela ta...? Ez dakit zergatik. Sekulan ez dira jakingo zergatik izaten diran gauza hauek. Nire ustez, arratsari berari, besterik gabe, diogula beldur. Nik uste dut, den-denak arratsari diogula beldurra eta inork ez dakigula, egi-egitan, bakoitzak bere arratsari diogula beldur, gure bakoitzaren barrengo arratsari... Baina egia da, baita ere, beste ezerreri ez diotela inoiz ere beldurrik izango... Bakar-bakarrik, arratseko ordu luze honi... Eta hemen, ordu luze onen barrenean, beldurraren labain zorrotza sabelean sartua banu bezela, gelditua naiz. Eta nerone korapiltzen naiz, umeki baten antzera, nire beroaren bila, maindire azpian amaren sabeleko gozoa eta beroa aurkitu nahian eta itsas-belar laztan maitagarriek bilduko banindukete bezela. Gizon guztiak fardel ttiki batzuk besterik ez gara, zertaz beteak izan garen jakin gabeko fardelak, eta amaren sabela da fardel horien bidari-etxea, eta hantxe bertan seilatzen gaituzte... Nik ez nuke izan nahi fardel bat besterik inoiz, inork inori bidaldu gabeko fardela, amaren sabeleko bidari-etxe horretako ixkin batean sekulan-sekulako ahaztutato fardela...
Hirugarrengo eguna
Arratseko ordu luze horrek izugarrizko oinaze zigorra ematen du. Orain esango dut nola gertatzen den dena. Lehendabizi, hots haundi bat entzutzen da, halako harri haundi bat bi puska egingo balitz bezela. Hots legorra, garratza, gozakaitza izaten da, eta bat-batean, munduan ere, —nire begien aurreko munduan ere— bi zatitan puskatua gelditzen da. Alde batetik, ni bakarra gelditzen naiz eta beste aldetik berriz, beste denak...
Segidan, borroka bizia gertatzen da. Irudipenez, ez du ematen borroka horiek horrela gertatzeko biderik dagoen, baina honela gertatzen dela ezin ukatu... Larritasunez beterik, izerdi-pats egina gelditzen naiz... Oroimenaren bizkar gainera etortzen dira gogorapenak hegaka... Den-dena gogoratzen zait eta modu berean, den-dena ahaztutzen zait... Dena urratua eta ezeztua gelditzen da... Han gelditzen naiz nire ohean nire baitan bildua, kizkurtua, korapildua eta nundik datozen jakin gabe, kanpai hots izugarri batzuk nire ordu horien etsipena agertuaz entzuten ditudanak... Ez dut sekulan jakin, ez zer ordu edo eta zer garai ordu jotzera datorren ordulari kanpai hori. Nire gela, bueltaka eta bueltaka eta jiraka eta biraka, hasten da. Eta lehen bezela, gela guztia, gelako gauza guztiak, alde batera joaten dina, nire beste aldera noski, eta ni, nire ohean, bakar-bakarrik gelditzen naiz. Aidean eramango nautelakoaren beldurrez, haizeen itzalki oihaleei eusten diet. Izugarrizko zuloosina eroritzen da gure artean. Nire barrenean, hotz-hori bat, itxaropen ezetsi bat, sumatzen dut, eta bakardade minbereak jotzen nau. Gehiago eta gehiago kizkurtuaz, nire burua, zakur isatsa bezela, hanka-tartean sartzen dut. Orain, umekiantza berdin-berdina da, eta guri-guri, busti-bustitako itsas-belarrek bildutzen dute nire gorputza eta gozapen epel baten azpian sartua naizela sumatzen dut. Amaren sabeleko lintzura, muki eta goroldio guriz bildua nagoela konturatzen naiz. Beste urrutiko kanpai batek ordu trankil, patxarosu bat ekartzen du. Zeru hautsietako hormetatik egusentia eroritzen da argi sutan... Goiza hotza, benetan hotza izaten da... Nire goizak, den-denak, hotzak izaten dira, eta beti eta beti, halako antzara marrua bezelako zerbait entzuten da...
Laugarrengo eguna
Ez nituzke esan nahi nire anima larrutzen duten gauza horiek. Ez nuke nahi ez esan eta ez ezer sentitu ere. Harri gogorrari bekaizten diot goroldio gozuak ematen dion goxotasuna...
Lege-gizon hura, ttiki-ttiki, bizkorra, eta bizi-bizi hoietakoa da. Hitz egiten hasten denean agertzen da garbi debetuduna edo hitz-totela dela. Baina, nahiz eta harrigarria dela iruditu, ez da inolazko akatsa berezitasun hau bere ahoan nonbaiteko kementasun aparta ematen baitio. Adimen haundiko gizona denez, lasaitasuna hartzen nahiko erraza da berarekin, zergatik eta sekulan ez baitu ematen esan behar ez denik... Gaur, horrelaxe esan dit:
— Ez beldurrik eduki, dena ondo dago ta...
— Ez, ez dut beldurrik edukiko —egin dut karraxi nire barren-barrenean, oihu zatar odoldu bat zauri ebakitik kenduko banu bezela— ez dut sekula-sekulan beldurrik izango...
Eta arratsetako ordu luze horren beldurgarrizko ixiltasuna oroitzen gelditu naiz...
Bostgarrengo eguna.
Gaur goizean, jan-gelara eraman naute gosaltzera, baina ez dut ezer hartu nahi izan baraua hausteko. Lotsaizuna ematen dit inorren aurrean jaten hasteak eta hori, den-dena, matel-hezurrarengatik. Nire otorduak beti bakardade osoan egiten ditut, oso nireak baitira horiek eta ez baitzait atsegina inor jolastea nire ikuskizun zatar honekin...
Sendagileak bi dira eta bi-biak hor ibiliak dira nire gorputzarekin zer egin ez dakitela. Lehendabizi, mailu ttiki batekin, kaxka, kaxka, belaun kozkorrak jotzen arituak dira, geroago buruhezurra neurtzen eta geroxeago berriz, belarriak, begiak... Argi haundia botzen duen bonbila batekin etorri dira eta badirudi burutz barrena argitasun-haunditasun horretan sartu nautela. Bilutsik daukatela sumatu dut nire buru-muin odoldua. Lehendabiziko aldiz bada ere, geldigeldi, animaliaren partez harrikozkor bat izango banintz bezela egona naiz bi sendagile horien aurrean. Zoro baten aurrean zeudela usteko zuten. Eta zeinek esan, zeinek, ez naizela ni zoro haundienetako bat? baina, zeinek daki zein den zoroa eta zein ez...? Eta zergatik beti suertatzen dira besteak irabazle...? Zergatik beti besteak onak...? baina neri ez zait gustatzen irabazle gelditzea... Neri, beti, galtzea gustatu izan zait. Galtzaile eta bakardade osoan ibiltzea gustatu izan zait orain nagoen antzera, hemen, ez zeru eta ez lur, betikotasun zabala neure aurrean daukadala, hemen, mailu ttiki horrek kaxka, kaxka belaun kozkorra jotzen duen bitartean eta nire gogoramen bilutsak nire burutik zintzilika dituela...
Eguna
Ezin dut iragan denbora gehiago... Lokarri korapiloak hautsita hor doaz itsas-ontzia ur-gainera bere herrenka zorrotza utziez urgainean... Zer odol-herrenka ez ote dut utzia izango nik nire bizi-zelaietan... ?
Ezin dut gehiago.. . Ezin dut iragan.. . Hitzailea... Gauza bat banoa ulertuez igerri dut garbigarbi: Inor-inungo pertsonaren hiltzailea izatea bakoitza bere buruaren hiltzailea izatea dela...
© Santiago Aizarna "Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia