Ilunpe bizian...

 

                        Alan Riefferi noizbait

                        irakurritako oroimenean...

 

        Ukalondo eta belaun zaurituaz, han joan zen arrastaka solairuaren gainean gizon hura... Hots bat bakarra entzutzen zen ilunpe oso hartan eta iruditzen zitzaionez, hots hark haizearena izan behar zuen, han bere azpian... Enbatak teilatu azpiak indarka jotzen dituen modura sumatzen zuen hots-zurrumurru hura, nonbaiteko lurpebide zabaletako haize bero boladak egindakoa bezela, baina ez zion kaso izugarririk egin urrutikoa iruditzen zitzaion durrunda hari... Ez zegoen ba beldurrik hots-zurrumurru haren aldetik eta egi-egitaz beldur pixka bat ematen ziona ilunpea eta solairu haren joskera modua ziren. Solairu hark, ematen zuenez, ola luze, zabal eta bukaera gabekoarekin egindakoa izan behar zuen, inoiz ere ez baitzion aurkitzen tarterik. Mila bider pasa zion bere gainetik bere esku bizi eta behatz zorrotza baina inoiz ere ez zion aurkitu tarte ttiki bat ere: dena gogorra, dena bat-batekoa... Gogoratu zitzaion, baita ere, ea agian solairuaren partez beste zerbait izan zitekeen hura, eta han zegoen mundu beltz eta ilun hartan, sekulan bere amesgaitz lodienetan ikusi eta gogoratutako amets-irudi berezienak agertu zitzaizkion... Horien artean, bere burua ttiki-ttikia ikustea; solairu hura, apal bat izatea; hots hura norbaitzuen arnas zakarra besterik ez... Itxura zuenez, munduaren langek oso zabalduak izan behar zuten eta lehen ezagutzen zituen neurriak oso aldatuak... Baina, dena dela, behar-beharrezkoa zuen ilunpe hartatik ateratzea, behar-beharrezkoa aterabide bat bilatzea.. .

        Poliki-poliki, katazka bizian, bi eskuak ezker-eskubira eramanez, zerbaiten ertza edo karelen bat ukitzera iritsi zen. Eta ez hori bakarra. Era berean, ilunpe izugarri hartan nonbaitetik zintzilik zegoen soka legun bat ere ukitzea lortu zuen. Ez zekien norainoko irtenbidea emango zion soka hark baina ahal zuen moduan jeixten hasi zen, eta zenbat eta gehiago jeitxi haundiagoa sumatzen zen hots hura, eta aldizka iruditzen zitzaion baita ere, ea bentiladore edo haizegileren bat ez ote zen izango...

        Eskuarrez neurtuta —hogeitamarren bat zentimetro behatz-handiren puntatik beste behatz-ttikiaren puntara— hamabost bat metro jeitxiak izango zituelakoan zegoen eskuetan oinaze berexi hura sumatu zuenean, eta hori sumatu ondoren, hankak sokari gogor lotuaz, bi besoak gerritik behera eraman zituen, eta hau egin ondoren, halako lasaitasun bat sumatu zuen eta hats pixka bat egitea gogoratu zitzaion ea ba orain ikusten zuen edo ez, hara eta hona argi pittinen dirdira edo izpien bat, baina alperrik...

        Hontaz ba, hats pixka bat egin ondoren, bere arnasa lasaitu eta, berriz ere jeixten jarraitu zuen... Hogeitamarren bat metro jeitxiak izango zituen gutxi-gora-behera bere ezkerreko hankarekin han behean zerbait ukitzera iritsi zenean... Konturatu zen, baita ere, zabaltasun legun baten gainean zegoela zutik oin-peko lodi baten gainean egongo balitz bezela. Orduan, lehen entzundako hots-zurrumurru hura bere aldamen guztian, behatz iletsu batzuk pailakatuko baliote bezela...

        Orduantxe, noski, konturatu zen nun zegoen, dudarik gabe, edo eta, zeinen gainean zegoen zutik, zer ukitzen zuen hankutsik eta nundik ateratzen zen aspalditik entzutzen zuen hotszurrumurru hura. Piskana-piskana joan zen konturatzen zer moduko ibilerak erabili zituen ilunpe-oso hartan eta ikasi zuen, baita ere, nolakoa izan zen hara beheraino jetxirazi zion soka hura, konturatu baitzen, behingoz, armiarma haundi batek egindako sare-sokatik zintzilika iritsia zela zegoen toki hartara...

        Eta, orain, armiarma haren sabel guri eta legunen gainean zegoela, zutik...

 

 

 

© Santiago Aizarna

 

 

"Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia