Sare zuloan barrena

 

        Nahi duenak nahi duena esan dezala baina nik behintzat badakit zertarako egin izan zituzten «autopista» deritzan bide zalapartatsu horiek... Bai, gizona berari dagokion askatasuna ziur kentzeko... Begira, bestela, zer gertatu zitzaion Hans Krüll izeneko gizon bati...

        Badakizue bide hoietako pranko badirela Alemani aldean. Eta bide horiek egiten aritu ziren hainbeste gizonetakoren bat zen Hans Krüll. Denbora gogor eta kaxkar pranko bizitzeko jaiotako umea zela ezin ukatu. Gizon bigotedun haundinahi batek Alemani lurra beste inungo lurra baino gorago igo nahi izan zuen eta bazirudien arrastoa galdutako «diskoen» bat zeukala buruan eta «über alles, über alles, über alles» besterik ez zuela entzuten. Egia batek gehiago balio du, eta gauzak argi agertu nahi baditugu, hau jende gehienaren mina dela aitortu beharrean gaude, baina, hala ere, gizon bigotedun hark ekarri zituen ez-beharrak beste inoren bizkarretara bota daitezkeen baino haundiagoak izan ziren... Eta bere denborako beste alemaniar asko bezela, Hans Krüll izeneko gizon hura ere, nahasketa hartan sartu zuten, eta ahal zuen guztia eginda ere, ezin egin izan zuen askorik...

        Hans Krüllek ez zuen izan-uste, inoiz ere, «autobahn-ak» egiten ari zirenean, hortarako egiten ari zirela. Zertarako ziren igerri zionerako, edo eta lur azaletik askatasuna kentzeko zirela igerri zionerako, egun asko, hilabete asko, urte asko paseak zituen, eguna joan eta eguna etorri, izerdi eta patsa, bide zabal eta patxarotsu haiek egiten... Noizik-behinka, lehen bide zaharrak izandako haien arrastoari begiratzen ziotenean, aguro aski konturatzen ziren oraingo horien bentajetaz. Lehenago, eskelari neketsu batzuen antzera, bideak beren musu edo besarkada herritik-herrira ematera hurbiltzen ziren. Hemen hats egin, aurrexeago ardo ttantta bat edan, beste hatsaldi batean urre-koloreko garagardo apartsua, bide edo kamio horren azalean zihoazen gizon-emakumeak bidearekin bat eginda joaten ziren. Eta bazekiten haien gainetik zihoazenek ondo-aski, nundik-nora zihoazen... Baina, oraingo «autobahn» horiek ez ziren haiek bezelakoak, eta antza gehiago zuten lasterkari gazte eta azkar batekin. Hasterako, hoietan sartzea Kretako Minotauroren leza-zulo zurrunbiloan sartzea bezela zen... Urruti batean ikusten ziren, huri, herri, mendi, ibai eta abar, eta aldizka sekulan inoiz ikusi gabekoak zirela iruditzen zitzaien. Nola bizi ote hain bazter eta hain urruti, hain ezagun eta hain ez-ezagun hainbeste alderdi, baso, zelai, etxe eta jenderekin...?

        Honelaxe ekin zion Hans Krüllek bere pentsakizunari. Lasterketarako azkarrak zirenez, bide zabal haiek aguro aski eramaten zuten edozein toki batetik bestera nahiz eta itsu-antzean eraman. Honela, denbora bere ardatz-ardatzetik laburtuaz, txolarte haundiagoaren jabe egitera lortzen zuten. Baina itsumenezko mundutara eroria ez ote zegoen gero, kezka pranko sortu zitzaizkion buruan Hans Krülli. Itsumunduek egin-behar gogor eta zailak agertzen dizkigute... Itsumundua «imperialista» xamarra zelakoan zegoen aspalditik, eta «autobahn»-etik sortzen ari zen beste «imperialismo» honetaz kezkatzen zen gogor.

        — Nora ote goaz, mutilak...? —galdetu zien bere aldameneko batzuei.

        — Nora...? Ez al duk ikusten nora edo zer...? —erantzun zioten.

        — Ez nikek hori esan nahi, baina ez al zaizue zuei ere gauza bera pasa...? Lehengo bide hortatik joaten nintzenean, banekien, esate baterako, zer aurkituko nuen metrotik-metrora. Herrittiki guztiak, baso-bideak, mendiak, ibai-ertzak, den-denak ezagutzen nizkin hobeki baino hobekiago. Orain berriz, horrelakorik ezer ez... Lehengo bide zaharrean bidari nindoalarik, Markus eta Bertaren etxe bazterrean txolarte pat: bat egiteko ohitura hartu nian. Hamaika aldiz geldi izandako tokia huraxe...! Garagardoaren apar zuriarekin mokoa bustiez, han zerbitzen dauden neskatx gazteei hamaika zirri egindako umea nauk. Eta, orain berriz, ez garagardo eta ezer ez. Ez baso, ez mendi, ez ibai, ez huri, ez herri, ez gizon ... «Autobahn» hau bukatzen dugunerako beste «Autobahn» bat egiten hasiko gaituk. Ikusten dituzue nolatan etortzen diren egunak: bat bestearen ondotik, noski. Ba, modu hortan bertan etorriko dituk bideak: batzuk besteen ondotik. Eta, zer gertatuko ote da «bideen denbora» bukatzen denean...?

        — Zer esaten duk, motel...? Zer duk «bideen denbora» ... ?

        — Bat duk, «bideen denbora»; bestea, berriz, gure eginkizun nagusia, «bideak-egiteko denbora». Ez al duk orain arte sekulan entzun horrelakorik edo zer...?

        — Ez, nik behintzat sekulan ez...

        — Adizak ba: «bazter guztiak bidez betetzen direnean azken juizioko eguna etziok urruti...»

        — Hi, beti, horrelako jolasekin...

        — Ez diat uste hau nirea denik eta ezta jolasa denik ere...

        — Norena eta zer ba...?

        — Guretarrak ziur sinisten ditek hori. «Etxe bakoitza taberna bihurtzen denean, eta leku guztiak bidez betetzen dituztenean, erne mutilak, azken juiziorako etziok urruti-ta».

        — Nundik atera duk esaera hori...?

        — Nik eta guretarrak ondo aski zekiagu nundik.. .

        — Ba...! eta zuetarrak beti...! Ez al zenuten entzun gure Gidariaren azkeneko hitzaldia...?

        — Zeinena...? Bigotedun gixatxar horrena...?

        — Kontu emaiok zer ari haizen hitz egiten hire bizia estimatzen baduk...

        — Entzun nioken ba, bai... Zer esan nahi huken horrekin...?

        — «Autobahn» edo bide hoietaz hitz egin zian... Ez al haiz gogoratzen...?

        — Ba, halaxe hitz egin zian, egia duk... Joan behar dugun tokietara lehenago joateko izango ditugula bide horiek esan zian. Baina gauza bat ahaztu zioken hala ere. Etziguken esan nora goazen edo ta bide horiek gu nora eraman nahi gaituzten.. .

        — Gidariak berak bai baitaki nora joan nahi duen, guk zertarako jakin behar diagu...? —hots egin zion haserre hizkidearen lagun batek.. .

 

 

        Oraindik agertu gabea zen, itxuraz, odola, eta hala berean odol-ixurtzaileak...

        Ez odol eta ez odol-xurgatzaileak ere...

        Urteak pasata, gudaren itzal beltzak ederki odoldu zituen bazterrak...

        Urteak pasata, odol-xurgatzaile azkar, trebe eta ausart bat agertu zen «autopista» deritzan leku berexi horretan. Amarekin bat neskatx gazte, zoriontsuak...! utzi zuten beren bizia kamio haren musu beroa hartzen zuten bitartean...

        Urteak pasata, gertaera berriak... Zenbatek ez ote zuen nahiagoko bide berriak, «autopista» berriak erekitzen jarraitzea...? Eta denbora askoan behintzat honela joan tiren gauzak...

        Egun batean, Alemani aldean Hans Krüllek bezela, honen antzeko pentsakizunak izan zituen Italia aldean Giusseppe Galofarok. Erromatik Napolesa doan «autoestrada»-ri begira, kamio bazterrean jarrita, bere Etiopiko denborak gogoratzen hasi zen... Burutsik zegoen gizon hura eguzki soil, bero eta latz bat zigortzen ari zen bitartean, ez zuen utzi izan nahi gogoratu gabe bere herri maitearen izana eta hain eta gutxiago oraindik honen etorkizuna... Etiopi aldean gudan ibili ondoren, hankamotz, besamotz eta begi-bakar ikusten zuen bere gorputza. Eta orain hor zegoen burni-sarearen beste aldetik, begira eta begira, orru eta marru, presaka eta presaka zihoazen kotxeei...

        Hauxe duk gure etorkizuna: lasterrago joan gaitezen, hankamotz bihurtu gaituztek: «bolanteari» indar gehiagorekin eutsi dezaiogun, besamotzak... urrutira hobekiago ikus dezagun, begi-bakarrak... Bitartean... zer ote dio beste gure Gidari jaunak...?

 

 

        Beti esan izan dutena izan da askatasuna kentzeko bestetarako ez zutela balio «autopistek». Eta hara nun, gaur, hemen, nire kotxetik gorputza zintzilik daukadala, zilipurdika eroria, ahosapaiean lokatzaren guritasun nazkagarria sumatuz, beste modu batean mintzatu beharrean nago. ..

        Atzo goizean etxetik irtenda «autopista»-ren matel-hezur gogorrera joan ninduan. Goiza, eguzki ederra zeruan, haize gozoa sartzen huan leihotik kantu-kantari bihotza alaitsu sumatzen nuen bitartean... eta hor egin nian topo ez beharrarekin.. .

        Nik lehendik ikusia neukaken sarea... ba nekekien han zegoela... eta zezenak zapi gorriari ekintzen dioen antzera, nik ere itsu-itsu sare hari, zapi hari, ekintzeko asmoa hartu nian... Etzekiat zer neukan gogoan... Etzekiat zer dardarrak emanda... baina behintzat sareari aurrezaurre jotzeko asmoa hartu nian...

        Nik bazekiat alde hontatik beti arrai saretu batzuk besterik ez garela... Orain, hemen etzanda nagoelarik, abesti ederrak entzuten hasia nauk... Gorputza arin xamarra sumatzen diat eta banegok neronek batere konturatu gabe altxako ez ote naizen eta sarean egin duten zulo horretan barrena ez ote naizen joango... Nolanahita ere, norbait honantz heldu dela sumatzen diat... Eta hemen heldu den borren pausoak entzutzen ditudalarik urruti-urrutitik, askatasun haundi batek —ugalde haundi bat izango balitz bezela— hartzen zidak nire anima, hegaka botatzen dik, eta nire bizi guztian gertatu izan zaidan bezela, hor abiatzen nauk, nora ez dakidala, garbi-garbi nora joan nahi ez dudala, sare zuloan barrena...

 

 

 

© Santiago Aizarna

 

 

"Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia