Igelak

 

        Gau guztian aritu ziren igelak, gelditu ere gabe, kro-kro, kro-ko, kro-kro...

        Barasi antzeko lokatz haundi bat zegoen aspalditik ibaitxo haren inguruan. Alde guztietan lintzurak, urgeldiak, apaburuak... Haize pixkaren bat mugitzen bazen, seskadiko hots legunaren susmurra entzun zitekeen urrutixeagotik... Ibai inguruan bertan altxatzen zen etxea tantai lerden baten antzera urek bere hormak xurgatzen zituztelarik...

        Ibaiko uraren abesti xamurra eta ontzen baten urubi zatarra besterik ez zen entzuten gau beltzetan, baina ilargi beteak bere argi horia ixuritzen zuenean han hasten ziren igelak beren errosarioarekin... Hori entzunez, noizbaiteko Oñatiko gertakizuna gogoratzen zitzaion. Beroak arratsaldeari bere azpijana egiten zionean, gustokoa izaten omen zuen konde jaunak bazkalondoko kuluxka. Baina lo-morroan sartu ordu, igelen kro-kroak ez omen zion pakean uzten... Berdin-berdin gertatzen zen hemen ere. Arratsarekin batean, igelen abestaldia hasten zen etxeko nagusia oheratu ordu. Saltoka eta oihuka, hura poza igelak... Eta haren tripajateak etxekonagusiak... !

        Gau hartan, haserrez beteta, ukuilura joan zen. Han zeukan bere igitaia habean sartua. Hotzikara berexi bat eman zion haren mutur zorrotzak, haren okertasun beldurgarriak... Igitai hark lehengo pasadizu zeken bat gogorazitzen ziolako ikarabide berri bat sortu zitzaion, baina hala ere eskuetara hartu zuenetik beste segurantzi baten jabe egin zen. Igitai hau, muntu bazterretako belar kaxkar, sasi-belar, osin eta abar mozteko zeukan baina baita beste lan batzuk egiteko ere: haren moko zorrotz harekin bilatzen zituen han eta hemen, estrata eta larre, baratz eta zelai, hainbat eta hainbat pizti, bada luartzak, satorrak, sugeak, apuak, eta abar eta zaztakada zorrotz batez igitaiaren puntan josten zituen. Gogoratzekoa zen egun batean gertatutako hura: suge-gorri mingain luze mixtua dir-dir, dir-dir tximista bezain bizia botatzen zuena inguratu zitzaion bere oinen aldamenera eta ikusi zueneko han gelditu zen, geldi-geldirik, inkik ere egin gabe eta hotz berexi bat sumatzen zuelarik bere barrenean odolik gabe gelditu izan balitz bezelaxe... Baina bazeukan bai, odola, nahiz eta ez hala iruditu, eta zastada bat emateko egoki gelditzen zitzaiola iruditu zitzaionean, zasta-zasta, azkar bezain trebe han jo zion kaskezurrean igitaiaren mutur zorrotzarekin eta han gelditu behar izan sugeak korapilo bizi bat egina...

        Ohiturak berak ematen duen trebetasunarekin igitaiaren mutur gosea bere eskua bera zela iruditzen zitzaion, hain esku luzea, hain esku zorrotza... Ilunabar bustitsu batzuetan barakuilu edo karakolen bila ateratzen zenean han eramaten zuen bere igitaia eta bare zuri mukitsuak ikusten zituenean, zasta-zasta, han uzten zituen tripajario... Era berean, baita ere, noizka arratoi zaharren bat ere pareta-tarte estuen batean arkitzen bazuen...

        Etxera itzuli zenean, bere arrebari eskeini zizkion barasi inguruan harrapatutako igelak...

        — Hartzin, neska... —esan zion.

        — Zer dituk hor...

        — Igelak.. .

        — Eta zertarako dizkit nik igelak...?

        — Biharko bazkal aurreko. Badakin jatetxe onenetan estimatuak izaten direla... —erantzun zion, parramurriz.

        Han zegoen igel sorta hanka-zintzilik, berdeberdeak, mingain arros-kolorea aho zulotik irtenka... Dozena-erdiren bat izango zuen igitaiahoan zirituak...

        — Zer egin dukela uste duk... —galdera, arrebak.

        — Lo pixka bat egiteko hainbeste paketasun lortu badugu behintzta...

        Hau esan ordu entzun zen, berriz ere, sekulabaino gehiagoko kro-kroa... Barasi guztia otoitzean hasi balitz bezela ematen zuen... Kro-kro leguna, xamurra, eztitsua... Bachen adagioren bat ote zen edo ere esan zitekeen... Nahiz eta hain leguan izan, nahiz eta hain xamurra, orduan bai odola urtua sumatu zutela beren zainetan anai-arrebak...

        — Zer den hori, neska..?

        — Dar-darian niok, motel...

        Bat-batean, kro-kroa haunditu, haunditu, haunditu egin zen... Anai-arrebak ezin izan ziren gelditu leihotik kanpora begiratu gabe... eta han ikusi zutenak tenteka jarri zizkien ileak...

        Lintzura hartatik, ur geldi haietatik, igel-talde ikaragarri bat hasi zen azaltzen... Baziren han moeta guztietakoak eta ixildu ere gabe han hasi ziren agertzen, ur-azpitik, hosto-gainez, begiak ate-zorian, denak etxerantz, berengana...

        Harriturik gelditu ziren anai-arreba barasira begira, ibai-txoko hartara begira, igel haiei begira... Horiek, izugarrizko sailka, laster hertsitu zieten etxea... Gogoratu zitzaien atea zabalduta, igelak hankazpian leherturik, irten egitea... Baina azkeneko begiradaz ikusi zutena bertan gogortuak uzteko adina zen: Beste askoren ondotik, gizon-neurriko igel haundi bat heldu zen, eta honen ondoren oraindik beste haundiagoak ere bai... Lovecraften amesgaitzen bat izango ote zen iruditu zitzaion hainbeste igel eta hain haundiak... Deiadar garratz bat entzun zuen gizonak bere atzean eta hara begiratu zuenean han ikusi zuen bere arreba borrokan igel haundi haietako batekin... Ez zuen ezertarako gehiago denborarik izan: beste igel haundi bat zetorren eskuan igitai oker bat zekarrela... Erredura bizi bat sumatu zuen bere zilborrean igitaitik zintzilika gelditu baino lehen...

 

 

 

© Santiago Aizarna

 

 

"Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia