Zuloan
Haize goxo eta patxarotsu bat zebilen enparantza zabalean. Baina goxotasun eta patxara gutxiko egin-behar batek eramana zen Pello toki hartara...
Zurubi-behera hasi zenerako igerri zion gauza onik ezin zuela espero handik lehendik egundaino holakorik gertatu gabea baitzen eta ikusten ari zenak kezka bizian jartzen baitzuen. Lehendik zekienez, eskail-buru bat edo beste jetxi ordu, argi-zuri eder batek agertzen zituen ispilu haundi haiek, pixa-tokiak, bi edo hiru gela labur eta estu, denak garbi-garbiak... Baina oraingo gertakizunetik kontua atera beharrean bazegoen, ez zen txantxetako lana, arrarotan, pixa-egiteko gogoa sumatzea... Baina, nola hasierak bukaera eskatzen duen, han joan zen behera eta behera zurubi haren azken eskailmailaren bila...
— Ikusiko diagu ba zertan jokatzen duen gaurko honek ere...
Lehendabizikoz behintzat begien bistakoa zegoen: iluna, kezka, bildur pittin bat... Noizbait irakurri izandako lerro batzuen itzal-beltza sumatzen zuen inguruan... Gogoratu zuen nola bere liburu batean, hainbeste mamu ikaragarriren berria emandako Lovecraftek idazle harrigarriak, idazten zituen, baita ere, gizaki extraino baten gorabeherak. Hura ere lurpe-kontuko ipui beldurgarri bat zenez, Lovecraftek ikusi eta idatzitakoak, kea eta beroa lagun zituelarik, behera eta behera jarraituaz ikusiak zituen, eta han aurkitu zituen gizaki haren jendeak, gurutzeantza zutenak ziren... Ez begi, ez beso, ez hanka... nahiz eta hain beldur gutxi eman zezaketenak iruditu, bazuten hala ere nonbaiteko zerbait gaiztoaren arrasto edo traza... Honela, hemen ere, Pellorekin...
Usai lodi bat edo zer ote zen itotze antzeko larritasun hura...? Hemen ez zegoen ez ke eta ez surik... baina inpernua ere beti-beti ke eta suez egina izaten ote da ba...?. Ez horixe... Sartreren iritziz, inpernuak beste eremu beldurgarri batzuk zituen; «inpernua, besteak dituk», esan zion bere buruari Sartreren iritzi beltz hartaz gogoraturik...
— Zein beste...?
— Besteak, beti besteak...
Orduan, inpernu batetik bestera ote zihoan ba...? Besteen inpernu estu hura ondo ezagutua zeukan: hango izerdi..., hango oihu..., hango karraxi..., hango deiadar..., hango gizon..., hango emakume..., hango hainbeste ume-gorri pixauntzi eta marruti... Inpernu modu hartatik iges egitea ez zen txantxetakoa... Baina, nora ote zihoan...? Galdera ederra erantzun gabeko gizonari...
Behera eta behera joanean, Pello ere azkeneko halako tarte baten aurrean gelditu zen. Eta han zegoelarik, zulo batetik begiraka jarrita, argi-izpi batzuk ikustera iritsi zen...
— Noizbait ba, motel... —esan zuen bere kolkorako. Ea bere hanka luzeak pasa arren, han jetxi zen zer ikusi... Lagun batzuk besterik ez zituen aurkitu haraino iritsi zenean...
— Zer ari zarete hemen, mutilak...?
— Berriketak utzi eta eutsi lanari... —agindu zioten.
— Zer lan...?
— Ez al duk ikusten edo zer...?
Egia esan, ez zuen inungo lanik ikusten, baina bai beste haiek han zebiltzela jo ta jo, gelditu ere gabe... Beren pikotx-motz haiekin gogor jotzen zuten horma beltz eta bustitsu bat... Han zegoen argia ez zen izugarria: bonbil kakazu batek bazterrean zabaltzen zuena. Baina, hala ere, ondo ikus zezakeen zer zegoen: erdipurdiko gela bat, hankazpian marruskatutako buztin-zola. Eta han lanean ari zirenak, bere lagun batzuk: Pelix, Ander, Kepa...
— Begira egoteko ez diagu inor behar hemen...
— Eutsi, eutsi...
— Jo, motel, jo...
— Ez zegoen ba lanari eutsi besterik. Galderaka jarraituez ez zuen lagunak haserrerazi besterik egiten. Baina hala ere, bere barrenean, har kozkalari bat izango balitz bezela, kezka txar baten arrastoa sumatzen zuen...
— Zer toki duk hau, motel...?
— Hara bestea... hitz gutxi eta lanari ekin... —mintza zitzaion Kepa...
— Galderak egiten besterik el al dakik, edo zer... —Anderrek.
— Lana egin behar dik hemen, lana... —Pelixek.
Hau ikusirik, pikotx-motz haietako bat harto lanean hasi besterik ez zitzaion gelditzen. Hartu zuen ba, eta jo ta jo, han hasi zen bera ere horma hura bota nahian... Noiz arte ibili behar ote zuen lan hartan...? Ez zuen, seguru, gehiago sekulan jakingo...
Hori bai urteen buruan, gauza bat ikastera iritsiko zen... Noizik behinka lurra zulatzen zela nahiz goi aldetik edo eta nahiz beheko aldetik... Eta hori goi-aldetik gertatzen zenean, panpa!, beste lagun bat erortzen zela zulora eta behe aldea zulatzen zanean berriz, panpa!, berarekin zegoen lagun haietako bat oraindik ere beherago erortzen zela...
Eta hau besterik jakin gabe han jarraitu zuen, pikotx-motza eskuetan hartuta, horma beltz eta bustitsuari jo ta jo...
© Santiago Aizarna "Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia