Hil-zorian, hatsanka
Mendi saskarrean barrena zihoala aldapa gora, igerri zion nola zori-zori eginik adarrak zeramazkien bere buruan...
— Hamabi bat urte izango dituk oraintsu etxetik atera ez dela... Arranopola, ba dituk zerbait hamabi urte kale lurra oinazpean zanpatu gabe egoteko...! baina, hala ere berdin zidak... berdin-berdin... Berriz ere abestuko dik maiatz prankotan kukuak hori atetik honantz irten baino lehen... Baina ni ez nauk harrapatuko, alperrik ari duk... Nik jakingo diat zer egin...
Bururapen pranko zebilzkiela ezin ukatu, baina hala ere bazekien, bai jakin, ez zela horiengatik bere adarren zoritze hura. Nola ba ote...?
— Asko gaituk —geuk uste baino gehiago espetxetarako jaioak. Hor egona duk, hamabi urte luzeetan etxe zomorru... Horrengatik edukiko dizkik, noski, kopet-masailak modo horretan margolduak... Zutik ibiltzeko ere ia ahaztutzeko zorian zegok baina berdin duk... Sekula etziok gogoratuko atea ireki eta kaleko jendeen saltsan nahastea... Ez, ez horixe... Hor arkitu nian, lehengo batean, leiho zulotik zelatan... Eta, sinist zaidak zomorro bat iruditu zitzaidala... ! Eta zomoro itsusia gainera...! Letainak sorgin itxuran sudurra zulatu nahian; ahoa gorri-gorritua pattar edale garbia dela agertuz; ezpainak zimurtuak eta beltzangorriak eta apar zuri legorra bi aho saihetsetan... Etzakit nori begira egongo zen baina ni ikusi ninduenean usu-laster joan huan izkutura...
Oraindik urruti zegoen mendi tontorra baina ez zeukan galdurreraino joan beharrik egin behar zuena egiteko nahikoa baitzuen zeraman bidean zuhaitz sendo egoki bat arkitzea... Bere burukoak antzera, zuhaitz adarrak ere zoritu antzean ikusten zituen... Dudarik gabe, maiatzandereñoa ere hor zebilen arin eta lirain haizearekin batera, eta nahiz makurtua ibili, nahizta kakotua sumatu bere gorputza, nahiz eta marraka-hots antzeko zerbait entzun zurrunbiloan bere belarrietan, hala ere haize-hegal alaitsu hura sumatzen zuenez bere bekokian pailaka atseginean, ziur zegoen ibilera atsegina zela...
Eraman zituen eskuak burura berriz ere eta han harrapatu zizkien adarrei bere ziztak. Zanpatu nahi izan zituen zizta horiek behatzarekin zeldorren batzuk lerdekatu nahian bezela baina oinaze pixarren bat hasi zitzaion zanpatze honekin batera eta etsi egin zuen. Bere marmarrari ekin zion berriz ere aldapa gora zihoan bitartean:
— Ai, Gergori, Gergori...! —mintzatu zen.
Eta izen hau esan ordu, beste gogorakizun bat etorri zitzaion urruti-urrutitik, Kafka gizarajoaren magaletik sortua izango balitz bezela...
Samsa zomorroa eta Gergori zomorroa... Samsatar Gergorio eta Gergoritar Samsa... Izena eta abizena uztarrituak... Samsa zomorroa eta bere emazte zomorroa bi-biak uztarrituak... Nundik heldu ote zait neri nahigabe hau, nundik...? Zomorroen garaiean ote gaude ba...? Denok zomorro bihurtuko ote gara ba? Sastakada biziak ematen zizkioten galderek bere buru muinean... Lehertu zorian sumatzen zuen bere bekoki zabala... Eta orain, haizea ere epelegia iruditzen zitzaion, papar-auspoa estutua, zalapartatsua, estua irakindua... Hegaka joan nahi balu bezela, besoak astintzen hasi zen... Kopeteko oinaze hark dardarian utzi zion gorputza... Han zeukan mina, handik sortzen zitzaion oinazea, han zeuzkan adarrak...
«Egunen batean, zezen itsu baten antzera, bizia adarkatzera behartuko haute...»
Aitonaren esku-makila... aitonaren hitz sendo, patxarosuak... aitonaren zapel haundia... aitonaren esku zarpailak, dardartiak... Noiz zoritzen ote gara... Besteei ikusitako bideak gure hankapean sumatzen ditugunean bai behintzat... hemen ikusten zituen bai esku-makila, bai aitonaren ezintasun hura, baita haren eskuetako dardario hura... Eta nun dituk orain aitonaren hitz zabal atsegin haiek...
Hats egin nahi izanda ere ez zegoen denborarik... Mendi bidea, urka bidea bihurtu zitzaion... Aldaparen lepora iritsi zenean soka luzeluzea askatu zuen eta zuhaitz adar batetik zintzilik utzi zuen... Lepoa, korapilopean sartu baino lehenago bere adarrak pailakatzea gogoratu zitzaion... eta, gero, han gelditu zen, zintzilik, txori-izugarri bihurtua...
© Santiago Aizarna "Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia