Etxeak, balkoiak, teilatuak...

 

        Etxeak, balkoiak, teilatuak... Eta berriz ere, etxeak, balkoiak, teilatuak... Eta berriz ere, eta berriz ere, eta berriz ere, etxeak, balkoiak, teilatuak.. .

        Besterik ikusi gabeko umea zen jaiotzetik oraindaino... Lehenagoko zelai zabalak, belar-zelai haiek, haizeak harro-harro utzi eta geroago berak orrazten zituenak, ez zituen inoiz ikusi izan... Zaharren esaera bat izango zen nonbait eta haien irudimen batzuk besterik ez zirela izango antzematen zion berak inoiz ikusi gabekoak baitzituen ibai garbi kantulariak, ezkailuen hara-honakoak eta jostaerak, ur-geldi eguzki-irriparrez betetakoetako amorraien patxarak...

        Esaten zutenez, noizbait izan omen ziren lurraren gainean gauza horiek denak, baina hainbeste gezur esanda joan ziren zaharrak...

        Orain behintzat, besterik ez zegoen inun: etxeak, balkoiak, teilatuak besterik... Beste ezeren arrastorik ez... Gauzak gero eta geroago nekosoagoak agertu nahi eta ez da jenderik ere kaleetan... Bakar-bakarrik, etxeak, balkoiak, teilatuak zilipurdika antzera kaleetara eta nahiz eta etxe-zama haundi hori modu horretan agertu, basamortu luze bat ziruditen kaleek hiri zabalean.. .

        Modu hontako munduan hazia izanik inoiz ere ikusi gabekoa beste ezer etxeak, balkoiak, teilatuak, besterik eta ez zuen ezer jakin nahi horiekin. Beste aldetik, hango eta hemengo etxegileek, hargin, igeltsero, harotzek eta abar lana izan zezaten, munduko ume zorigaiztoek beren kaiola ertsitua izan zezaten, hainbeste eta hainbeste mendi zuhaitz lerden eta tente lurrera bota zituzten eta orain esan zezakeen ez zegoela ez mendirik eta ez zuhaitzik, ez zegoela ezer ere zutik, bakar-bakarrik aidean, etxe, balkoi, teilatu horiek... bakar-bakarrik etxe-modu horiek sortzen zuten basamortua, eta hau ikusirik, aixa antzean tankeratzen zion dena berdindua geldituko tela bere bistaren aurrean, noizbait lurrikararen bat sortuko zela, eta hori pentsatzen zuenean, halako odol-irakitasun bat bezelakoa sumatzen zuen bere buruan eta bi ukabilak gora altxa eta hor botatzen zuen bere madarikazioa: —«Noizbait etorriko naiz eta jota botako zaituztet... Noizbait etxe guztiak hondoratuko ditut... Bai, jota ziplo hor joango dira...!».

        Honela pentsatzen zuen aldetik, bere aurrean zuen basamortu hartan ez zuen etxe arrastorik sekulan altxa nahi izan: goian zerua, bere urdintze nabarmenarekin noiz edo noiz txuri antzera mugatuez eta lurrean, hondar orraztua urrutiraino. . .

        Eta han bizi izan zen urteak joan eta urteak etorri, egunak etorri eta egunak joan. Baina alperrik izan zuen bere iges egite hau ere, alperrik bere basamortura bihurtzea han ikusten baitzituen urrutira nola gizon jendeak bere aldamenera heldu ziren, nola pausoka-pausoka bere ingurura hurbiltzen hasiak ziren... Urrutiko teilatu haien gorritasunetik atera zuen beretzako hain mezu garratza zenaren karraxia, urrutiko eguzki printzek jotako teilatu gorri haietatik: «Hor heldu zaizkizu jendeak, hor gizon mordoskak...». Eta hori bere baitan entzunez, oraindik basamortuan barrenago joateko asmoak ezik barrenago joateko pausoak ematen zituen...

        Baina nahiz eta bera barrenago joan, hor heldu zitzaizkion orpoz-orpo, gizon jendeak... Bere madarikazioak urtuta bezela gelditu zitzaizkion... Etxeak, balkoiak, teilatuak ziren bere atzetik heldu zirenak, ez gizonak... Gauzak modu hortara ikusten hasi zen: etxeak ziren abere antzeko pausoekin bere atzetik heldu zirenak eta dudarik gabe ez zegoen urruti egun hura bere ortzetan dena hauts eginzo zena... Heriotzarik gogorrena asmatzen hasita, hauxe gogoratzen zitzaion gogorrena: etxeen sabeletara zurrupatua izatea...

        — Ez, ez, ez... —egin zuen karraxi, deiadarka, bi besoak altxaturik, ukabil gogorrekin joaz orain bere masaila, bere burua geroago...

        — Ez, ez, ez... —berriz eta berriz oihu eginez, baina alperrik, han heldu baitziren, pausoz pauso, poliki-poliki, itxuraz baina egitaz, lasterka, etxe-abereak, hor, bera zurrupatu nahian, eta azkenez, bere bi beso sendo zeruetara jasoak zituelarik hor erori zitzaizkion denbora batean Moises zaharrari erortzen hasi zitzaizkion moduan... Bi besoak gora jasota zeuden bitartean, hainbestean, baina bi besoak eroritzen hasten zirenean ez zeukan dudarik bere nortasunaren zurrupa egingo ziotela beherantz heldu ziren etxe haiek, eta bere bakardadea, hain kuttuna zuen bakardade hura, zatitua geldituko zitzaiola, hautsia, puskatua...

        — Ez, ez, ez... —esan zuen berriz ere bere batean—. Ez niotek harrapatuko, ez...

        Eta hau esanik, lasterka abiatu zen eta pasa zituen bixi-bixi, mendiak, aldapak, hondarrak, baina hala ere beti orpoz-orpo sumatzen zituen etxeak, balkoiak, teilatuak, berriz ere gizon-jende mordoxka haien zintziluak inola ere atzean utzi ezinik sumatzen zituen...

        Poliki-poliki, pausoka-pausoka, nekatua, itsaso bazterrera hurbiltzea gogoratu zitzaion... «Hemen gutxienez, arraien zurrupada bustia sumatuko diat. Hemen Jonas zaharraren ibilaldi bustiak berrituko dizkiat... », eta honela pentsatzen zuen bitartean, uraren hotz-bustia sumatuez aztalaz gora, han joan zen ur barrenetara gizonjende mordoskarendik iges...

 

 

 

© Santiago Aizarna

 

 

"Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia