Idazleak

 

        — Zer idatzi ez dakidanean, zer egin nezake, maisu... ?

        — Geldi-geldirik egon. Hori izango zenuke onena... —erantzun zion maisuak.

        — Baina ezin baninteke egon...?

        — Ez zenuke egon behar inoiz ere arrisku horretan.. .

        — Baina hala egoten banaiz...?

        Maisuak erantzun zakar bat bota zion. Lehendabiziko esan ziona izan zen ergelkeri bat besterik ez zela beregana joatea, eta hala berean idazlanez hitz egitea eta ergelkeri hutsak, hainbestean, galdera haiek denak...

        Beste aldetik, irakasleari beste gauza batzuk bururatzen zitzaizkion. Ogiarena, lehendabizi. Gari soro zabalak haize beroak astintzen zituenak... Txorien txirrinua aidean, hega-jostaketan... Eguzkiaren bero indartsua, belarrak ximelduaz... Baina bere ogia ez zegoen zelai zabal hartan... Txorietaz oroitu hutsarekin iluntasun beltz batek atrapatzen zuen... Kaiolak, txolarteak, abailak, ume-giroko hainbeste tresna-jostailu eta oroimen... Betirako joandako aro-gozo eta kutun hura... Halako dardar antzeko zerbait igotzen zitzaion bere behatzen gora... Ogia gogoratu eta behatzetan dardar hura sumatzea dena bat izaten zen... Eta urruti batean, amesgaitz eremuetan seguru aski, han azaltzen zitzaizkion idazgailu izugarri pilak... Idazgailu haien gainetik ibili beharra zeukaten bere behatz dantzariek...

        — Maisu... —deiadar egin zion berriz ere—, erantzun zaidazu. Baina arrisku horretan egon beharra baneuka...?

        — Ume petrala...! Zertarako idatzi ezer ez esateko...?

        Goiz-goizean, okindegitik ogia hartzen zuenean, atsegina zitzaion, kurruxk-kurruxk, bere hots xamur eta beroa... Halako segurantzi berexi bat ematen zion ahoan, ogi guri hark: «Jan ezazue: hau da nire gorputza...». Kafesne zopak hartuta hor zihoan, bapo mutila, eskuak patrikan sartuta... Maisuak: bi ta bi, lau; a, e, i, o, u, nor da Jaungoikoa...?; eta mutilak gaxtakeri bizian, elbiak paper zintziloa ipurditik, zimikoak, parrak eta jolasak...

        — Okindegitan ez duk gehiago ogirik egingo... —pentsatu zuen. Etzik esan ba, ergela...? —aiztoa biluztuta iztapean zisti-zasta, ero-bolarak jota bezela laster amildu zuen maisua...

        — Bihar behintzat izango diat zer idatzi —esan zuen bere kolkorako maisuaren azkeneko arnasarekin batera...

 

 

 

© Santiago Aizarna

 

 

"Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia