Eserleku eta Mattin

 

        Eserlekuari dagokiona izango da, noski, bere gainean esertzea, baina ez zeukan hortarako hainbeste kostatako alki hura Mattinek.

        Nundik sutu zitzaion maite-min hura? Ez zekien hura ere. Baina barren-barrenean korapildua zeukan denda hartako agertokian ikusi zuenetik eta inolaz ere ezin zuen kendu burutik. «Uraxe bai polita inun politik bazen» gogoratzen zitzaion bertso zahar baten arrimuan.

        Hasterako, lehendabiziko gertatzen zitzaiona hauxe zen: ez zela ausartzen zenbat balio zuen galdetzera. Beste gauza: nolatan erosi diruarekin amodiozko pitxia...? Nolatan sartu diru zakarraren hautsa gure kuttun-kuttunaren inguruan...? Nolatan erosi, gozo-gozo eta legun-legun batzuk besteei bihotz zabalik emateko ohitura ditugun tresnak... Nolatan saldu bihotza, nolatan amodioa...? Ez horixe, ez zen hura Mattinen ustea. Ez zion alaitasun izugarririk ematen sal-erosketako tratu zikinean sartu beharrak hain maitemaitagarria zitzaion tresna hura. Baina bizimoduaren kontuak horrelako moduan ipiniak zeudenez ez zitzaion bide askorik gelditzen tresna hura bereganatzeko... Erosi edo... lapurtu. Bai, bide hau ere gelditzen zitzaion oraindik. Alde batetik lapurtzea hobeagoa iruditzen zitzaion erostea baino. Hainbeste maite ditugun gauza horiek askotan erostea pekatu dela iruditzen zaigu eta ez hainbeste lapurtzea. Guk beroberoan maite ditugun gauzak modu gogorrenean lapurtzera saiatzen gara ez baitira horiek salerosketara bidaltzeko moduko pitxiak... Hontaz, lapurtu, eta modu horretaz, bereganatu... Eta lapurkeriaren bitartez, ixil-kontu baten bitartez, gehiago eta gehiago lotuak, gehiago eta gehiago uztartuak gelditu. Ezin zitekeela hau ere...? Nolatan ez...? Lapurketan, bihurkerian, gogorkerian dena ahal izaten da eta baita hau ere...

        Hortarako, lehendabizi egin zuen gauza zelatan gelditzea izan zen ea lapurkerirako zer ordu izango ote zen onena jakin nahian... Gertatu zitzaiona nahiko aldrebesa iruditu zitzaion: gau guztian zelatan egon ondoren ez zuen ordu bat onik aurkitu. Eta konturatu zen baita ere nola arratseko ordu luze haietan ere eserleku hura zegoen agertokiaren aurrean ez zela palta inoiz ere jenderik: nor edo nor ikusten baitzen ordu guztietan kale hartan... Ordu zailak benetan han pasa zituenak, baina hala ere goizalde inguruan ixiltasun berexi bat jabetu zen kale hartaz: ixildu ziren, badira zakur zaunkalariak, badira kotxe motorren dardarrak, badira jendeen berriketak eta mirari bat agertu izan balitz bezela, kale hura ikuspegi berri baten azpian agertu zen: han goitik heldu zen haize xamur batek seaskatzen zuen zintzilik zegoen argi hori bat, soinu paketsu baten antzera iristen zitzaion gau-errotaren urrun hotsa eta han zegoen zuri-zuria, ederra, liraina, zorionez eta zorigaiztoz bere bihotza su bizian pixten zion eserleku hura...

        Hainbeste denboraren buruan aurkitu zuen giro egoki bat, eta hau aukeratu ondoren ez zitzaion iduritu zaila zela lapurketa hura egitea... Leiarrezko agertokiari zimiko gordin bat egin ondoren, kaxka, kaxka mailu ttiki batekin jo zuen ta banbaaa! hantxe erori zitzaion dena... Baina nahiz eta hots ikaragarri hark gorraldi antzean utzi ez zen aldendu hala ere bere lanetik. Ez horixe...! Erbinude antzera bi begiak bazter guztietara erne zeuzkalarik, buru-beso-hanka borobilduaz barrenera sartu zen eta han eman zion lehendabiziko besarkada beroa bere eserleku maite hari, eta geroago besoetan harturik, bihotza lehertu zorian, arnas kolpeak ezin gorderik bular barrenean irten zen kanpora...

        Handik aurrera ez zen gertatzen zitzaizkion gauzetaz mintzatzeko jabe. Bere barrenean alaitasunak halako ugarte zoriontsuak erekitzen zizkion eta bere eserleku guztiz kuttuna zeraman bitartean lehengo egarri ezin ase haiek urrundu zitzaizkiola sumatzen zuen eta arin eta hegalari antzera, udazkenean urre koloreko orbelak jiraka eta biraka ibiltzen diren antzera zihoan bera ere eserleku dotore, eserleku maitagarri hura besoetan zeukalarik, jiraka ta biraka bera ere, alai, eztitsu...

        Etxera iritsi eta ez zuen amen bat ere itxoin. Berehalaxe han joan zen gelara, ohe zuriaren gainetik astindu zituen tapaki eta maindire eta bere eserleku hari eman zizkion gonak eta soinak bera eserita jarri baino lehen, gogoz lerdendua, bere baitan hizketan, eserlekuari.

        Goizearekin bat, eguzkia leihorantz bere bila joan zitzaionean, han aurkitu zuen lau egina, bere eserlekuan gerto eseria, heriotzak bereganatu eta gogortua...

 

 

 

© Santiago Aizarna

 

 

"Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia