Hiru Dorre Urrutian

 

        Hainbeste ibilaldi egin eta gero... hainbeste kopeta-izerdi zirrioak ezin txukaturik. Hainbeste neke garamalarik bizkar hezurretan... iritsi ginen ba, azkeneko, hiru dorre luze haiek ikustera...

        Hiru-hirurak, ttiki-ttikitandik hainbeste aldiz ametsetan ikusitakoak iruditu zitzaizkidan. Zuhaitz adardun batzuk ere ikusi zitezkeen haien aldamenean. Haiengana iritsi nahi izanda mendi aldapa zail bat igo beharra zegoen eta haiei begira geundela galdera mingots batek zulatzen zigun barrena: nork esan nolakoa izango ote zen berarengandik hiru dorre luze haiek sortzen ziren zeru sabel hura...? Bateonbatek esan zezakeen beltz-beltza zela... besteonbatek, ubel-ubela zela... eta nahiko zaila izango litzaioke edozeini egi-egitan zer iritzitan gelditu; alde batetik urdin-ilun aldera jotzen zuen eta baita beltzarengana ere, baina eguzki izpi legunak nola jotzen zion, modu hartan margotzen zen baita ere zeru sabel hura eta batzutan odolgorrizka zapladak agertzen zitzaizkiolarik beste batzutan berriz orlegi-itxaropen tankeraz bustia iruditzen zitzaigun...

        Gu hirurak, Leontxo, Petxi eta ni, erdiko etxearen atarira aurreko estrata zaharretik iritsi ginen. Hiru dorre luze haietatik, zabal-zabalena, eskubi aldean ikusten zena zen, eta urruti-urrutitik begira gindoazela, ezker aldekoari neskatx hankamehe baten itxura hartzen genion: bere bi leihoak bi begi zorrotzen antzera goi-goian tenteka eta harro agertzen ziren, dorre-ezpata ile mototsa izango balitz bezela eta bere inguru guztian sumatzen zen halako zama amutu baten itzal beldurgarria edo...

        — Begirakiok —esan zidan Petxik—. Maltzur horrek ostikoen bat botako ziguk...

        — Zeinengatik esaten duk...

        — Hor, hor, begirakiok horri...

        Dorre doilor hari begiratuaz bakarrik ez zen zaila konturatzen nundik sortuko zen hurrengo erasoa... Gau-zulo beltz hartan ia eroritako ilunabar hartan, bere leihoetako bi begiek argi zipriztin zorrotzak igortzen zizkiguten... Leontxo, dardarizoak hartuta, hitz bat besteari ezin kendurik zebilen. Petxi berriz, minoriak jota egongo balitz bezela ikusten zen, izerdi hotzak pats-egina, —hara...!, hara...! hara...!— behatzarekin etxe haiek sinalatuaz deiadarka bizian eta dorre haiek mamu haundi batzuk izango balira bezela...

        — Zer duk, motel...? Horrenbesteko beldurra ematen al ditek...?

        Patxi, bere «hara...!, hara...!, hara...!» hura hortzetatik kendu ere gabe, jela-zipotz bezela bihurtua gelditu zen... Leontxo han zihoan, nora ez zekiela, lasterka harrigarrian, hanka bat baino bestea azkarrago, mendiak beren lekutik aldatu nahirik ibiliko balitz bezela eta ni... ni han gelditu nintzen nire betiko ametsari jarraituaz, bai bainekien argi zipriztin hark bazeukala niretzako esan nahi berexi bat, beti eta beti argi zipriztin haren bila ibili izan bainintzen eta nonbaitetik ikasia baineukan argi-zipriztin harekin bilatuko nuela nire nahi-betetze osoena...

        Entzun ezin zitezkeen hanka-pauso batzuk entzun nituen. Ez zegoen buruari jira ematerik baina banekien zein zegoen nire atzean: etxedorre hark botatzen zuen zama itzal hura beti eta azkenean neskatx zimazo, lerden eta lepaluze bat bihurtzen zena... Eta banekien, bai orain zerua gorriz jantzita itsasoak odoldurik eta nire burua aidean sumatzeko zorian nengoela eta baita geroago ere itsaso zabal eta luze hartan urpetu baino lehen, neskatx zimazo hark, etxedorre doilor hark, zama-itzal ikaragarri hark nire atzetik sekulan aldendu gabe jarraituko zuela...

 

 

 

© Santiago Aizarna

 

 

"Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia