Hegohaize Gaua

 

                        «Klara, zuaza orai salako leihora,

                        iphar ala hegua denez jakitera:

                        ipharra balindaba goraintzi Salari,

                        ene khorpitzaren xerka fin dadila sarri»

 

        Hegohaizea, hegohaize zabal hura ateratzen zenean, halako korapilo latz bat lotzen zitzaion buruan Ioni.

        — Ba zetorrek berriz ere zarpail hori —esaten zuen marmarrean bere kolkorako... Hegohaizea, trunbuiluz-trunbuilu, han jeixten zen mendi-tontorretik behera zalaparta eta orrua zeramazkiela aurrean...

        Hemen duk, hemen duk... —esaten zuen, eta han joaten zen bere burua bere esku zabalen artean estutuez bere gelara aberea bere ukuilura joaten den antzera eta atea itxi ordu ohean sartzen zen eta etzanda jarrita han gelditzen zen hegohaizearen zurrunbilo zarpail hari iges egin nahian.

        Hala ere beti ez zuen egiten nahi zuen guztia. Baziren gau batzuk haizearen orruek eta marruek den-dena betetzen zuten halakoak eta leiho, ate, teilatu, osto, zuhaitz, adar, orbel, zakar, jira-biraka dantza eroan eramaten zituzten haietakoak... Baziren gau batzuk burua lehertu zorian jartzen zitzaionetakoak...

        — Zer ote dut nik hemen nire barrenean, —galdetzen zion bere buruari eta hau esan hutsarekin, kozka eta kozka eta kozka mamu izugarri bat ari zitzaiola sumatzen zuen eta aho-sapai guzban gusto berexi bat...

        — Baina zer gertatzen ote zait neri, baina zer...? Jende guztiak zekiena zen nola gau batzutan, ilargi osoa zeruan agertzen zenean, gizon batzuek abere bihurtzeko txanda izaten zutela otso-gizonen arteko ipuiek ziotenez... Gau argian, ilargiaren itzala eguzkiarena bezain nabarmen agertzen zenean, ez zen batere harritzekoa otso-aulia urruti batean entzutea, eta bestez beste etxetik kanpora ateratzea gogoratzen bazitzaion, han ikusten zituen saguxar hegalariak beren gomazko hegalekin, karraxi bizian, beren buru gainean bueltaka...

        — Ez duk dena gezurra, ez... Gertatu daitezkeen gauzak agertzen dizkitek zinean ere... Burutazio hau ere hegohaizearen arnas bat besterik ez zen. Sekulan otso-gizonik ikusi gabeko umea zela aitortu behar... eta saguxarrak ere noiztik behin, udazkeneko ilunabarren batean balkoira patxarosu atera eta... baina, nundik honelako burutazioak, nundik...? Nundik beldur hau...? Nundik dal-dai hau...?

        Eta kanpoan berriz, zarraka-marraka, istilu gorrian, han zebilen hegohaizea, guria, laztana, hari eta honi musoka, epela, beroa eta zakarra, traketsa, harroa, kale-garbitzaile eta kale-zikintzaile dena batean...

        Egun batean hobeto esateko buru guztia triku haundi batek bertan kabia egin izan balitzaio bezela sumatu zuen. Edo zingurriz betea edukiko balu bezela... Nun ez zekielarik, txori kanta lainotsu bat entzuten zen inguruan. Hegohaizea jeitxi zen berriz ere eta zen urdinean ilargiaren kurpil gorria dizdiratsu eta azkar zihoan bere gabeko eginkizunetara...

        Nonbait sumatu zuen deia Ionek. Bere anima arrastaka eramana izango balitz bezela, ahotik kanpora anima irten nahian eta bera bere animaren atzetik, etxean ezin itxoinik, nahi eta nahiezko ibili behar hartan, mingainetik amuak arraia tiratzen duen bezela tiraka...

        Zapela kaskuan jarrita, soka sendo eta luze bat hartu zuen galtzarbean. Gero, mendi aldera jo zuen zuhaitz haundienaren bila...

 

 

 

© Santiago Aizarna

 

 

"Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia