Hitzaurrea

 

        Amesgaitzak ametsen bihurrikeria batzuk besterik ez dira. Ametsetan jartzen garenean hor sortzen zaizkigu, nondik ez dakigula, gure erro-usteletan daramazkigun hainbeste lore-gaizto. Gure ametsetan, seguru aski, gure beldurrak, gure sinesmenen zainak, gure ikarak eta kezkak... Agian, hurrengo goizean eguzki-argia sortzen denean dena garbi geratzen da berriz, eta arratseko lintzurak, goibelak eta kiratsak gorde egiten dira.

        Hemen, liburuxka honetan agertzen diren ipuin horiek ere badute zerbait nonbaiteko amesgaitz kirats hori. Ez dira arratseko lo-mozorro zarpailetan gogoratu eta idatzitakoak, baina batzuetan idazten jartzea amesten jartzea izaten da, eta batzu-batzuk amets beltz hoietara iristen bagara eguzki-argi dirdiratsutik ere badakigu iristen, amesgaitzak behar bada ez baitaude ilunean eta arratsean eta kanpoan, baizik eta gure barren-barrenean eta horiek kanpora irtetzeko atea erekitzea nahikoa izaten baita.

        Hona hemen ba hamazazpi ipuin «amesgaitz» beldurgarriaren itzalpean sortuak. Gehien-gehienean, horien bideak badakigu nora doazen: heriotzara, hor bukatzen baitira gure ameskeria txoro eta gure amesgaitz beldugarri guztiak. Bitarteko gure pasadizua kontatzera datoz. Honela, baten batek trenen baten barrenean amestutako pasadizua agertuko digu; beste batek, autopistan; beste hark, autopistan beste honek, zuloren batean bere burua ikustean; hango hark etxeen pixu zama haundia sumatu ondoren... Hau da, amesgaitzak, lehen esana utzi dugun bezela gure barren-barrenean sortzen zaizkigu baina beste aldetik.

        Biziaren erro muinetik sortuak ba, hemen agertzen diren amesgaitz horiek. Behar bada ttikiak, doi-doian kontuan hartzeko modukoak, baina askotan horien itzala baino gehiago behar ote du gizonak ziplo erotuta bere buruari errematea emateko... ?

        Nire aldetik berriz, esan beharra tokatzen zait, ez direla oraintxe-oraintxe idatzitakoak hemengo ipuin horiek. Hor dauzkat galduak, ez dakit nik neronek ere zenbat, hainbeste eta hainbeste idatz lan, argitaratuak batzuk izparringi eta aldizkarietan eta beste batzuk berriz sekulan argitaratu gabeak. Ni neronek sekulan horiei esku bat botzeko ardurarik hartu ez dudala izango da noski, edo eta izugarrizko interesik izan ez dudalako nire lan horiek inork irakur zitzan. Nola nire munduko pertsona interesgarri bakarra ni izan naizen, idaztearekin bakarrik betetzen nuen nire egitekoa eta asko-askotan idatzi gabe ere pentsatu eta nire buruan gai horiek manitu hutsarekin. Baina ez dezala esan inork berak eskatzen duen bidea uka diodala. Aukera sortzen denean prest aurkitzen nau nahi duen hark behar zaion bide hori eskaintzeko...

 

 

 

© Santiago Aizarna

 

 

"Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia