—HAMABI—
Teodorarekiko lehen frasea tatxatuta dago eta haren azpian erdi aldean marra bat, hasi baino dexente beherago bukatuta. «Seinale txarra» pentsatu dut. «Txarra? zergatik txarra?» eta errektifikatuz «mementu hartako seinalea, eta kitto» birpensatu dut. Eskubitara hiru herrenkada motzetan frantsesez idatzirik pentsamendu gogoetatsu bat. Hiru herrenkada horiek zutik ezartzen dute gogoeta hura. «Zergatik ez dago seinalatuta nondik hartuta dagoen?» galdatu diot neure buruari, eta hartuak eman zor, «Pascal» idatziaz akreedoreari zorra pagatzen egon naiz istante batetaz eta pentsamendu haren sorgunea « 1977 février 19 samedi» ez delako, tatxatu egin dut eta honen lekuz «fragment 19» idatzi. Irakurtzen ari naiz mosaikozko teodora eta justinianoren iraunkortasunak oldartzen nauela:
«Batere alferrik gabe datorkit gaur gauean memoriara
«gauza beharrezkoenen prodigo, olatu mutilatuaren pobrezian,
«Urak baztertutako hondartzaren bake ugaritsuegia memoriara
«nire hogei urteren honoko gau-legea urratuz eta ohituraren nagiak inarrosiz
«inondik irtezin datorkit maitasun kupel hutsaren korrontea
«nire desiren estalkia hankaz gora
«memorian zaitzaket gaur gauean:
«inongo itsasotan aurkitu ez dudan ura baitu zure itsasoak
«inolaz ere ase-ezin asea
Kafe kolpe bat egin eta berriro irakurtzen dut dena, baina Pascalen «la derniére chose qu'on trouve en faisant un ouvrage est de savoir comment terminer»-en gainetik «Zure itsasoak ba du inon aurkitu ez dudan ura» idazten dut izenburu gisa eta aldamenean «otsailak 19» besterik ez, zein urte den ez baitu axolarik. Azkenean datu guztiak tatxatxen ditut, Joxek ala Marisak ala beste edozeinek ez baitit zergatik eta nori bertsook zuzendurik ditudan igarri behar. Ez nuke nahi irakurraldia berriro pausatu, eta irakurtzen jarraitzen dut. «Kaka zaharra, telefonoa. Nor izango ote da?» «Ez nago etxen» esaten diot telefonoa hartu gabe eta azkenean adiskide horrek ulertuko balit bezala, kolgatu du.
«hainbat naufragio egin duten desira larrutuak narama
«atsotu zaidan maitasuna jira-biraka, kalpar kizkurra, zuregana
Den-dena hika ipintzea hobeago ez ote litzatekeen pentsatzen hasten naiz. «Helburutik hurbilxeago behintzat bai» diot nerekiko, baina hark nerekin «goazeman» erabili arren, hari zuka aritzen nintzaion ni neu eta gainera euskararen gunean guztiz sartzeko betarik ez dut. Kaka zaharra! eta «goazeman mezetara» esan nahi bazidan telefonoz, zer? Deitzea dauka berriz ere, zeren etxean izan arren, telefonoa hartu nahi ez dionari « Joxe naizela, joder» bere modura adierazteko, bigarren aldiz telefonatzeko mania baitu Joxek. Zer esaten ari nintzen? euskara sakontzeko betarik ez nuela? Kontuz, adizu, ez bainuen «astirik» esan nahi, nire buru propioa ez baitaukat pertsonaje inportantetzat joa. Hori M. Herzog adineko batek bakarrik esan lezake, edo hitzetik hortzera horrelakorik ibiliko ez balu ere, horixe pentsatzea haren antzeko bati bakarrik permiti geniezaioke; besteok «euskara oso zaila zaigu» esan beharrean gertatzen baikara, tontoegi garela esateko ausardiarik ez dugunean hain zuzen. Hika behar zuketen horiek gaurkoz zuka utzi beharko ditut eta astirik baldin badut, bihar agian, nere euskal adiztegi hieroglifotsu eta paradigmatsua hemen alboan edukitzearekin aski izango zait, bertsooi Eléne eta Marisa-rekin mintzatzeko ohiturak erasten didan gertutasuna eman diezaiedan. Hoberena beraz, irakurtzen segitzea dut:
«hainbat naufragio egin duen desira larrutuak narama atsotu zaidan maitasuna jira-biraka, kalpar, kizkurra, zuregana,
zergatik naute zuregana behar?
zergatik iraul nire eme antsiaren handiustea eta berrireki denborak itxi-ezin zauria?
Nolaz eta datorkit gaurko gau desmemoriatu honetan bertan nire zuhaitzeko landu mihura jaten zihoakidan zureganako beharra?
Zure itsasoak ez baininduen inoiz ur gose
ez eta ur xorta baten eske ere.
Ahantziaren esparruan utz nintzakezu, bake-bakean, nerenean
ni, sanatorio eme anormal batetako lasanteak ninduela, ihintzak zelaia bezala
ahantziaren haize biluzi eta hotz bila, ipar-haizearen zorrotza
ni beti ero, ihes eta ahantziaren bero.
Zure itsasoak bazuen ordea nire ihesak behar
hainbat bide; zurea dena da ur, nere hondartzak behar ez zuen adina.
Gainezka zatzaizkit gaur gaueko memorian.
Oroitu naiz, teodora, gupidaz zahagi egina zuregana nintzaizun garai hartaz.
Ilargia eguzkiaren kolkotik ondo irakurtzen ari ez zelarik, ni, zutaz mozkor, zuregana
nola hustu ninduzun, nola ilargia derrepente zure bularretan bete zen
nola hamabost besok har banazate, ez zidaten haragia hutsago
eztare zure begien izarrak ozenago.
Zure itsasoak badu marinel hasiberri guztiei igeri irakasteko hainbat leku
behar hainbat ur
eta are gehiago.
Nire zahagi bete hartatik edan eta edan iraun albazeneza!!
Oroit ez banendi honoko arrats zelai hauen oparoez, baina aurrean ditut kazkabarrak bi zaldiko zitroen txapari lapur diezazkiokeen hotsak baino minago eta bortitzago presente ditut eta bihotzaren memorian bertan ari zaizkit kolpatzen.
Nire ontzia zure urez gainezka zaizu, teodora, gaur gaueko maitasun itsaso borraezin hori...
Honela ez dago ongi, «teodora» tatxatuko dut, malizia guztiarekin jarririk dagoen arren. Hara! Ari da berriz ere. Joxe behar du izan; hartuko al dut telefonoa oraingo honetan, nahiz eta lasai mintzatzeko astirik eduki ez?
«Joxe» esaten diot «zure bigarren dei honen zain egon naiz, baina lanera joan behar dut berehalaxe. Benetan esan iezadazu, mesedez, artikulu horrengatik mozten duzunentz».
«Inesa, etorriko al haiz bihar gurekin hondartzara? Emazteak ere hirekin mintzatu nahi din». Bihar igandea izanik, periodikoan lana egiten ez dugula ondo daki Joxek.
«Bihar arte, Joxe, artikuluaren abiadak ez zuen pentsatu duzun maliziarik» esaten diot, eta telefonoa uzterakoan, sobretxo bat dakust alboan. «Marisak atzo utzita dudarik gabe» pentsatzen ari naizen bitartean sobretxoa irekitzeak berau konfirmatzen dit. Irakurtzen ari naiz:
I. Tras desalojar el suburbio rodeando tu ciudad solitaria avanzo y callo
al cemento de cada paso se escucha que ni digo ni hablo el águila apagó el motor y hacia ciudad planea vuelo se amontona distancia en cada paso que te acerco en espirales emboscándote los silencios más cerca tuyo me parece que rozaran tus pies la proximidad reptante del deseo mío paquebote solitario de recreo en un Sena helado
esperando deshieles a mi alrededor hielos que sólo te conservas en recuerdo
tú, menos río cada vez bajo mi sentina invernadero ¿lograrán nunca mis sentidos aguantar otro trimestre obstinado tuyo?
II. Desde el viento de tu huida me anudan los recuerdos de infancia y pubertad cerca tuyo arremolinándose mis rocas pedernal jamás cubiertas de espuma por nadie más que tú subías a la arena desde la bajamar sin ilusiones rompiendo el horizonte en dos desde ti hacia mis ojos te caían gotas vegetales al borde de mis sentidos resecos
faro de Santa Clara sin alumbrar a otros náufragos que mis temores nada de ti trazaba silueta finita, como estrellas sin estrella dentro saliendo del anillo infinito al que sí hubiera llegado desde mi suelo nada de ti te requería menos que a la gaviota el vuelo
surco de salitre donde tú saliste en estruendo de verano. Desde el viento de tu marcha, el invierno me arde los recuerdos.
III. Si te pidiera recuesta tu sombra sobre mis hombros y en los mares de tus senos no surcara otro naufragio mío si te indicara que tus montes de ola estrellases contra mi piedra y la calma de ver se me hiciera añicos de sentido si te rezara mientras buscara una flor azul de deseo y el pétalo de salitre explosionara los colores del rojo en que sueño si te quedase pidiendo, indicando e implorando lo que tanto y tanto
P. S. Inés, te repito otra vez más que no encuentro en mi organización militantes con las que pueda hacer el amor.
Ez du firmarik. Beharrik ere ez. Gizakumeok halako doble korritzen du zorionak, plazer ortopedikorik inorentzat ez dut. Banoa lanera. Berandu egin zait.
© Mikel Azurmendi "Mikel Azurmendi: Gauzaren hitzak" orrialde nagusia