Gabonetako opariak
«Idatzi al diezu Flopinson-darrei bidali ziguten oparia eskertzeko?» galdetu zuen Egbert-ek.
«Ez» esan zuen Janetta-k, ahotsean desafio doinu bat zuelarik; «ustekabean harrapatua izana eta esker ona azaltzen zuten hamaika gutun idatzi ditut gaur, guzti hori merezi ez duten zenbait opari eskertzeko, baina ez diet Flopinson-darrei idatzi».
«Norbaitek idatzi beharko die» esan zuen Egbert-ek.
«Ez dut beharrezkoa den ala ez eztabaidatuko, baina ez dut uste idatzi behar duen norbait hori ni izan behar naizenik» esan zuen Janetta-k, «zenbait aukerako ontzi eskertuz, haserrezko edo bihozgabeko satira doinuzko gutun bat idaztea ez litzaidake axolako; hain zuzen ere gustura egingo nuke; baina begikotasun lausengarria azaltzeko ahalmena agortu egin zait. Hamaika gutun gaur, bederatzi atzo, denak esker on aire berdinean, benetan ez duzu nahiko, ni beste bat idaztera esertzea. Bat hustea bezalaxe da horrenbeste idaztea».
«Nik ere beste horrenbeste idatzi ditut gutxi gora behera» esan zuen Egbert-ek, «eguneroko laneko gutunak idazteaz gain. Gainera ez dakit zer den Flopinson-darrek bidalitakoa» «Guillermo konkistatzailearen estanpa duen egutegia», esan zuen Janetta-k, «urteko egun bakoitzerako bere pentsamendu bikain bat dakarkielarik».
«Ezinezkoa» esan zuen Egbert-ek, «Berak ez zituen hirurehun eta hirurogeita bost gogapen bikain izan bere bizitza osoan, edo izan baldin bazituen ere, beretzako gorde zituen. Ekintzez betetako gizona izan zen eta barne pentsamenduei emana».
«Ondo da, orduan «Guillermo hitz ederrekoa» izango zen», esan zuen Janetta-k; «Badakit Guillermo izena nonbait azaltzen zela».
«Hori bai, izan daiteke» esan zuen Egbert-ek; «beno, egin dezagun eskerroneko gutun hori elkarrekin. Nik esango dizut eta zuk idatzi egingo duzu. Flopinson andre maitea, mila esker bai zuri eta bai zure senarrari, bidali zeniguten egutegi politagatik. Oso atseginak izan zarete gutaz gogoratzean».
«Ezin duzu hori esan» esan zuen Janetta-k boligrafoa bertan behera utziaz.
«Hori da nik beti esaten dudana eta guztiek niri esaten didatena» kontra eginez esan zion Egbert-ek.
«Guk hogeita bian bidali genien oparia» esan zuen
Janetta-k «beraz gutaz gogoratu beharra izan zuten. Ezin zuten horregatik ihes egin».
«Zer bidali genien?» galdetu zuen Egbert-ek kopeta belztuz.
«Bridge joko markagailuak» esan zuen Janetta-k, «kartoizko kutxatila batean sartuak. Tapa gainean lelokeria hau zegoen grabatuta: urrezko ezpatarekin zoriona industen. Ikusi nuen une berean zera esan nion neure buruari: Flopinson-darrak, eta saltzaileari: Zenbat da? Berak, begiratu eta: Bederatzi penike. Flopinson-darren helbidea eman nion saltzaileari, txartel baten zerbait idatzi, hamar edo hamaika penike ordaindu guztiarengatik eta Jainkoari eskerrak eman nizkion. Egizaletasun gutxi eta hainbat arazo gutxiagorekin eskertu didate».
«Flopinson-darrek ez dute bridge-an jokatzen» esan zuen Egbert-ek.
«Batek ezin ditu horrelako giza xehetasunak jakin» esan zuen Janetta-k. «Ez litzateke xaloa izango. Gainera zein zailtasun izango zuketen beraiek, guk «Guillermo hitz ederrekoa» atseginez irakurriko ote genukeen jakiteko? Beraiek gutaz dakitenez edo guri axola zaigula dakitenez, poesiaz dakigun guztia
John Masefiel-ekin bukatzen delako ustean egongo dira, bestela balitz «Guillermo hitz ederrekoaren» esanak egun osoz gure inguruan edukitzeak, haserrea edo tristura sortu beharko ligukete».
«Ondo da, jarrai dezagun eskertza gutuna idazten» esan zuen Egbert-ek.
«Jarrai dezagun bada» esan zuen Janetta-k.
«Oso argiak izan zarete «Guillermo hitz ederrekoa» gure poeta begikoena dela asmatzen» esan zion Egbert-ek.
Berriro ere Janetta-k boligrafoa bertan behera utzi zuen.
«Ohartzen al zara horrek zer esan nahi duen? galdetu zuen. «Guillermo hitz ederrekoaren» orri fardel bat hurrengo gabonetan eta beste egutegi bat bi arte barruko gabonetan, eta berriro ere eskertza egoki bat idatzi behar izateko arazoa gainean. Ez, egutegiari buruz ezertxo ere ez idaztea izango da hoberena eta ordez beste zenbait topikotara jotzea».
«Zein beste topiko?».
«Ene, horrelako zerbait esate baterako: Zer pentsatzen duzue Urte Berriko ohorezko zerrendari buruz? Gure lagun batek ohar zorrotz bat egin zuen irakurri zuenean. Gogora etortzen zaizun edozein komentario egin zenezake; ez du zorrotza izan beharrik. Flopinson-darrek ez dute jakingo horrela den ala ez».
«Ez dakigu politikan zein alderditan dauden ere» ihardetsi zuen Egbert-ek, «eta horrez gain ez dugu bat-batean egutegiari buruz zerbait esatea ahaztu. Ziurrenez izango da egin genezakeen komentario burutsuren bat».
«Beno, guri ez zaigu bururatzen» esan zuen Janetta-k nekez; «Hain zuzen ere gu ez bagina bezala ari gara idazten. Arraioa! Stephen Ludberry andrea gogoratu dut bat-batean. Bidali ziguna eskertzeko ez diogu idatzi».
«Zer bidali zigun?».
«Ahaztu zait; Egutegia zelakoan nengoen».
Isiltasun luze bat egon zen, esperantzarik gabe eta zegoenekoz kontu izatetik utzi dutenen etsipenezko isiltasuna.
Handik une batetara Egbert erabakiz beterik eseri zen. Gatazka adierazten zuen distira zuen begietan.
«Idazteko mahaian esertzen utz iezadazu» esan zuen.
«Gogo onez» esan zuen Janetta-k. «Nori idatzi behar diozu, Ludberry andreari ala Flopinson-darrei?
«Ez bati eta ez besteei» esan zuen Egbert-ek idazteko orri meta bat bere ondoan ipiniaz; «Erreinuko itzal handiko egunkari ilustratu guztietako editoreei idaztera noa. Gabon eta Urte Berri ospakizunetan Jainkoaren epistolaren jarraitzean eten bat egon behar lukeela iradoki behar diet. Abenduaren hogeita lautik Urtarrilaren hiru edo laura arte, zentzugabekeria eta sentimendu eza da, egoerak eskatzen duen hitz komenigarriz beterik ez dagoen gutun bat idatzi edo jasotzea. Gonbidapenei erantzunak, trenen ordutegiei buruzko konponketak, club-etako harpidetza berriztapenak, eta noski nola ez, eguneroko negozio konponketa arruntak, gaixotasunak, sukaldetzako errezeta berriak eta bata bestearen ondorengo gainontzeko beste guztiak, galarazi ezinak bailiran hartuak izan beharko dira, gure eguneroko bizitzako zilegizko partaide gisa. Baina, ospakizun garaia dela medio, galarazia egon behar luke ospakizunek benetako zentzua izateko aukera izan dezaten, borondate oneko denboraldi baketsu eta arazo gabea».
«Baina jasotako opariei nolabaiteko onarpen ezagupidea eman behar diezu», kontraesan zuen Janetta-k: «bestela nehork ez luke jakingo bere oparia ondo iritsi den ere».
«Jakina, horretaz ere pentsatu dut» esan zuen Egbert-ek, «bidaltzen diren opari guztiek txartel bat eraman beharko lukete erantsirik. Txartel horretan idatzita egon behar luke bai igorpen data eta bai bidaltzen duenaren sinadura ere, eta horrez gain Gabon eta Urte Berria dela adierazteko hieroglifiko bat. Txartelak eranskin bat izango luke jasotzen duenaren izena eta jasotze-data jartzeko eta orduan jasotzaileak eranskinean sinatu eta data jarriko lituzke. Eskerrak eta ustekabean harrapatu izana adieraziko luketen akordiozko hieroglifikoarekin batera, eranskina gutunazal batean sartu eta bidali».
«Benetan zoragarria eta xinplea dirudi» esan zuen Janetta-k biziki «baina jendeak oso gogortzat joko luke, oso azalekotzat».
«Ez da egungo opari sistema baino azalekoagoa», esan zuen Egbert-ek; «Eskertza konbentzional erako hizkuntza berdina dut, Chuttle koronelak bidalitako, gogo onez dastatuko dugun whiskia eskertzeko erabiltzen dudana eta inoiz begiratuko ez dugun, Flopinson-darrek bidalitako egutegia eskertzeko erabiltzen dudana. Chuttle koronelak badaki guk ezer esan gabe bere whiskia gogo onez edango dugula eta Flopinson-darrek badakite, guk kontrakoa esango badiegu ere, bere egutegiak aspertu egiten gaituela. Beraiei bridge-markagailua gustatu ez zitzaiela guk dakigun bezalaxe, nahiz eta gure opari ttipi xarmangarriagatik esker ona ziurtatuz idatzi. Are gehiago, koronelak badaki bat-bateko gorrotoa hartuko bagenio whiskiari edo sendagileak galaraziko baligu ere, bihotzezko esker on gutuna idatziko geniokeela. Beraz, ikusten duzu, egungo opariengatik eskertza sistema nik proposatzen dudan sistema bezain azaleko eta konbentzionala da, hamaika aldiz errazagoa eta xinpleagoa izatea soilik».
«Zure proposamena benetan Gabon zoriontsuen ideala izateko urratsik gertuenetakoa izango litzateke» esan zuen Janetta-k.
«Salbuespenak badaude, jakina» esan zuen Egbertek, «Eskertza gutunetan, benetako sentimenduak azaltzen saiatzen den jendearena, hain zuzen. Izeba Susan esaterako, honek zera idatzi du: «Esker mila urdaiazpikoagatik; ez du iaz bidali zenidatenak zuen bezain zapore ona, hura bera ere gorenekoa ez bazen ere. Urdaiazpikoak jadanik ez dira garai batean zirenak». Tamalgarria litzateke bere Gaboneko oharrik gabe geratzea baina galera hau jasangarria izango litzateke gehiengoaren onerako».
«Bitartean» esan zuen Janetta-k «Zer idatzi behar diet Flopinson-darrei?».
© Saki "Saki: Ipui hautatuak" orrialde nagusia
© itzulpenarena: Rosa Miren Artola