ZE EGINGO JUTZAU, BA?

 

Egunak mantso mantso pasatzen dira.

Asko irauten dute egutegiko azken orritik zintzilik,

esku krudel batek supito errotik moztu arte.

Nahiz eta batzuetan hobe izan hori ere ez jaioa.

Bat ez dago ezertarako, oihukatzen diozu zeure buruari.

Makina tekleatzen duzun bitartean.

Eta ez dakizu behatz guztiekin idazten.

 

Ez dakizu zergatik aurreko badia izugarri polita den

arrats partean.

Erretzen duen eguzki bat eta pentsamendu beroaren artean

(bi sutek atrapatu nahian, itsasotik alde egin

eta gezalarekin nahastuko da). Esperantza hori du.

(Arrantzaleak, bere saretan ustekabean erori dadin)

 

Ez dakizu zergatik tarte horretan

atea ireki, eta ezaguna duzun figura agertzen zaizun.

Deus esan gabe besarkatzen, estaltzen zaitu

(biolin trebe batek bere notekin egiten duena egiten du zurekin)

Lur-ikara sentitzen duzu zure barruan,

sendoa zena lekuz aldatzen dela, biguna kraskatzen.

 

Ez duzu idazmakina uzten.

Ahoa itxita, indar gehiagoz tekleatzen duzu,

oroimenaren amildegitik, ihes egiteko.

 

Azkenerako joaten da etorri den moduan, zaratarik gabe.

Aurreko guztia hutsune beltzez dago zulatuta.

(Gauak garbia ez dena iragazi nahi izan balu bezala)

Tristezia borrero fina dela uste duzu.

Ez duela arrastorik lagatzen.

Ez hautsik, ez itzalik. Ezereza.

 

Ez zara ispiluan begiratzen eta,

zure begiek gorde dutena ikusteko.

Malkoek osatu duten urezko larrosa.

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Hiriaren melankolia" orrialde nagusia