ADIOA
Dar-darreko erresuma hartan ezer ez zegoen inoiz erabat geldi, ez mendirik, ez kalerik, ez gaztelurik eta ezta gizonik ere. Erregeak berak ere, dardaraka gobernatzen zituen plebeiuak. Etengabeko mugimendu hark Gogaituta, erregeak lehiaketa batetara deitu zituen bertako eta kanpoko erresumetako biztanleak. Aukeratutako egunean jentilaje bitxia agertu zen inguru haietan, batzuk saria irabazteko asmoz eta besteak kuriositatearen poderioz. Adar-hotsa Enparantza Nagusian zabaldu zenean partehartzaile guztiak abiatu ziren, korrika, lehiaketarako apropos egindako, hareazko zirkulurantz. Katu beltz, prezioso bat izan zen lehena sartzen. Erregeak, atzamar Ikaratia altxorrerantz luzatuz, totelka esan zion:
...— Hau irabazi nahi baduzu, bi ordu gutxienez eman beharko dituzu aho barruan mingainik ere mugitu gabe!—...
Katua geldi geldi geratu zen hau entzundakoan. Ordu erdi edo pasatakoan, erregeak ezpata distiratsu bat atera eta bihotza zartatu zion.
...—Bihotz gorri nazkagarri hori gehiegi mugitzen zitzaion. Orain bai! Benetan geldi egongo da!—...
Hau entzutean jende guztiak alde egin zuen enparantzatik, sustatuta. Mende asko pasa eta gero errege haren ondorengo batek adierazi zuenez, erregea oker zebilen. Katu gixajo hura, ezpata eta guzti, munduarekin batera, espazioan zehar, abiadura izugarriz, mugitzen baitzen.
zuri, zure mugimendua, zure aulkiarena, zure etxearena eta liburu honena, mirakuluski batu dituzun horri... adio...
© G. Arroyo "G. Arroyo: Eskeintzak" orrialde nagusia