POXPOLO KAXA
Flock ingeniaria Erdiko Etorbidetik pozez beteta zihoan, barne belarrian aurikulare txiki txikitxoak eta eskuak poltsikoetan, kontu handiz bere azken
super-asmakizuna zaintzen: infrahotsen detektagailua. Flockek, Sortzen Patente Bulegoko ate zuri esmaltatua zabaldu baino lehen, martxan jarri zuen asmakizuna ondo zebilela ziurtatzeko. Eta hona hemen...
...Hain beldurgarria dena, Egungo Garaian gertatu delako bildurik, nik, poxpolburuk, hurrengo hamar minututan Poxpolo Zurien Erreinu honetako buru naizen honek, Apal koadranteak ematen digun sosegu eta lasaitasun garaia bukatutzat jotzen dut, eta Poltsiko koadrantean gaudenez arrisku latzen eta zalaparten garaia heldua dela diot...
— Noski! —pentsatu zuen ingeniariak, asanblada hau detektagailu ondoan dudan poxpolo kaxan gertatzen ari da, baina ez zuen aditasunik galdu, pentsamendu hauek zirela eta.
...Beraz, eta ahal den agudoen, neurriak hartu behar ditugu, gure burua, inoiz baino hobeto esanda gainera, arrisku larrian baitago.
Pentsa Aipaezina agertuko balitz zer gertatuko litzaiokeen gure erreinuari eta unibertso handi eta txikietako garbienak diren bertako hiri geometrikoei, argizari zurizko etorbideei eta gure Unibertso osoa, urtean behin, argitzen duen Eguzkitxori...
— Aipaezina sua da —pentsatu zuen Flockek, entzuten zuenaz liluratuta.
...Pentsa, Poxpolgazteak ezingo dira, jadanik, ortzadarrean kulunkatu, eta Poxpolzaharrek ez dizkigute antzinako istorioak kontako...
Krris, Kruiiix, Klank, Ziiiiink, kreeeep, Kuu!
— Ene! Zer gertatzen ote zaio asmakizunari? Zerbait askatu edo... —pentsatu zuen ingeniariak—. Zarata hauek Giltzamak ateratzen zituela ez baitzekien oraindik, Giltzasemek Flocken boltsikoak zulatu nahi zituelako ari zitzaion errietan.
...Pentsa nola geratuko diren zuen etxeak, kaleidoskopiodun sabaiak, zuhaitz pintoz betetako sukaldeak eta txori urdinez jositako gelak.
Aipaezina baletor eta denok kanpoko hautsilo bira banan-bana eroriko bagina, guzti hau ez litzateke lehen bezalakoa izango.
Beraz, eta egoera hau nolabait gainditzeko, minutu batetako buru hausnarketa sakona egin dezagun...
— Poxpolburu demagogia erabiltzen ari da, baina bere arrazoiak izan baditu, pentsatu zuen Flockek, nahiz eta bere poltsikotik etorri, hain urrunetik zetorrela zirudien hots hark gero eta liluratuago zuela. Ixiltasun une baten ondoren, hau aditu zuen berriz:
... Sabotaia! Sabotaia! Inoiz izan ez bezalako sabotaia proposatzen dizuet —Denek adi-adi ziruditen— Gaur Unibertso Handira gaua heltzen denean, gure munduaren kanpoko hormara igo eta alboetako lija-paperera ur baldekadak botako ditugu, honela Aipaezinak ezingo digu ezer egin...
Flockek barre algara luzeak entzun zituen.
...Uju, ju, ju, ja, ja, ja! Baina Poxpoltonto zuk sabotaia zer den ere ez dakizu! —zioen norbaitek— Ez al dakizu oraindik Poxpolzaharren istorioetan agertzen den Ur, animalia mitologiko hori, gure munduan aurkitzea ezinezkoa dela? Gainera ziur asko hori ez da inongo Unibertsotan egongo...
Poxpolo guztiek eztabaidatu zuten Su hura inon ba zen ala ez zen. Batzuk, Bai, Bai, Bai! zioten, eta besteek Ez, Ez, Ez! Zalaparta ederra sortu zuten!
Flock bera ere, gizon lasaia izan arren, apur bat gogaituta zegoela zirudien. Azkenik Poxpolbururen ahotsa aditu zen.
...irtenbide hori ez da egokia, baina guretzat mirakulutsua izan daitekeen bat bururatu zait. —Hau entzutean denak ixil-ixilik geratu ziren, bakarrik Poxpoltontok jarraitzen zuen zarataka Badago, Badago! Sabotaia, Sabotaia! Irtenbidea hau da! egin zuen orroe Poxpolburuk, burua haserrez gorrituta, Poxpolurdin, gure poxpolo urdin bakarra, Unibertso Handiko gauera bidaliko dugu, zeru beltz zati bat hartzera. Poxpolurdinek protesta txiki bat egin zuen, baina oharkabe pasa zitekeen bakarra bera zela esan zioten, laster konbentzituz. Han —zioen Poxpolburuk— modurik onenean egin beharko du, zeru beltzaren nagusi diren izarrei behar diren baimen guztiak eskatuz eta eskatutako ziurtagiri guztiak luzatuz. Behin helburua lortutakoan, zatia behar bezala banatu eta gure buru zuriak estaliko ditugu, honela aurrerantzean beltzak izango dira, Aipaezinak erreta gaudela pentsa dezan eta gu pakean egon gaitezen.. .
Abentura hark guztiz kezkatuta zuen Flock. Patente Bulegora joateko asmoa alde batera utzi, eta etxerantz abiatu zen. Urduri eta prakerre egon zen gaua noiz helduko zain baina, tamalez, heldutakoan loak hartu zuen. Hurrengo goizean, esnatu bezain laster jarri zuen martxan detektagailua, baina oraingoan ez zuen elkarrizketarik aditu, poxpoloek eguneroko lanak egiten zihardutela adierazten zuten hotsak baizik. Eskua poltsikoan sartu eta 38 poxpolo burubeltz eder zeukan kaxa atera zuen, gelako armairurik altuenean utziz, inoiz ez erabili! idatzita zuen letrero baten ondoan. Flockek detektagailua bertatik gertu jarri izan balu buila galanta entzungo zukeen, eta baina ere hau zioen ahots bat:
...Irabazi dugu! Berriz ere Apal Koadrantean gara, pakez eta soseguz beterik...
© G. Arroyo "G. Arroyo: Eskeintzak" orrialde nagusia