MARTZELINO, PANTXIKA MIKA ETA ANTONIO ARRAIO
Horizontea baino apur bat haruntzago dagoen erresuma txiki batetan bizi zen gure Martzelino. Erotzat jotzen zuten, agian bere itxura zarpailtsuagatik, agian erresuman ospetsu egiten zuten «gauzak» zirela eta. «Urte berri nahiz urte zahar, Martzelinok praka zahar», eta halaxe zen izan ere. Baina luzamendutan ibili gabe, lehenago aipatutako «gauzak» zeintzuk ziren azaltzera noakizue. Egia esan «gauzak» esan beharrean «gauza» esan beharko nuke.
Martzelinok, erratza lagun zuelarik, bazter guztiak eskobatzen ematen zuen eguna. Udan itzalak, itzal guztiak, berea ere bai noski, eskobatzen zituen. Berriz ere bazter guztiak garbi eta argi uzteko asmotan. Eta neguan, zer esanik ez, haserre biziz jarduten zuen jo eta su iluntasun nazkagarri hura lurrari kendu nahian.
Lan izugarria izan arren bere buruari emandakoa, Martzelino kolko handiko gizona genuen eta zaila zen hura etsita ikustea, haserre bai, baina ez etsita. Azkenik, Udaletxekoek kalegarbitzaile postua eman zioten errukia eta Martzelinoren «gauza» haiek disimulatu nahia tartean zebiltzalarik. Honela behintzat, erratz berriak izatetik aparte, elektrizitatea ere ordain zezakeen. Gauez, eguzkiloreen babespean, argia beti piztuta zuela lo egiten zuenez, ez zen hau txantxetako gauza ez.
Martzelinok bazuen lagun min bat ere, amona mantangorria. Hark esaten zion, ziurtasun handiz esan ere, nolako eguna zetorren, argia ala euritsua, eta Martzelinok biziki eskertzen zion gainera. Horregatik entzun zituen arreta handiz mantangorriren, berak honela deitzen zuen, hitzak: — Zahartzen ari haiz Martzelino. Egunak joan, egunak etorri lanean diharduk, baina ez diagu ezertxo ere lortzen. Itzalak eta iluntasun zikinek hor zirautek. Zerbait egin beharrean aurkitzen gaituk—.
Martzelinok denbora luzez hausnartu zituen hitz haiek: — Arrazoia zeukak, zerbait egin beharrean aurkitzen nauk—. Eta hara non doan alkatearengana. Honek, akaso zoro bat beste zoro batek bakarrik uler dezakeela ustez, Pantxika mikarengana bidali zuen, Pantxikarentzako eskumuinekin batera. Martzelinok Pantxika bistaz bakarrik ezagutzen zuen, baina entzunak zituen haren istorioak.
Pantxika, mika guztiak bezala, gauza distiratsuek liluratzen zuten. Erresuman ziotenez habian altxor ederra zuen, eraztunez eta urrezko txanponez josita. Beste istorio sinesgaitzagoak ere baziren. Horietako batek zioenez, behin Pantxikak, ezagutzen zuen gauzarik distiratsuena eskuratu, habiratu esan beharko genuke, nahi izan zuen. Zer ote zen hau eta ilargia! Gogo beroz prestatu zuen bidaia. Behar zituen gauzak, kontu handiz, luma artean gorde ondoren, han joan omen zen ilargiaren bila; jendearen esamesei jaramonik egin barik. Ozta-ozta eta trinkilin-trankalan bazen ere, heldu omen zen gainera. Egun bateko atsedena hartu eta ilargia garraiatzeari ekin omen zion. Hau ezina zela jakin zuenean, ilargi zati bat behintzat eramateko edo, ilargiari mokoka hasi zitzaion, baina alferrik; astoa saldu eta mandoa erosi. Azkenean neke-neke eginda, eta dena esan behar, lotsa-lotsa ere bai, erresumarantz abiatu omen zen. Hara heldutakoan sei hilabete habiatik irten gabe pasa zituela diotenak ere egon badaude.
Martzelinok ez zituen gehiegi sinesten honelakoak, ez zuen gustokoa horrelako jendea; baina zerbait egin beharrean zegoen, behar gorrian gainera, eta alkateak agindutakoa bete zuen.
Pantxikaren habiarantz abiatu zen bada. Hara heldu bezain laster, Pantxika, lepo gainean jarri, eta bere istorioak kontatzen hasi zitzaion. Hasieran asper-asper eginda zegoela zirudien, baina orduak aurrera joan ahala, gero eta arreta biziagoz entzuten zuen Pantxikaren berriketa. Pantxikak, ilargira bidaia egin zuenean, Aitona Arraio ere ezagutu zuela zioen. Aitona Arraio artzaina zela, hodei artzaina, eta hauek alde batetik bestera eramaten zituela. Hodeiek zeru urdina bazkatzen omen zuten eta denboraldi luzeetan erresuma gainean geratu ere bai. Hura gertatzen zenean negua heldua zela esaten zuen erresumako jendeak. Panxikak, Aitona Arraio errez haserretzen zela ere esan zion, hau gertatzen zenean hodei beltzak ateratzen zituela, baina bihotz onekoa, zela. Zaharra baina oso bizkorra zela eta...
— Aitona Arraio ezagutu behar dut, derrepente! —esan zuen oihu eginez Martzelinok, Pantxikaren hitz jarioa ebakiz. Pantxikak sustatuta begiratu zion, baina Martzelinok bere arazoa kontatu zionean harridura desagertu egin zen bere begietatik, eta errukituta edo, berak lagunduko ziola agindu ere bai; berak ongi ezagutzen baitzituen Aitona Arraiok bere hodeientzat erabiltzen zituen gordelekuak.
Pantxikak, aproba asko egin zituen arren, Martzelinoren pisuarekin ezin, eta bera joan zen Aitona Arraioren bila. Martzelinok, urduri, erresuman geratu behar izan zuen. Handik pare bat hilabetetara izugarrizko behe lainoak estali zuen erresuma. Tximistaren argiak dena koloreztatzen zuen. Alkatea Martzelinoren bila hasi zen, gizon hura halako lainoarekin edozein astakeria egiteko kapaz baitzen. Ez zuen inondik inora aurkitzen eta, oso kezkaturik, Pantxikaren bila hasi zen. Hau bai erraz aurkitu zuen. Pantxikak alkateari ez kezkatzeko esan zion, Martzelino ondo zegoela baina elkarrizketa garrantzitsu bat zuela. Inork ez daki, zehatz-mehatz, zer hitz egin zuten elkarrizketa garrantzitsu horretan Martzelinok eta Aitona Arraiok. Dakigun bakarra, eta bera Pantxikari esker, zera da: Aitona Arraiok, bere bihotz ona frogatzeko, Martzelinori eskatutako guztia agindu ziola, eta ez hori bakarrik, eguzkiarekin ere hitz egin zuela, itzal distirak erresuma hartara bota ez zitzan.
Ordundik erresuma hura argiaren erresuma deitzen dute. Ez baita han egun hodeitsurik, eta ezta ere itzalik eguzkiak jotzen duenean.
Baina ez pentsa Martzelinok erratza utzi duenik ez, Pantxika lepogainean etengabe berriketan ari zaiola, bera, Martzelino, Mariano ardosaltzailearen atzetik ibiltzen da, honek, upelak alde batetik bestera eramatean egiten dituen arrastoak eskobatzen.
© G. Arroyo "G. Arroyo: Eskeintzak" orrialde nagusia