TXIMISTA ALFERRA

 

        Thor jainkoa, zeruetako olan, jardun eta jardun ari zen lanean, Mjolnir bere mailutzarraz kolpeka. Thorrek izotzezko erraldoiei erasoka ematen zuen eguna. Erraldoirik agertzen ez zenean, mundu hartan gehien atsegin zitzaion gauzari ekiten zion: berarentzat eta Vulkano, Jupiter eta Zeus ahaideentzat burdinazko zapatak egiteari. Thor oso langile fina genuen, eta zapatak behar bezala egokitzeko aprobaka eta aprobaka aritzen zen. Nahiz eta egiten zuen zarata, honelako jainko handi eta ohoretsu batentzat huskeria izan, guretzat ordea, danbada galanta bilakatzen zen eta oraindik ere bilakatzen da, horregatik guk trumoi deitzen diogu. Baina ez ziren zapatak eta trumoiak Thorrek egiten zituen bakarrak, bere olatik, suge espazialik bailira espaziotik arrastaka zebiltzan txispa gorriak ere irteten ziren. Gizakiek tximista izena ematen zieten. Horietako bati buruz izango da bada kontakizun hau.

        Egun hartan... are gehiago urte hartan, Thorren olatik irten zen tximistarik alferrena, zen geurea. Ikurka makurka, gorputzetik nagiak atera nahiz bezala, bere neba-arrebak baino askoz astiroago Lurrera hurbiltzen ari zen, bere inguruan zegoen guztiari adi adi begira. Honela gauza asko ikusi zituen: bere neba-arrebak hodei grisak urratzen; Eguzkia, hodeiekin haserre noski, pozez barrezka maltzurki; Han, behean, ipurtargi izeneko xomorro txiki batzuk berari konpetentzia egin nahian... Baina ikusi zuen baita ere, eta oraingoan izutuz, likidoz betetako mantxa urdin handi bat, eta nola bere neba-arrebak hara heltzean, kolorea aldatu eta garrasi egin ondoren, desagertzen ziren.

        Bere burmuinetan, zergatik ote zen ere jakin gabe, antzinako lelo bat nagusitu zen: kontuz itsasoarekin! Kontuz itsasoarekin! Tximistak, zeharo beldurturik, izugarrizko ahaleginak egin zituen mantxa urdin hartara ez erortzeko. Arriskurik gabeko mantxa berde-beilegi batetara jausi zen, guztiz nekatuta eta hitzak berak adierazten duenez lurjota. Erabat beldurtuta zegoen, han arriskurik ez zegoela ez baitzekien.

        Beldurraren beldurrez, txiki-txiki egin, eta gaur egun tximistarria izenaz ezagutzen dugun harri baten barruan ezkutatu zen. Nagitasuna beldurrari nagusitu zitzaion eguna ere heldu zen. Tximistarriaren barruan loak hartu zuen, urte luzeetan, bere gordelekua huraxe izan zelarik.

        Behin, danbada gogorrak entzunik, gure tximista esnatu zen; harria erotzeko moduan mugitzen zela ikusirik. Une batez, oraindik Thorren olan zegoela bururatu zitzaion, baina ez, ez! ez zen posible! Kuriositatez beterik bere gordelekutik irtetea erabaki zuen. Kanpora irtendakoan, guk, zailtasunik gabe, antzinako gizona zela esango genukeen izaki harrigarri bat ikusi zuen. Izaki honek, ikaratuta, Sua! Sua! antzeko zerbait esan nahi zuten hots arraroak egiten zituen, eta ordundik aurrera honela deitu zuten tximista alferra. Tximistarritik irtenarazi zuen gizona boteretsu bilakatu zen eta bera, orain «sua» izen berriarekin, kontu guztiz zaindua eta beneratua.

        Ordundik ikus dezakezue hortik zehar, bera edo bere senitartekoren bat, norbaitekin solasean edo negu luzea igarotzeko laguntasuna eskaintzen. Gainera, korteski eskatu ezkero noski, akaso berak kontatu zidan bezala idatzi dudan istoriotxo hau zuei ere kontatzeko prest egongo da, baina kontuz ibili, oso zahartuta baitago eta batzutan umore txarrez ere bai. Noizbehinka, batez ere jaramonik egiten ez badiogu, min egitea ere bururatu ahal zaio, baina ez beldurrek izan. Ah! Zuek «itsaso» edo «ur» aipatu ere ez egin, oso haserre jartzen baita, baina begira zein harro jartzen den neoizko argiak ikustean, edo artifiziozko su bihurturik han goitik begiratzen digunean... tximista alferra zenean bezala.

 

 

 

© G. Arroyo

 

 

"G. Arroyo: Eskeintzak" orrialde nagusia