AGURRA: TOGA
Irakurle maiteok, Orim-era heldu berriak zarete. Orgen-etik 1700 poltsutara gaude. Dakizuenez, Orim, ezinbesteko pausaleku dugu Luza-rako bidaian. Eskuinaldean, Poesiaren Plaza Handia ikus dezakezue, eta bide batez bertan gertatzen ari diren ikuskizunak miretsi. Hor duzue buruan hego txuri-gorriak eta izugarrizko buztana duen zaldi hori, aulki txiki horretan eseri nahian; bertan eserita egon den belatz begi gorridun jakintsu horrek, hegopean esperimentu sinestezinetarako erabiliko duen probeta daramala, haserre ihes egiten duen bitartean. Halaber, eguzkia eta ilargia elkarrekin ikus ditzakezue, laguntasun onean gainera, musikaren kioskoan turutei jo eta su soinua ateratzen, Uhain txoriak prestatutako pattar goxoek guzti honekin zerikusi handia dutela esan behar dudan arren; gainera, hortxe duzue bera, moko ondoan hasi zaion ile beltz luze hori atera nahian.
Ezkerraldean Batzar Eremua duzue, erdi-erdian dagoen mosaikoan, uste denez XX. mendean bizi izan zen artista ospetsu baten lana, errepara dezazuela, biziki gomendatzen dizuedalarik. Mosaikoak lepo luzedun, buru gabeko gizon bat aurkezten digu. Bere janzkeran antzinako Orimdar ikurrin txuri-berdea ezagutu dezakezue, eta baita ere, kaputxa beltzarekin dabilen ilargi gorri horrek gure pertsonaiari egiten dion aparteko laguntzaz ohartu.
Aurrera begiratzen baduzue, hiriaren liburutegia ikusiko duzue. Bai, eraikera ezberdinetako etxe horixe bera da, ezberdintasun horrek orain dela urte gutxi arte paira behar izan dituen handitzeen ondorioa direlarik.
Liburutegiaren historia, luzea izan arren, kontatzera noakizue, zuen oniritzirik badut behintzat. Hau ez dut zalantzan jartzen, Orim-en denboraren isuria miragarria dela baitakigu, gehiegi pentsatzen ez badugu behintzat. Badakigu, baita ere, izarrek bertan ipurtargiak bizi direlako distiratzen dutela. Begiak itxiz beste planetetara joatea eta aspertzea hiltzea dela. Badakigu txoriak Venus planetatik etorri zirela, mende asko dela, txorimalo itsusiak han agertu zirenean. Badakigu... O! baina baina... uste dut berriz ere harrokeriak itsutu nauela eta gainera liburutegiaren historia kontatzekotan nengoen. Beno ba, horretarako Orim-eko biztanle maite bati buruz hitz egin beharrean nago, Toga duzue hau.
Toga kristalez kristal, liliz lili, armiarma-sarez armiarma-sare zebilen ur ttantta zen. Togak hiri osoan ospetsu egiten zuen berezitasun bat zuen: bere irudimena. Hau erabiliz txindurrien hirian egona zen eta ikusiak bertako ibilbide luzeak, gaua heltzen zenean pitxiarriek ematen zuten argia... gainera badakizue han beti gaua dela, urtean behin izan ezik, egun honetan Eguzkitxo, eguzki guztien artean txikiena, joaten da bertara bisita egitera. Egona zen poxpoloen herrialdean, bertako biztanle buru txurigorridunekin, eta hiriari kajoi txikiz betetako armairu antza ematen zioten etxe geometrikoetan. Edana zuen Galiako druiden marmitatik eta itsaso guztiak igaroak vikingoen abesti zaharrak kantatuz.
Egun batetan Togak, bere hirikideak entretenitzeko, ipuin bat idaztea erabaki zuen. Lan honetan urte luzeak eman zituen. Ipuina gero eta handiagoa zen, jadanik ez zen sartzen ordungoz Togak biltegi bezala erabiltzen zuen erreka ondoko leizetxoan. Togaren irudimena bukaezina zenez ipuinak ez zuen inoiz bukaerarik izango eta honek zailtasun galanta suposatzen zuen berarentzat. Hau zela eta guztiz kezkaturik, Jakintsuen Tenplura joatea erabaki zuen, han, Orim-eko ekialdean, Jakintsuek, buruhauste ederrak izan ondoren, arazoari. irteera bat bilatu zioten. Ipuinarentzat bukaera asma zezala esan zioten Togari eta horrela bere arazoak bukatuko zirela. Togak ere horrela uste zuen. Pozez beterik, ñir-ñir, bukaera asmatzen saiatu zen, etxera bidean. Baina emaitza ez zen batere egokia izan, bere irudimenak jo eta su jarraitzen baitzuen. Ipuin hura amaitu zuen arren, beste bat eta beste bat idazten hasi zen. Nahiz eta orain ipuin guztiek bukaera izan, bat bukatu bezain laster beste bat hasten zuen.
Berriz ere Jakintsuen Tenplura joatea erabaki zuen. Hauek, eztabaida gogorrak izan ondoren, Togari hau esanez epaitu zuten: «imajina ezazu ez duzula irudimenik jadanik». Toga oraingoan ez zen poztu. Tenplutik guztiz tristaturik irten zen eta Orim-era ez itzultzea erabaki zuen, han ezinezkoa izango baitzen Jakintsuen epaia betetzea. Hiri kanpoko putzu batetan utzi zuen bere burua erortzen, eta han egon zen, egunak joan, egunak etorri, gero eta grisago bihurtzen zen bitartean.
Egun batetan, egun on batetan, bere zoritxarragatik, hau hiri osoan ahoz aho zebilen, errukituta, kolore ederreko martin-arrantzale bat joan zitzaion. Hegopean hartu eta berriro Jakintsuengana eraman zuen, oraingoan epai egokiagoa emateko eskatuz. Berriz hasi ziren bukaera gabeko eztabaidak. Inoiz ordurarte gertatu ez bazen ere hiriko biztanle guztiek parte hartzen zuten oraingo honetan. Azkenean ados jartzea lortu zuten. Togak planeta asko, eta hauetan ipuin politak idazten zituzten Togaren zati txikiak zeudela, imajinatu behar zuen. Horrela ez zuen zertan ipuinak idazten eta idazten ibili behar, pertsonaia hauek egingo baitzuten bere lana.
Beraz, irakurle jauna, zuk inoiz ipuin bat idatzi edo imajinatu baduzu, Togaren zatitxo bat besterik ez zara. Berak idatzitakoak dira, noski, zuek begiratzen ari zareten liburutegiko gelak betetzen dituztenak, eta kontatu ditudan pasadizoak dira garai batean izan zituen handitzeen arrazoia. Orain beste handitze bat daukagu projektatuta, oraingoan beste planeta batzuetako pertsonaiek idatzitako ipuinak gorde ahal izateko.
Eskerrak eman behar dizkizuet zuen onespenengatik eta ez ezazue ahaztu, irakurle-bidaiari maiteok, bi egunetako atsedena izango duzuela Orim-en, hauek igaro ondoren Luza-rako bidaiari jarraituko diogularik.
© G. Arroyo "G. Arroyo: Eskeintzak" orrialde nagusia