V
EGIAZKOA ZALANTZAZKOAREN TRUKE
1724.go abuztuak 30aren goizeko hamarrak izango ziren Gil Gil, indar ezezkoi hark ongi irakatsia, San Ildefonso jauregian barrena sartu eta Felipe V.ari entzutea eskatu zionean.
Irakurleari gogorarazi diezaiogun errege honen egoera aipaturiko egun eta orduan.
Espainiako lehen Borboitarrak, Frantziako Luis XIV.aren ilobak, espainiar tronua onartu zuen Frantziakoan esertzea amestu ere ezinean zegoela. Baina beste printze batzuk hiltzen joan ziren, lehengusu eta osabak hain zuzen, bere jaioterriko dosel-aulkitik aldentzen zutenak eta orduan Luis XV.a bere iloba ere hilez gero (hamalau urte eskas zituena eta serioski gaixotua), okupatzeko prestatu asmoz, Gaztelako koroa Luis I.a semearengan abdikatu eta San Ildefonsora erretiratu zen.
Egoera honetan Luis XV.a zertxobait sendatu ez ezik, Luis I.a ere nafarreriak handiki jota gertatu zen, bizitza arrisku larrian egoteraino! La Granja eta Madril bitartean tartekaturik, hamar postarik ordu oro Feliperi semearen berri bidaltzen zioten, handinahia berez eta gainera Isabel de Farnesio (bera baino handizaleagoa) bere bigarren emazte ospetsuak ziztaturik, ez zekien zein aldetara jo hain bat-bateko istilu larri honetan.
Frantziako tronua Espainiakoa baino lehen hustuko ote zen? Madrilen berriro ere gobernatzeko asmoa barreiatu behar ote zuen, semearen heredentzia biltzera prestatuz?
Baina, berau hil ezean? ez ote zen trakeskeria nabaria izango Europa osoari bere arimaren iluna agertu izana? Bakardadean bizi izandako zazpi hilabeteren sakrifizioa antzu bihurtzea ez ote zen? Ez ote zatekeen San Luisen tronu desiratuan esertzeko esperantzari betirako uko egitea? Zer egin beraz? Itxoin egiteak denbora baliotsua galtzea suposatzen zuen. Gobernu bilkurak gorrotatu egiten zuen eta Estatu arazoetan eragin oro eztabaidatzen zion. Pauso bakar bat emateak bere bizitza osoko handi nahia eta izena etorkizunerako auzitan jarri zitzakeen.
Felipe V.a faltsua, munduko tentaldiek basamortuan asaldatzen zuten eta bere abdikatzearen zurikeria aski karu ordaintzen ari zen zalantzazko ordu haietan!!
Egoera honetan iragarri zion bere burua Gil Gil gure lagunak Felipe buru makurrari, berri garrantzitsuren emaile zelakoan.
— Zer nahi didak?, galdegin zion erregek begirik jaso gabe behin gela barruan sentitu zuenean.
— Ene jauna, begira biezat bere maiestateak —erantzun zuen Gil Gilek harro— ez bego bere burutazioak irakur diezazkiodan beldurrez, ez baitira enetzat sekretu.
Felipe V.a supitoki tornatu zen gizon harengana, zeinen ahots lehor eta hotzak, esana zuen egia bezalakoxea, bihotzean odola izoztu baitzion.
Bere haserrea ordea, Heriotzaren lagunaren hilezko irribarrean erauntsi zen.
Beldur superstizioso baten gatibu sentitu zen Gil Gilen begietan bereak tinkatzean eta mahaia apaintzen zuen idazkaritzako ezkilara esku dardartsu bat eramanez, aurreko galdera errepikatu zuen:
— Zer nahi didak, bada?
— Jauna, ni mediku naiz... —ihardetsi zion gazteak lasaiki— eta nire zientzian hainbeste fede daukat ezen Luis I zein egun, ordu eta unetan hilko den esatera ausartuko naizen.
Felipe V.ak arreta handiagoz so egin zion zarpailez jantzitako ume hari, aurpegi eder bezain gainaturazkoari.
— Mintzatu hadi —esan zuen erantzun osoz.
— Ez era honetan, Errege jauna! —jarraitu zuen Gil Gilek iskirioz—. Lehengoz prezioan ados jarri beharko dugu!
Frantsesak, amets batetik esnatzean bezala burua astindu zuen hitzok entzutean; eskena hura bestela ikusi eta ia lotsatu egin zen ametitu izateagatik.
— Kontxo! —esan zuen ezkilatxoa joaz—. Harrapa ezazue gizon hau!!
Kapitain bat agertu zen eta Gil Gili eskua ezarri zion bizkarrean.
Honek soraio segi zuen.
Erregek lehengo sineskeriara itzuliz, soslaiz so egin zion mediku estrainuari. Kostata jaiki egin zen geroxeago, aspalditik pairatzen zuen tristura areagotua zegoen nabariki egun haietan eta goardietako kapitainari zuzendurik:
— Utz gaitzak bakarrik.
Tentetu egin zen azkenik Gil Gilen parean, beldurra kendu nahi balio bezala eta itxurazko lasaitasunez itaundu egin zion:
— Nor arraio haiz mozolo aurpegi hori?
— Heriotzaren laguna nauk! —erantzun zion gure gazteak begiratu gabe.
— Nire eta bekatari guztion anderea!! esan zuen erregek txantxa tonuan zeukan haur ikara uxatu nahirik—. Eta gure semeaz, zer diozu?
— Jauna —esan zuen Gil Gilek pauso bat erregerenganatuz, berau gogoz kontra atzeratu zelarik— koroa bat ekartzera natorkiola diot. Ez diot esango ordea Espainia ala Frantziakoa den, hauxe baita ordaindu beharreko sekretua. Denbora baliotsua alferrikaltzen ari garela diotsot eta, beraz laster eta argiki berba egin behar diodala. Entzun nazala orduan arretaz. Luis I hilzorian aurkitzen da... Bere gaitza hala ere sendatzen direnetakoa da. Bere maiestate alegoriako zakurra da...
Felipe V.ak moztu egin zion:
— Esan!, esan ezak behar duana! Dena entzun nahi diat! ...Era guztietara ere urkarazi egingo haut!...
Heriotzaren lagunak bizkarrez kuzkurtu eta jarraitu zuen:
— Bere maiestate alegoriako zakurra dela nioen. Espainiako koroan zuen burua; Frantziakoa bereganatzeko makurtu eta semearen sehaskara erori zitzaion; Luis XV.ak berea estutu zuen eta ez bata ez bestearekin gelditu zen bere maiestate.
— Egia diok! —ahotsez baino, begiradaz baieztatu egin zuen erregek.
— Gaur... —jarraiera eman zion Gil Gilek erregeren begirada jasoz—, gaur egun Frantziako koroatik Espainiakotik baino gertuago aurkitzen zarela, zori berberean zaude. Luis XV zein Luis I, errege umeak biak, gaixo dira. Bien premu izan zaitezke baina bietako zein hilko ote den lehenago jakin beharrean zaude zenbait ordu aurrez. Luis I larriago dago, Frantziako koroak berriz, lilura handiago dauka. Horra hor zure harridura. Ederki nabaritzen da eskarmentaturik zaudela!! Ez zara jada ausartzen San Fernandoren errege-makilara eskua luzatzera, zure semearen sendatu, historiak isekatu eta Frantziako aldekoek abandonatuko ote zaituzten beldurrez! Are argiago: hortzetan duzun harrapakina askatzera ez zara atrebitzen, dakusazun bestea ilusio edo espejismo hutsa ote den beldurrez!!
— Berba..., berba egin ezak!! —antsiaz esan zion Felipe V.ak Gilek amaitu zuen ustetan—. Berba egin ezak!, edozein moduz hemendik paretek ez bestek entzungo diaten gela beltz batera joango haiz zuzenean!, berba egin ezak!, nire burutazioez munduak zer dioen jakin grinaz nago!
Zapatari zenak irribarre egin zuen mespretxuz.
— Kartzela!, Urkamendia! —hots egin zuen. Hona hemen erregeok dakizuen bakarra!, ni halere ez naiz ikaratzen. Entzun iezadazu beste apur batez amaitu egin behar dut eta. Nik, jauna ganbara-mediku izan behar dut, Duke titulua lortu eta gaur bertan 30 mila peso irabazi... Barre egiten al du bere maiestatek? Bere maiestatek Luis I nafarreriaz hilko denentz jakin behar duen adina behar ditut nik, bada.
— Eta? ...hik ba al dakik bada? —itaundu zion erregek ahots baxuz, mutikoak sorrarazi zion ikaratik atera ezinean.
— Gaur gauean jakin dezaket.
— Nola?
— Esana dizut Heriotzaren laguna naizela!
— Eta hori zer da?, esplikaidak!
— Hori..., neronek ere ez dakit!, Madrilgo jauregira eraman nazazue. Erregea ikusarazidazue eta Betirakoak bekokian idatziriko sententzia irakurriko diot.
— Eta huts egiten baduk?, Gil Gilengana gehiago hurbilduz esan zuen Anjoukoak.
— Orduan, urkatu egingo nauzue!, horretarako nahi bezain luzaro edukiko nauzue gatibu.
— Aza haiz beraz! —oihu egin zuen erregek, Gil Gilen hitzei ematen zien fedea nolabait justifikatu nahian.
— Jauna, ez dago gaur egun aztikeriarik! —erantzun zion hark—. Azken aztiak Luis XIV zuen izena, eta azken sorginduak, Carlos II. Espainiako koroak, duela 25 urte lelo baten testamentuan bilduta Parisa bidali genizuen hark, Carlos V.aren abdikatzeaz geroztik pairatzen genuen deabruaren gatibualditik askatu egin gintuen. Inork baino hobeto dakizu hori!
— Ganbara-mediku..., duke... eta 30 mila peso... murmurikatu zuen erregek.
— Zuk uste baino gehiago balio duen koroa baten truke!! —ihardetsi zion gazteak.
— Ene errege hitza duk!! —bota zuen Felipe IV.ak goitiar gisa, ahotsak, itxurakerak eta misterioz beteriko jarrera hark menderaturik.
— Zin egiten al du bere maiestatek?
— Hitz ematen diat! —erantzun zuen frantsesak— lehendabizi, gizona baino areago haizela frogatzen badidak, hitz emango diat!
— Elena..., nirea izango zara! —erdimintzatu zen Gil Gil.
Erregek kapitainari deitu eta zenbait agindu eman zion.
— Orain... —esan zuen— hire Madrilgo bidaia prestatu bitartean, kontaidak hire historia eta esplikaidak hire jakinduria.
— Horixe egingo dut, jauna, baina uste dut ez bata ez bestea ez duzula konprenituko... ............................................................
Ordu bete beranduago zaldiz lasterka zihoan kapitaina gure heroiaren saihetsean, berau zarpailetatik askaturik jada, seda-lan ikusgarriez hornituriko tertziopelozko jantzi ederrak, ezpata estutua eta kapela galoneaturik zeramatzala.
Felipe V.ak jantzi hura eta diru ugari oparitu zion Heriotzarekiko laguntasun misteriosoaz jakin ondoren.
Asko korritu arren, jarrai diezaiogun Gil Gil bihotz onekoari, erreginaren ganbaran gerta bailiteke Monteclaroko Elena ohoratua edo Rionuevoko kondesa topatzea eta honelako elkarrizketa interesgarrien xehetasunik ez dugu galdu behar.
© Pedro Antonio de Alarcon "Pedro Antonio de Alarcon: Heriotzaren laguna" orrialde nagusia
© itzulpenarena: Anjel Valdes