HIRUGARREN EKITALDIA

 

        Biharamun goizean. Gortina jasotzean, Allan eta Linda besaulkian jezarririk ageri zaizkigu, kafe katilu bana eskutan dutelarik. «Burutu» ondoren biak nahasi daude. Gertaturikoa samurra izan arren, traumagarria ere izan da era berean.

 

ALLAN: Bi gizaki bakarti, sentimendu eta emozio bertsukoak bat egin dira. Maitemindu egin dira, gertatzen ari zenarekin ia erreparatu gabe. Bai, Linda, maitemindu egin gara, nahiz eta horretan ez erortzearren ahaleginak egin. Dena gure kontra zegoen ordea... Biok bakarrik, udako arratsalde euritsu batean..., Dick hemendik kilometro askotara. Barruari ezin eutsika, besoetan hartu zintudan eta amodioan batu ginen. Beranduago tripako mina hasi zitzaigun bioi. Baina zinezkoak izan gara. Hori da garrantzitsuena.

LINDA: Oraindik ere ezin dut sinestu.

ALLAN: Ez dut horrelako lo ederrik egin azken hamar urtetan. Eguerdia izango da honez gero...

LINDA: Goizeko zazpiak dira, gizona.

ALLAN: Zazpiak? Ez nuen uste horren goiz zenik. Zoragarri portatu zinen atzo.

LINDA: Eskerrik asko.

ALLAN: Zer moduz zaude orain?

LINDA: Uste dut botikak ondo eragin didala. Zer zenuen buruan elkarrekin geundenean?

ALLAN: Jimmy Connors.

LINDA: Tenis-jokalariak izaten al dituzu beti buruan momentu horietan?

ALLAN: Aurrera egiten laguntzen dit.

LINDA: Orain ulertzen dut zergatik garrasi egiten zenuen: «Beste pilota bat»...

ALLAN: Hobe izango da Dicki dena kontatzen badiozu.

LINDA: Dicki?

ALLAN: Ustekabean harrapatuko du ziur aski, baina...

LINDA: Ziur egon zaitez sorpresaz harrapatuko duela.

ALLAN: Ahal dela, poltsa goraka egiten duen egun batean aipaiozu.

LINDA: Uff... ez da bada, lan erraza...

ALLAN: Aditu. Gertatu egin da, besterik gabe, halabeharrez. Ez da nire errua izan, ez eta zurea ere. Emakume sentitu zara, ni ere gizon sentitu naiz..., eta gertatu beharrekoa gertatu da.

LINDA: Ondo diozu, emakume sentitu naiz. Xarmangarria izan zara.

ALLAN: Goseak akabatzen nago.

LINDA: Gosaria prestatuko dut. Zer nahi duzu?

ALLAN: Arrautzak urdaiazpikoarekin, tostadak, mantekilla, mermelada eta katilu handi bat kafe.

LINDA: (Jaikiz) Ederki, orduan, zer edo zer erostera jaitsiko naiz.

ALLAN: Lasai hartu... beste nonbait gosalduko dugu.

LINDA: (Poltsa hartuz) Ez..., hemen hobeto gaude. Gainera, haize freskoaren beharra daukat.

ALLAN: Orduan jantzi ezazu nire gabardina. Patrikan diru soberan daukazu.

LINDA: Nire psikiatrari oporretatik bueltan honen berri iristen bazaio, «podologo» sartuko da... (Badoa).

ALLAN: «Ai, sorgin hori! »... bart, ohean, paregabe egon zara... Toscaninik ere ezingo zuen hobeto egin. Nancyk bertan egon behar zuen... Horrela, maisu bat lanean ikusteko aukera izango zuen...

 

(Argi aldaketa. Nancy azaltzen da).

 

NANCY: O, Allan, Europa osoak aho batez komentatzen du gaur egun Estatu Batuetako produkturik hoberenetakoa zarela!...

ALLAN: Eta zeuretzat oso-osorik izan nintekeen, baina zeuk utzi zenuen dena alferrikaltzen.

NANCY: Oker nengoen... Orain ulertzen dut. Ezinezkoa al da berriz hastea?

ALLAN: Beranduegi. Linda eta biok maiteminduta gaude eta elkarrekin joango gara.

NANCY: Zein tentela izan naizen! (Organo doinua) Adio, Allan..., komentu batetara urrutiratuko naiz. Zeu ezin bazaitut nireganatu, moja sartuko naiz. (Hondo-eskubitik doa).

ALLAN: Halaxe da, bai. (Tartea) Ufff... Ezin dut sinestu. Emakume zoragarri bat maitemindu da nirekin. (Bere burua konbentzitu nahian) Maiteminduta baitago!... Eta zergatik ez zen bada egongo? Argia naiz, alaia..., aurpegi atseginekoa eta ah, ze gorputza! Dickek konprenituko du... Azken finean, gizaki zibilizatuak gara... Zer axola dio, gure harreman sozialen harian erromantze izpi bat azaltzea bere emazte eta bion artean?... Horrelakoak pertsonarik sofistikatuenen artean... oso normalak izaten dira...

DICK: (Berriz argi aldaketa eta Dick eskenaratzen da, erdi-eskubitatik) Nirekin egon nahi al zenuen?

ALLAN: Bai.

DICK: Hementxe nauzu bada...

ALLAN: Kopa bat?

DICK: Bai.

ALLAN: Scotch?

DICK: Ederki.

ALLAN: Sodarik?

DICK: Hutsik.

ALLAN: Jelarik?

DICK: Bai.

ALLAN: Linda eta biok maitemindu egin gara.

DICK: Pozten naiz. Medikuarenetik nator eta bi hilabetetako bizitza-epea eman dit.

ALLAN: Jainkoaren izenean! orduan, ez zaizu axola?

DICK: Bat ere ez...

ALLAN: Zuregatik. (Topa eginez).

DICK: Zuregatik (Topa eginez).

 

(Sartu denetik alde egiten du).

 

ALLAN: (Jaiki eta estrenaren erdialderantz gurutzatzen du) Seguru..., dena konponduko da. Dick eta biok, lehen ere gorriak ikusita gaude elkarrekin. Nire lagunik onena da... Oraingoak, dena dela zapore garratza utziko dio... badakit.

DICK: (Hondo-eskubitik ageri da. Berriz ere loaldi-argiak) Eskerrik asko...

ALLAN: Dick!

DICK: (Besaulkirantz gurutzatuz) Nola izan duzu gibelik?... Nire lagunik minena nire emaztearekin... Zuengan konfidantza banuen... eta barre egin didazue... maite dut! maite dut! Nolatan ez nuen somatu?... Nik ikatzaren garaian British Petroleum-en akzioak erosi zituen honek!

 

(Eskenatik desagertzen da).

 

ALLAN: Astakeriaren bat egingo du!... Dick oso pertsona sentibera da! Akabatu egingo du bere burua. (Tartea) Hiri zer egingo ote dian pasa al zaik burutik? Ez al duk sekula Mandamentuen berri entzun? Inoren andrerik ez duk desiratuko... Oso nortasun bizikoa da Dick, eta uste dut amaren aldetiko birraitona, italiarra zuela.

DICK: (Sartu egin da, kamisetaz jantzirik eta lepo inguruan bufanda batez) Bastardo!, Pezo di cornuto! Traditore!

ALLAN: (Atzera jotzean plataformarekin estropezu egiten du) Ma non e vero!

DICK: Tu mi prendi per stupido!

ALLAN: Non e colpa mia!

DICK: (Barandilla astinduz) Bugiardo; Porco!, Carrogna! (Labana atera du).

ALLAN: No... no...

DICK: Solo questo puo satisfare il mio honore!

 

(Allani tinkatzen dio).

 

ALLAN: Sono morto!

 

(Dick erdi-eskubitik desagertzen da, Allan barandillaren ondoan utziz).

 

        Honek ez du ez hanka eta ez buru!, zer egin ordea? Maite dut eta berak ni ere. Bizitza elkarrekin zoragarria izan liteke... Zertara dator orain Dick gure artera?... Lasai... zentzuz jokatu beharra dago! Hau ez da M.G.M.-ko pelikula bat... Linda itzulitakoan elkarrekin gosalduko dugu... Honez gero iristeko zorian egongo da... Egun ederra pasako dugu elkarren aldamenean. (Ateko txirrinak jo egin du. Allan zabaltzera doa eta Dick da atean maleta eta berokia eskuan dituela).

DICK: (Sartu eta barandillarantz gurutzatzen du, bertan soinekoa lagaz. Maleta zoruan ipini du) Itzultzeko premia gorrian nengoen, Allan. Zurekin hitz egin behar nuen. Allan, uste dut Lindak amorante bat duela. Etxera deitu dut oraintxe eta han ez dago. Azken bi asteotan joana bezala ematen du, urruti, arduragabea. Huskeriak izan arren, senar batentzat zeharo nabarmenak dira. Azken boladan, sarritan ikusi duzu, eta pertsona bera ez dela igarriko zenion. Lehengo gauean ere, ametsetan, lige batetaz jardun zuen.

ALLAN: Izenik aitatu al zuen?

DICK: Zurea, besterik ez. Iratzarri egin nuen eta zer zuen galdetzerakoan, amesgaizto bat zela erantzun zidan.

 

(Eskubialdera gurutzatzen du, plataforma igotzeko).

 

        Hausnartzen ibilita ere ezin dut asmatu zein ote den. Ezezagunen bat, ziur nago. Lanean tratatutako norbait. Agenteren bat, fotografoa, aktorea, beste exekutiboren bat.

ALLAN: Zer dela eta zaude horren kezkati? Linda zuretzat, «exekutibo»aren emazte ideala besterik ez zela uste nuen.

DICK: Maite dut, eta abandonatzen banau, hil egingo dut neure burua.

ALLAN: Noiztik zara horren bihotz-bera?

DICK: Berarekin bakarrik egon naiz maiteminduta. Benetan esaten dizut. Tipoa zein den asmatzen badut, txikitu egingo dut. Ez dut aintzakotzat hartu eta orain puta-kume batekin joan zait!

        (Allan aulki birakor alboko pufean jezarri da eta Dick mahaitxo auxiliarrean) Oraindik ez dakit erabat ez ote dudan galdu, baina ahaleginduko naiz nireganatzen berriro... Aldatzeko prest nago. Bizitzak, bera tartean ez badago, ez du inolako zentzurik. Gau osoa zelatan pasa dut Chicagoko hotel batean. Nire buruari esaten nion: «Ondo da, galduz gero ere, zorte txarra... bizirik iraungo dut». gero dardaraka hasten nintzen eta etengabe telefonoz deika aritu naiz, baina bera ez zegoen. Bart, berarekin hitz egin nuenean etxaldera zihoala esan zidan... non arraio ote dago?

ALLAN: (Jaikiz) Baretu zaitez...

 

(Dick ere jaiki eta eskubitara gurutzatzen du. gero berriz Allanengana itzultzen da).

 

DICK: Aurkitu egin behar dut! Barkamena eskatu behar diot berandu izan baino lehen! Nirekin eraman nahi dut Chicagora. Aldamenean sentitu nahi dut, laztandu, bere ahotsa eta parra entzun. Barkaidazu nire problemak kontatzeagatik baina nire benetako lagun bakarra zara eta mundu osoan ez dit beste inork konprenituko...

ALLAN: Ko... konprenitzen dizut.

DICK: Adizu, kasualitatez hots egiten badizu, esaiozu etxean nagoela eta berarekin mintzatu behar dudala, egingo al duzu?

ALLAN: Jakina... noski...

DICK: Eskerrik asko... benetan...

 

(Maleta eta soinekoa hartuz badoa).

 

ALLAN: (Mahaitxo auxiliarrean jezartzen da) Seko eroriko naiz! Nola esango nion bada, gizarajoari! Erotzeraino maiteminduta dago... Ez nuen pentsatzen horrela maite zuenik!... Inolaz ere ez! Ezezagun bati adarrak jartzea izugarri kostatzen zait eta oraingoan nire lagun onenari jarri dizkiot. Konponketaren bat bilatu beharko dut! Eta beranduegi bada? Zer gertatuko da Linda nirekin maitemindu bada? Emakume batek larrutan egin ondoren erabat betea sentitu bada, nola erreakzionatzen oi du? Bart gauekoa erotzekoa izan da! Ez zitzaidan burutik pasa ere egin Kamasutra kontsultatzea!... Amodio kontuak ez dira behin ere errazak izaten. Ez dakit zer gertatuko ote den. Orain arte ez dut inoiz nik emakume batekin hautsi. Beraiek izan dira beti ni utzi nautenak.

 

(Argi-aldaketa. Hondo-eskubitik Linda ageri da. Allanen gabardinaz jantzirik dago eta barandilla aldera gerturatzen da).

 

LINDA: Hain sinplea dela uste al duzu?

ALLAN: (Plataforma gainean, Lindari) Beste irtenbiderik ez daukagu.

LINDA: Maite ninduzula esan zenidan.

ALLAN: Konplimendu gisa hartu ezazu.

LINDA: Baina.. elkarrekin bizi izandakoak... promesak... elkarrengandik hain gertu sentitu ginen!

ALLAN: Linda, mesedez...

LINDA: Garrantzi handikoa zara niretzat. Ezingo zaitut ahaztu.

ALLAN: Etzazu zailago jarri. Sentitzen dut.

LINDA: Sentitzearekin ez da ezer konpontzen. Jostailu bat naizela uste al duzu?

ALLAN: Zer gehiago esan dezaket?

LINDA: (Aktoresa plantak eginez, eskuan errebolberra duelarik) Emaidazu karta hori!

ALLAN: Zein karta?

LINDA: Emaidazu karta hori!

 

(Allan atzerarazi egiten du, esaldiok elkarri bota bitartean).

 

ALLAN: Ez dago eta inolako kartarik!

LINDA: Karta, Philip... karta nahi dut!

ALLAN: Linda... burutik eginda zaude!

LINDA: Ezin nauzu horrela tratatu!

ALLAN: Ez ukitu gatilloa..., hemofilikoa naiz eta!...

        (Argiak berriz ere normal, Linda erdi-eskubitik desagertu artean, Allan erdi-ezkerretara abiatzen da, eskenatokiaren sakonera) Lindak akabatu egingo nau. Emakumeak zeharo beldurgarriak dira. Bette Davis, Barbara Stanwyck... benetako hiltzaileak dira... Ospa egin behar dut!... Zirko batetan sartuko naiz, pailazo modura lan egiteko eta ez dut sekula mozorroa kenduko... Al Jonhsonek egin zuen bezala...!

BOGART: (Barandillaren bukaeran) Lasai hartzak, txo, etzak iparra galdu!

ALLAN: Topatzen dudan lehendabiziko zirkuan enrolatuko naiz...

BOGART: Hire burua estima handiagoz jo beharko huke. Denak galdua zirudienean, emakume eder bat maitemindu duk hirekin. Ez huen inoiz sinetsi emakumeekin arrakasta izpirik ere izango huenik. Eduki dezakek ordea, agerian zegok.

ALLAN: Bai, baina moztu beharrean nago eta ez dakit nola.

BOGART: Ez duk hain zaila, begira.

 

(Hondo-eskubitik Linda agertzen da. Musika).

 

        Hurbildu hadi panpox hori!

LINDA: (Plataformara, Bogartekin igotzen da) Bai laztana?

BOGART: Gureak hondoa jo din!

LINDA: Zer?

BOGART: Geurea.

LINDA: Bukatu da?

BOGART: Horixe, polita, kaput!

LINDA: Besterik gabe?

BOGART: Herorrek esan dun!

LINDA: Suposa ezak ez dudala nahi.

BOGART: Ez dun atarramentu onik aterako.

LINDA: (Pistola atera eta buru aldean ipintzen dio) Lagunduko al dik honek iritziz aldatzen?

BOGART: (Lasaitasun erabatekoz, pistola kendu eta zaplastadaz jipoitzen du) Nirekin alperrik egingo dun ausartarena! Ez din balio izango panpox!

LINDA: (Negarrez) Zergatik amaitu beharra, hasi ere ia egin ez denean. Esan zergatik!

BOGART: Azkar samar habil, gazte. Herorrek hil hunan Johnson eta Parkerrek jakin zuenean, bera ere garbitu egin hunan eta orain neu txikitu nahian henbilen, baina aurre egiteko kuraia gutxi nonbait eta nik bizkarra noiz emango zain hengoen. Baina hire azpijoko gutxi hauek, nire kontra haize hutsa ditun. Amaitu egin dun! Ospa!

 

(Linda hondo-eskubitik desagertzen da).

 

BOGART: (Allani) Ikusten?, oso sinplea duk.

ALLAN: Sinplea zuretzat, Bogart zarelako.

BOGART: Edozeinek egin zezakek, motel. Momentu egokia bilatu behar. Hik egindakoak ere, ez nian ez eta urrutitik ere pentsatzen egiteko kapaza hintzenik. Halere, orain, aurpegia kolkoan ezkutatzen duk lagun bati kalterik ez sortzearren. Neuk horrela jokatu izan banu, ez ninduan inora ere iritsiko!

ALLAN: Ez da Dick bakarrik. Niri ere bihotza. erdibitu zait.

BOGART: Harro sentitzeko beste arrazoi bat.

ALLAN: Benetan al diozu?

BOGART: Noski. Bizitza honetan, emakumeak baina zertxobait gehiago ere bazegok: adiskideak. Lagun batekin jator portatu haizela jakitea. Pentsa ezak honetan. (Txirrinak jotzen du. Allan irekitzera doa. Linda da. Bogart, eskenatokiaren hondora doa, eskubitara).

ALLAN: Ez al zegoen oraindik zabalik?

LINDA: Ez.

BOGART: Esaiok! Orain! (Badoa).

ALLAN: Linda...

LINDA: Gure artekoa oso polita izan da...

ALLAN: Linda...

LINDA: Elkarrekin bizi izandakoa nekez ahaztuko dugu. Konturatu al zara, Allan? Ez zenuen ezer berezirik egin behar izan, ez liburu irekirik... ez eta musika egokia ere... Kaltzontzilo koloretsuak jantzita ere ikusi zaitut gainera.

ALLAN: Linda...

LINDA: Allan, zerbait esan behar dizut. Kalera ateratzean, bat-batean dena argi ikusi dut. Nire ezkontza pikutara bidali nahi al dut?, pentsatu dut nire artean, eta erantzuna «ez» izan da. Dick maite dut eta zu bezalako gizon maitagarria tentazio izugarria bada ere... bera gabe bizitzak ez du zentzurik niretzat.

ALLAN: Ez?

LINDA: Nire beharra dauka, Allan... Eta, zehazki zergatik ez jakin arren, neuk ere behar dut.

ALLAN: Badakit berak behar zaituela.

LINDA: Orain arte, Dick ez den beste inork ez ninduen erakarri. Nire bihotzean sartu zarela uste dut eta nahiago dut moztu, ezinezkoa izan baino lehen. Ez zait batere damutzen gertatutakoa, Dickekiko ditudan sentimenduak areagotzeko balio izan duelako.

ALLAN: Zoaz etxera, Linda, Dick zain daukazu.

LINDA: Etxean?

ALLAN: Bai, hemendik pasa da zu kalean zeunden bitartean. Chicagora itzuli nahi du baina oraingoan zurekin. Berak esplikatuko dizu dena. Geu berriz, gerora ere lagun minak izango gara, ezta?...

LINDA: Benetan ala bidea errazteagatik diozu?

ALLAN: (Casablanca-ko musika) Barruan dudalako esaten dizut. Biok dakigu Dickena zarela. Bere lanerako behar zaitu, zeu zara aurrera egiten laguntzen diona. Abioi hori zu gabe aireratzen bada, betirako damutuko zaizu. Ez gaur, beharbada, ez eta bihar ere, baina bai oso laster eta bizitza osorako.

LINDA: Esan duzuna oso ederra izan da!

ALLAN: Casablanca pelikulakoa da. Bizitza osoa horixe esateko zain eta gaur arte ez dut aukerarik izan.

LINDA: (Allani hurbilduz musu ematen dio) Adio!

 

(Badoa. Nancy ezkerretatik ageri da).

 

NANCY: Allan gizajoa! Esan egin nizun horixe gertatuko zitzaizuna.

ALLAN: (Besaulkirantz gurutzatzen du, eskubitara) Oker zabiltza. Berak maite egiten nau. Zerorrek entzun duzu.

NANCY: Baina Dickengana itzuli da.

ALLAN: Neuk erraztu diot bidea. Inondik ere.

BOGART: (Erdi-eskubitik ageriz) Esaiok orain, motel! Orain kemena daukak!

ALLAN: (Nancyri) Aspaldian egin beharreko zerbait egingo dut orain. Ahaztu egingo zaitut.

NANCY: Zeer?, zer diozu?... ez... ez... Allan... ez...

 

(Oihuka jarraitzen du ezkerretatik desagertu arte atzera doan bitartean).

 

BOGART: Zorionak! Neronek ere ezingo nikek hobetu! Heure gisara egin duk! Zaplasteko bat ere banatu beharrik gabe.

ALLAN: Baditut nire martingalak.

BOGART: Ederki, ikusi arte.

ALLAN: Ba al zoaz?

BOGART: Honez gero ez daukak nire beharrik. Ezingo niake ezer berririk erakutsi.

ALLAN: Halaxe da, bai. Sekretua ez da zeu izatea, norbera den bezalakoa izatea baizik. Egia esan, nahiko itsusi eta txikia ere bazara. Eta alde horretatik arrakasta izateko ez dut oztoporik ikusten.

BOGART: Suerte ona izan, adiskide.

 

(Bogart desagertzen da hondo-eskubitik. Piano-doinuak eten egiten du. Txirrina jotzen dute. Ireki egiten du Allanek).

 

BARBARA: (Sartuz) Barkaidazu atrebentzia. Barbara Taylor naiz. Goiko pisua alokatu berria dut. Bakarrik bizi naiz eta giltza barruan ahaztu zait. Utziko al didazu telefonoa erabiltzen?

ALLAN: Jakina, bai. Hortxe daukazu.

BARBARA: Eskerrik asko.

 

(Idazmahai gaineko aldizkaria begiztatzen du).

 

        «Zazpigarren artea»! Adizu, zeu al zara Allan Fix, aldizkari honetako kolaboratzailea?

ALLAN: Bai, neu naiz.

BARBARA: Duela gutxi Zine-Eskolan graduatu naiz eta hain zuzen tesinarako zure artikulutako batzuk erabili ditut. Laguntza handikoak gertatu zaizkit.

ALLAN: (Piano-musika berriz) Eskerrik asko.

BARBARA: Bereziki Casablanca-ri buruzkoa dut gogoko.

ALLAN: Nire pelikula kuttunenetako bat...

BARBARA: Bogarten benetako tranpolina izan zen...

ALLAN: Bai, hala eta guztiz jende gehienak ez dakiena zera da, Bogart...

        (Bogarten argazkiari begiratzen dio) Eskerrik asko, adiskide!

 

GORTINA

 

 

© Woody Allen
© itzulpenarena: Anjel Valdes

 

 

"Woody Allen: Jo ezak berriro, Sam" orrialde nagusia