BIGARREN EKITALDIA
Bi aste geroago. Gortina jasotzean, Allan besaulkian agertzen zaigu. Iragandako denborak ez dio, antza denez, adorea gehiegi piztu. Telefono zerrenda zahar batean ari da urduri samar miatzen; telefonoa oraingoan mahaitxo baten gainean dago.
ALLAN: Mildred Denberg... ez dut apenas gogoratzen. Marion Dryson, nire alboan esertzen zen talde-terapiako klaseetan... oso arraro eta itsusia zen, ez zait interesatzen. Tobby Kovack... hauxe bai! zoratzekoa zen... eta zein izterrak...! Bere festak eta izterrak ospetsuak ziren unibertsitate osoan. (Markatzen du) Aizu?... Tobby Kovack, mesedez? Ez?... nola aurkitu dezaket?... Ah, han al dago?... ederki..., ez dio axola... utzi... eskerrik asko. (Kolgatzen du) Jakobo rabinoaren etxera deitzeko..., bere senarra da!, ez dut batere asmatzen! (Liburuan berriz bilatzen du) Marilyn Perrin... Miss Hanburgesa 1975! (Markatzen du) Aizu, Marilyn Perrinen etxea al da? Bai... etxean al dago? Ah, bere ama zara!... urte askotarako... (Jaiki eta hitz egin bitartean ibilian ari da) Ba al dakizu non dagoen? Fakultateko lagun zaharra naiz... Allan Fix. Elkarrekin atera ginen behin... Gogoratzen duzula?... harrituta utzi nauzu! duela 11 urte honez gero!... bai... horixe... txikia... nahiko meharra... antiojoduna... ez... orain ez daukat zuldarrik... Non dago?... benetan?... berak hala nahi badu... baina 11 urte pasa dira badakizu?... noiz hitz egin duzu, berarekin azken aldiz?... aurreko astean?... eta neuk deitzekotan telefonorik ez emateko agindu zizula?... beno, milesker hala ere, Perrin andrea... ez dio axola. Saiatuko naiz hazten. Agur. (Kolgatzen du telefonoa eta bankuaren gainean utzi gero) Ez dakit noiz arte iraungo dudan egoera honetan. Ezkon-bizitza faltan nabaritzen dut. Azken bi aste hauek ikaragarriak izan dira. Eta Linda gajoak etengabe bere lagunak albora ekarri dizkit, txurroak balira bezala... Baina denekin kale egin dut zerbaitetan. Lehenengoa Susan, fotografoa. Kirtenkeria ederra nirea! Drogadikto eta lerdoa nintzela, pentsatu zuen. Hurrena, Gina. (Argi aldaketa. Gina azaltzen da, goian, erdi-eskubialdean, Allan hurbiltzen zaio eta elkarrekin barandillarantz doaz, eskenatokiaren hondo aldean).
GINA: Gabon, Allan. (Allan besarkatzera hurbiltzen zaio) Ez!
ALLAN: Zergatik ez?
GINA: Katolikoa naiz!
ALLAN: Baita ni ere.
GINA: Gainera ez dut pildorarik hartu... (Eskenatik atera eta danbateko batez ixten du atea).
ALLAN: Berdin dio... nik bi hartu ditut! (Argiak berriz ere normal) Honekin ez dakit zertan huts egin nuen. Oso modu hotzean tratatu ninduen hasera hasieratik, bere atean Maoren liburu gorriarekin ikusi ninduenetik... Eta Vanessarekin?... Pasa den astean izan zen... oraingo honetan zortea nire alde izango nuela pentsatzen nuen.
(Argi aldaketa, argiketa epel eta leun; giro erromantikoa. Vanessa, era exotiko samarrean jantzirik, goi-ezkerretik sartzen da, zertxobait probokagarria. Atzeko musika suabea. Allan batzen zaio).
VANESSA: Gizon askorekin egona naiz... Lehendabizikoa 12 urterekin... Harrez gero ez dut atsedenik izan. Nire ohea edozeinek lardaskatu du, olerkari, idazle, saskibaloiko jokalari, poliziak, sukaldariak... Ihauteritako martxa ederra! Gogoan dut behin 5 aktorerekin bizi izan nintzela etxean. Horietako bat homosexuala zen, baina arrastoan sartu nuen; niretzat desafioaren antzekoa zen! Nire bizitza etengabeko orgia izan da. Hiru ordutan Harlemgo suhiltzaile-parkeko guztiak sosegatu nituen. NY-en inork ezin izan du nire errekorra berdindu. Niretzat sexua betidanik zerbait liluragarri eta librea izan da, eta batez ere ahal den gehien eta maizen erabili eta gozatu beharrekoa.
(Allanek, eszitatu eta kontenitua batera, pixkanaka jaikiz, ezin du gehiago jasan eta bere gainera jaurtitzen da. Vanessak oihu egiten du eta salto batez zutik jartzen da).
Aiiiii! Nor naizela uste duzu, bada? (Zaplastekoa).
(Korrika ateratzen da sartu zen lekutik eta argiak berriz ere lehen bezala, jartzen dira).
ALLAN: Nola hartu behar nuen, bada, esan zidana entzun ondoren? Oraingoan ziur nengoen ez nuela okerrik egingo, baina... zer egin?... Lindaren ia lagun guztiak ezagutzen ditut... Emakume gehiago ezagutzeko neurri latzak hartu beharko ditut: Empire State-ko azken pisutik zintzilikatu edo larru gorritan jarri 5. Abenidan... Ez, lotsatiegia naiz horrelako gauzak bakarrik egiteko. Beharbada Lindak lagunduko lidake Dick oso lanpetuta dagoen egun batean... Biak izugarri ondo portatu dira nirekin. Jadanik ez dakite zer asmatu niretzako emakume bat aurkitzeko... Lindari antza denez papera gustatu egiten zaio... ziur nago diskotekako gau hartan primeran pasa zuela...
(Bankuko ertzean esertzen da).
(Argi leunak. Dick eta Linda, hondo-eskubitik sartuz, Allani elkartzen zaizkio eta honen aldameneko bankuan esertzen dira. Beraien atzean, plataforman, neska errubio distiratsu bat dantzan ari da zoroaren modura gorputz bihurketa luzeetan. Musika oso altu entzuten da).
LINDA: Hau dena oso dibertigarrria da! Zenbat denbora ez ginela diskoteka batetan sartzen...
ALLAN: Ikustearekin bakarrik bihotz-atake bat emango dit... Hau neska puska!...
DICK: (Telefonoan) 436-05ean nago...
ALLAN: A, zein katxarroa! Nire ama salduko nieke arabeei beraren truke!
LINDA: Errazagoa da... zergatik ez duzu dantzatzera gonbidatzen?...
ALLAN: Ezin dut... ez dut sekula ikusi...
DICK: (Telefonoa kolgatu eta beraiengana doa) Goazen! Ezin dut hemen luzaroago egon. Bihar goizean goizik jaiki beharra daukat lagun batzuei demanda bat ipintzeko.
LINDA: (Dicki) Behin bakarrik, dantza egingo al dugu, maitea?
DICK: Ezin dugu dantza egin. Gaurko dantzak oso arruntak dira eta mugituegiak. Ondo dago 18 urte duenarentzat, baina ez guretzat. Halere, zuek biok gelditu zaitezte nahi baduzue... asko dibertitu! (Sukaldetik ateratzen da).
ALLAN: (Go-goari begira) Maite zaitut, bihotza... Ez dakit nola izena duzun, baina zure seme bat nahi nuke...
(Musika tonuz jaitsiz doa, gero eta mantsoago izanik).
LINDA: Altxa eta berarekin egin ezazu... dantza.
ALLAN: Ez dakit dantzan... ikusi al nauzu inoiz hezurrak mugitzen? Traktore bat naiz.
LINDA: (Berarengandik plataformara tiraka) Benga...
ALLAN: Beldurra diot... mesedez, ez... ez.
LINDA: Hasi zaitez mugitzen... horrela... erritmoarekin batera... bat... bi... bat... bi... Orain hurbildu eta mintza zaitez berarekin.
ALLAN: One... two... one... two...
LINDA: Saiatu zaitez zerbait maitekorrago esaten.
ALLAN: ...three... four... three... four...
LINDA: Ez !, ea...
ALLAN: Ka... kaixo, gabon... dantza egingo al dugu?
NESKA: Noski?
(Musika supitoan aldatu eta bortizki rockera bilakatzen da eta neska zoroaren pare hasi da bihurritzen. Aukera alperrik gal ez dadin, esfortzu neketsuak egiten ditu Allanek erritmora mugitzeko, hala ere flamenkoren itxurara gehiago hurbiltzen da. Linda badoa hondoaldetik. Eskenaren hasieran neska eskubitik eskenatokiaren erdialderantz kokatuz doa dantza egin artean, eta Allanekin erreparatzean parrez lehertzen hasten da eta pixkanaka atzera-atzera egiten du eskubitik desagertu arte. Argiak berriro ere normal eta musika bukatu egiten da).
ALLAN: Nik neska intelektualago bat behar dut. Hor manejatzen naiz ni ondo. Horrexegatik joan zen astelehenean oso ideia ona iruditu zitzaidan arte modernotako museora joatea.
(Argiak epel. Eskenaren aurrealdeko gune bat argitua gelditzen da. Linda eskubitik agertzen da gabardinaz jantzita. Allan elkartu egiten zaio).
LINDA: Hummmm, begira, Dali bat... aukeratzekotan, zein koadro hartuko zenuke?
ALLAN: Van Gogh bat, edozein... Van Gogh...
LINDA: Nik ere bai. Van Goghen lanak halako joera misteriotsua sorrarazten dit. Zergatik ote da?
ALLAN: Gauza bat bakarrik dakit, itzal handiko pintatzailea izan zela. Maite zuen emakumearengatik belarria moztu zuen pintatzaile ikaragarria.
LINDA: Horixe egin beharko zenuke emakume bat zureganatzeko.
ALLAN: Bai... (Lotsati) Baina asko gustatu beharko litzaidake neska...
LINDA: Eta Dickek moztuko al luke belarri bat niregatik?
ALLAN: Hobe galdetzen ez badiozu. Azken boladan lanaz lepo dabil.
LINDA: Zoragarria izan behar du hain pasionalki maitatua izateak.
ALLAN: Joango al gara Picasso gelara, zer nolako giro dagoen ikustera? (Hondo-ezkerretik, emakume bat agertzen da, bakero motzak, eta zilbor aldera loturiko alkandora. Errubia, zapata baxuak eta bizkarretik zintzilik poltsa bat).
LINDA: Hortxe daukazu bat.
ALLAN: Bai...
LINDA: Albora joan zaitez... zer edo zer esaiozu...
ALLAN: Atxilotu egingo naute.
LINDA: Erabaki beharko duzu bestela gela jendez beteko zaigu eta orduan lotsa emango dizu.
ALLAN: (Neskari) ...zo... zoragarria Picasso hau ezta?
NESKA: Bai, hala da.
ALLAN: Zer adierazten dizu koadroak? (Linda aulki birakorrean eserita dago publikoari begira).
NESKA: Unibertsoaren alde ezkorra azaltzen du... ezkutuena... izatearen huts latza... deuseza... zulo batean bizitzera zigortutako gizakumearen zitalkeria... eternitate mugagabea... Huts handitan sugar ahul eta dardartiaren modura... etsipena, izuikara, usteltzea..., kosmosik aldrebesenean bortxazko alkandora espantagarri bat bezala...
ALLAN: Larunbat gauean zer edo zer egin behar al duzu?
NESKA: (Alde eginez) Suizidatu.
ALLAN: Eta ostiral gauean. (Tarte) Emakume intelektualak zentzu eta sexu arteko halako nahasketa arraroa dira. Zailena biak beren tamainan dauzkana aurkitzea da. Linda halakoxea da. Berarekin irtetea oso gustagarria da... Aurreko astean Central Parkeko hartan bezala. Hain maitagarria izan zen... hainbeste saiatu zen laguntzen... (Puf batean esertzen da, eskenaren erdian. Arraun egitearen plantak eginez.
OFF-en, hots egokia entzuten da. Linda, aulki birakorrean egon delarik, jiratu eta Allanen pare-pare gelditzen da).
LINDA: Ez al duzu konprenitzen Allan?, dohain asko daukazu zeure alde. Gaztea zara, alai eta erromantikoa ere, baina zerorrek sinestu behar duzu horretan. Neska bat aurkezten dizutenetan jarrera faltsuaz erantzuten duzu...
ALLAN: Zurekin ezberdina da. Nire lagunaren emaztea zara. Ez zaitut inpresionatu nahi...
LINDA: Beti errepikatuko dizut. Zeu izan zaitez eta emakumeak maitemindu egingo zurekin.
ALLAN: Izugarri atsegina izan zara, ia aste osoa eskaini didazu...
(Arraunari utzi eta patrikatik paper txiki batean bilduta zerbait ateratzen du).
LINDA: Egia esango dizut. Nik ere oso ondo pasa dut.
ALLAN: Tori, onartu ezazu mesedez, zure urtebetetzeko oparia da.
LINDA: Nola dakizu nire urtebetetzea dela?
ALLAN: Behin aipatu zenuen eta ezin izan dut ahaztu, egun hartan bertan apendizea kendu baitzidaten.
LINDA: (Allanen puf ondoan belaunikatzen da) Ah... zein txanbelina den! plastikozko mofeta bat!... zein polita!
ALLAN: Entzun dut noizbait mofetak zure animalia gustukoenak direla. Ez dago bizirik... baina hala ematen du...
LINDA: Hain hunkituta nago ze... ez dakit zer esan!...
(Berriz ere aulki birakorrean esertzen da. Publikoari begiratzen dio eta jaikiz erdi eskubitik doa. Allanek arraunari egiten dio berriz eta segundo batzuetara, argien biziagotasunaz batera, atzera etxeko livingean aurkitzen da).
ALLAN: Linda neska zoragarria da eta nire ustez Dickek ez du aintzakotzat hartzen. Lehengo gauean ezin izan nion isildu. Lagunak gara eta bihotzetik hitz egin behar diot. Gauzak patxada handiagoz hartu behar ditu eta Linda samurrago tratatu.
(Berriz ere argien aldaketa eta Dick erdi-eskubitik agertzen da).
DICK: (Besaulkia alderantz, maletina mahaitxoaren gainean ipiniz) Hau gehiegi da! Oparia zeuk egiten diozu eta niri ahaztu egiten zait! Zergatik ez zenidan gogorarazi?
ALLAN: Zure emakumea da eta bazenekiela suposatu nuen.
DICK: (Bankuan dagoen telefonorantz) Honaino nago lanaz. (Keinu) Oraintxe erosi berri ditut Tennesseen 50 lursail eta erradiaktibitateak kutsatuta daude... izugarrizko deskalabroa! (Markatzen du).
ALLAN: Lindarekin aterako bazina, noizetik behin besterik ez balitz ere...
DICK: Bota duzu ederra oraingoan ere! Aurreko astean, gainera, diskotekara lagundu nizuen.
ALLAN: Duela, bi aste. Gainera, berehala alde egin zenuen. Ez zenuen dantzara gonbidatu eta orain, gutxi balitz, bere eguna ahaztu duzu.
DICK: Ez nintzen erabat ahaztu. Atzerapen teknikoa izan da. Nire idazkariak eraztun bat erosi dio.
ALLAN: Zure idazkariak? Ez da, bada, oso pertsonala. Emakume bakoitzak berea izaten du gustua...
DICK: Aditu. Ba al dakizu zer den erradiaktibitate hondarraz betetako lur mordo bat edukitzea? Ze kristo eraiki behar dut nik han erradiografia-klinika bat? (Telefonoan) Carson andrea? Zenbatera igotzen da kontratu berria? 500 edo 800 mila dolarretara? Eskerrik asko. (Utzi eta besaulkirantz berriz).
ALLAN: Dena, dela, noizbehinka, eraman ezazu dantzatzera edo paseatzera.
DICK: (Berekiko) Nork jakin?... Beharbada gazteegi ezkondu nintzen... Hain eder eta inteligentea zen. Ez dut inoiz ahaztuko kurtso bukaerako festa hura... Lorategira paseatzera atera ginen. Orkestrak melodia epel bat ari zen jotzen. Ile-adatsa goitik behera erorita zeukan, ur jauzi bat balitz bezala, bizkarreraino eta ilargi-argiak distiratsu bilakatzen zituen. (Tarte) Nire artean pentsatu nuen: Exekutibo gazte batentzat emazte ezin hobea da hau.
ALLAN: Sentitzen dut esatea, baina azken esaldi hau ez zen batere samur eta sentimentala.
DICK: Allan, mesedez, berak badaki nik maite dudala... zoratuta nago berarekin. Betidanik egon naiz. Ikusiz geroztik. Baina konprenitu behar duzu, lur labainak eta erradiaktibitatearen artean mixeriarik gorrienean bukatuko dudala...
(Argi-aldaketa eta Dick desagertzen da).
ALLAN: Gizon asko dago eskuartean daukana estimatzen ez dakiena.
(Pufetik jaiki eta idazmahairantz doa) Beno, nahiko amets egin dugu... langabezian geldituko naiz Charloti buruzko estudioa bukatzen ez badut...
(Txirrinak jotzen du. Ireki eta Linda agertzen da).
LINDA: Kaixo.
ALLAN: Linda?... Zer duzu?
LINDA: Molestia al da?
ALLAN: Zuk ez duzu sekula molestatzen.
LINDA: Antsiedadea nola sendatu badakizu?
ALLAN: Bada.. .
LINDA: Lasaigarri bat behar dut.
ALLAN: Ez dago problemarik. Hau farmazia bat da.
LINDA: Korapilo bat nabaritzen dut sabelean.
ALLAN: Nik ere somatu izan dut. Baina nola dakizu antsiedadea dela?, beldurra izan liteke...
LINDA: Saltoka daukat sabela.
ALLAN: Arnasten trabak al dituzu?
LINDA: Pixka bat. Bai, hala da, beldurrez nago, baina ez dakit zer dela eta.
ALLAN: Nik ere ez baina berdin nago.
LINDA: Beldurra ala antsiedadea?
ALLAN: Ikara homosexuala! (Idazmahaitik badoa).
LINDA: Gauza bera dut nik ere, Dick, bidaietara doanero.
ALLAN: (Off-ean) Bai?
LINDA: Gaur Chicagora joan da. Goiz jaiki naiz, maleta egiten lagundu eta aireporturaino eraman dut. Ateratzean TWA-ko postu batean botaka aritu naiz.
ALLAN: (Ura eta konprimitu batekin dator) Konpainia ona benetan, TWA. Neu ere aritu izan naiz han botaka.
LINDA: Ez dakit zerk jartzen nauen honen egonezinean.
ALLAN: Bakarrik gelditzeko beldurra. Oso arazo psikologiko berezia da. Gogoan daukat behin, ezkonduz geroztik, Washington-a joan behar izan nuela eta, eta kanpora zihoana ni neu izan arren, ia ondoezik jarri nintzen. Bueltakoan nire emazteak bota zuen. (Logelara itzultzen da basoarekin).
LINDA: Nire psikiatraren arabera errudun sentitzen naiz, sakonean, Dick urruntzea nahi dut eta.
ALLAN: (Logelatik sartzen da berriro) Tira, lasaitu zaitez... Gainera ez dizut ulertzen. Dena zeure alde daukazu. Azkarra zara, modelo ospetsua, eta horregatik polita zarela badakizu... Irakurtzea atsegin zaizu, Bachen musika entzutea, zoriontsua zara zure senarrarekin... Zer dela eta, orduan kontrako sintoma horiek?
LINDA: Zuk ere gauza asko duzu zeure alde, eta halere, nahiko nahastua duzu burua; uste dut txikitako kontuengatik garela honelakoak... Itsusiak ginela pentsatzen genuen, gurasoak geure erruz dibortziatzen zirela eta babesik gabe sentitzen ginen. Zeuk ere gauza bera sentituko, zenuen.
ALLAN: Nire gurasoak ez ziren dibortziatu... nik egiteko erregutu banien ere...
LINDA: (Besaulkian esertzen da) Benetan uste al duzu, horrenbeste dohain alde daukadala?
ALLAN: Ziur nago. Eta badakizu oso exigentea naizela... Beharbada ez daukat hala izateko eskubiderik, baina banaiz.
LINDA: Barregarria da! Ez nuen pentsatzen zure gustukoa nintzenik. Dickekin ezkondu nintzenean...
ALLAN: Nik ere ez nuen uste zure gustukoa nintzenik. Halako mamarro arrarotzat ninduzula. Suposatzen nuen.
LINDA: Ez zaitut behin ere sakonki ezagutu. Esan nahi dut, benetan ez garela inoiz elkarrekin egon. Casablanca hamabi aldiz jarraian ikusia zuen mutila bezala deskribatzen zintuen Dickek. Gero, laurok elkarrekin atera, ginen egunean, oso bestela portatu zinen. Azken aste honetan, zaren bezala ezagutu zaitut, eta oso ondorio interesgarria atera dut. Ez zara normalegia, baina halere, ezagutzen ditudan pertsonetarik hoberenetakoa zara.
ALLAN: Esan duzuna oso polita da. Zeu zara nire lagun platoniko bakarra.
LINDA: Harreman platonikoak gustatu egiten zaizkit. Ez dira hain korapilotsuak. Ez dut ezer gizon-emakume arteko harremanen aurka, nahiz eta... kasurik hoberenean, ezkontza froga latza izan.
ALLAN: Penagarria esango nuke.
LINDA: Badakit... Dick eta biok etengabe ari gara geurea auzitan jartzen.
ALLAN: Benetan?
LINDA: Bai, azken urte honetan batipat. Dick gero eta murgilduago dago bere lanean. Eta nahigabe, sentitzen dut beregandik pixkanaka aldentzen ari naizela. Ez dugu jada hizkuntza berean hitz egiten. Behin ere ez dugula hitz egin...uste dut. Badakit berak behar nauela eta nik ere bere beharra daukat, baina ez diogu elkarri goxotasunik ematen. Hutsik sentitzen naiz.
ALLAN: Ezkontza, batzutan bakardadearen parekoa da, bai. Halere ez da inoiz izango bakarrik nagoenetik pairatzen dudan bakardade latz hau bezalakoa.
LINDA: (Tarte) Aizu, gaur ez al daukazu zitarik?
ALLAN: Banuen, baina berak hots egin dit ezin zuela esanez. Iturginak tuberia konpondu behar omen zion.
LINDA: Zergatik ez goaz hor nonbait afaldu eta gero zinera?
ALLAN: Ideia hobeago bat daukat. Hemen afaldu eta gero telebistako pelikula ikusi?
LINDA: Konforme. Zer prestatuko dizut? Sukaldari espeziala naiz.
ALLAN: Xerra izoztu pare bat eta txanpain botila bat besterik ez dago. Aurreko astean ahalegindu nintzen zerbait prestatzen neska bat inpresionatzeko... Oilaskoa Stragonoff modura prestatu nuen eltze espresean.
LINDA: Zer moduz atera zen?
ALLAN: Izugarri azkar! Hezurrak oraindik sabaia dekoratzen daude.
LINDA: Izkinako denda irekita al dago?
ALLAN: Baietz uste dut.
(Linda jaiki eta mahaitxotik bere poltsa jasotzen du).
LINDA: Berehala nator, esparragoak, entsalada eta postreren bat erosiko dut. Sukaldean aritzea asko gustatzen zait eta ez dut inoiz aukerarik izaten. Dick beti hain lanpetuta dabil...
ALLAN: Kandelak ere eros itzazu. Ikaragarri gustatzen zait kandelen argitan afaltzea.
LINDA: Bale. Neuk prestatuko dut afaria eta zeuk txanpaina ireki. Baina ez dut bakarrik edan nahi...
ALLAN: Konforme. Koparen bat hartuko dut, baina eraman nazazu ohera dantzan bilutsik hasten banaiz. (Linda badoa) Primeran pasako dugu! Linda dibertitzea lortu behar dut. Min egiten dit trantze hortan ikusteak... Lanera!
(Besaulkitik kojin batzuk hartu eta tximiniaren ondoan ezartzen ditu) Kristoren gaugiroa dago. (Pertsianak itxi egiten ditu).
Tximinia piztuko dut. Bero kiskalgarria dago, baina sua ondo etorriko zaigu. Girotzen du beti... Bar-eko argia piztuko dut. (Piztu egiten du) Giro aproposa sortu beharra dago. (Helbidetako liburuxka hartu eta idazmahaian uzten du. Sukalderantz doa) Txanpaina aterako dut... Emakumeak zoratu egiten ditu. (Sukalderantz doa eta berehala sartzen da berriz).
Momentu bat!, baina zer diozu?, emakumeak zoratu egiten dituela!... Linda da!... eta Linda Dicken emaztea da... Etzak ahaztu, kirten horrek!... arraioa!... ia, ia burua joan zait. Zer arraiotan ari nintzen ba.da, pentsatzen?
(Linda aurre-ezkerraldetik agertzen da. Atzean musika leuna. Biok besaulkian esertzen dira).
LINDA: Afaria ederra izan da, Allan, xerrak oso samurrak ziren eta txanpaina bere tamainan. Pozten naiz etxean gelditzeaz. Ezagutu ditudan gizonetatik zurekin bakarrik nago gogoz.
ALLAN: Horrek asko adierazten du zure alde. Ni konprenitzeko oso inteligentea izan behar da, eta...
LINDA: (Musu ematen dio) Barkatu kaskarin bat bezala portatzea. Baina... ezin izan dut gorde. Aspalditik desiratzen nengoen.
ALLAN: Ezin dugu, debekatuta daukagu.
LINDA: Badakit. Baina honelako gauzak, batzutan bortxatu gabe suertatzen dira.
ALLAN: Nik ere badakit, baina zu ez zaude libre.
LINDA: Nire bihotza libre dago! Ezin dizut luzaro isildu, Allan. Hasieran ume mukizu eta gaizki hezitakoa zinela iruditu zitzaidan..., bana orduan ez zintudan ezagutzen. Nire ametsetako gizona zara.
ALLAN: Ondo konprenitzen dizut, gajoa. Zenbat sufritu ote duzun ni horrela maitatuz!
LINDA: Laztana, behar zaitut. Zure gorputza, zure arima behar dut.
ALLAN: Nondik nahiago duzu hasi?
LINDA: Bata bestearentzat eginak gaude. Aukera hau pasatzen uzten badugu, bizitza osoan damutuko zaigu.
ALLAN: Nire buruak gaizki dagoela esaten dit, baina bihotzak, burua ahazteko agintzen dit, gezurtia baita. Hartzazu neure puska osoa! (Linda desagertzen da sartu den lekutik).
Izugarria da, zein nazkagarria naizen! Nire lagunik onenaren emaztearekin hasiko nintzen bada, larrua jotzen! Dick zure almohada txuria profanatu egingo dut!
(Erdi-eskubialdetik Bogart sartzen da).
BOGART: Mokoa itxi, motel eta ekiok.
ALLAN: Une batean alde egin dit barruak!
BOGART: Ea, ez duk zertan errudun sentitu behar.
ALLAN: Errudun? Bi pertsona bakarti..., hainbat gauza pareko, elkarrekin afaltzen dute. Bi lagun platoniko.
BOGART: Bere sentimenduetan hirekiko ez zegok bada horrelakorik.
ALLAN: Nola dakizu?
BOGART: Zer gehiago nahi duk Lindak egitea babu horrek?, erasotzea ala?
ALLAN: Nire lagunaren emaztea da.
NANCY: (Hondo-ezkerretik ageriz) Jakina bere emaztea dela! Eta Dicki esango dio, eta muturra hautsiko dizu.
BOGART: Niri entzun!, Linda da hirekin maitemindu dena, ez Dick.
NANCY: Allan ez da inortxo ere maitemintzeko gauza.
BOGART: Ez dun egia. Saiatzearekin nahiko din.
NANCY: Jaramonik ez egin.
BOGART: Ez iezaiok jaramonik egin.
ALLAN: Buruko mina hasi zait! (Bogart eta Nancy badoaz eskubialdetik. Dick sartzen da).
DICK: Mesede bat eskatu nahi dizut.
ALLAN: Esan.
DICK: Beste emakume batekin maitemindu naiz. Ez, ez galdetu zergatik, ezta nola ere... Hala gertatu da, besterik gabe. Alaskara goaz elkarrekin. Ah, ez dizut aipatu, bera eskimala da! Linda eta zu ondo konpontzen zarete elkarrekin, beraz ni noanean atendituko duzula pentsatzen dut. Mesede ikaragarria egingo zenidake.
ALLAN: Egingo dut.
DICK: Ederki, kasu hortan, Alaskarantz abiatuko naiz. Behar banauzu telefono honetara hots egidazu: Tundra jelatua 562-59.
(Sartu den tokitik alde egiten du).
ALLAN: (Errealitatean) Linda oso atsegina naizela dio. Nik badakit nirekin gustatuta dagoela. Baina ez dakit zein puntutaraino. Eta zergatik ez frogatu?, lantzatu egingo naiz!, ez dut galtzekorik!
(Lo argiak. Sakoneko doinu leuna. Linda eskerretik ageri da eta besaulkiraino doa).
LINDA: Afaria zoragarria izan da. Xerra jelatuak oso gozoak zeuden eta txanpaina bere neurrian.
(Besaulkian esertzen da).
ALLAN: Linda, gaur gauean, lurra eta ni dardarka gaude.
LINDA: Nola?
ALLAN: Linda, bihotza...
LINDA: Ez !
ALLAN: Hala gertatu behar zuen!... utzidazu!... (Besarkatu egiten du).
LINDA: Allan!, kendu eskuak nire gainetik!, erotu al zara?
ALLAN: Linda, nire maitea...
LINDA: Allan!, ezkonduta nago!, laguntza!
ALLAN: Schssss!... auzo osoa aztoratuko duzu!
LINDA: Dickekin pentsa ezazu. Zure lagun mina da... (Biak zutik paratzen dira)
ALLAN: Bestea kremaileran kateatu zait!
LINDA: Eskerrak, Jainkoa, salbatzeagatik! eta eskerrak zuri ere, Dick, espraiagatik! (Spray bat atera eta Allani disparatzeko imintzioa egiten du. Linda doan bitartean, Allan besaulkian esertzen da eztulka eta aurpegia eskuez estaliz. Argiak berriz ere normal).
ALLAN: (Ezker-eskubi paseatuz) Ez hadi itsutu, gero sentitu egingo duk eta... Ez haiz tipo, atraktiboa!... ez? (Ispiluan begiratzen dio bere buruari) Ez! lelotuta egon behar dut Linda bezalako neska bat erakartzeko gai naizela pentsatzeko. Desengaina hadi astazakil hori! Izan ere, non demontre sartu ote da? Denda osoa erosteko denbora izan du.
(Ateko txirrinak jotzen du. Allanek ireki eta Linda sartzen da konpratako poltsarekin).
LINDA: Izugarri ondo aurkitzen naiz! Zure Valiuma hasi zait eragiten! (Allanek poltsa jasotzen dio).
ALLAN: Hobe ez baduzu txanpainik edaten. (Lindak kandelak ateratzen ditu).
LINDA: Zergatik ez?, pasatzen banaiz, poliziari deituiozu! (Allan, sukaldean sartzen da poltsarekin).
ALLAN: Dick noiz itzuliko dela esan duzu?
LINDA: Bihar.
ALLAN: (Sukaldetik irteten da) Palace-n Bertolucciren pelikula berri bat jarri dute. Agian ikustera joan gintezkeela bururatu zait.
LINDA: (Apalategitik kandelabro berri bat hartzen du) Zoratuta zaude! Hemen primeran gaude eta gainera euria ari du. Telebistan gaur gauean Elizabeth Taylor-en pelikula ikusgarri bat botako dute. Ezetz asmatu zein?
ALLAN: Zein?
LINDA: Zera... ezkonduta dago bada, eta bere senarraren lagun minarekin liatzen denekoa.
ALLAN: Eta azkenean nola zertzen da?
LINDA: Zertu, zein?
ALLAN: Pelikula, noski.
LINDA: (Besaulkian esertzen da. Kandelak, kandelabroetan paratzen ditu) Biak garbitu ondoren bere burua hiltzen du.
ALLAN: (Besaulkirantz hurbilduz) Goazen Palacera!
LINDA: (Kandelabroak tximinia gainean ipintzen ditu. Argiak piztu eta tximinia ondoko kojinak biltzeari ekiten dio) Elizabeth Taylorren pelikula ikusi nahi dut. Gaia zoratzekoa da!, uste al duzu posible dela bi gizon batera maitatzea?
ALLAN: (Besaulkian esertzen da) Zer adierazi nahi duzu?
LINDA: (Besaulkira hurbildu eta kojinetarik bat lagatzen du) Suposa ezazu... emaztea... bere senarrarekin maiteminduta dagoela eta bat-batean, beste gizon bat aurkitzen du. Ez da, senarra ez duela maite, baina... halabatean... bestearekin ere maitemintzen da. Posible iruditzen zaizu?
ALLAN: Eta zuri?
LINDA: Bai. Oso posible eta ziur aski normala da. Amodioa gertakizun berezia da. Berezia eta liluragarria...
BOGART: (Hondo-ezkerretik ageri da) Erasoiok!, pil-pilean daukak!
ALLAN: Zeer?
BOGART: (Allani hurbiltzen zaio eta besaulkiaren eskubitara ipintzen da) Ea..., tinkatu ezak!
ALLAN: (Paralizaturik, ezin dio obedezitu) Zeer?
LINDA: Zer edo zer gertatzen zaizu?
BOGART: Ez atzera egin! heldua zegok eta!
ALLAN: (Lindari) Zeer?, ez... ez... zait... ni...
LINDA: Afaria atontzera noa.
BOGART: Ea bada!, musu emaiok! Azkar, mugitu, baino lehen!
ALLAN: Ezin dut.
BOGART: Musu emaiok, txo, musu eman!
ALLAN: Ez... ez... ezin dut!
LINDA: Oraintxe nator... (Sukaldetik doa, baina aurretik besaulkian beste kojin bat ezartzen du).
BOGART: (Aulki birakorrean esertzen da) Motel, herorrek galdu duk!
ALLAN: Ezin dut egin... Ez luke konprenituko. Afaltzera gonbidatu ondoren maniako sexual bat bezala portatzen naiz... Zer pentsatuko luke nitaz?... alu pasatu bat naizela!...
BOGART: Babuluze bat haizela! Gehiegi pentsatzen duk!
ALLAN: Lagun platonikoak gara. Ezin dut gure adiskidetasuna hondatu. Gainera ziur nago zaplasteko bat emango lidakeela.
BOGART: Hainbeste jasoa nauk ni!
ALLAN: Bai, baina zure antiojoak ez dira airean joaten nireak bezala.
BOGART: (Jaiki eta besaulkiaren eskubialdera doa) Dezepzionatu egingo duk!
LINDA: (Bi kopa txanpainekin sartzen da) Hasteko, kopa bat... (Kopa ematen dio eta besaulkiaren ezkerraldean kokatzen da) Irakurri al duzu egunkarian Brooklynen emakume bat bortxatu dutela?
ALLAN: (Txanpaina, okerreko eztarritik sartu zaio) Ez naiz aspaldian Brooklynen ibili... gaizkilea harrapatu al dute?
LINDA: (Besaulkiaren ezkerraldean esertzen da) Ez, nor ote litekeen izpirik ere ez dakite... Norbait azkarra, jakina...
ALLAN: (Besaulkian, eskubialdeko ertzean esertzen da) Dirudienez, azkarra omen da horrenbeste neska bortxatuta, poliziak ez harrapatzeko... (Irribarre egiten du. Bogarti begiratzen dio eta itaun antzera dio) E? (Bogart ordea, serio eta lehor).
LINDA: Nire ustez, norbait ni bortxatzen ahaleginduko balitz, hasieran ez nioke kontrakorik jarriko, baina zeraren erdian, belauna gorantza mugituko nuke eta... (Keinu).
(Allan eta Bogartek elkarri begiratzen diote, kezkati).
Hori, noski, gustatu ezik..., bestelakoan, ez nuke belauna mugituko...
(Allan eta Bogart askoz lasaiago geratzen dira).
ALLAN: Badaude, bada, esaten dutenak emakumearen desio ezkutua bortxatua izatea dela...
LINDA: Akaso, segun eta zein den bortxatzailea..
ALLAN: Beno, utz dezagun gai hau. Ez dut uste antzekorik gertatuko zaizunik.
LINDA: Nire zortearekin, noski ezetz. (Zoriontsu itxuran ixten ditu begiak).
Arin sentitzen naiz... airean banengo bezala... uste dut txanpaina burura igo zaidala.
BOGART: Ea, emaiok musu!
ALLAN: Ezin dut!
BOGART: Zai daukak!
ALLAN: Nola dakizu?
BOGART: Nik den-dena zekiat, sinetsidak!
ALLAN: Altxatu egingo da... baietz apustu...
BOGART: Momentuz, eserita zegok, eta hire zai... etzak berriz ere hondatu!
ALLAN: Konforme, txo.... ahaleginduko naiz... Baina nire modura... Poliki...
(Oso ikaratuta eta urduri, jarrera egokian ipintzen saiatzen da) Salto egiten badu, txantxetan ari naizen plantak egingo ditut!
BOGART: Azkar!
ALLAN: Eta parrez hasten bada?
(Musu eman behar dion momentuan, telefonoak jotzen du, Allanek salto egiten du eta ikaragarrizko izuak hartzen du) Hauxe behintzat ez nuen espero!
(Berriz telefonoa) Telefonoa! (Erantzutera doa) Dick izan, baietz! (Telefonoan) Bai?, kaixo Dick... Bai, hemen dago nirekin... Hemendik pasa da eta, neronek ere joan beharra baitaukat... Bai bi lagun zahar bezala... Zer edo zer hartu eta gero zinera joatekotan ginen. Bai, bai ondo nago... Baina ez al zinen bada, Chicagon? Orduan konferentziarekin xentimorik gabe geldituko zara... Egon, egon... Lindarekin jarriko zaitut... (Telefonoa ematen dio) Zurekin hitz egin nahi du. Chicagotik.
(Bogart besaulkiaren aurrez jartzen da).
LINDA: (Telefonorantz doa eta Allani diotso) Zerbait gertatzen zaizu?
ALLAN: Ez, ez... telefonoak ikaratu egin nau, besterik ez...
(Linda, besaulkian esertzen da eta telefonoz hitz egiten du. Allan besaulkiaren ezkerraldera doa).
Etxetik eraman behar dut lehenbailehen, egoeraren kontrola galtzen ari naiz.
LINDA: (Telefonoan) Kaixo, maitea.
ALLAN: (Entzun egin dio) Maite du. Zergatik engainatu neure burua?
BOGART: (Allani hurbilduz) Lasaitu hadi, motel. Elisabeth Scott bezain urduri hago nik burumuinak txikitu aurretik. Trankil. Egin behar duana zera duk, hire mugimenduak aztertu eta borroka irabazia izango duk.
ALLAN: Hau zoramena! Denok egunkarietako lehen orrialdean bukatuko dugu.
LINDA: (Telefonoan) Bale... egingo dut. Gero arte...
(Kolgatu egiten du, Allani) Dickek oso etsita zirudien. Nire ustez, gauzak ez dihoazkio oso fin Chicagon.
ALLAN: Nolatan ez zaizu inoiz bidaietara berarekin eramaten?
LINDA: Beldurra diet abioiei. (Besaulkirantz gurutzatzen du eta esertzen da) Nire medikuak pentsatzen du aitzaki bat dela, baina hala izanda ere, berak ez dit sekula laguntzeko eskatu. Zeinek daki? Agian bizitza doblea darama... (Txantxa tonuan azken hau).
ALLAN: (Sofan esertzen da, Lindaren ezkerraldean) Minduko zinateke hori egia balitz?
LINDA: Horixe baietz. Jakinez gero behintzat, bai.
ALLAN: Bera ere minduko litzateke zuk beste gizon batekin erromantze bat edukiz gero.
LINDA: Zalantzatan jartzen dut, nik erromantze bat eduki ahal izatea.
ALLAN: Zergatik?
LINDA: Nik ez ditut gauza horiek txantxetan hartzen. Beste batekin maiteminduko banintz, ziur nago gau bateko erokeria baino zerbait sakonagoa izango litzatekeela. Gauza serioa izango litzateke, nire ezkontza kinka larrian jarriko lukeena. (Allani) Dardarka ari zara.
ALLAN: Hoztu egin naiz.
LINDA: Bero itzela dago, bada... (Gaiari lotuz) Uste dut ez naizela emakume mota horretakoa. Ez nintzateke gauza izango korapilo horiek denak barruan gordetzeko. Gainera ez naiz inolaz ere horren aparteko emakumea.
ALLAN: Apartekoa?, bai, horixe! Zoragarria zara!... edertasun paregabekoa...
LINDA: Diskotekatan neska gazte horiek dantzan ikusten ditudanean, trena galdu egin dudala iruditzen zait, zaharra, naizela...
ALLAN: Burutik eginda zaude! beraiek dira zaharrak! Bizitzara jaio berriak eta jada nazkatuta daude; zure erdia ere ez dute balio...
LINDA: Segi, segi horrelako gauzak esaten. Ez ixil, zure hitzek mesede egiten didate. Bizitzeko gogoa pizten didazu... sekulako konplexua daukat... !
BOGART: Oso ederki ari haiz. Orain musu emaiok!
ALLAN: Faborez...
BOGART: Prestaketa-lan bikaina egin duk.
ALLAN: Ez naiz ausartzen!
BOGART: Esaiok izugarri polita dela!
ALLAN: Oraintxe esan diot eta...
BOGART: Berriz...
ALLAN: (Lindari) Badakizu? Ikusi ditudan nesketarik politena zara.
LINDA: Zer nahi duzu esatea?... Oso atsegina zara...
ALLAN: Benetan. Ikaragarri polita zara... Zoragarri polita... Polita baino politagoa...
BOGART: Nahiko «polita» eta erasoiok.
LINDA: Denborak dira horrelakorik aditu ez dudala.
BOGART: Hurbilago.
ALLAN: Zenbat hurbilago?
BOGART: Hire ezpainen epelera.
ALLAN: Ez ote da hurbilegi?
BOGART: Ea, erne!
ALLAN: (Allanek egin egiten du agindutakoa) Eta orain zer?
BOGART: Esaiok bere alboan zerbait arraro eta zoramenezkoa nabaritzen duala. Ezin dioala heure buruari eutsi...
ALLAN: Erotuta zaude!
BOGART: Ea...
ALLAN: Dicki putakeria bat egingo diot! Eta gainera, Lindak jo egingo nau, jo egingo nau.
BOGART: Gustatuko zaiok.
ALLAN: Zeu bazina bai. Fred Astairek ere primeran egiten du dantzan eta nik marsopa bat ematen dut.
BOGART: Etzak Fred Astaire saltsa honetan nahastu eta zerbait esaiok!
ALLAN: (Lindari) Zure alboan, zoriontsu izan naiz elkarrekin pasa dugun une bakoitzean...
LINDA: Ni ere...
ALLAN: (Bogarti) Barkatu ez esatea «ezin niola neure buruari eutsi», ez zitzaidan ateratzen.
BOGART: Dotore ari haiz, motel. Orain esaiok ez dituala inoiz nabaritu horrelako begi xarmantak.
ALLAN: (Lindari) Begiak... zeure begiak... munduan inork baino begi gehiago dauzkazu...
LINDA: Dardarka daukazu...
ALLAN: Zer?
LINDA: Eskua...
ALLAN: Dardarka?
BOGART: ...Zure ondoan nagoelako.
ALLAN: (Bogarti) Nola diozu?
BOGART: Esaiok!
ALLAN: Bai. (Lindari) Dardarka nago zure ondoan nagoelako...
LINDA: Beti hitz goxoren bat baduzu ahoan.
BOGART: Esaiok emakume asko ezagutu duala, baina bera espeziala dela.
ALLAN: (Bogarti) Ez dit sinestuko.
BOGART: Sinestu egingo dik!
ALLAN: (Lindari) Emakume asko ezagutu dut, baina zu oso espeziala zara.
LINDA: Benetan diozu?
ALLAN: (Bogarti) Sinestu egin dit!
BOGART: Pasaiok eskubiko besoa bizkar atzetik! Heureganatu ezak!
ALLAN: Ez dut nahi... beldurtuta nago!...
BOGART: Aurrera! (Allanek hala egiten du) Prest egon hadi orain pauso erabatekoa emateko eta egin ezak zehazki esango diadana.
(Nancy eskubi-erditik sartzen da pistola bat eskuan duela).
NANCY: (Bogarti) Nire senarra zena, bakean uzteko esan nizun. (Bogarti disparatzen dio, eta erdi-eskubitatik alde egiten du. Bogart erdi-ezkerretatik doa).
LINDA: Beno, xerrak prestatzera noa.
ALLAN: Linda, zeure begiak... bi xerra handi eta ederrak bezalakoak dira...
(Allan kuraiaz gainezka dago, eta musu ere ematen ahalegintzen da. Lindak atzera egiten du eta besaulkiaren ondoko mahaitxo auxiliarrean dagoen lanpara botatzen du).
LINDA: Allan, ez!... O, barkatu...!, lanpara berri bat erosiko dizut!
ALLAN: Ez du inporta!, uste dut maiteminduta nagoela zurekin, Linda!
LINDA: Lanpara berri bat erosi behar dizut!
ALLAN: (Oso odolberoturik) Etzazu lanpara aipatu !
LINDA: Zein traketsa naizen!... onartidazu 50 dolar mesedez...!
ALLAN: (Musukatzen saiatzen da, besteak, hitz egiteko, burua mugitzen duen bitartean) Utzi lanpara madarikatu hori, koño!
LINDA: (Aldentzea lortzen du eta poltsaren bila aritzen da) Allan..., ez...
ALLAN: (Lasaiago) Barkatu. Hogei dolarrekin aski izango da. Ez zinen bada haserretuko. Broma bat besterik ez zen. Nola erreakzionatzen zenuen ikusi nahi nuen. Etzazu pentsa musu platoniko bat eman nahi nizunik.
LINDA: Hobe joaten banaiz. Lanparagatik izan ez balitz...
ALLAN: Utzi lanpara bakean! (Jarraitzen dio) Linda...
LINDA: Joan egin behar dut.
ALLAN: Linda...
LINDA: Mesedez... ez lagundu... (Oso urduri ateratzen da).
ALLAN: (Desesperatuta) Zer eta bortxatu egin nahi nuen! Nola egin dut ordea horrelakorik?, degeneratua! Eta orain joan eta Dicki kontatuko dio. Gajoa dardarka zihoan! Etxeratu orduko bazterrak jaten hasiko da! Ez zuzenean poliziarengana joango da. Nola bururatu zaik, lerdo horri, Bogartek bezala jokatu ahal duala! Ez naiz sekula Bogart izango! Zer esango diot Dicki? Erabakita dago!, eunukotzan sartuko naiz haren batean!...
(Txirrinak jotzen du) Polizia!
(Ireki eta Linda agertzen zaio).
LINDA: Maite nauzula esan al duzu? (Musu batean elkartzen dira).
ALLAN: (Casablanca-ko Bogarten jarrera hartuz) Jo ezak berriro, Sam...
GORTINA
© Woody Allen
© itzulpenarena: Anjel Valdes
"Woody Allen: Jo ezak berriro, Sam" orrialde nagusia