LEHEN EKITALDIA
Lehen eskena
Eskena argitzaletan garatzen da. OFFen, Humphrey Bogart eta Mary Astro-ren ahotsak entzuten dira Maltako Belatza-ko eskena batean. Pelikularen azkena dugu eskena hau.
Gortina jasotzean, ALLAN FIX, bere NY-ko apartamentuan, telebista ikusten azaltzen da. Livinga, apartamentuak dituen hiru geletarik bat dugu. Logela eta sukaldea dira beste biak. Biak txiki, eskenatik at gelditzen direlarik; bata bestearen pare. Erdian, livingerako bide irekia ematen zion sarrerako atea dago. Esaniko livinga, zabala da; leiho handi batek hiru etxebizitza eskerga ikusten uzten du. Tximinia ere badago, eta mobleria gisa, hainbat aulki, besaulki eroso bat, tokadiskoa, diskoak, Bogarten argazki handi bat, liburuz beteriko apalategiak etab... ditugu. Giro atsegina eta apainketa modernoa, baina gustu onekoa.
Apartamentua, duela bi urte, senar-emazte hauek, Fixtarrek, alokatu zuten.
ALLAN FIX, lotsati itxurako gizona da; antiojoduna. Literatur aldizkarietarako (zinemari buruzkoetarako batik-bat, zineaz jakinduria handikoa baita), artikuluak idatziz ateratzen du aurrera bizitza. bere burua, ideia kontra-esanguratsu nahaspila da. Urduri samarra izakeraz, zertxobait barnekoi eta seguritate gabekoa. Urtetan, aldizko tratamendu psikoterapeutikoan ibilia da.
Aulki jirakor batean jesarririk, eskenaren eskubitara, hondoan banaketa baten gainean jarririko telebista txiki bati begira ari da leloturik bezala.
Pelikulan, Bogartek Maryri, salatuko duela esaten entzuten dugu; jarraian BUKAERA... hitza agertu aurretik, pelikularen soinu-bandaren nota apur batzu entzuten dira.
ALLANek telebistari so segitzen du une batez gehiagoz eta, azkenik, zutitu..., eta sakonki arnasa hartuz, itzaltzera hurbiltzen da.
ALLAN: Nola arraio egiten du?, zein ote da bere sekretua?, Uhm, beharbada hau dena pelikuletako kontua besterik ez da... Bi aspirina hartuta uste dut hobeto sentituko naizela... Hauekin... gaur... 2... 4... 6... aspirina daramat. Martxa honetan aspirina-adikto bihurtuko naiz..., eta konturatzerako tubo eta guzti hartzen hasiko naiz hautsa ere alferrik ez galtzeagatik... Zer gertatzen ari zait?... zergatik ezin dut erlajatu?... Badakit ez nituela inoiz paper haiek sinatu behar...
(Aulki jirakorraren ondoko hankak ipintzeko puf batean esertzen da).
...ez eta auzitara eramaten utzi ere!... ezkontzako bi urte pikutara!... horrela... besterik sinatu gabe... (keinu) esan zidanean ezin nuen sinestu... Emakume hura ez zen nirea... arrotza zen... inoiz ikusi gabeko norbait...
(Bat-batean, bulego gisako livingaren aldea piztu-argitu egiten da. Nancy eskenaren goialdetik-erdi eskuinaldetik-agertzen da. Bata eta toalla batez jantzirik, ilea idortuz, eskuinalde-hondorantz, barandillaren azkeneraino gurutzatzen du).
NANCY: Ez dut zure dirua nahi!, zuretzat, nahi baduzu!, nahi dudana, hemendik alde egitea da!
ALLAN: Zergatik ez dugu lasai hitz egiten?
NANCY: Hitz egiteaz nazkatuta nago!, zertarako, gainera... ez dago erremediorik.
ALLAN: Zergatik?
NANCY: Ez dakit!, ezkontza ez dut soportatzen, aspergarri bihurtu zara..., zure alboan ito egiten naiz!... eta fisikoki ez zaitut agoantatzen... elkarren artean ez dugu zer ikusirik. Baina mesedez ez hartu zerbait pertsonala balitz bezala.
(Nancy, agerturiko leku beretik doa. Argia itzali egiten da).
ALLAN: (Zutitu eta ezker-eskubi paseatzen da) Ez, ez dut zerbait pertsonala balitz bezala hartuko. Egingo dudana suizidatzea da! Horixe besterik ez! Nire psikiatra madarikatua oporretara nora joan ote den jakingo banu sikiera... Zergatik joan behar dute psikiatra guztiek abuztuan oporretara?... Gobernuak debekatu egin beharko luke. Arrisku publikoa da. Horri esker abuztuan NY-ko kaleak zoroz betetzen dira, irailean berriz ere itzultzen diren arte... Beno eta gainera..., zertarako lokalizatu?... esanak esanda ere, dena arazo sexuala dela erantzungo dit eta... Nolako babukeria!... Nola izango da bada arazo sexuala, harremanik ere ez dugu izaten eta... Beno sasoi batean izan genituen, nahiz eta Nancyk «harremanen» bitartez telebista ikusten zuen... eta kanala ere aldatzen zuen urrun-kontrolaren bidez... (Berriz ere esertzen da) Zer gertatzen zait?, zergatik ezin naiz Bogart bezain tipo hotza izan? Sekretua aurkitu behar dut.
(Ezkerretara, argi berria, Bogart, bere ohizko gabardinarekin azaltzen da).
BOGART: Sekreturik batere ez zegok, txo! Emakumeak oso sinpleak dituk. Ez diat behin ere ezagutu zaplastako bat edo nire kolt 45aren tiro bat ulertuko ez zuen emakumerik.
ALLAN: Ezin izan dut inoiz Nancy jo. Gure harremanak ez ziren horrelakoak.
BOGART: (Ezker-hondorantz gurutzatzen duelarik) Harremanak?, non ikasi duk hitz hori?, Park Avenuen ibiltzen diren berritsu horietako batek esana ala?
ALLAN: Ni ez naiz zu bezalakoa... Esaidazu... Casablanca-n, Ingrid Bergman galdu zenuenean... ez al zinen zisko eginda gelditu?
BOGART: (Eskenan zehar paseatuz) Bourbon-soda zurrutada batek edozer erremediatzen dik.
ALLAN: Ja... baina, nik ez dut edaten. Nire gorputzak ez du alkohola ametitzen.
BOGART: Jarraitu ezak nire aholkua, adiskide... eta «harreman» hitza ahaztu. Mundua emakumez beteta zegok eta bat nahi izanez gero, txistu besterik ez duk egin behar... (Bogart desagertzearekin batera argia itzaltzen da).
ALLAN: (Paseatuz) Horixe..., zergatik ezin dut nik era horretan jokatu?... Txistu egitea besterik ez daukat...
(Txistu egiten saiatzen da, baina alferrik, ingurua bustitzeaz aparte ez du ezer lortzen).
Bourbon-soda zurrutada batek edozein gauza erremediatzen dik... Whisky bat zurrupatean edanda, korrika kolt 45a erostera joango naiz... Bestalde... zergatik honenbeste kezkatu dibortzio bat gorabehera?... bera gabe askoz hobeto nago... ezetz?... gaztea naiz... osasunez gainezka... lan ona daukat... Hauxe izan liteke anonimatutik salto egiteko aukera... Bera, aurrera egiteko gai bada... ni ez ala?... Hau dena emakumez beteko dut... denetarik... kamarerak... prostitutak, ninfomanoak... drogadiktoak... lesbianak... Avon saltzaileak... (geldiune)... Argi dago Nancyk ez nauela maite... baina ni ez naiz bere besotara negarrez eroriko... (Aulki birakorrean esertzen da) Izugarria izan zen alde egitean esan zidana!
(Berriz ere argia pizten da Allanen bulego antzeko aldean. Nancy hondo-eskubitik azaldu eta barandillaren azkeneraino doa. Eskuan, poltsa, eskularruak eta bufanda daramatza).
NANCY: Bizitzara berriz piztuko naiz! Dantza..., eskiatu... igeri egin! Europa motorrez zeharkatu nahi dut!... Orain arte pelikulak ikusi baizik ez dugu egin!...
ALLAN: Nire lana baita! Aldizkari espezializatuetan idazten dut eta, gainera niri zinea asko gustatzen zait.
NANCY: Sakon-sakonean, izaki pasiboa zarelako gustatzen zaizu. Esertzen zara eta bizitza zure aurretik pasatzen ikusten duzu. Ez zara gai bertan parte hartzeko. Ni ezberdina naiz. Buru-belarri murgildu beharra daukat. Ahalik eta gehien gozatu nahi dut. Barre egin... Elkarrekin ez dugu sekula barre egin...
ALLAN: Etzazu horrelakorik esan! Ez dakit zuk, baina nik etengabe egiten dut barre.
NANCY: Zuk?
ALLAN: Bai. Barrutik egiten dut barre. Negar egiteraino egiten dut barre. Gainera, zergatik ez zenidan ezkongai ginenean esan?
NANCY: Gauzak ezberdinak ziren. Zu agresiboagoa zinen.
ALLAN: Edozein da agresiboa norbait konkistatu nahi duenean. Normala da bestea inpresionatu nahi izatea.
NANCY: Bai, gero ordea desinpresionatu egin ninduzun.
ALLAN: Jakina, bizitza osoan martxa hartan jarraitzea espero al zenuen bada? Bihotz ondoko batean hilko nintzateke.
NANCY: Adio, Allan, nire abokatua zurearekin jarriko da harremanetan.
ALLAN: Ez daukat abokaturik. Esaiozu nire psikiatrari deitzeko.
(Nancy badoa. Argia itzali eta Allan ibilian hasten da).
ALLAN: Mundua ja-ta irentsi egin behar duela uste du eta igerian ere ez daki oraindik! Askorekin oheratzeko kapaza dela pentsatzen du eta amerikano tipikoaren iguala da, momentua iristen denean, «ez, gaur ez, ez dut pildorarik hartu» esaten duten horietakoa da. Ziur nago garai hauetara moldatzeko marihuana erretzen duela. Nik behin erre nuen. Gogoan daukat oraindik. Izugarria izan zen. Frakak burutik atera nahi izan nituen... (Tarte) Egia esan errudun sentitzen naiz. Beti sentitu izan naiz zerbaiten errudun. Nancyk abandonatu egiten nau eta ni zer gertatuko ote zaion kezkan nabil. (Ateko txirrinaren hotsa).
Dick eta Linda dira. Inoiz baino gehiago, orain behar ditut. Dick nire lagunik onena da. Ezin dut ordea nire malkotako zapi bihurtu... (Txirrinak berriz jotzen du.
Eta zergatik ez?... Nire malkotako zapia izango da!
(Atea ireki eta, Dick eta Linda, sartzen dira. Dick gizon atsegina da, exekutibo itxurakoa. Linda, emakume paregabea).
LINDA: Gixajoa!
(Argi adierazi behar da, bai Dick zein Linda ere tramite huts bat betetzera etorri direla eta Allanen arazoa ez zaiela batere interesatzen).
DICK: Zergatik ez gintuzun abisatu alde egin zuenean?
ALLAN: (Ate ondoan gelditu delarik) Ez zintuztedan molestatu nahi...
DICK: Molestatu?... Faborez!... zertarako gaude lagunok?
LINDA: Zein arrazoi eman dizu dibortziatzeko?
ALLAN: (Aulki birakorrerantz doa baina alboko banku batean esertzen da) Barre egin nahi du.
LINDA: Nola?
ALLAN: Bai, nirekin ez zuen nahiko barre egiten nonbait.
DICK: Eta hori izan zen arrazoia?
ALLAN: Beno, arrazoietako bat... eskiatu ere egin nahi du.
LINDA: Barre egin eta eskiatu.
ALLAN: Bai, mendi bat eskiatuz jaitsi nahi du lelo batek bezala barre egiten duen bitartean.
(Momentu honetatik, argi nabaritu behar dugu parejak Allanekiko duen interes eza).
DICK: Bulegora deituko dut non nagoen esateko. Deitu zenidan momentuan bilera bat laga nuen korrika eta begiratu zidaten moduagatik zoratuta nagoela pentsatuko dute.
LINDA: (Poltsa, bankuaren gainean uzten du) Bere berririk izan al duzu?
(Momentu honetatik, Linda bar gaineko apalategian lurrean sakabanaturiko liburuak ipintzera dedikatuko da. Gelan zehar dauden aldizkariak besaulki atzeko mahaitxo batean ezartzen ditu, besaulkitik jertse bat jaso, bar-etik pittarra bat, bandeja pare bat, aspirina tubo bat, gela atondu egiten du, hitz batean).
ALLAN: (Lindaren galderari erantzunez) Ez, baina abokatu-bufette batenak bai, zenbait paper pasa didate sinatzeko. Nancy Mexikora joan zen. (Tarte) Barregarria da! Ezkonberritan Mexikora joan ginen. Bi aste oso-osorik ohean igaro genituen. Disenteriak jota egon nintzen.
DICK: (Telefonoan) George?... iritsi al zarete akordio batetara?.. Kaka zaharra!... zer egingo dugu, dena pikutara joango bada, doala!...
LINDA: (Allani) Sukaldean aritzen al zara noizbait?, ala latakoa jaten duzu beti?
ALLAN: Sukaldean?... Telebista ikusi bitartean janari jelatuak zupatzen ditut.
DICK: (Telefonoan) Ederki, konforme! Apuntazazu non aurkitu nazakezun. Hamabost minutu barru arte, 792-05ean izango naiz. Ordu-erditik aurrera 544-7ean. Jarraian beste ordu erdi batez, 855-67 aurkituko nauzu. Geroxeago etxera joango naiz... telefonoa badakizu. Konforme, gero arte George.
LINDA: (Dicki) Maitea, kabina bat dago hor behean eta aldamenetik pasa behar dugu, nahi al duzu jaitsi eta telefonoa apuntatzea Georgeri emateko?
(Sukaldetik desagertzen da).
DICK: (Allani) Izugarri sentitzen dut gertatutakoa.
ALLAN: (Bere munduan) Nancyk igerian txapeldun izan nahi du... Bat-batean konturatu zen ezkon-bizitza jasanezina egiten zitzaiola eta ezin zuela Europa motorrez. zeharkatu.
DICK: Ez eman buruari buelta gehiegi. (Linda sukaldetik sartzen da paperezko toallekin. Hauek idazmahai gainean uzten ditu, lurrean botata diren paper guztiak paperontzian sartu, paperontzia idazmahai azpian finkatzen du. Barandillarantz doa, han bata eta kamiseta bat hartzeko. Besaulkiko burukotik toalla bat jasotzen du).
ALLAN: (Berekiko) Etxe bat eskaini nion, maitasuna, seguritatea zergatik ez esan. Ezagutu nuenean, kafetegiko mahai artean eguna ematen zuen neskatxoa zen. Ni gauero joaten nintzen eta 35 zentabotako kontuaren truke, dolarreko eskupekoa ematen nion.
(Linda livingetik arropa kentzen segitzen du).
DICK: Nancy oso bat-batekoa zen..., denok konturatzen ginen.
ALLAN: Baina ni lagatzeko ez da horrelakoa izan. Hilabetetan ez du besterik izan ahoan. Goizean, arratsaldean, gauean, batez ere gauean. Ez nuen uste azkenean egingo zuenik..., zein lerdoa izan naizen! Azken boladan telefono-gidarekin oheratu izan naiz. Lo egin beharrean, abokatu bila jarduten zuen orrialde horietan.
DICK: Hobeto, halere, hau orain gertatzea! Gaztea, zara oraindik!, azkarra oraindik. Oraindik forman aurkitzen zara. Bizitza berri bati ekiteko sasoian zaude.
(Lindak arropak logelara eramaten ditu).
ALLAN: Gaztea? 29 urte daukat eta formari dagokionez, nire potentzia sexualaren maximoa duela hamar urte lortu nuen.
DICK: Etzazu horrela hartu, motel, gauzak ez dira alde txarretik begiratu behar. Libre zara!
ALLAN: Uste al duzu?
DICK: Bai. Neska interesgarri mordoa ezagutuko duzu. Neska beroak, eta beraiekin ligatuko duzu... arraza, kolore eta erlijio guztietako emakumeekin oheratuko zara. (Linda logelatik irteten da. Lurretik kojin bat jaso eta, banku baten gainean uzten du).
ALLAN: Ezingo nuke. Akabatuko nintzateke lehenago. Gainera, horrelako gauzarik ez zait niri suertatzen. Behin neska batek maitatzea lortu dudanerako tonto-tente utzi nau.
DICK: (Lindari) Aditzen al duzu nola gutxiesten duen bere burua? Ez al duzu uste neska pilo batek atraktibo ikusiko lukeela?
LINDA: E?... Bai... bai..., noski.
(Dick besaulkian esertzen da).
DICK: (Allani) Mundu honetan emakumeak aukeran daude.
ALLAN: Inor ez da Nancy bezalakoa izango. Zoragarria zen. Zenbat gau pasa ote dudan berari begira lotan zegoen bitartean! Behin esnatu egin zen eta ni ikustean ikaratu eta oihu egin zuen.
LINDA: Bihotzez maite zenuen! Pena handia hartzen ari naiz!
DICK: Pena? Gizon asko dira errentagarri ez den zerbaitetan inbertitzen dutenak.
LINDA: (Haserre) Aspirinarik ba al duzu? Buruko mina hasiko zait eta...
DICK: Ederki gaude bada!, bera burua altxa ezinik eta zu buruko minez.
LINDA: Ez oihu egin!
DICK: Barkaidazu, baina oso egun aldrebesa izan da gaurkoa.
ALLAN: (Dicki) Aspirina bat nahi?
DICK: Ez!
ALLAN: Orain gogoratu dut, tuboa bukatu egin zait (Lindari) Optalidona igual al zaizu?
LINDA: Bai. Medikuak jakekarako errekomendatu zidan.
ALLAN: Jakekak! Garai batez neuk ere izan nituen, baina medikuak sendatu egin ninduen. Dutxa azpian sartzeko aholkatu zidan eta, ur hotza erori bitartean, errepikatzeko: «Ez dut jakekarik»... «Ez dut jakekarik»... Harrez gero kristoren katarroak harrapatzen ditut.
LINDA: Bada nik oraindik ere baditut. Nirea tentsio problema dela uste dut.
ALLAN: Ez dago niretzako medikurik. Nik lobotomia bat beharko nuke.
LINDA: Ni berriz, medikua oporretara joaten zaidanean, nire onetik joanda sentitzen naiz.
DICK: Hau parea!, elkarrekin ezkondu behar zenuten eta ospitale batetara bizitzera joan.
ALLAN: Vida-zumo bat nahi al duzu botika hartzeko?
LINDA: Sagar-zumorik, bai?
ALLAN: Izango ez dut, bada! sagar-zumoa optalidonarekin oso konbinaketa bitxia da.
LINDA: Nahastu al duzu inoiz Valium tomate zumoarekin?
ALLAN: Oraindik ez; baina beste neurotiko batzuk mundiala dela komentatu didate.
DICK: Eta coca-cola bat ezer gabe ba al dago? (Allan logelarantz doa, Lindak egunkariak ordenatzen dituen bitartean).
LINDA: (Dicki) Gizarajoa, asko sufritzen ari da!... bihotza larritu egiten zait... Dick, nik alde egingo banu, horrenbeste sufrituko al zenuke?
DICK: Askoz gehiago!, baina beste modu batera. Allan eta zu antzekoak zarete. Desorekatuak, supersensibleak, neurotikoak. Emozionalki, basoerdi batetan ito zintezkete.
LINDA: Allanek ez zuen inoiz Nancyrekin ezkondu behar.
DICK: Baliteke. Beraien artean gauzak normal zihoazela zirudien... sekula ere ez zigun ezertxo ere aipatu eta...
LINDA: Zu beti lanaz lepo zaude eta ez zara inoiz jabetzen inguruan gertatzen denaz! zenbait gauza ezin da ezkutatu! (Ozenki) Sensibilidade pittin batekin aski da. Ez al zinen konturatu apenas ateratzen zirenaz?
DICK: Beno, beno... etzazu ozenki hitz egin... zer dela eta berotzen zara?
LINDA: Haserre nago eta halako segurtasun falta somatzen hasi naizelako.
DICK: A!... zeuk segurtasun falta?... Esplikatuko al dizut gaur zer gertatu zaidan? (Lindak ez dio kasurik egiten) Gaur goizean bertan Floridan hamar mila metro lursail erosi ditut, leku aparta, zoragarria, eta azkenik ehuneko laurogeita hamarra zer eta lur labainak zinen... Pentsa ezazu zer nolako aurpegia jarriko duten akzionistek honen berri dutenean! Lurra golf-zelai batetarako nahi zuten... Zer iruditzen?... Munduko zulorik handienekin egiten ez badugu... Eta, hori niri gertatu behar!, konpontzeko milaka arazo dudan momentuan bertantxe!
LINDA: Zuk beti duzu milaka arazo konpontzeko.. .
DICK: Harritzen al zara? Ni honelakoa naiz Linda... begiak etorkizunean jarrita, burua lepo gainean beti urrats sendokoa naiz. Marketinga zehatz-mehatz ezagutzen dut, ez dago engainatuko nauenik... eta Floridako hau bezalako negozio borobilak egiten ditut.
LINDA: Zure karrera ezin borobilagoa da, Dick; 30 urte besterik ez eta dagoeneko bi aldiz egon zara porrot egiteko zorian.
DICK: Tira, maitea, ez haserretu. Ba al dakizu asko maite zaitudala? Allan gaixoari lasai hartzeko esan diot; baina niri gertatuz gero, erotu egingo nintzateke. Beno, orain Allanekin pentsatu beharrean gaude, animatu egin behar dugu.
LINDA: Berentzako neska bat topatuko banu...
DICK: Ez zaizu zaila egingo... modelo ugari ezagutzen duzu... baten bat egongo da agentzian...
LINDA: Ezkongabe gutxi, ordea.
DICK: (Pentsatuz) Carol?
LINDA: Konprometituta dago.
DICK: Elisabeth?
LINDA: Apaiz batekin bizi da.
DICK: Eta Jane?, Philipen festako modeloa?
LINDA: Marigizon hura?, bizirik jango luke!, Allanen antiojoak ere hortxe-hortxe salbatuko lirateke.
(Une honetantxe Allan sartzen da botika eta edariekin).
ALLAN: Askoz hobeto sentitzen naiz. Eskerrak etorri zaretena. Bihotzez eskertzen dizuet.
DICK: Aditu, Allan, Linda eta biok gaur afaltzera joateko asmotan gaude. Zer iruditzen zaizu neska bat gonbidatu eta laurok irtengo bagina?
ALLAN: (Ikaratuta) Ez, ez... hori ez.
DICK: Ez larritu gizon...
ALLAN: Zera da... bi urtetan Nancy ez beste inori ez diodala begiratu... Praktika galduta daukat. Egia esan inoiz ez dut izan. Neskak begiratzen ez naiz oso trebea sekula izan. Pentsa orain!
DICK: Entzun Allan, errealistagoa izan behar duzu. Eman dezagun negozio penagarri batetako akziotan inbertitzen duzula eta negozioak porrot egiten duela; zer egin?, oso erraza: berriz inbertitu, ahalik eta gauza estableago batetan, zerbait iraunkorragoan.
ALLAN: Alegia... Ford, Chrisler edo General Motors-ekin enroilatu nahi nauzula.
DICK: Esate bat da; ulertzen didazu... Anima zaitez!
ALLAN: Emakume bat?
DICK: Horixe.
ALLAN: Ederra?
DICK: Jakina.
ALLAN: Pozten naiz, zeren nire kemena jasotzeko ikaragarria izan behar du.
DICK: Hori da, ikaragarria! Nor aurkeztuko diogu?
ALLAN: A!... baina..., ez al dakizue oraindik zein...?
LINDA: Zer nolako emakume mota atsegin zaizu?
DICK: Neurastenikoak.
ALLAN: Errubioak gustatzen zaizkit... Altuak, ile-adats luzea, hanka luzeak, gerrialde borobila... bular sendoak... begi handiak, oin txikia... inteligenteak...
DICK: Emakume amerikano arruntaren standarra, alegia.
LINDA: (Pentsatuz) Polita, ile errubioa eta bular handiak...
ALLAN: A!... eta ipurtalde galanta. Hagina problemarik gabe sartu ahal izateko.
DICK: Oso zaila jarri duzu. Betidanik moko-fin samarra izan zara.
ALLAN: Bai eta halako moduan nago.
LINDA: Sally Keler errubioa da eta nahiko bularralde dotorea du.
ALLAN: Zer esan nahi duzu nahiko dotore horrekin?
LINDA: (Eskuez keinu eginez) Bada... honelakoa.
DICK: Sally ez da bada inteligenteegia.
ALLAN: Zertan aritzen da?
DICK: Diskoteka batean go-go moduan dabil.
ALLAN: Uztazu!
DICK: Hala ere beste zerbait badu bere alde. Berekin oheratzea ez litzaizuke zaila egingo.
ALLAN: Oheratu? Nire zortearekin elkarrekin kopa bat hartzea ere ez dut lortuko! Uzteko esan dizut!
DICK: Ez dut konprenitzen zergatik exigitzen duzun horrenbeste neska batekin afaltzera joateko.
ALLAN: Ez naiz gose. Eta ez dut inolako emakumerekin ere, atera nahi! Nancyri oso lotuta sentitzen naiz oraindik.
LINDA: Allan, Nancy ahaztu egin behar duzu. Joan egin da...
ALLAN: Egia da! Bere bizitza egiteko libre izan nahi zuen.
DICK: Norbait egongo da derrigor (Lindari).
ALLAN: (Berekiko) Zertan ari den imajinatzen dut.
(Argia. Nancy agertzen da).
NANCY: O, John!... estutu nazazu gogor, mesedez musu emaidazu..., kasualidade hutsez elkarrekin Las Vegas liluragarri honetan topatu garela pentsatzen dudanean... Zu Celiarengandik aldenduta eta ni... nola zuen izena?... berdin dio!, zeu zara orain. Zu bezalako gizon batekin amodio egitea bai plazer atsegina!; altua, indartsua, liraina, errubioa eta begi urdinak... (Badoa).
ALLAN: Dibortziatu ginenetik bi aste eskas pasa dira eta dagoeneko nazi batekin dabil.
LINDA: Aizu!, Susan zer iruditzen zaizu?
DICK: (Animatuta) Bai. (Allani) Zer moduz Susan?
ALLAN: Zein Susan?
LINDA: Susan Lake.
ALLAN: Izen atsegina du. Zer egiten du?
DICK: Hasi gara berriz!...
LINDA: Fotografoa da.
DICK: Polita eta inteligentea da gainera.
ALLAN: (Pentsatuz. Beste biak adi. Azkenean Allanek erabakia hartzen du) Tira, berekin irtengo naiz!
DICK: (Lindari) Ea, arin, hots egiozu!
LINDA: (Telefonorantz korrika) Berehala!
(Allan zalantzatan hasten da).
ALLAN: Zer esan behar diozu?
LINDA: (Markatuz) Afaltzeko libre ote dagoen galdetuko diot.
ALLAN: (Oso ikaratuta) Nire dibortzioaz tutik ere ez, e? Esaiozu nire emaztea hilda dagoela. Horregatik alarguna naizela.
DICK: Uztazu geure eskutan.
ALLAN: Horixe da okerrena. Uzten badizuet ez dakit hau nola bukatuko den. (Livingean zehar paseatzen hasi da) Urduri jartzen ari naiz. Tentsioa igotzen nabaritzen dut. Sabelean korapiloa daukat. Begi bat eroriko zait.
LINDA: (Telefonoan) Susan hor al dago mesedez?... Lindaren partez... Eskerrik asko. (Allanek, ez entzutearren belarriak eskuez estaltzen ditu. Oso urduri dago).
ALLAN: Ez dut entzun nahi... Ez dut entzun nahi... (Tarareatzen hasten da) Lalalalalalalalalalaaaaa...
LINDA: Susan?, kaixo, zer moduz? Bai, oso ondo... Aizu...
ALLAN: Lalalalalalalaaaaaa...
LINDA: Dick eta biok, gaur gauean lagun batekin afaltzera ateratzeko asmotan gaude eta pentsatu dugu agian gurekin etorri zintezkeela...
ALLAN: Lalalalalalalaaaaaa.. .
LINDA: Ez... irratia piztuta dago. Ez..., ez da Michael Jackson...
(Dicki laguntza eskatzen dio Allani isilarazteko. Allan isiltzen da eta telefonorantz hurbiltzen da) Bai... ederki pasako dugu... Ez, ez duzu ezagutzen. Allan Fix, Dicken lagun bat.
ALLAN: (Lindari ideiak emanez) Oso gizon atraktiboa. Idazle. Alarguntsa... ez!, alarguna... alarguntsa nire emaztea da... Ez, nire emaztea hilda dago... Granada bat lehertu zitzaion.
LINDA: (Isiltzeko keinu eginez) Bai, oso atsegina da... Ondo konponduko zarete...
ALLAN: Aizu... nahi ez badu, ez jarraitu... utzi ezazu. Ez dut kupidaren beharrik, oso harroa naiz.
LINDA: (Idem) Ederki zortzietan jasoko zaitugu. Bai, jantzi arrunt bat... takoirik gabe?... ondo...
ALLAN: Aizu... aizu... takoiak jar ditzala nahi badu... zein uste du naizela, bada, Toulouse-Lautrec ala?
LINDA: Konforme. Zure bila pasako gara. Gero arte. (Kolgatzen du) Dena prest. ALLAN: (Nerbioak kontrolatu ezinean) Oraintxe nago ez gora eta ez behera! Gaixo sartzen ari naiz. (Dicki) Esaidazu: zer gertatuko da neska horrekin oheratu eta Nancy azaltzen bada?, e?
DICK: Ni optimista samarra naiz, Allan, baina lehen zita honetatik, ezin dugu gauza handirik espero...
ALLAN: (Lindari) Nitaz zerbait esan al dizu?
LINDA: Zer nahi duzu esatea, ez bazaitu ezagutzen !
ALLAN: Noski!, ez diozu alarguna naizela aipatu.
LINDA: (Basoak sukaldera eramaten ditu) Nik neska lortu dizut. Granadaren kontu hori kontatzea, zeure esku dago. (Badoa).
ALLAN: (Paseatuz) O!, tripak jaten nago! Nerbioak airean daukat!
DICK: (Telefonorantz) Lehendabizi Susan jasoko dugu, etxetik hurbil bizi baita, gero zure bila, zortzirak eta hamar aldera iritsiko gara. A!... Etzazu gehiegi hitz egin. Bihar bilera garrantzitsu bat daukat eta goiz joan nahi dut ohera.
LINDA: (Sukaldetik sartzen da lau baso garbirekin eta bar-era eramaten) Allan, zerbait behar baduzu... harrikoa egin, maindireak aldatzea edo...
DICK: (Telefonoan) Christie jauna naiz... Banoa lehen telefonotik eta iparralderantz hartuta bigarrenera abiatzen naiz... Adio! (Kolgatzen du).
ALLAN: Afaltzeko zer moduz Hot Rose jatetxea? Gau-giro ederra dago Central Park-en egoteko.
LINDA: Oso ondo! hain toki erromantikoa da...
DICK: Euria egin behar duela dirudi, gainera (Allani) Hobeto al zaude?
(Dick eta Linda aterantz abiatzen dira).
ALLAN: Bai, primeran nago. Orain dutxa bat hartu eta gorputz osoa Canoez igurtziko dut... Bai, arrazoi duzue, irteteko gogoa dut.
DICK: Gero arte.
LINDA: Pozten naiz zuregatik, Allan.
ALLAN: Askoz hobeto nago... (Linda eta Dick badoaz eta Allanek atea beraien atzetik ixten du. Espresioa zeharo aldatzen zaio) Kaka eginda nago!
ILUNA
Bigarren eskena
(Egun berean. Arratseko zortziak dira. Logelatik irteten da, jantzirik honez gero eta gorbataren korapiloa estutzen bukatuz. Bar gaineko ispilura hurbiltzen da. urduri nabari zaio, bere onetik aterata, errudun sentitzen dela dirudi. Ilea eskuinaldearekin atontzen ahalegintzen da)
ALLAN: Ile madarikatu hauek ezin ditut menderatu. Sargori nazkagarri honekin puntan jartzen zaizkit eta ile beharrean iltze direla ematen du. (Atzerantz zenbait pauso ematen du).
Ondo begiratuta, ez naiz hain itsusia... kokotxa, agian pittin bat luzexka... belarriak ere luzetxo... begiak apur bat aterata, baina zer arraioa!... ziur nago nirekin gustatuko dela... zer espero du bestela?... Superman, ala?...
(Nagiak bota, pare bat buelta ematen du, etab...).
Oso tipo txukun eta normala naiz... Beno, normaletik oso urruti ere ez... A!, lehenago ezagutu izan banu... Begiratu ahala oso larri sentituko naiz!... Begirada ezezagunenekin ez nago ohituta! (Itolarririk) Eta ni ikustean barrez edo oihuka hasten bada? Lasaitu hadi, kirten hori! Neskaren batek barre edo oihu egin al dik hi ikustean? Behin ere ez!, beno bai... behin. Brooklyngo eskolako upel gonaluze hark. Atea jo zuen eta ireki orduko, ni ikusi eta seko erori zen erregimena egiten zuen halere, eta oso ahul zegoen. Utikan konplexuak!... Bogart ere ñañarroa zen eta inori ez zitzaion axola.
BOGART: (Ageri da) Gaizki hasi haiz, motel!
ALLAN: Nire karrera kaltegarria dela esan nahi al duzu?
BOGART: Zeharo okerra. «Usoari» bentaja ematen ari haiz jokoa hasi baino lehen. (Usainduz) Zer eman duk aurpegian?
ALLAN: Canoe. After-shave lozio bat.
BOGART: (Usainduz jarraitzen du) Eta, zer gehiago?
ALLAN: Mennen desodorantea, espraian, Revlon desodorantea, barran eta Johnson & Johnson talko hautsak...
BOGART: Jainkoaren izenean! Ez al duk konprenitzen putetxe frantses baten kiratsa botako duala?
ALLAN: Behar-beharrezkoak dituk ditut produktu hauek.
BOGART: Zergatik?, izerditzeak lotsa ematen al dik?
ALLAN: Inpresionatu egin nahi dut.
BOGART: Paperak konfundituta habil, txo. bera duk, eta ez hi, usain ona eduki behar duena... Hi erakartzeko usain fina. Horixe baituk bere lana. Eta, zernahi gertatu ere ez iezaiok aipatu ere egin edaten ez duanik, bestela boy-scouta haizela pentsatuko dik. Ah, eta batez ere, ez hadi dardarka hasi, arren!... Gerta daitekeen txarrik bakarra, bera polizia izatea duk... ala birjina... (Badoa).
ALLAN: Nire zortearekin, biak batera izango da! Baina arrazoi du. Neska asko harrituta gelditu da nire itxura maskulinoa ikusita.. Besapetan ez nuen hainbeste Mennen eman behar... ezta oinetan honenbeste Revlon ere... Inpresio miragarria egin behar diot baina ez amarikonatua. A!, argazkigintzaz terminoren bat ikusi beharko dut!... Bera fotografoa baita!...
(Aldizkarien aldera hurbiltzen da eta horietako baten bila aritzen da. Aldizkaria eskuan duela mahaitxo batetara doa. Irakurri egiten du).
«Nire Nikon makina eta besteen artean kalitate mailan alde izugarria ez ezik —Steve Barret, erreportero grafiko ospetsuak dio— Nikona, nire ogibideko gizon baten lan bortitz, intentsu eta zailak jasateko diseinaturik dago... Eta ez ahaztu: Nikon eta Fujirekin ilunpetan pantera bati disparatzeko beldurrik ez». (Aldizkaria mahai gainean uzten du) Liluratu egingo dut. Ez al litzateke ederra izango, ezagututako gauean bertan bata bestearekin maitemintzea? Eta zergatik ez? «Emakumeak oso xinpleak omen dituk!» «Ez dut inoiz ezagutu zaplastako bat edo nire kolt 45aren tiroa ulertuko ez zuen emakumerik». Tira Susan, zatoz hona!
(Ametsetako Susan, erdi-eskuinaldetik ageri da, zertxobait apain gabea. Ez mediarik ez zapatarik ere; off-en, leunki pianoa jotzen hasi da: time will pass»).
SUSAN: Allan... nire Allan zoragarria zara... Medikuek, frigidoa nintzela esaten zuten. Gaur arte, neu ere sinestuta nengoen... Orain, ordea, eskerrak eman nahi dizkizut..., oker zeudela demostratu didazulako.
ALLAN: Zure lagunen batek arazo bera baldin badauka, ekarridazu.
SUSAN: Linda eta Dickek zutaz hitz egin zidatenean..., aparta zinela, esan zidaten... buru-argia... Baina ez zidaten inoiz aipatu animalia ere bazinela. Animalia zoragarria.
ALLAN: Sentitzen dut zaplastakoa, neskatxo, baina histerikoa jarri zinen «bukatu da» esan nizunean.
SUSAN: Allan... nire Allan... (Badoa).
(Argia aldatzen da, musika eten eta ateko txirrina entzuten da; dena, ia une beraxean).
ALLAN: Nor da?
LINDA: (Off-ean) Linda naiz.
ALLAN: Linda?
LINDA: Neu bakarrik nator.
(Allan atea irekitzen du eta Linda azaltzen da esku artean almendra lata bat duela).
Susan Dickekin dago... Aparkatzen ari dira. Dickek ni lehenago etortzea nahi zuen, dena ondo doala ziurtatzeko...
ALLAN: Ni eta dena, oso ondo gaude. Ai!, ez nuen uste hain berandu zenik!
(Lindak bi ontzi ateratzen ditu armairu txiki batetatik eta almendrak banatzen ditu. Usain hartzen dio).
LINDA: Aizu... zer egin duzu?
ALLAN: Zer, bada?... usain fuerteegia ala?
LINDA: Gehiegi samar, bai... Eta ez da usain txarra..., gogorregia baizik. Beno, behin ohituz gero apenas nabaritzen da.
ALLAN: (Logelako atea ixten du) Hau pixka bat atonduko dut...
LINDA: Horrelaxe ondo dago (mahaitxoaren gainean ontzi bat uzten du) Gainera kopa bat besterik ez dugu hartuko joan baino lehen...
ALLAN: (Apalategitik liburu bat atera eta bankuaren gainean jartzen du) Zenbait gauzek, horrela, han-hemenka sakabanatuta, giro aproposa sortzen dute.
LINDA: (Beste ontzia, beste alde batean ezarriz) Alde guztietan liburu irekiak utzi behar al dituzu, denak batera irakurtzen ari zaren plantak egiteko?
ALLAN: Bai. Zeraren itxura ematen du... uhm...
LINDA: Zuk ez duzu itxurakeriaren beharrik.
ALLAN: (Bar-eko kajoi batetik medalla bat ateratzen du) Hemen dago! Ehun yardatan irabazitako medalla.
LINDA: Allan, bromarik ez. Etzazu hor medalla nazkagarri hori utzi...
ALLAN: (Aulki birakorraren alboko pufean uzten du) Horixe baietz, 20 dolar ordaindu nuen.
LINDA: Allan, zaren bezala portatu zaitez. Ziur nago Susanentzat atsegina izango zarela.
ALLAN: (Bartoken disko bat ateratzen du) Erabaki garrantzitsu bat hartu behar dut. Ray Charles ala Bartoken bosgarren sinfonia?
LINDA: Bartok edonon laga eta Ray Charles jarri ezazu.
ALLAN: Ederki! (Disko bankuaren gainean uzten du, hormaren kontra jarrita) Horixe egingo dut.
LINDA: (Bar-etik hainbat botila ateratzen du eta mostradore gainean ipini). Ez dut inoiz ezagutu neska bat inpresionatzeko zuk adina buelta eman duenik. Nancyrekin horrenbesteko ardura jarri bazenuen, ez dut ulertzen nolatan egin zuen alde.
ALLAN: (Ray Charlesen diskoaren bila) Halaxe egin nuen. Poemak idazten nizkion. Jatetxe txikitan, kandelen argitara afaltzera eramaten nuen, jatekoa frantsesez enkargatzen nuen eta noski, zerbitzariak ez zidaten sekula eskatutakoa ekartzen.
LINDA: Lotsatiegia zara! Agian kandelen argitan makurtuta musu eman beharko zenien.
ALLAN: Ahalegindu nintzen, baina berak: «Allan, mesedez, hemen ez, jende guztia begira dago». Gainera, jakako beso bat erre nuen. (Diskoa platoan ipinita, musika hasten da, Lindak barre egiten du) Barregarria, ezta? Nancyrentzat, nire baldarkeriaren beste froga bat zen. Arrazoi osoz, azken batean.
(Ateko txirrinak jotzen du. Allan ikaratzen da eta diskoari kolpe ematen dio, erraiatua bezala dago. Berriz ere ondo jartzen du) Leuntasuna..., fintasuna..., ni maisu naiz gai horietan.
LINDA: Tira; jela bila noa.
(Sukaldetik irteten da, Allan irekitzera doan bitartean. Dick, Susan Lakerekin sartzen da. Oso neska atraktiboa izan arren ez da Allanen ikuspegiko sex simbol-a. Dena dela Allani inpresioak hitzak trabarazten dizkio).
DICK: Allan... hau da Susan.
SUSAN: Kaixo, Allan...
ALLAN: A..., e..., a...
(Geldirik dago ateari eusten besterik esan gabe. Dickek Susan barrurantz eraman eta ateari ostikada bat ematen dio itxi dadin, noski).
SUSAN: Dicki aipatu diot, pareko etxean hain zuzen nire lagun batzuk bizi direla. Gibsontarrak, ezagutzen al dituzu?
ALLAN: Gi... Gibsontarrak?... bada.... ez... (Dickek Allan gelaren erdirantz bultzatzen du).
SUSAN: Bikote zoragarria da. Mutila barrualdetako dekoratzailea da.
(Allan, Susanen ondoan, besaulkian eseri da).
ALLAN: Etzazu esan... barrualdeak dekoratzea nire afizioetako bat da.
SUSAN: (Inguruari begiraldi bat botatzen dio. Ez da inpresionatuegia gelditzen) Aha!...
ALLAN: Dekoratzaile onaren sekretua, horren itxurarik ez izatea da.
DICK: (Telefonorantz hurbilduz) Dei bat egin behar dut...
LINDA: (Sukaldetik sartzen da, ur pittar bat eta ontzi bat bete jelarekin; bar-gainean ipintzen ditu) Kaixo...
SUSAN: Kaixo... Linda...
LINDA: Zer?
SUSAN: Zer bota duzu?, jazmina arrosa edo biak nahasiak.
LINDA: Nik? (Linda eta Allan, batera konturatzen dira. Lindak elkarrizketa desbideratzen du) Zerbait hartu nahi?
DICK: J&B.
SUSAN: Nik martini bat, mesedez.
ALLAN: Nik, betikoa. (Lindak, harrituta begiratzen dio) Bourbon-soda.
(Linda, bar-era hurbiltzen da kopak zerbitzeko asmotan).
SUSAN: Ah, Bourbon-zalea zara!
ALLAN: Bai, baina neurtzen saiatu behar dut. Egunean ia botila erdia edaten dut...
DICK: Bai, Christie jauna naiz... Honezkero, ez nago 583.43an... Orain... nola?... mandaturen bat utzi al du? (Idazmahaian esertzen da notaren bat hartzeko).
LINDA: (Susani martinia eskuratzen dio; Allani) Susanek pelikula bat egin zuen...
ALLAN: Ah?
SUSAN: Underground.
ALLAN: Gizonentzat bakarrik?
SUSAN: Ez, underground. 16 mmtan, benetako maisu-lana.
(Lindak Dicki telefonora eramaten dio whiskya eta barera itzultzen da).
LINDA: Allani zinea izugarri interesatzen zaio.
SUSAN: Zertan aritzen zara?
ALLAN: Idazlea naiz. Ez ospetsua, noski... zine-aldizkaritan idazten dut, kritikak, artikulutxoren bat edo beste...
SUSAN: Bada, nire pelikulak oso kritika onak jaso zituen eta nire lana asko goratu zuten. Beno, egia esan, bederatzi gizonezko artean emakume bakarra nintzen...
ALLAN: Ah, bai?; nola zuen izena?, agian ikusita daukat.
SUSAN: Boltxebike beroak, tituluarekin halere ez fidatu. Ez zen batere pornoa.
DICK: (Idazten bukatu du eta Susan eta Allanengana hurbiltzen da) Hau lotsagarria da! Kotxean telefonoa ipini behar dut, erabakita dago.
ALLAN: Zergatik ez duzu gainean eramaten?
LINDA: (Allani basoa emanez) Bourbona bukatu egin da, soda hutsa bota dizut. (Pufean esertzen da) Momentu batetik bestera euria hasiko du.
SUSAN: Bai, buruko min izugarria daukat. Egia esan sinusitisa dela uste dut.
ALLAN: Nik ere izan nuen, baina operatu egin ninduten. (Musika altuago) Zergatik ez zara operatzen?
DICK: (Aulki birakorrean esertzen da) Lelokeria bat iruditzen zait eguraldi honekin Hot Rose-ra joatea.
SUSAN: (Allani) Musika pixka bat baxuago jarriko al duzu?
(Allan, tokadiskorantz doa).
DICK: Euritan afaltzera joateak ez du zentzurik.
LINDA: Lehen, euripean elkarrekin paseatzea gustatzen zitzaizun, bada.
ALLAN: Euria zoragarria da. Txikitako oroimen beldurgarriak uxatzen dizkit burutik. (Esan berriak sorturiko isilunearen aurrean, Allan urduritsu jartzen da eta tokadiskoa besoaz ukitzen du; halako kirrinkada sortzen da diskotik. Denek, harridura aurpegia jartzen dute eta Dickek, aulkia jiratzen du).
DICK: (Jaiki eta bankurantz doa, almendrak hartzera) Allan galdu samar dabil. Emaztearekin zorte txarra izan du.
SUSAN: Emaztea? (Allanek Ray Charlesen diskoa jaso eta azalean sartzen du. Eskutan hartzen du).
LINDA: Dick...
DICK: Bere emazte zena... joan egin da...
ALLAN: Hilda dago.
SUSAN: Benetan?
LINDA: Beno..., egia esan...
ALLAN: (Moztuz) Teknikoki ez dago hilda..., baina ez baitugu elkar ikusten...
DICK: Alde egin du.
SUSAN: Sentitzen dut.
DICK: (Telefonorantz) Nahi al duzue errestaurante txinoan mahai bat erreserbatzea?
LINDA: (Dickengana hurbilduz) Oso ideia ona!, hementxe daukat jatetxe txino berri baten telefonoa.
ALLAN: (Susanen ondoan esertzen da besaulkian. Diskoa eskutan dabilkio oraindik) Ez dakit Ray Charles gustatzen ote zaizun... Nire ustez kalitate handiko musika da; beharbada, ohituta ez dagoenarentzat pixka bat latza eta belarrirako gogor samarra... Hala ere... bere kontzepzio harmonikoak etengabe zera bilatzen du...
SUSAN: Long-play baten azala dirudizu. (Allanek diskoa erortzen uzten du besaulki atzetik) Aspalditik ezagutzen al dituzu Dick eta Linda?
ALLAN: Dick bai, orain dela urte asko. Linda ez horrenbeste. Dick oso jatorra da. Pixka bat handi-nahia beharbada, baina zer nahi duen badaki... Nire anaia txikia bezalakoa da... Beti bere gainean ibili behar dut. Niregatik ez balitz... ez dakit nola moldatuko litzatekeen.
(Hankak gurutzatu eta oin bat mahaitxoaren azpitik sartzen du; tik, nerbioso erritmora kolpatuz. Almendrak lurrera erortzen dira, Dick eta Linda dena eustera erortzen dira korrika. Allan ikaratuta, atzera egiten du eta mugiezinean gelditzen da).
DICK: (Allani zuzenduz) Txinoan mahaia erreserbatuta dago.
ALLAN: Jaka jantzi eta bagoaz... (Logelarantz doa korrika).
SUSAN: (Lindari) Drogatu egiten da, ezta?
LINDA: Bada... ez.
DICK: Nire bulegora deituko dut non egongo naizen esateko.
LINDA: (Almendretatik eroritakoa garbituz) Janari txinoa gustatzen?
SUSAN: Bai, noski... baina ez dut oso berandu arte ibili nahi. Biharkoa egun astuna izango da.
LINDA: Ez kezkatu. Allanekin primeran pasako duzu.
SUSAN: Uste al duzu?
DICK: (Telefonoan) Berriz Christie jauna... Chase Manhattan Bank-eko Milton jaunak deitzen badu, telefono honetan nago, idatzi: 862-31.
(Lindak lurrean zegoen argazki-aldizkaria Susani eskuratzen dio. Susanen kopa barera eramaten du. Dick Lindarengana doa eta bere basoa ematen dio).
SUSAN: Entzun hau! Steve Barretena da! (Irakurri egiten du): «Nire Nikon makina eta besteen artean kalitate-mailan alde izugarria ez ezik —Steve Barret, erreportero grafiko ospetsuak dio— Nikona, nire ogibideko gizon baten lan bortitz, intentsu eta zailak jasateko diseinaturik dago... Eta ez ahaztu: Nikon eta Fujirekin ilunpetan pantera bati disparatzeko beldurrik ez». Zenbat ordaindu ote diote honengatik?
ALLAN: (Logelatik sartu eta Susanenganantz gurutzatzen du) Listo!, a!, menua aukeratzen utzi beharko didazu, janari txinoak ez du sekreturik niretzat.
SUSAN: Ongi!, gosez hiltzen nago. Izugarrizko egun txarra izan dut gaurkoa ume txikiei argazkiak ateratzen.
ALLAN: (Besoa eskaintzen dio ateratzeko) Benetan...? argazkigintza hain zuzen nire afizioetako bat da... Aspaldi honetan ordea, kamara batekin gorabeherak izan ditut. Azkenean halere, konturatu naiz nire Nikon eta besteen artean kalitate mailan alde izugarria ez ezik, Nikona...
GORTINA
© Woody Allen
© itzulpenarena: Anjel Valdes
"Woody Allen: Jo ezak berriro, Sam" orrialde nagusia