VII
HITZAZKENAK
Bi une badira. Abuztuko arrats batean bazebilen Moran doktorea Miarritzeko udaletxe inguruko café bateko terrazan zerbeza-zurito bat hartzen. Berehalaxe alde egin eta Donostiara itzultzeko zegoen goizean etorri autobus berean hain zuzen ere. Jendez gainezka zegoen Caféko terraza.
Halako batean zerbitzari batek ezezagun bat dakar Moran doktorea dagoen mahairaino, bertan eseri daitekeela esanaz. Dirua atera zuen Moranek, ordaindu eta hanka egiteko asmotan.
— Ez zaitezela gero nigatik joan —esan zuen gazteleraz etorriberriak.
— Ez uste; batetik bestera joateko nintzen —ihardetsi zion doktoreak—. Mila esker. Donostiara itzultzen naiz eta ordu laurden barru badoa autobusa.
— Zu Madrilen ezagutua zaitut —ezezagunak.
— Bai; zu ere ezagutzen zaitudalakoan nago.
— Moran doktorea ez ote zara zu?
— Berbera.
— Ba ni Bermejo naiz, mediku militarra. Zarzuelako dantzaldi xelebre hartaz ez al zara oroitzen? Medrano zelakoa, Isasi, injineru bat eta... egon ginen hartan? Medranotarrari lapurtu zioten, ba, lepokoa...
— Bai gizona, bai! Ez naiz, ba, oroituko... Besteari begiratzen zion Moranek.
— Zein zaharturik dagoen gizona! —pentsatuz. Gero, begiak ironiaz beterik eta ongi erabiltzen dakienari dagokionez, zera esan zion bere buruari:
— Agian nitaz ere berdin iritziko du berak.
— Atsegin handia dut zu ikusten —Bermejok.
— Ni ere ez nago begia ilunik zu hemen aurkitzen... zerbaitetan laguntzeko gauza banatzaizu...
— Horren presaka al zoaz?
— Bai; autobusa hartu beharrean nago, afaltzeko Donostian izateko.
— Zer ordutan afaltzen duzu, ba?
— Bederatziak bederatzi t'erdietan.
— Nahi baduzu, neronek eramango zaitut; hortxe daukat nire katxarroa-eta.
— Bakarrik al zoaz?
— Bakar bakarrik. Nahi baduzu, ordu erdi batean aldegingo dugu.
— A, primeran.
Moran eseri egin zen berriz.
— Ez dakizu ondo, zein niregan daukadan dantzaleku hura —esan zuen Bermejok—. Betidanik odol-motza izan naiz ni... baina gau hartan bat batean amodiozko saltsa batean murgildua nauzu... komisaldegira joan beharrean ere bai.
— Eta nondik nora dabil Elvira Medrano?
— Takillero batekin ezkondu zen. Izatez, ez zen erraza emakume hura... baina zerorrek ere ezagutzen zenuen horratio.
— Ezagutu bai, baina lagun hutsak ginen bakarrik —esan zuen Moranek, burua ustel xamar makurtuz, gozo eta aldi berean komiko.
— Ez dakit, ba, ez dakit... baina berdin da. Ederki asko hezi zuen takillero hark, danba-danba joka, dirudienez... Eta zure lagun Isasi delako hura zertan da?
— Gizajoa gripez hil zen. Bisitatzen izan nintzaion. Hau ez duk ezer, ezta? esaten zidan. Ezer ez, hori ohean sendatzen duk eta koñak pixka batekin. Baina gauza geroz eta okerrago, eta azkenean hil egin zen.
— Eta berarekin zebilen neska harenik zer?
— Ez dakit zertan dagoen; desagertu egin zen-eta.
Eta Isasiren etxean bizi zen andre hura? Andre sinpatikoa oso... diplomatiko batekin ezkondu hura, alegia?
— A, bai! Elena. Zuk ezagutu eta berehala alargundu zen, eta urte beterako berriz ezkondua zegoen Dorronsoro izeneko injineru harekin. Oso bikote zoriontsua izan da: bi seme izan zuten, aberastu ere egin ziren. Zarzuelako dantzaldi hura ez zitzaien horratio hasiera txarra izan. Nire garai hartako ezagunen artean hauetxek izan ziren zoriontsuenak. Beste zenbait berriz, zertan dabilen ere ez dakit.
— Etampes-eko Blanka gogoan izango duzu, ba? —galdetu zion Bermejok.
— Bai.
— Ba, hemen Miarritzen bizi da, eta ostatu bat dauka, Ramuntxo izenekoa. Ikusia dut inoiz andre hori.
— Eta ezagutu al zaitu?
— Ez. Bestea, delako Charito ederra, gerratean aberastutako Pill zeritzan frantses harekin ezkondu zen; eta hau hil zenean, sekulako diru pila utzi omen zion, gaztelu bat Tours inguruan ere bai. Bazuen, ba, ahizpa bat, zuri dexente gustatzen zitzaizuna, alafede...
— Besterik gabeko galanteri hutsa izan zen.
— Ba, hura ere ezkondu egin zen eta gazteluan dago Charitorekin batera.
— Eta zure lagun Quirs izeneko hura, harenik ba al dakizu?
— Quirsena tragikoa izan zen. Marruecos-en ikusi nuen, Barranco del Lobo hartakoan. Kapitaina zen. Zepo zikin hartatik Jainkoaren errukiari esker irten zen bizirik. Gero, Melillan ikusten ohi nuen. Edan eta edan jarraitzen zen eta nik zera esaten nion: Aizak, gibeleko zirrosi bidean hagoela, hi! Berak ordea hori txantxetan hartzen zuen eta Nire bi amets zoroenak jeneral izatea eta gibeleko zirrosia harrapatzea dituk, gero esaten zidan. Muturrak apurtuz eta guda-grina bizienaz aritu zen Quirs garai haietan, eta denbora laburrean koronel izatera ere iritsi zen. Batere neurririk gabeko gizona izaten segitu zen, emakume gazte batekin batera biziaz: Error sano, Malagan ezagututako dantzarina nonbait. Halako batean, ba omen dator Marruecos-era destinaturik Velez tenientea, dantzaldi xelebre hartan Quirsekin muturka ibili zen koronel haren semea hain zuzen ere. Velez gaztea, haize-buru hutsa zen, eta denbora pasatzearren Errosariorekin larrua jo eta emakumea bere hariko ezpala bihurtu zuen eta hor zerabilen kafetegiz kafetegi, antzokiz antzoki. Gainbehera zihoan Quirs zegoeneko, baina deabru guztien izenean ez uzteko eta ez uzteko eskatzen zion neskari; honek ordea ezeta kasurik ere, eta gizona ahoa bete haginekin utzi zuen. Gau batean, Quirs, odolak burua irakiten, Velez tenientea ibili ohi zen joko-etxe batera joan eta liskar sesio bila ibili zitzaion, berari eta bere aitari ere txakurrenak esanaz, inoiz belarrondokorik emana diola-eta iraunka.
Pistola desafioa egin zuten eta hurrengo goizean zelaietara irten ziren biak, aita-puntako eta guzti. Lehendabiziko tiroan seko bota zuen Quirs, buruan jota.
— A ze bukaera, alajainkoa!
— Tragikoa koanto! Odolberoak bukaera onik ez... Erabiltzak ezpata, eta ezpataz hilko haiz.
— Desafio hori, zela-eta, ez al zen auzibiderik ireki?
— Ez, ezertxo ere ez.
— Bizi al da Velez gaztea?
— Ez; Annual-en bizia galdu ote zuen-edo esan didate.
— Hura bai izan zela sarraski zikina.
— Ikaragarria.
— Eta Velez aitarenik?
— Hark, brigadier zelarik, erretiroa hartu zuen eta fuerte omen dabil oso; oraindik ere harro. Aldian behin zinean topatzen dut... Alde egingo al dugu hemendik?
— Nahi duzun bezala.
— Hementxe daukat katxarroa, estazio ondoan.
Cafe hartatik irten eta aldameneko kale bati helduz, autoan sartu ziren. Txoferrak atea itxi eta aurrera ekin zion bideari. Miarritzeko bide nagusira bitarte, etxez jositako bidexka eta kaletatik irtetea ederki kostatu zitzaien, kostatu zitzaienez.
Ilunabarra azkenetan zegoen; oraindik itsasaldean dir-dir gorrixka bat bazen; zerua izarrez beteaz zihoan, mendi-zelaiak oro laino leun urdin antzeko batek zopatzen.
— Hau da gaua hau! —Moranek besteari.
— Ederrik ederrena —ihardetsi zion Bermejok.
Mutu gelditu ziren gero eta gero. Abiada ederrean zihoan autoa, bideko aldapatxoetatik gora eta behera; bazihoazen aurrera ere beste automobilak, bi begiez ñir-ñirka, ametsezko munstrotzarren antzera gorderik; etxe argituek argi ematen, Higer-eko faroak behingotik behingora brist-brist egiten. Donibane Lohizune pasa egin zuten, Urruineko kale luzea ere bai, hura baserritar itxura handiko kalea, hura! Behobiko gainetik Irun eta Hondarribiko argi sakabanatuak zituzten begi bistan, han beheran, Bidasoako ibaiondoan
— Ederra oso! —Moranek.
— Oso ederra —ihardetsi lagunak.
Frantses Aduanetan poxin bat iguriki, zubi internazionala pasa eta bide espainolean sartu ziren.
— Ba al dakizu gogoan nor dudan maiztxoegi? —galdetu zion Bermejok.
— Ez, nor?
— Medranotarraren lepokoa ostu zuen ipurtats edo urtxintxa antzeko gizakume bitxi hura. Bere begirada argi eta garbia guztiz daukat sartuta.
— Estudiantea esan nahiko duzu, ba.
— Bai.
— Gero ere ezagutua dut nik.
— Benetan?
— Bai horixe.
— Nola ez didazu, ba, horrenik ezer aipatu?
— Zer dakit nik ba! Ez naiz ohartu. Ez nuen uste ezer axolatzen zitzaizunik. Hainbat eta hainbat jende ezagutu dut-eta!
— Nor zen? esan, esan.
Tipo bitxi bat zen. Gizonetarik gaitz egiteko gaienik gaiena, baina adimenez azkar baino azkarragoa. Estudiante bezala gauza aparta izan zen. Urtebete injinerutza ikasten egon zen, bizpahiru medizina, baina aspertu egin zen eta txarkeriara jo, estafa eta lapurretara. Gero Kuban eta Filipinetan izan zen; eta azkenean fraile sartu... Bere saltsak ez ditut oso gogoan.
— Lastimarik! hori da hori garai bateko pertsonaia!
— Bai, Satanasen larrukoa. Hiruzpalau urte izango dira hemen Donostiako café batean topatu nuela. Mediku bat eta biak han geundela, ezagutu egin ninduen hark ni. Zu, Moran zara hark. Neuk baietz. Zuk Medranotarrari behin edo behin lagundu egiten zenion. Gogoan zaitut, bai.
— Eta ze itxura zeukan?
— Oso zahartua. Nafarroako herri batean zegoen praktikante. Baserritar batekin ezkondu omen zen, artzain gajo batekin, zera. Gerla garaian espiatzen edo ibilia omen zen, eta gero gezurrezko dirua egiten ere bai, honela zioen behintzat nire mediku hark.
— Ale aparta!
— Nork jakin beste noizkoren batean zer egingo zukeen Estudianteak! Baina orain ikusia dago abenturero eta deabruak ia ez doazela gora... zorionez koanto!
Azken hitz hau irribarrez sartu zuen Moran doktoreak, moralari eskua ematearren-edo.
— A, ezagutu izan banu... —esan zuen Bermejok.
— Estudiantea maiz joan ohi zen Iruñera. Bere andreak oilo eta ahateak hazten zituenez, bazituen sos apur batzuk jasotzeko. Orduan gizona hara joan eta jaso egiten zizkion sosak; gero apustutan ibili eta gehienetan galtzen zuelako, Aurrezki Kutxan sartzen zituela esan ohi zion etxera orduko. Nola-hala aberasteko ixil jokoan omen zebilen beti, trikimailuak asma eta asma. Orduan zera gertatu omen zitzaion; ezkontzerik ezin zeukan gizon batek neska aberats bat izorra utzi eta abortatzen hasi omen zen bestea. Hasi ere, gauza guztiak egin ohi zituen antzera hasi zen: itzal eta itzulik gabe, lasaiegi zera. Horregatixe hots handiak jo zituen lurralde hartan. Preso altxatu zuten, bere txarkeria argitu eta urtetarako kartzelaratu zuten. Zahartu eta eroria, Puerto de Santa Mariako penaltegira joan zen, zeregin handiren bat burutzeko adiskiderik hantxe bakarrik atzemango zuelakoan. Hantxe hil omen zen.
— A ze ale!A ze gizon kasta!
— Herrian bere aldeko asko omen zeukan. Nire senar gizajoak ez du kulparik. Egin ez dituenak eta bost leporatu dizkiote —esaten omen zuen andreak. — Azal onekoa izan balitz, zer ez zen hura izango! — adierazi zuen Bermejok.
— Ezer ez, agian.
Irun pasa zuten, Errenteria, Pasaia. Igeldoko argiak nabari egin ziren, Donostiakoak ere bai.
— Etxean utziko al zaitut? —galdetu zion Bermejok.
— Ez, ez; hemen bertan, Abenidako Cafe hauetako edozeinean —erantzun Moranek—. Oraindik goiz xamar da-eta.
Autoa gelditzerakoan, Bermejok marmarka:
— Ez dakizu ongi zenbat bihozten nauten iragan ixtorio hauek.
— Zertarako sentimental izan? —erantzun zion irribarrez Moranek—. Batere erosoa ez baita —eta automobiletik bizkor jaitsi zen.
Madrilen, 1936ko otsailak
© Pio Baroja
© itzulpenarena: Mikel Azurmendi
"Pio Baroja: Ihauterietako erokeriak" orrialde nagusia