VI
MEDRANOTARRAREN LEPOKOA
Handik aste batzuetara, larunbat gaua inondik ere, bazebilen Juanito Dorronsoro bere despatxoan kontuak egiten. Pasillo luze bat pasata zegoen despatxo hori. Lana ia burutzen ari zelarik, fraile batek bera ikusi nahi zuela, abisatu zion laneko mutilak.
— Fraile batek! Harritzekoa. Bueno, sartzeko esaiozu.
Mahai gainean zeukan argia itzali eta goikoa piztu zuen Dorronsorok.
Sartu zen frailea. Gizon argala zen, beltzarana, bizar beltz eta betaurrekoekin.
— Zer nahi duzu? —galdetu zion injineruak.
— Ez al nauzu ezagutzen?
— Ez.
Betaurrekoak kendu zituen fraileak. Arlaban kaleko tabernan eta Zarzuela antzokian ikusi zuen isats-aurpegi itxurako gizon hura zen.
— Orain baietz ezagutu! —esan zuen.
— Dantzaleku hartako hura zara, zu.
— Berbera.
— Estudiantea!
— Ecco! izengoiti horixe da nirea.
— Medranotarraren lepokoa eskuartean eraman zenuena, baietz?
— Huraxe.
— Eta zertan zaitut hemen?
— Berehala adieraziko dizut. Nire hariko beste alproja batzuekin lapurtu genion Medranotarrari lepokoa. Zorretan bahitu nuen eta bost ehun pezeta lortu. Dirua denen artean banatu beharrean geundela-eta, laster asko nintzen xentimorik gabe. Nafar fraile bat ezagutzen dut aspaldidanik; ni babestu eta krixtaundu nahiko ninduen horietakoa. Ederrak sartu dizkiot, ad usum delphini diren fantasiatxo bat edo beste, eta berarekin bizi naiz moja konbentu batean. Atzetik ibilia dut polizia, baina hark ni harrapa ezin. Oraintxe bertan Madriletik hanka egin beharko nuke, baina bost xentimorik ere ez dut, eta zeuk bidaiarako hamarren bat duro emango zenidakeelakoan nago. Mesede honen truke, neuk Medranotarraren lepokoaren bahi-txartela emango nizuke, gero.
— Baina ni txartel horrekin negoziotan hastea uste al duzu?
— Ez noski, badakit ezetz; baina Medrano delakoaren partetik zure ongieginaren ordaina lor zenezake.
— Ibaiaz beste aldeko sua da hori.
— Zurea ez bada, ez dizut ezer esango; banoa. Antzinako adiskidea ez duzu ordea salatuko, ezta?
— Adiskide izan garela?
— Horixe baietz.
— Zertan?
— Elkarrekin etsaminak paseak gara injineru eskolan.
— Banengoen ni, banengoenez; ezagutzen zintudala, koanto! nondik ordea ez nintzela oroitzen,
— Zu ikusi orduko berriz, nik zu bai ezagutu —esan zuen Estudianteak.
— Bizitzan makina bat danbala emandako gizona zara, lepokoak lapurtzeko artezia hori izateko, gero...
— Uf! Becquer-ek zioen bezala esango dut neronek ere:
Mi vida es un erial
flor que toco se deshoja;
que en mi camino fatal
alguien va sembrando el mal
para que yo lo recoja.
— Gizon ikasia zarela ikusten da.
— Badut, bai, neure zaletasun literarioa.. Hona nentorrela eta zure etxeko argia nekusala, Baudelaireren poesia baten hasierako bertso ikaragarri haiek bururatu zaizkit:
A la pâle clarté des lampes languissantes...
— Poesian eta lapurretan bazabiltzala, ibili!
— Poesian ez. Irakurle apala naiz: Gainera, batak ez diola besteari kalterik egiten edo eragozten alegia, Calleja doktoreak San Carlosen zioen bezala. Nire idoloa Baudelaire da. Spleen delako hartaz oroitzen al zara?
— Ez.
— Izugarria da.
Quand le ciel bas et lourd pèse comme un couvercle sur l'esprit gémissant en proie aux longs ennuis.
Baudelaire izan da nire kontsolamendua. Bainan horrek ez du zerikusirik hemen. Bizitzan danbala gehiegitxo izan dudala zenioen, ezta? Kontu egizazu! nire bizitza linterna magikoaren antzeko zerbait dela. Nire aita zenak, militarra izatez, bazioen grina onik ez neukala, eta ni zuzentzeko, belarri ertzak bero-bero egin ohi zizkidan, hezurrak harri bihurtu arte. A ze poza bera hil zenean! Nire bizitzan gozo bizi eta oparoenik huraxe izan dut. Estudiante nintzelarik beti lehena izan nintzen, Injineru Eskolan nahiz San Carlosenean ere. Lehendabiziko hartan bai gogai-gaizto egin nuela, bai baitziren astakirten eta imajinazio-eragilerik gabeko gure irakasleak.
Bestean berriz, gaizki ikasten zen, ergelki. Modelo gartzelan bi egonaldi luze egin nituen. Ezaguna izango zaizu Chuecaren musikaz La Gran Vía abesti hartakoa:
Para seguir la carrera hay que tener vocación
yendo una vez tan siquiera a ponerse el capuchón.
Madrilen ikasitakoa ikasi eta gero, batailoi batekin Kubara joan nintzen boluntario; bai gizontto ibili nintzela han manbisetarren kontra! Erdi bizirik jaso ninduten maniguako sasitzetan. Hura zela-eta, gelditu zait herbal xamar besoa. Erretserbako ofizial izatera iritsi nintzen; gero Filipinasetan praktikante, baina zer nahi duzu? ospitaleko kinina lapurtu eta saltzea ez zitzaidan, ba, bururatu? Gaztaroko erokeriak, koanto! gero, faltsifikatzaile baginela eta ez ginela, kideko bat eta biak Marsellan egon ginen atxiloturik. Kideko harexek bihurtu ninduen Baudelaire-zale...
— Eginak egin, ederrak badituzu, horratio!
— Ez dakizu ongi, ez dakizunez.
— Inor ez zenuen akatuko ordea?
— Ez horixe; ondotxo daki honek gudan Inor hiltzea zer den... Errazegi da.
— Bai. Ez du interesik izango. Baina zer da zuri gertatzen zaizuna? Lanik gustatzen ez, edo?
— Batere ez, kea baino guttiago. Ez dago zer eginik! Antzik bai al dut beste guztiekin? Sentimenduz bestelatsua naiz ni; gizartea gorrotatu egiten dut, gizartearen kontrako edozer gauza onirizten dut.
— Sozialista antzeko zerbait ez zara, ba, izango!
— Bai zera. Nire nirea naiz ni. Nire atzetik lehertzea dauka; betor uholdea, Luis XVI esana omen da, ezta?
— Hala uste dut.
— Gainontzean, ez zaitut nekatu nahi, gizon langilea zara zu-eta.
— Zuretzat langile izateak berriz, ez itxurarik ez buru-buztanik, noski.
— Bai, hala da; baina lanean ari dena errespetatzen dut, guztiz. Banoa. Hemen duzu lepokoaren bahitxartela. Madriletik alde egiteko berrogeita hamar pezeta ditxoso horiek eman nahi bazenizkidake, eman, eta bestela, gabon!
— Zer egin behar duzu diru horrekin?
— Iparraldeko konbentu batera noa. Lego sartuko naiz. Ez dakit mistikoa izango naizen ala bertako kaxako lapurtzaile. Hori ikusteko dago.
Karteratik paperdiru bat atera zuen Dorronsorok eta Estudianteari eman aurretik, zera esan zion:
— Komediantari txarteltxo hau emanez geroz, poliziak zeozer jakingo du, eta non noiz ikusi zaitudan galdetuko dit.
— Zu ikustera ni etorri natzaizula esatea daukazu. Nola jantzia natorren ez esatea nahiko nuke bakar bakarrik.
— Ongi da.
Estudianteak dirua hartu eta eskutan zeukala:
— Diru hau zuri hartu beharrak amorrazten nau, lagun izan zaren zuri; alajaina! Ulertzen dakien gizona zara ordea eta zurekin jardutea atsegin izan zait oso. Dirua ematea gaitz handikoa balitzaizu, hara! hemen duzu! eta banoa.
— Ez, gizona ez.
— Orduan, agur.
Frailea betaurrekoak jantzi eta gelatik irten zen; pasillotik aurrera zirrizta santu batean hanka egin zuen. Sartu-irten bat egin zuen Dorronsorok atarira, baina gure gizona kaleko ilunpean desagertua zen.
— A zer aparejua! —esan zion Juanek bere buruari—. Ez da ur ttikitako arraina, ez horixe!
Handik laster, injineruak telefonoz Isasi lagunari hots egin zion, biharamunean etxean izango ote zen jakiteko, igandea baitzen.
— Bai —erantzun Isasik—; hator arratsaldean, bostak inguruan-edo. Elkarrekin tea hartuko diagu. Gauza asko diat hiri kontatzeko.
Esandako orduan han zen Dorronsoro; Elena eta Isasi bere zain zeuden eta agurtu zituen.
— Zertan da zure alaba? —galdetu zion Elenak.
— Oso ongi da. Zutaz asko oroitzen da.
— Ba, halako batean bera ikustera joan behar dut.
Zer ordutan etxeratzen da eskolatik?
— Sei t'erditik zazpiak inguruan.
— Ba al du eskola-lanik etxerako?
— Bai; baina horrek ez du zerikusirik.
Elenak eta Isasik tea atera zuten. Eskuan katilua zeukala, Isasik:
— Berri batzuk kontatu behar dizkiat, Juanito.
— Neuk ere bai.
— Saltsa ugari sortu duk Zarzuelako dantza hartaz geroztik. Pill jaunak mantenua omen zeukean Etampes-eko Blanka, baina honek Parisera alde egin omen ziok, elkarren artean zakar xamar mokoka aritu eta gero.
— Zergatik hori?
— Ba, Pill jaunak Charito ederra begi argiagoz hartzen zuelako. Neska hau ijitoa zela esaten zian Blankak eta Charitok berriz, Blanka, izatez, Austriako judua zela, eta izenez ez Blanka ezeta Etampes-ekoa ere ez zela.
— Guzti horrez ez dik batere axolarik —esan zuen Dorronsorok.
— Quirs-ena serioago izan duk.
— Zer gertatu zaiok, ba?
— Quirs atorran kabitu ezinik zebilen Charitorekin, zeharo eroturik. Ibilian ibili, ihauterietako astelehena, asteartea eta asteazkena Charito nora, bera ere hara, eta dirudienez, azkenean elkarrekin ongi etorri omen hituan. Asteartean Charito eta bere ahizpa Pill jaunarekin ibili omen hituan Castellanatik barrena zaldikotxe batean paseatzen, kapota hutsik eta Manilako mantoi bana soinean. Baina Quirs ondo ondotik hantxe huan, zazpi begiko, sekula eta beti zaldikotxeko mailara igota. Halako batean, bazirudik dantzaleku hartan masaileko bat jaso zian koronel hark, oroituko haizen Velez koronel hark alegia aurpegiz-edo ezagutu egin zuela. Hori dela eta ez dela Quirs Marruecos-era eramana ditek, baina permiso bat eskatu eta neskaren atzetik Pariseratzeko asmotan omen zegok.
— Badagoela oraindik erromantizismorik, zeta! —esan zuen Dorronsorok.
— Eta hori okerrena ez. Quirs delako hori odol bero bat duk eta edozein astakeria egin zezakek gehiegitxo estutzen baditek.
— Eta hiri, Delfinak barkatu al zian dantzalekutik alde egite luze hura?
— Kia! Ezta ezta...! Nirekin ez omen dik ezer nahi; mozkor hutsa naizela ere esana omen dik.
— Suminaraziko hinduan, ba, horrexek.
— Pentsa ezak. Baina enara batek udaberria ezin erakar...
— Ea neskaren susmoa enara bakarra ez baina hegazti horietariko laino osoa ez ote den...
— Ez, ez. Ez diat esango enara bakarra izan denik, baina ezta laino osoa ezeta guttiagorik ere...
— Eta Moran doktorenik bai?
— Hori ere Medrano delakoarekin txakur-katu gelditu duk. Harpa jotzaile zikin bat besterik ez omen dela-eta, leporaino daukala esanaz zebilek neska. Orain komendiantaren galana Bermejo doktorea duk, Quirsen lagun hura alegia: ez diat uste bata bestearentzat eginak direnik ordea.
— Zer, ba?
— Medranotarra emakume epel xamarra duk eta Bermejo doktorea berriz bihozbera. Elvirak ba omen zeukak lauzpabost urte hauetan kalean zehar ondo-ondotik darraikion maitemindu platoniko bat, arkitekturako estudiantea-edo. Emakumeak hutsean zeukak mutila. Zergatik? galdetu diola Bermejok eta Kakalardoa delako erantzun omen dio emakumeak. Bihotz belztasun hau ez zaiok asko gustatu medikuari eta hara zer bururatu zaion lehengo batean: Estudiante horrexekin ez duk, ba, antzokian azaldu eta komendiantari mutila aurkeztu! Goxoa jarri huan neska; zakurraren ipurdira bota dizkik biak.
— Jendea ez dago guztiz sano —esan zuen Elenak.
Isasik hizketan bukatu eta Dorronsoro has zitzaion berriak ematen. Estudiantea bere etxetik pasea zela, Medranotarraren lepoko bahi-txartela eman ziola, baieta berrogeita hamar pezetari buruzko kontua ere.
— Eta ez al zara beldurtu gizon horren aurrean? — galdegin zion Elenak.
— Zer egingo dit niri hark?
— Hemen al duk txarteltxo hori? —adierazi zion Isasik.
— Bai, hemen zeukaat.
Txartelari begiratu bat bota zioten; auzo txar bateko bahi-etxearen txartela zen. Zuzena itxuraz.
— Zer egin beharko diagu? Medranotarrari bidaliko al zioagu txartela? —galdetu zuen Dorronsorok.
— Poliziarengana joko dik emakume horrek, gero —ihardetsi besteak.
— Eta? jotzea zeukek.
— Hartara heuk berrogeita hamar pezeta galtzen dituala.
— Eta? ez duk ezer.
— Lehendabizi nik Bermejori hitz egingo zioat.
Txartela emaidak.
Gero beste gauza batzuk astindu zituzten. Biharamunean Dorronsororen despatxora Bermejo eta Isasi inguratu ziren. Bermejok berrogeita hamar pezeta ditxoso haiek eman zizkion.
— Zer asmotan zaude? —galdegin zioten mediku militarrari.
— Polizieneko ezagun batekin bahi-etxe horretara joango naiz eta lepokoa daukanari, lapurtua delako, berak erosi prezioan neuk ordainduko diodala esango diot. Eman nahi ez badit, salatu egingo dut.
Egin ere, horrela egin omen zuen eta bahitzaileak ere baietz egin zuen. Berriz ere Medranotarrak bere perlazko lepokoa harro baino harroago erakusterik ahal izan zuen.
© Pio Baroja "Pio Baroja: Ihauterietako erokeriak" orrialde nagusia
© itzulpenarena: Mikel Azurmendi