V
DANTZATIK ETXERA
Elvira Medrano, Moran doktorea, Isasi eta Bermejo medikua komisaldegira joanak ziren goardia batekin. Joan ere, aitorpenak egitera eta komediantaren lepokoa nola lapurtua izan zen argitzera joan ziren.
Moran, mundu erdiko uretatik edana zenez geroz, komisario jaunaren laguna zen eta arazo hura gomendatu egin zion. Lau haizetara ez zabaltzeko eskatu ere bai.
— Eta inor ez al duzue susmotan hartzen? —galdetu zien polizi nagusiak.
Arlaban kaleko tabernazuloan eta dantzaleku sarreran Dorronsorok begi bietan izan zuen tipo argal aurpegi ipurtats hartaz oharturik zegoen Bermejo ere, militar mediku eta begi zorrotza nonbait; eta itzal eta itzulik gabe aditzera eman zuen.
— Gizon mehaxka bat, hogeita hamabosten bat urtekoa, argala, beltza, begi biziak eta arratoiaren pikardia aurpegian?
— Bai.
— Beso bat erdi herbala zeukanik edo, ohartu al zinen?
— Bai, baietz uste dut.
— Estudiantea da. Atzaparra ezarriko diogu. Lepokoa ordea zorpetua izango du dagoeneko, horixe da okerrena.
Isasiko Julian, kalean ibilian-ibilian asaldatuegi zebilen, hitzjario eta han hemen behaztopaka, baina behin komisaldegira heldu orduko, zizailu batean eseri eta estufaren beroz, zabal eta zabar loak hartuta gelditu zen. Dei egin zioten, baina alper-alperrik.
— Laguna al duzu? —galdetu zion Morani komisario jaunak.
— Bai,. Enbaxada batekoa da. Mutiko ona. Ohiturarik ez, eta ederra hartu digu honek gaur.
— Bakean utziko dugu goizaldera arte. Bakarraren bat badago hor inguruan katua kenduz, gorputz diplomatikokorik beste inor ez dagoela uste badut ere.
— Gizajoa gaizki etzana dago —esan zuen Moranek—. Ezar dezagun hobexeago.
Moran eta goardia baten artean zizailuan luze-luze ezarri zuten eta goardiak buruko gisa egunkari zikin mordo bat ipini zion. Poliziak altxatako egunkari errepublikanoren bateko aleak, nonbait. Inondik inora Isasik zitaltzat joko zituen paper haien gainean makurtu zuen bere buru aristokratikoa; atseginezko hasbeherapen bat egin eta zurrungan hasi zen.
— Sic transit gloria mundi —esan zuen doktoreak bihotz gartsu baina harpa jotzen.
Komisario jauna agurtu eta kaleratu egin ziren. Elvira Medrano-ren etxebizitzatik gertu bizi omen zela-eta, lagunduko ziola Bermejok, urduri-urduri. Emakumeak baietz, eta zaldi-kotxe bat hartu zuten biak. Moran doktoreak etxera egin zuen; haur erditze baterako presazko dei bat bazuela ikusita, filosofia handiz gaupasa egiteko prest, hara joan zen. Anartean Elena eta Delfina palkoan zain jarrita zeuden, erraiak estu. Barrenak irakiten beltzuri zegoen Delfina.
Elena berriz, Isasiko Julianek utzi eta ahaztu zuelako, lotsa-lotsa eginik zegoen, negar gura. Dorronsoro, berriz, lo betean.
Ez naiz gehiago hauekin irtengo —Delfinak Elenari.
— Eta zerbait gerta balekieke? —Elenak.
— Zera gertatuko zaie! ezer ez. Ez zozokeriarik esan. Tabernaren batean mozkor-mozkor egiten ariko dira, ala Medrano purtzil burugaizto horri laguntzera joanak izango dira. Nori bururatu behar zitzaion perlazko lepokoarekin hona etortzea? Emakume bizkorra dela esango dute gero; niretzat babalasto hutsa besterik ez.
Hiru eta erdiak ziren. Dantzalekuko jendea unatuegitxoa, berotuegi eta akituegi. Eztarriak lodi; urraturik soinekoak; aurpegiak beren onetik aterata; antzokiko arnasa hautsez eta keaz mukuru beterik. Palkoetan eta bazterretan andragizon franko lo.
Ez bat ez bi, altxatu egin zen Delfina, hori ubel.
— Banoa —esan zuen.
— Eta zer egingo dugu gizon honekin? —galdetu zion Elenak.
— Nahi duena egitea dauka. Bost axola zait.
— Oraindik nik pixka bat itxoingo dut.
— Ba, ni, banoa.
Delfinak alde egin zuen eta subizian palkoko atea itxi.
Urduriago sentitu zen Elena. Beldurtzen zion etxeraino bakarrik joan beharrak. Dorronsorori deitu zion baina alperrik, ez baitzen iratzartzen. Pasillora irten eta ezarle bati zera galdetu zion:
— Zaldikotxerik izango al da irteeran?
— Bai. Erakarriko al dizut bat?
— Bai; baina esnatuko al zenuke lehenik gizon hau?
— Zure senarra al da?
— Bai —segida eman zion emakumeak, elezuritzen hasi gabe.
Ezarleak Dorronsorori besotik heldu, eta esnatzeraino bultzaka eta oihuka erabili zuen. Iduriz, Juan argitu egin zen, eta esan:
— Badirudi muturra gehiegitxo busti dugula...
— Horixe baietz; lepotik gora bete egin duzula horratio... —orraztu zuen ezarleak.
Elenak eta Dorronsorok antzokitik alde egin eta zaldikotxea hartu zuten. Euria ari zuen.
— Lagunduko dizut etxeraino —Elenari Dorronsorok— eta gero ni joango naiz; Herradores enparantzara! —adierazi zion kotxezainari.
Hasieran bazirudien Juan argitu egiten zela, baina kotxearen urrumaz-edo berriz lotan gelditu zen. Etxera orduko, behin eta berriz esnatu behar izan zuen Elenak. Tinkili-tankala jaitsi zen Dorronsoro zaldikotxetik eta planto egin zuen farol bati eutsita.
— Eraman al zenezake gizon hau bere etxera? —galdetu zion kotxezainari.
— Non bizi da?
— Bravo Murillo kalean. Berak esango dizu zenbatgarrenean.
— Zera esango dit niri horrek! Zutik eutsi ezineko atxurra dauka-eta! gainera zaldiak itxi beharrean nago.
Elenak ordaindu eta gero, kotxezaina kalea behera abiatu zen. Zer egin ez zekien Elenak. Etxeko giltzarik gabe zegoen eta txaloak joaz serenoari deika hasi zitzaion. Serenoa agertzen ez ordea.
— Gatz gehiagorekin deitu behar da —bota zion hitz motelka Dorronsorok—. Orain ikusiko duzu zuk. Sereno!
Baina bertatik bertara entzuten ez zen eztarri lakarra men. Farola utzi eta kili-kolo atariraino hurbildu zen, etxeko mailan eseri eta lo seko gelditu.
Etsi-hartuta, Elena negarrez lehertu zen. Halako hartan, txulokume zahar bat, eskale, lapur edo ijito nork jakin, gerturatu egin zitzaion eta hizketan hasi.
— Neuk laguntzea nahi al duzu?
— Ez, jauna.
— A ze zepelina harrapatu dizuen gacho honek? zopa-zopa eginik doakizula, e?
Elkarrizketari lotzeko seta bizian, txuloak ez zuela alde egiten, gero. Beldur arazten zebilkiola ikusiz, geroz eta aire mehatxugarriagoz mintzatzen ari zitzaion. Elena izu-ikara batean zegoen.
Halako hartan, goragoko atari batean zaldikotxe bat gelditu zen. Elenak kotxezainari deitu eta libre ote zen galdetu. Hark baietz. Berrogeita hamarren bat urteko gizona zen kotxezaina, pottolo gorrixka bat, bihotz onekoa itxuraz. Kotxe barnera Juan sartzen lagun ziezaiola eskatu zion Elenak eta kotxeraino eraman zuten bien artean.
Erdi eskale erdi ijito kaletar hark orduan ezegoki bat baino gehiago bota zion, baina kotxezainak aurkez-aurkez zera erantzun zion garrantzi komiko xamar batekin:
— Ez al dizkizute inoiz bi masaileko eman, zuri, eltze guztietako zale horri?
Txuloa, pixka bat urrunagotik, esan txarrak botaz aritu zitzaien.
Dorronsoro eta Elena sartu zirenean, kotxezainak:
— Nora goaz, etxekoandre? —galdetu zion.
— Bravo Murillo kalera. Esango dizut noraino.
Juanekin batera etxera joan, eta egunargitu arte bertan zai egotea onena zela pentsatuta zeukan Elenak. Kotxea abiatzerakoan, txulokume eskale zahar hark oihuka:
— Astakirten! Piztia zikin hori!
— Tripazorri alua! —bueltak atera zizkion kotxezainak arbuioz; zigorrari zart egin zion eta bideari lotu. Madril gurutzatu zuten. Egunargitzen hasia zen. Triste agertzen zen goiza, euritsu, zerua goibel. Bravo Murillo kalea hartu zuten. Elenak ez zekien Dorronsororen etxea zein zen, eta honek lurrinik ere erantzuten ez. Kotxezaleari gelditzeko esan zion zirt-zart erabakita.
— Aizu, begira —kotxezainari—; kanpotik nator ni eta zenbatgarrena den ez dakit. Ari natzaiola gizonari galdezka, baina honek erantzuten ez.
Aurrealdetik jaitsi eta kotxezainak zaku zaharra bezala hartu zuen Juan. Hau iratzartu egin zen.
— Nora goaz? —galdetu zuen Dorronsorok, non zegoenik ere sumatu gabe.
— Zure etxera. Zenbatgarrena da? —esan zion Elenak.
— Gorago da. Kotxezainari esango diot neronek.
— Ez zaitzala ordea loak hartu.
— Ez nau loak hartuko. Ikusten banauzu burua makurtzen, has zakizkit atximurka odola egin arte.
Handik berehala jaitsi zen Dorronsoro, kotxezainari ordaindu eta etxeraino hurbilduz, atea ireki zuen.
— Sar zaitez —esan zion Elenari.
Azkar asko azaldu zen neskame zahar bat, euskaldun mehe, aurpegi kakoa.
— Ea andere honi laguntzen diozun —adierazi zion Juanek— eta ni pixka bat esnatzen naizen-edo.
Susmo onetan ez dabilenaren aldea zuen atso xahar hark. Elenak gertatu oro kontatu egin zion.
— Jesus, Maria eta Joxe! —oihukatzen atsoak, eskuak burura eramanaz—. Zelako Madril hau gero! Jesus, Maria eta Joxe!
Bitartean Dorronsoro sukaldera inguratua zen eta iturri azpian burua uretan zeukan. Gero ur baso bi edan, aurkitu zuen amoniako ontzitik arnas bete bat hartu eta gelan azaldu zen.
— Barkaidazu —esan zion Elenari—. Bai astakirtenaren ibilera nirea!
— Ezin dizut errua zuri bota.
— Nola ez, ba! Errudun neu naiz, neurria hartzen jakin ez dudalako. Esan zer gertatu den, ezertaz ez naiz oroitzen-eta.
Gertatuaren berri eman zion Elenak.
— Eta orain, zer egin behar duzu?
— Hemen pixka bat egon eta alde egin. Telefonorik ba al duzu?
— Bai.
— Gero etxera deituko dut; zazpietako erne izango dira.
— Gosalduko duzu, ba!
— Ez da prexixo.
— Bai, bai. Hemen goiztar gara denak. Zerorrek esan gero, baina zera egin beharko zenuke, bainuetara pasa, zure apainketa egin eta gero gosaldu. Eta onirizten duzunean, hanka. Nahi baduzu, neronek lagunduko dizut.
— Ez, ez, zertarako?
— Nire astakirtenkeriaren hutsak nolabait zuzentzeko.
— Ezetz ordea. Ez zarela astakirten ibili...; buruarin xamarra gehienik ere.
— Bueno; eztabaida horrek ez du merezi. Bainuetara eramango zaitut.
Elenak apaintze-orraztetik irten eta Dorronsororekin zegoen neskatoa ikusi zuen.
— Alaba al duzu hori? —galdetu zion.
— Zaharrena da, bai; Marta.
— Polita benetan.
— Zazpi urtekoa, ezazula pentsa. Bart bere aitatxo non zen galdetu omen du, eta aita dantzan, gizon gaiztoarena egiten. Hemen uzten zaituztet biak. Gosaldu eta egin berriketa. Erlojurik ba al dugu?
— Bai.
— Ba, nahi duzunean esan Martari telefonoraino laguntzeko.
Zazpi eta erdietan gelara itzuli zen Juan eta neskatoa Elenaren magalean ikusi zuen. Biak berriketan beren atsekabeak elkarri esaten arituak zirela garbi zegoen: neskatxak amarik ez, eta Elenak seme-alabarik ez, hori zen hori!
— Elena, laster dira zortziak —esan zuen Dorronsorok.
— Alajainetan! Ahaztuta neukan. Zertan nagoen ba al dakit, ba?
Telefonora joan zen, etxekoekin mintzatu eta Elena larri xamar, bere senarra etxeratua zegoela esan ziotelako. Bizkor ibili zen ordea, izebaren etxean gaua pasatu zuela adierazi baitzuen eta berehala izango zutela etxean. Juan eta Marta agurtu egin zituen; Ferraz kalean bizi zen izebarenganatu eta gertatu zitzaionaren berri emanda, etxera jo zuen. Senarrari gertatua kontatu zion, zenbait gorabehera zehatz-mehaztu gabe; baina besteak ez zuen min hartu:
— Ez duzu kezkatu beharrik —esan zion: Bizitzearen bizia da.
Isasi geroxeago ailegatu zen etxera, busti eta lokaztua. Kale-zakurra zirudien. Argitasunik emateko gauza ez zen. Hiruzpalau ur baso edan, ohean etzan eta egun osoa bota zuen lo.
Biharamunean, asteartean, bulegora joan zen eta oso serio eta azpizapo ibili zen. Gauean, afaltzerakoan, alaiagotuaz joan zen. Gero Elena demontrea! A ze abentura esan eta parrez lehertu zen.
© Pio Baroja "Pio Baroja: Ihauterietako erokeriak" orrialde nagusia
© itzulpenarena: Mikel Azurmendi