IV

 

DANTZATOKIAN

 

        Gure hiru parejak sartu zirenean, antzokia ipurtzuloraino beterik zegoen. Sartu egin ziren jendez gainezka zeuden pasilloetatik barrena. Elvira Medrano eta doktorea jendeak ezagutzen zituen.

        — Hori Medrano delakoa da —esaten ari zen bere pasainguruan.

        Doktorea emakumeek batik bat agurtzen zuten.

        — Agur Pakito. Agur, Doktore! Agur Pako! Gabon! Konpainia txarrean ez zabiltza horratio! Ikusten da, bai!

        — Nortzuk dituk? —galdetu zion komendiantak.

        — Ez zekinat; klienteak-edo...

        — Bai zera, golfak bakarrik agurtzen haute hi —Elvirak dirrin-mirrin.

        Platea-palko batean sartu ziren. Komendianta eta Delfina aurrean eseri ziren Isasi eta doktorearekin batera. Elena eta Dorronsoro atzealdean, palkoaurretik gertu xamar. Distiratsu zegoen gela, bizia, sutan. Kolore askotako suge-papertxoak aldenik alde dilin-dilin, konfetiak bota eta bota hauts-lainoa bihurtu arte. Pausarik gabe musika jo-ta-ke.

        — Goazen dantza egitera —esan zuen Medranotarrak.

        — Bai, goazen —Delfinak ere, zutituaz.

        — Eta zu? —Elenari Dorronsorok.

        — Ez naiz ausartzen.

        — Solasean segi besterik ez dugu orduan.

        Isasi eta doktorea irten ziren, eta komedianta alde egitera zihoanean, Dorronsorok gonatik eutsi zion.

        Eutsi ere, baserritar batek mendiko neskatxari eutsi diezaiokeen antzera.

        — Zertan zabiltza? —emakumea harriturik.

        — Zera bururatu zait.

        — Zer?

        — Benetakoa al da zintzilik daramazun perlazko lepoko hori?

        — Bai, eta?

        — Ez zaitez orduan jendarte honen erdian sar, lapurtu egingo dizute-eta.

        — Bai zera! baina esker mila ohartzeagatik. Kontuz ibiliko naiz, bai.

        Jendez pil-pilean zegoen antzokiari buruz kontu eta berriketan aritu ziren Elena eta Juan. Chotis madrildar bat jotzen ari ziren, klasikoa, Chueca-rena.

        Maskaren zurrunbiloak ez zuen dantzarako lekurik. Atsedenaldi batean, doktorea eta Isasi, unatu xamarrak biak, beren lagunekin batera azaldu ziren.

        — Zahartzen ari garela —Isasik hizketan.

        Bere ustez, zahartzea berezitasun berri bat gehiago edukitzea-edo zen.

        — Hire ahotik bakarrik hitz egin, e? —esan zion Delfinak— gau osoa dantzan egongo nindukek ni-eta.

        — Nirenetik ari natzaizu, maite hori. Gaztaroko odol bero hura galdu egin zaidala, zera.

        Hartan bertan, aldameneko palkoan egundoko emakume ederrak azaldu ziren; hiru. Zein baino zein eleganteago. Konpainiaz gizon gizen bat, frantses aldeko gorrixka bat eta beste mutil gazte makal bat. Monokuloa ezarri zuen Isasik sartuberriak ikusmiratzeko, eta gizon gizena ezagutu zuen. Zutitu egin zen orduan.

        — Zu ez ote zara Pill jauna? —esan zion.

        — Berbera, eta zeu ez al zara Isasi-ko?

        — Ez zaudela nitaz ahaztuta horratio, lagun maite hori.

        Ahaztu ez, gainera Isasi-ko zela oroitu ere egiten zen, atzizki handiki hura eta guzti. Hura bai izan zela bostekoa ekar-eman beharra. Zenbat a! eta zenbat o! esan beharra, doinu guztiz paristarrez noski. Norgehiagoka hartan Isasi irten zen garaile; izatez, frantses zena baino bulebar-gizonago bera izan baitzen.

        Laguntzen zioten emakumeak aurkeztu zizkion Pill jaunak Isasiri. Etampes-eko Blanka zen haietarik bat, rubia lerden eta polita, begi ttiki, adats motza, Pariseko music-hall batean hasi berria. Bestea La Bella Charito zen, mundu osoan sona handiko dantzarina; eta hirugarrena, honen ahizpa. Bi andaluza hauek oso politak ziren, beltzaranak, aurpegiz ia-ia akatsik gabeak. Beharbada ahizpa gaztea zen ederrena, baina xumeago zihoan jantzirik, izarraren ondoan bere burua ez gehiegi aiparazi behar zuelakoan-edo.

        Mutil gazte makala kazetaria omen zen.

        Denen begibixta aurretik galduezinak ziren hiru emakume ale haiek. Frantsesez ari ziren. Isasi-ko Julianek monokuloa ezarri eta ahal izan zuen bizkonde airerik handiera hartuz, zera galdetu zion Etampes-eko Blankari:

        — Eta zein da orain Paris-eko zorabioa?

        — Orain petomanoa —erantzun zion besteak ahal zuen eztarri lodienaz—. Par derriere musika jotzen duen gizon bat alegia.

        — O, ez! —oihu egin zuen Isasik, monokuloa erortzen utziaz.

        — Baietz, baietz. Moulin Rouge-ko elefantearen barnean sartu eta sekulako arrakasta dauka bere atzealdeko melodiekin. Honela iragartzen du gainera bere burua petomanoak: Egile eskubiderik ordaintzen ez duen gizona.

        Bere trufa paristarrak merke bota zituen Isasik, luzeegi eta zabalegi nonbait, aulkira itzuli orduko, Delfinak besoan atximur bat egin baitzion. Aristokrazia guttiko keinuak eginarazi zizkion orduan Isasiri. Anartean, doktorea gazte makalarekin ari zen hizketan kazetari eta antzerti-kritikari zen harekin alegia. Honek zioenez, Pill jauna San Jeronimo karreterako hotel batean omen zegoen enkargatua eta frantses itxurako bariedade-ikuskizun bat antolatzeko omen zebilen.

        Elvira Medrano garratz eta azti azaldu zen, maskara batek esan ziolarik:

        — Aizan.

        — Zer?

        — Ostra dozena batera gonbidatzen haunat anbigun.

        — Eskerrik asko! Hoa bakarrik eta frailearen dozena izango zarete.

        — Zer, ba?

        — Herorrek beste ostra bat dirudik-eta.

        — Ea, goazeman.

        — Ezetz ba.

        — Gero bueltan hartuko haunat.

        — Bueltan gorria saltzen ditek ardoa, zera. Hartan, gizon kaxkar bati palko aurretik pasatzea tokatu; torero eta komediantearen itxura nahasia zeukan bati. Denak hari begira zeudelako, Elenak esan zuen:

        — Nor ote da?

        — Don Tankredo Lopez, ausardiaren erregea. Bazterrak zeinen harriturik uzten zituen ikusita, ea zergatik gizon hura aho-mingainetan zebilen galdetu zion Isasiri Etampes-eko Blanka kupletistak. Eta Isasik zezenaren aurrean egiten zuena adierazi zion.

        — O! Ikaragarria da! egin zuen emakumeak.

        Zia-zia edana zebilen maskara bat gizontto hari hurbildu eta ardozopetako eztarri batez herrikoi hura kantatu zion:

        Don Tancredo, don Tancredo; el que nunca tuvo miedo. Don Tancredo es un barbin; hay que ver a don Tancredo subido en el pedestal.

        Honela aipatuak alde egin zuen kakalardo haren ondotik; atari aldera urrundu zen.

        Goizeko ordu biak ziren dagoeneko eta galdetu egin zien doktoreak ea ez ote zuten mokadu bat hartuko. Denek baietz, eta foie-gras eta urdaiazpiko bokadilloak atera zituzten zorroetatik, bai eta pastelak ere. Isasi eta doktorea txanpan botila ireki eta zerbitzen hasi ziren. Aldameneko palkoan gauza bera, eta palko batetik bestera pastelak eta botilak trukatu egin zituzten.

        Kopa trinkatzerakoan, Dorronsoro Traviatako brindisa kantari hasi zen:

        Libiamo ne'lieti calici

        Isasik bere lagun Quirs tenientea ikusi zuen, bere sudur postizo eta guzti, irrika larriaz begira ari zitzaiola.

        — Igo hadi —esan zion—. Dagoena denentzat izango duk-eta. Baina hemen erokeria gutti. Hemen jende zintzoa gaituk, gero.

        Tenienteari ez zioten bi aldiz esan beharrik izan; platearen hegi-hegian eskuak ezarri eta salto eginaz, bertan sartu zitzaien. Aldameneko palkoko kupletista eta dantzarinak txalo beroak eskaini zizkioten.

        — Aizak, hi —Isasiri Quirsek— uzten al didak Bermejo doktoreari palkoan gurekin sartzeko esaten, oker handiegia egiten ez badizue, noski. Nire laguna duk, mediku militarra izatez.

        — Bai, motel, esaiok sartzeko.

        Bermejok bere burua ezagutaraziz, Elvira Medrano komediantaren zale amorratu bezala azaldu zen.

        — Oraintxe da erronka-garai psikologikoa —esan zuen doktoreak, eskutan kopa zuelarik.

        — Uste al duzu istilua izango dugunik? —galdetu zion Dorronsorok.

        — Beti izan ohi da erronka eta istilua.

        Ez ziren hamar minutu pasatu bi maskara elkar joka ikusteko. Bi gizon ziren, batak Arlekin jazkia zeraman, Domino zuriaz zihoan bestea. Ihes egin nahian, bietako batekin bazegoen emakume bat. Emakumea Arlekinarekin, baina Domino zuriak kareta kendu eta bigote beltz lodi batek indartzen zion joera erre-egosi basatiaz besotik heldu eta antzokitik kaleratu zuen.

        — Senarra izango da —esan zuen doktoreak—, emaztea dendako morroiarekin aurkitu duen dendari treberen bat, akaso.

        Platea bietan edariaren ondorioak nabari baino nabariagotuaz zihoazen. Etampes-eko Blanka zutik, kantuan hasita zen. Zagi-zagi eginik, gelako bi berritsuk ahobelarritan zituzten emakume hau eta palkoko beste guztiak ere.

        — Hau kanpoko diplomatikoren bat duk, hortxe nonbait, eta beste horiek frantses komedianteak —ari zen totelka-motelka bietako bat.

        — Ezkondu adar-handiren bat besterik ez duk, motel, eta golfa hutsak besteak —bota zion bigarrenak.

        — Salaud! oihu egiten zion Etampes-eko Blankak Parisko arrabaletako ahots garratza ateraz.

        — Golfa hori! —besteak errepika.

        — Cochon!

        — Mahaipetan habilen hori!

        Baina Quirs tenientea, putza-mina zeukan gizona izan, eta txokolate pastel bat hartuz, mozkorrari bota zion. Aurpegian plast egina utzi ere bai.

        — Odola ote duk hau? —esaten zuen gizonak masaila ukitu eta behatzei begiratuz.

        — Kia! Txokolatea duk. Bueno goazemak hemendik beste kopa bat hartzera —iragarri zion akolitoak.

        — Orain dantza egin behar dugu —esan zuen Isasik eta Etampes-eko Blankari dantzara gonbidatu zion.

        Quirs-ek Charito atera zuen; honen ahizpa doktoreak; kazetariak berriz, Delfina eta Bermejok Elvira Medrano.

        Frou-frou vals milinga hura jotzen hasi zen orkestra. Etampes-eko Blanka, dantzan eta kantari bat batera, frantsesez ari zen. Isasiri Bullier, Moulin Rouge, Moulin de la Galette zetozkion burura erromantikoki. A! Paris! Paris hori!

        Egia da lau egun besterik ez zituela Parisen egin, baina hezur-muinetaraino paristar sentitzen zuen bere burua.

        Quirs tenientea beste errepertorio bat erabiltzen zuen Charito ederrarekin, bolkanaren su eta salda beroz hitz egiten baitzion: ijito maite horrek nahi duena eska biezat! eska zernahi, baieta bizitza bera ere! berarengatik edozertarako prest nauka! Emakumeak irribarrezka entzuten zion.

        Bazirudien doktorea zain-hezur zegoela Charito ederraren ahizparekin; baina Delfina ez zebilen horratio oso gustura bere kazetariarekin. Mediku militarrarekin berriketan, admiratzaile zitzaion harekin, pozik eta dibertidu zebilen Elvira Medrano.

        — Eta zuk, ez al zenuke dantza pixka bat egingo? —Elenari Dorronsorok.

        — Hala nahi baduzu, bai.

        — Goazen, ba.

        Juan kementsu zutitu zen, bere parejari besoa eskaini eta pasillotik aurrera alai abestuz zihoan Alla vita che tarride Verdi-ren Ballo in maschera hartako hura. La Mascota-ren galop-ea jo zuten.

        Lotsa galdu eta aurpegia hautsiz geroz, bazter guztietan sartzen ziren, han-hemenka behaztopatuz eta lagunekin ere topo eginaz. Ordu erdi batean, urra-urraturik, Elenak bere lagunari zera esan zion:

        — Ezin dut gehiago. Eraman nazazu palkora —esan zion.

        — Nahi duzun bezala. Goazen.

        Maskaren artean aurreratu ahal izan zuten. Irteera inguruan heldu zirelarik, bazebilen istiluren bat biren artean.

        — Gainean dugu istilua —esaten zuen jendeak.

        Hartan belarrietaraino sartuta zegoena Charito ederra zen. Berrogeita bost berrogeita hamarren bat urte inguruko gizon batek dantzara gonbidatu omen ziola-eta, gure neskak baietz esan; hark hala uste behintzat. Gizon hau, Velez koronela,

Kubatik etorritako ofizialen arteko jauntxo eta aginduko-luke horietakoa zen. Eta neskarekin ere legea berak egingo zuelakoan zegoen. Quirs tenientea, bere sudur postizo eta guzti, Charitori esaten ari zitzaion:

        — Goazeman dantza egitera, neska. Ez kasurik egin.

        Koronelak esku batez neskari besotik heldu eta beste eskuaz Quirs bultzatu egin zuen indarrez. Baina honek, tximistak jausita, koronelari muturreko bat eman eta sudurretik odola zeriola utzi zuen. Jendea zurrunbilatu egin zitzaien. Koronela bere gorputza aurkitu zuenean, jipoitu zuen ezezagun hura harrapatu nahian zebilen. Baina doktoreak, azkar asko ongi irteten dakien horietakoa izan, eta tenientea taldetik aldenduarazi, sudur postizoa kendu eta poltsikotik ateratako antifaz bat eman zion.

        — Tori, alde hemendik.

        — Ez noa. Neska hemen gelditzen bada, neu ere hemen kieto geldituko naiz.

        — Eta alde egiteko buruan sartzen badiogu?

        — Neuk ere orduan alde egingo dut.

        Isasi ibili zen bitarteko eta Charito ederrak baietz, baietz, berehalaxe alde egingo zuela. Elena izuturik eta ikaraz zegoen, dantzara joan zelako damututa-edo. Platean sartu ziren. Isasi bere onetik atera xamarra zegoen eta Dorronsorori zera esan zion:

        — Aizak, Juanito.

        — Zer nahi duk?

        — Orain... koñak kolpetxo bat, zer? ... zer, maite hori? ... eta gero etxeratu egingo gaituk, ezta?

        — Bueno, ba.

        Erdiraino bete zion likorrez basoa Isasik.

        — Jainkoaren izenean! ezazula hori dena edan! —esan zion Elenak Juani.

        — Baina bixigarritxo bat besterik ez da —hitz totelka Isasik—. Ni beti... zuhur... e? ... pixka bat edan... bai,... baina neurriz.

        Dorronsorok edan egin zuen, eta Isasik ere bai eta hau pasillora irten zen zeharka-meharka ibiliz. Juan-i, berriz, bazirudien edariak ez zizkiola barrenak batere irakiten, hasieran behintzat.

        Plateatik bost bat sei gizon mozkor ikusten ziren, eskutik helduta eta gure emakumeen inguruan zebiltzala. Elvira Medranorekin behaztopa egin zuten behin baino gehiago, Bermejo mediku militarrarekin berriketan ari zen bitartean. Emakumeak garrasika:

        — Ze jende basati!

        Zer gertatzen ari zen ikusteko, burua agertu zuen Dorronsorok eta une hartantxe ipurtats itxurako gizon hari bista hartu zion; Arlaban kaleko tabernan eta antzoki aurrean bista hartutako berberari alegia. Begietatik su zeriola, brist braust agertu eta desagertu egin zen. Handik laster Elvira Medranok eskua lepora eraman eta oihukatzen hasi zen:

        — Lapurtu egin didate, lepokoa oraintxe lapurtu didate.

        Jendea bere ondoan bilduz joan zen; poliziari abisatu zioten. Bat eta beste inguratu eta inguratu. Ikusmin zegoen Elena gertakari haren aurrean; bere lagunari zerbait adierazi nahi ziola-eta, Dorronsoro lo, oso eta santu, aurkitu zuen.

 

 

© Pio Baroja
© itzulpenarena: Mikel Azurmendi

 

 

"Pio Baroja: Ihauterietako erokeriak" orrialde nagusia