III
TABERNAZULOA
Bizpahiru egun geroago, Isasik Dorronsorori Elena dantzara bazetorrela abixua pasatu eta Dorronsorok elkarrekin topatzeko ordu eta lekuren eske erantzun zion. Isasiren ustez elkartzeko lekurik aproposena Herradores enparantzako bere etxe parean zen, zortzi eta erdietan puntuan.
Egun osoa lanean aritu eta nekaturik aurkitzen zen Juan; baina zer arraio, distrazio poxin batek on egingo ziolakoan zegoen.
Bederatziak laurden gutxitan azaldu zen Isasi etxeko atarian, bi emakume zekarkiela: bata Erokeriaz disfrazaturik eta bestea soineko berde ilunez jantzia. Hauxe zen Elena.
— Hara, hemen duzue Juanito Dorronsoro, nire laguna —esan zuen Isasik—. Eta hemen Elena eta Delfina.
Agurrak elkarren artean.
— Eta doktorea? —Dorronsorok galdetu.
Larra-ren esaldiaz oroitzen zen Dorronsoro, estudiante eta literatur-zale xamarra zelarik, irakurrita zuen esaldi hartaz: Zorionekoak hitz egiten ez dutenak elkar aditzen baitute.
Sevilla kalera iristerakoan, ez ziren oraindik bederatzi eta erdiak, eta Alcalatik behera eginaz, Banco-raino jaistera erabaki zuten.
Delfinarekin batera aurretik zihoala, Isasik noizbehinka atzera erreparatu eta galdetzen zuen:
— Zer moduz Elena? Zertan zaude?
— Oso ongi —Elenak erantzuten.
— Adiskide al zarete?
— Bai.
— Ba, kontuz Juanitorekin.
— Zer dela-ta?
— Andaluza delako. Dorronsoro Gurrutxaga! Alde guzietatik andaluza... Ja... ja... ja...
— Zergatik dabil hori andaluza zarela esaten? —galdetu zion Elenak.
— Abizen guztiak guztiz euskaldunak ditudalako; baina ustekabez Carmonan jaioa naizelako.
Sevilla kalera itzultzerakoan, bederatzi eta erdiak paseak ziren eta Arlaban kaleko tabernazulora sartzean, doktorea bertan aurkitu zutelarik, honek esan zien:
— Azkeneko puntuan ez zidak, ba, telefonatu hona ezin duela etorri esateko! Bederatzietatik bederatzi t'erdietara tabernan izango dela sinfalta.
— Zertan gaude orduan? —Delfinak.
— Zaldikotxe bat hartuko diagu —esan zuen Isasik.
— Zertarako? gero itxoin egin beharko dugu-ta! —Elena hizketan—. Hobe dugu oinez joatea.
— Bueno; goazen, ba.
— Kareta jarriko dut —Elenak berriz.
Eta jantzi egin zuen; eta Delfina Isasirekin besoz beso zihoala ikusirik, gauza bera egin zuen berak ere, Dorronsororen besoari helduz.
Mayor kalean barrena joan ziren eta, gero, Puerta del Sol ondotik gurutzatu.
— Barkazazu —Dorronsorok bere ondokoari—. Ez naiz hitzontziegia eta gainera, aurpegia ikusten ez dizudanez, zeresanik ez zait asko etortzen...
— Ez zaitez kezkatu —erantzun zion emakumeak— ez dakizu ondo zein dibertidu noan.
— Benetan?
— Bai.
— Nola-ta?
— Ba atsegin zait begira eta begira baina ezagutu ezin nauen horrenbeste jendartean gauez ibiltzea; babestua noala sentitzea ere atsegina da. Makina bat amets egina dut, honelaxe nenbilela.
— Erromantiko hutsa behar dik emakume honek.
— Arraioa, hortarako eskubiderik bai al dago? Oso atzeratuak zatozte. Hortxe bakarrik gelditu da mutur muturrez gelan Elvira.
— Heuk ezin duk hitz egin, maitetxo hori —erantzun zion Isasik— garaiz etorri ez haizena herorri izan haiz-eta.
— Ondo zegok; baina badakik nigatik ez dela, berarengatik baizik. A ze kaskarra daukan...
— Bueno, goazen gora.
Eskilara batetik entresuelora igo eta zerbitzariak erretserbatu gelara eraman zituen. Elvira Medrano komedianta han zegoen, aurpegi lehor, kopeta ilun.
Isasik Delfinari Elena aurkeztu eta berandu etortzea ez zela horrenbesterainoko gauza esan zion, oker baten gorabehera hutsa, zera.
Seiak eseri ziren, eta Elenak antifaza kendu zuen.
Bete-betean ikus zitzakeen hiru andreak Dorronsorok. Ederra zen Medrano zeritzan komediante hura, agiria, beltza, jardueraz garratz eta menderatzailea. Ijito jantziz zihoan, perlak dilindan lepotik zintzilik, eta pitxi gehiago ere bai. Delfina, Isasiren laguna alegia, (zenbaterainoko lagun ote zen nork jakin), iharra zen, elegante, pinpirin-panpirin xamarra, maritxuegia eta txori aldekorik bazuen ttantta bat baino gehiago. Elena berriz, hogeita zazpi zortziren bat urtekoa, ez zirudien ezkondua, errubia ale ederra zen, begi argiak eta aingerutasuna portaeran.
Bazegoen bai jendea tabernazulo hartan, eta zerbitzaria tiroa bezala sartu irten zebilen, barri eta belarri, ezer tajuzkorik egin ezinean. Doktorea, sukalde eta okela gaietan abila oso, nola-hala moldatu zen erretserbadura afari guztia batean erakar ziezaieten: ostrak, zopa, oilaskoa, arraina eta postrea.
— Afari arma antolatu dugu —esan zuen Isasik elizkizun maixuaren planta hartuz— gero ordu bi edo hiruretan, Zarzuelako palkoan txanpan pixka batekin igurtziaz afari ttiki hotz bat izango dugulako. Ez zait iruditzen burugabeko plana denik. Gizon zentzuduna naiz, gero.
— Bai horixe; hori bai eskertzeko dela —adierazi zuen Juanitok.
Bapo afaldu zen, manzanilla gehiegi antzean edan eta ez ziren mingaineko minez egon. Elvira Medrano hasi zen hizketan, emakume-gizonezko komedianteen arteko aldageletako esan-mesanak zirela eta ez zirela. Azkenean, Dorronsorok hartu zuen haria, eta kontatu zituen industria gizonaren larrialdi eta eztabaidak, haur zintzoaren xarmaz kontatu ere. Gero, bere alabekin zeuzkan buruhausketak. Nabariegia izan nahi ez bazuen ere, hiru emakumeek aho zabalik entzun zioten, eta makina bat galdera egin ere bai.
— Bost alaba duzula? Zer izenekoak? Zenbat urtekoak? Eskolara ba al doaz? Noiz hil zen zure andrea?
Xehetasun berriak emanaz erantzuten zuen Dorronsorok eta aldian behin basoa husten zuen.
Afalduta zeudelarik, eta mahai-ontziak jasotzerakoan, gitarra-jole kantaririk nahi ote zuten, edozer entzuteko-edo galdetu zion doktoreari zerbitzariak.
— Bueno, sartzea dauka.
Zahar lodikote bat zen, andaluza, ile zurixka. Zenbat seguidilla jo, guajira batzuk kanta, bai eta tango ezagun hura ere:
En la poca presente no hay nada tan sorpredente como la electricidad.
Gitarra-joleari ordaindu eta gero, zera esan zuen doktoreak:
— Baina bai al dakite jaun andreok zer ordu den?
— Ez.
— Ba, ordu batak laurden gutti.
— Alajainkoa!
— Goazen hemendik.
Elenak antifaza jantzi zuen. Denak behera jaitsi ziren; behetxea bete beterik zegoen. Aurrera egin zuten jendetzaren artean. Tinko begiratzen ari zitzaion gizon ihar, azeitunatsu bat ikusi zuen jendartean Juan Dorronsorok. Ipurtatsaren burua zeukan.
— Hori ezagutzen diat nik esan zion bere buruari—, baina nor den ezin oroitu nauk.
Gazte bat Isasirengana hurbildu eta hizketan has zitzaion. Sudur postizo bat zeraman. Doktorea, Juan eta hiru emakumeak unetxo bat itxoin zuten kalean. Isasi irten zenean, galdetu zioten:
— Nor zen?
— Quirs tenientea, Kubako heroi bat; bai, bai, hitzak hots egin duen bezalaxe. Gurekin etortzea gonbidatu ez dugulako, aurpegia ematen ari zitzaidan.
— Eta zergatik ez diok, ba, abixatu? —Dorronsorok galdetu.
— Mozkor eta eroa delako, edozein gehiegikeria egin eta konpromisoan ezarriko gintuen gizona da. Gainera gaur koartelzain dagoela uste dut, eta koarteletik ihesean dabil.
— Ondo da, goazen —esan zuen doktoreak.
Cedeceros kalera atera arte Arlabanetik gora ibili ziren, eta gero Zorrillatik behera. Doktorea eta komedianta aurretik, Delfina, Elena, Isasi eta Juan ondotik.
— Palkoetan ez dute jan-edanik sartzen uzten, anbigun erosten ez baduzu behintzat. Oso garesti da orduan —argitu zuen Isasik—. Baina doktoreari eta Elvirari uzten omen diete jan-edana sartzen. Eta badugu zer jan, badugunez: foie-gras bokadilloak, urdaiazpiko egosia, pastelak eta lau txanpan botila, Jerez botila bat, beste bat koñak.
— Urrutitik somatzen dakiena haizela, zera —esan zion Dorronsorok.
— Ni, motel, beti izan nauk zuhur eta umore berdineko gizona.
Antzokiko atarian sartzerakoan, tabernan ikusi zuen tipo ihar-deabru-arrain harekin topo egin men Juanek. Katamotza edo ipurtatsa burura zekarkion harexekin berriz ere, alajaina.
— Zein arraio ote duk, ba? —bere buruarentzat—. Ezagutzen diat nonbaitetik, baina ez zeukaat garbi nondik.
© Pio Baroja "Pio Baroja: Ihauterietako erokeriak" orrialde nagusia
© itzulpenarena: Mikel Azurmendi