II
BI LAGUN
Behin hartan Julian Isasi —Isasi-ko izenpetzen zuen berak— hogeita hamarren bat urtekoa zen. Enbaxada batean enplegatua; izatez, hori baino hobeagoa zen, aingeru xamarra, hitzarroa eta apur bat haize-putza. Bizkonde eta diplomatiko izan balitz, munduko gizasemerik zoriontsuena bera izango.
Parisen izana zen egun bat edo beste; eta han eginarazi zituen txarteltxook ongi adierazten zuten bere nondik nora. Honela zioten:
Del Cuerpo Diplomtico Hôtel d'Orsay Julian Isasi-ko
Jakinduria eta makiabelismoaren iturri bat zelakoan zegoen Isasi, hori guztia aingeru hutsa izateko eragozpena ez zen arren.
Bere ustez, atzeman zitezkeen jende interesgarrienak eta bizkorrenak ziren bere lagunak. Inbidia zenik ere ez zekien; ezeta haren aditzera ere ez zeukan. Bere burua azal-gaiztoko agertu nahi zuenean, asko ikusiaren papera egiteko-edo, bere aingerutasun bitxia indartzea baizik ez zuen lortzen.
Bere handi-mina frantsesez paristarraren antzera hitz egitea zen, eta egia esan, mingaina bere lekuan izaten zuen, baliteke hiztegi motzegiaz, baina primeran ahoskatuz.
— Oso ongi mintzatzen zara frantsesez. Ezagun da, bai, espainola zarela —esan zion Perpignan edo Montpellier-go kazetari batek behin batean. Esan ere, ironia mediterraneoz eta erdi katalan patuá itsusienean esan zion, zer dakit nik zer zeremonia edo gertaera politikogatik Madrileratu zen behin hartan.
Midi-ko gizon haren makurkeria ez zuen usaindu ere egin Isasi-k.
Frantsestzat hartzen zuten Julian, bai eta frantses beraiek ere, paristarraren keinu, portaera eta eztarri gorabeherak baitzeuzkan. Bazerabilen monokuloa ere; mimetismo gauza, nonbait.
Goiz batean, bazkalaurretik, bazetorren Isasi-ko Julian Alcalá kaletik barrena; txukun jantzirik, traje grisa, polainak, txamarra argia, bastoia eta amerikanaren botoizuloan bioleta xorta bat dakarrelarik. Badatorrela, Juanito Dorronsoro, lagun eta eskolakidea ikusten du, Banco de Españatik irtetzen. Besoak zabalik gerturatzen zaio eta bere aire paristarrarekin ez dio, bada, esaten, gorrotatu, leporaino bete eta nazka-nazka eginda daukala...
— Zer gertatzen duk, ba? —galdetu zion Dorronsorok, bere haurtzaroko gehiegikeriei jaramonik egin gabe.
— Zertan hago, hire lagunok erabat ahaztuta dituala? Zerbaitetan kalte ekarri ote diagun-edo ez zekiagu. Hala balitz, esan motel.
— Motel, motel; badakik lanean jo-ta-ke ari naizela eta ezertarako astirik gabe nagoela. Jakingo duk alargundu nintzela, ezta?
— Bai, bazekiat. Eta hire alabak ongi al zebilztek?
— Bai, ongi oso.
— Sinpatikoak benetan hire neska horiek! eta zein baino zein ederrago laster. Hor konpon aitatxo baten era onekoak, Dorronsoro!, a ze pitxi diren hire neska hoiek! Bizi naizen etxean bazegok diplomatiko baten emaztea eta kontatu ohi zioat hire familia nolako den eta heu zertan ari haizen. Hark ezagutu nahiko hinduke hi!
— Ikusteko zegok noizbait hurbilduko natzaion.
— Bazegok, ba, noiz hurbildu. Ba al duk Moran doktorearen ezagutzea?
— Ez.
— Tipo bikaina duk, ba. Estudiante nintzelarik, Abada kaleko apopilo-etxe hartan izan al hintzen inoiz?
— Bai, baietz uste diat.
— Eta bertan ez al huan Moran ezagutu?
— Ez nauk oroitzen.
— Ez zegok bera bezalako alea inon ere. Makina bat atsegin hartu diagu bere kontu! Eta a ze jaialdi eman ohi genuen apopilo-etxean! Moran doktorea batzuetan poloniar pianista Moraneski izaten huan, eta oinekin jo ohi zian pianoa; beste zenbaitetan, Rama Sama basati hura omen huan eta erdi biluzirik azaltzen huan larru batzuetan bildua. Inoiz ere Emakume bizarduna, eta denen aurrean haur bati titia eman ohi zioan. Arrakasta gehiena hipnotizatzaile paperean izaten zian. Orduan Moranoff doktoreak egundokoak egiten zizkian, gero! Hark hipnotizatutakoak, begirada bete-betean, bere behatz puntari jarraitzen zion; eta agindutakoan, prakak kendu edota emakumeen soinekopean sartzen saiatzen huan. Doktorea karraixika, emakumeak oihuka, hura zen hura ixkanbila basatia. Neskatxak eta andreak ez omen hituan gehiago itzuliko, baina hurrengo jaialdian apopilo-etxea berriz ere leporaino beteta.
— Eta zer arraio gertatzen zaiok hire doktore horri? —Juanito Dorronsorok besteari.
— Ba, igande ihautean elkarrekin juergatxo lasai bat egin behar dugula-eta, goiz-goiz tabernazuloren batean afaldu eta gero, Zarzuelako dantzara joateko gaituk, palko batera. Han beste mokadutxo hotza egingo diagu, foie-gras bokadilloak, urdaiazpiko egosia eta xanpaina; gero dantza lardaska bat eta ohera.
— Eta zeintzuk zarete joateko? —Juanek.
— Doktorea eta biok behintzat bai.. Bera Elvira Medrano izeneko komika batekin, eta neu erdi emaztegaitzat daukadan neska batekin, Delfina izeneko perfumista bat. Elena, diplomatikoaren emazte delako hori ere pozik baino pozik etorriko omen hinduke, baina lagundu lezakeen konfiantzazkorik ez diat. Herorri bahintz...
— Andre horrek ezezagun batekin nola joan nahiko dik ordea?
— Hirekin bai, hitaz eta hire familiaz hitz egin baitzioat. Etorri nahi baduk, galdetu egingo zioat. Baiezkoan, kontinental bat ipiniko diat eta herorrek berehala erantzun: Joan naitekek ala joaterik ezin, ezta?
— Konforme.
— Hi etortzen bahaiz, plana pixka bat aldatu egin beharko diagu. La Nadadora tabernara joateko asmotan zegoen doktorea, baina hara doan jendea basa zamarra duk eta Elenari sudurra zimurtu lekiokek. Elenarekin bahentor, Arlaban kaleko tabernazuloren batera sartuko ginuztek, toki hori ez baita hain berezia.
— Herorrek esandakoa.
— Beraz hortan garek. Neronek abixoa pasa eta heuk egun bat lehenago-edo erantzun. Baliteke andreak maskararik hartu nahi izatea eta...
— Bale, ondo zegok.
— Hasieran Real-eko dantzategirako asmoa genian, baina zertarako? Garestiago duk eta ez dik merezi, abenturen atzetik ez gebiltzak-eta. Zuhur baino zuhurrago gaituk, zera. Smocking-ik ba al duk?
— Ez.
— Zarzuelan ez zegok horren beharrik. Ba al hator orduan?
— Bai, hire lagun horrek baietz esanez gero; erantzungo diat.
Puerta del Sol-eraino jarraitu ziren Isasi eta Dorronsoro. Behin hara, agurra eman zioten elkarri. Dorronsorok Cuatro Caminos-erako tranbia hartu eta okrez pintatu etxetxo baten aurrean gelditu zen; atarian letrero batek zioen: Juan Dorronsoro. Industri injineru. Estalkiak. Burdinazko etxezurrak. Estruktura merkeak.
Isasi-ko Julian Mayor kalean barrena jarrai, Herradores enparantzan jaitsi eta bizi zen etxean sartu zen.
© Pio Baroja "Pio Baroja: Ihauterietako erokeriak" orrialde nagusia
© itzulpenarena: Mikel Azurmendi