I

 

AURREHITZA

 

        Donostian. Jai egun bat. Arratsaldea grisa eta euritan. Jende gutti kalean. Madrilera itzuli beharrean nago. Trena, leiho irekiak eta aire korrienteak dauzkat gogoan. Zirt edo zart; erabakita dago: gastua egingo dut, kapitalista edota politiko handi-mandi bati dagokion adinakoa, ez bata eta ez bestea ez banaiz ere. Sud-Expresorako biletea hartuko dut.

        Hoteleko gela-barnean itsasoari begira botatzen dut arratsaldea; gaua ongi sartuta noa estaziora. Bidaiari gutti oso. Euria ari eta ari. Trena etorri eta neure konpartimenduan sartzen naiz. Bakardadearen bakardadea, bero atsegina, ohea bigun.

        Xarraka-ttarraka ohitu egiten gara zeharka etzanda trenean joan behar honetara; ideiak lainotuaz doaz eta logurea gainean. Aldian behin trena gelditu egiten da eta, bagoiaren goia haserre zigortzen, haizearen karraska eta euriaren mara-mara entzuten dira.

        Bizpahiru saio-alper egin eta gero, loak hartzen nau. Lau-bost-bat ordu beranduago iratzarri egiten naiz. Konpartimenduan ez da horren bero. Badirudi trena zelaietan geldirik dagoela. Hats-beherapen antzeko zerbait entzuten da urrutian, makinaren bat burrunban-edo, eta gero, ixkanbilaren ixkanbilez lokomotoraren zalaparta bat gerturatzen eta gerturatzen, eta berehalaxe, urruntzen.

        Gure trenak txistu egin eta bideari jarraitu. Loak hartzea orain oso zaila da, eta burura datorkit egunotan egin dudana; gero kontu urrunagoak. Bihotz-zirrara bat badakarkit pertsona eta gertakari urrunen oroitzapenetan iharduteak: bizitzearen mediokridadea, alegia. Leihoen kristaletan has berri da egunsentiaren argi-lausoa.

        — A, zein hotz eder ote duk orain zelai horietan! —esaten diot neure buruari eta txamarra hartu eta hanketan botatzen dut.

        El Escorial-era heltzerakoan, kotxekamako mutila nire kabinaren atean arkatz batekin ttuntuna jo eta jo darabilkit. Altxatu egiten naiz, jantzi eta bagoiko pasillora irteten.

        Apenas dagoen bidaiaririk. Leiho baten ondoan pareja bat. Handi, sendo, bizar eginberria eta betaurrekoekin gizasemea. Emakumea berriz, liraina, fina, hori xamarra eta pinpirin-panpirin; benetako damia, zera.

        Gizon hori ezaguna zait, izena burura ez badatorkit ere. Batak besteari agurra ematen diogu eta hark emaztea aurkezten dit.

        — Kabina txukuntzen ari al zaizkizu, —berak niri.

        — Bai.

        — Eseri nahiko al zenuke gure konpartimenduan?

        — Oso pozik.

        Hirurak esertzen gara.

        — Nire emazteak zureak irakurtzen ohi ditu —esaten dit gizonak.

        — A! Eskerrik asko!

        — Irakurtzen dizkizut, bai —andreak niri—. Eta nire beste zenbait lagunek ere irakurtzen dizkizu. Nire ustez, gizonak baino gehiago irakurtzen hasiak gara orain emakumeok.

        — Baliteke, bai.

        — Neuk astirik ez dut —senarrak—. Lanpetua nabil. Hara, orain bertan Madrilera heldu orduko, despatxora joan beharrean nago.

        — Gizon gehienei gertatzen zaiena zera da, etxe barnean egotea gustatzen ez —errepikatzen dio andreak mespretxu apur batekin.

        — Eta emakumeei etxean egotea atsegin zaiela uste al duzu zuk? Ez da, ba, asko nabari.

        — Batzuei behintzat bai; —gero niri galdezka—. Emakumeek irakurtzen dizutela-eta, atsegin izango zaizu, ba!

        — Bai, baina hori orain hogeita hamar une izan balitz, atseginago.

        Andreak irribarrea; bada gero ixilaldi bat. Senarra poltsikotik eguneroko bat atera eta irakurtzen hasten da. El Escorial eta Villalba-ren artean dagoen mendigain eta harritarteei so eta so dabil emaztea. Nik, neure begibixtan hartua daukat andre gaztea, disimuloz koanto. Oso apain jantzia dago. Felinotasunik bada bere mugitzeko eran. Badut susmoa neuk lehen aldiz erreparatzekoan baino gorputzindar gehiago daukala orain. Hori duk ale puska, hori! Kalkulua egin, eta soinean kilo erdi bat jazki besterik ez daramala deritzait; neronek zazpi zortziren bat kilo baietz. Jantziteri-xehetasun honek berogarritasunarekin eta metabolismoarekin zerikusia baduela uste dut.

        Leihotik ikusten diren zuhaitz eta harriei begirada luzea bota ondoren, zera esaten dit emakume bidaikide berriak:

        — Ba al dakizu zer iruditzen zaizkidan zure ixtoriak?

        — Zer?

        — Zeure bastidoretan eszenario erromantiko bat antolatzen ibili eta gero, azkenean gertaera xehe baino xeheagoa kontatzen duzula.

        — Litekeena.

        — Eta zergatik hori?

        — Hain baita zaila berealdiko bat kontatzea...!

        — Ez dut ikusten zergatik.

        — Bada, ba, arrazoi franko. Dudarik gabe, gertaera tragikoak idazterakoan, erailketak, erokeria bera, gorrotoa-eta... erabili behar dira.

        — Eta zergatik ez dituzu, ba, erabiltzen?

        — Idazleak hiztegi modernoa tajutu gabe daukalako. Hori lortzeko, Dostoievski-ren antzeko talentua izan behar da, eta erabili ahal izateko, gero asmatu egin behar da. Geuk ordea ezin ditugu erailketa eta grina horiek zuzenki ezagutu; eta adierazi, esateko era zaharrean ere ezin ditugu adierazi. Folletinista bati kendu egingo dizkiozu bere baliabiderik eragileenak, traidorea ezin badu itzulinguruka eta deabruaren begiradarekin adierazi, edota ezin badu andre bat zoritxar batengatik burua galdu eta iji-aja parrez dabilela adierazi, gero parentesi artean-edo Eroturik zegoen idatziaz.

        — Eta zergatik ezin da bide horietaz baliatu?

        — Hilik dagoena ez da berpizten; esateko erak ere hil egiten dira, eta irakurlegoaren inozotasuna desagertu ere, bai.

        — Eta esateko erak horren garrantzitsu direla uste al duzu, ba?

        — Garrantzi handikoak, bai. Idazkera eta muina elkarrekin doaz. Gaur drama handirik idazten ez bada, Shakespeare edota Calderón-en elkarrizketak erabili ezin direlako da, hala nik uste behintzat.

        — Eta elkarrizketa modernoari dagokionez, zer deritzazu? geuk gauza handirik ezin esan, ala?

        — Honela deritzat. Gaur elkarrizketa errealista baizik ez dago, fotografikoa irizten duguna, aire handietarako balioko ez duena. Eta gero, elkarrizketa literarioa dago, d'annunzianoa, mistifikazio ahula eta, nire iritziz, hitzetik ortzetara erabiliegia, ezer gutti balio duena, alegia. Gaur antzertian erretorika erabiltzerik balego, hotsandiko erretorika alajaina, bene-benetakoa eta barne-barnetik sortutako hori, berriz ere drama eta tragediarik idatziko genituzkeela uste dut.

        — Eta nobelari ez ote zaio berdin gertatzen?

        — Berdin-berdin. Gaur ezina da Victor Hugo edota Balzac-en doinua erabili.

        — Uste horretan al zaude?

        — Bai, hortan nago. Los Miserables irakurri al duzu?

        — Bai.

        — Los Miserables gisako libururik gaurko hizkuntz moderno eta xehean ezarriko balitz, bere distira galduz gain, bertako burutazio handi ugari ere arlotekeria eta lelokeria hutsak irudituko litzaizkiguke. Beste hainbeste gertatuko da edozein tragedia edo antzinako dramarik modernarazi nahi bada; esateko era aldatuaz, beren edertasuna ilunduaz doake.

        — Nik ez dut hori horrela ikusten. Baina esperientziarik ez dudanez gero...

        — Niri argi eta garbi derizt. Gertatzen dena zera da: esateko erari buruz ez dugula zuzen aditzen, idazkera betegarritzat jotzen baitugu, nola-halako edozer gauza balitz bezala, literatur kooperatibaren batean gorderik leudekeen ondasun baldarrak balira bezala, alegia, eta ez da hori, horixe ezetz! Idazkera muinak dakar. Zeu esate baterako, hizlari politikoa bazina, hamarren aurrean ala hamar milaren aurrean ez zenuke berdin hitz egingo. Inor jendetza baten aurrean bota beharrean balego gisa hontako esan-mesan politikorik: lortu arte ibiliko gara, inork ez gaitu biderdian geldiaraziko,, ez luke hori esango behiaren koipeak arrainari onik egiten ez diola diotsan sukaldari baten antzera, ezeta jazki arrosari zinta berde bat ongi ez doakiola dioen jostun baten antzera ere.

        — Eta zineak idazleari ezin ote dio, ba, gairik eman?

        — Ni-neu ezetzean nago. Gaien kopurua mugatua dela esan du norbaitek. Hogeita hamasei gai-mota besterik ez zegoela erakusteko idatzi zuen Polti deritzan batek liburu bat. Baina hogeita hamasei bezalaxe hogeita hamasei mila ere badaudela esan daiteke.

        — Zineak ordea gai berriren bat edo beste eman dezake.

        — Zail xamarra da. Oraingoz behintzat, zinea egin den literaturatik bizi izan da. Izuikarazko pelikuletako erregea Poe da. Dumas eta folletinistak abenturakoetan; alaietan berriz, saineteroak. Literatur gaietako merkealdiak egiten ditu zineak, beste marka eta tankera batzuekin, baina mota berdin-berdineko dira biak, fabrika berdineko made in Literature.

        — Halere berritasunik aurkitzen diot nik.

        — Bai; berritasun fotografikoa eta fonografikoa badago. Baina baliabide horiek ez dauzkan idazleak pelikula bateko literaturtasuna bakandu nahi badu, zera atxikiko du eskuartean, gauza zahar eta ezagunaren hezurdura, nobela edota sainete batena alegia, folletin batena gehienetan, zera.

        — El sueño de una noche de verano ikusi al duzu?

        — Ez.

        — Ba, oso ondo dago.

        — Litekeena; baina Shakespeareren komediak daukan fantasi-zirrara gehitzen al du? Hori ez dago garbi.

        — Eta Frankenstein ikusi al zenuen?

        — Ezta ere.

        — Hura behintzat berria zen.

        — Bai zera! Frankenstein Shelley ingeles poetaren emaztearen nobela bat da, eta XIX. mende hasieran argitara zen.

        — Ba, ez nekien.

        — Hala da, ba. Poetak bere andrearen ekintzan sudurra sartu zuela ere badio zenbaitek.

        — Badakust gure garaiari buruz iritzi onik ez duzula, ez gauza berririk ezeta goiargiturik ere ezin dugula egin uste baituzu.

        — Zer nahi duzu! Oso zaharra da literatura, eta oraindik gehiago bizitza. Hegalak moztu egin dizkio gu abenturari eta ezin hegan egin, koanto!

        — Neu, behintzat, idazle banintz saiatu egingo nintzateke.

        — Emakumeok oso zarete optimista.

        — Uste duzu?

        — Uste hortakoa nauzu.

        — Saia zaitez, zu.

        — Hainbeste saiatu naiz ni horren garaipen guttirako...

        — Behingoz behin saia zaitez behintzat.

        — Saiatuko naiz.

        — Ezer bururatzen al zaizu?

        — Ezer gutti. Izenburu bat oraingoz: Ihauterietako erokeriak. Erdilotan horixe zetorkidan burura, gaztaroko zerbait oroituz.

        — Ongi oso; ikusiko dugu zer erokeria diren, gero.

        Leher egitea duzu bene-benetako erokeriak asmatu arte.

        — Ez dela hori batere erraza... Egon ere, ero-flauta asko dago itxuraz, baina barne-barnetik bizkor hutsak gero.

        Aurrera goaz, Madriletik geroz eta gertuago. Señora hura eta bere senarra agurtu, eta neure konpartimendura nator. Treneko leihotik Moncloa eta Mendebaleko Parke-gainak agertuz doaz.

 

 

© Pio Baroja
© itzulpenarena: Mikel Azurmendi

 

 

"Pio Baroja: Ihauterietako erokeriak" orrialde nagusia